Duela bi urte, lehendakaritzarako hautagaitzat aurkezu zuen Pili Zabala EAEko Ahal Dugu-k. Ezusteko hautagaitza izan zen berea, ez baitzen inoiz politika munduan aritu. Ordea, denbora asko igaro da geroztik eta Zabala ez da eroso sentitzen politika egiteko egungo moduarekin. Hala, legegintzaldia amaitu arte jarraituko duela, baina ondoren erretiratu egingo dela.
Erabakaia, hala ere, ez da egun batetik bestera hartutakoa: "Denbora asko daramat hausnartzen. Egoera ikusita, eta gaur egun politika egiten den moduan, ez dut gogorik eremu hori ezagutzen jarraitzeko. Ezagutu dut ezagutu behar nuen guztia".
Vocento taldeari eskinitako elkarrizketan eman du erabakiaren berri. "Ez zait gustatzen nola egiten den politika. Kritikatzea da haren helburua, etsaia nekatzea, pertsonen izen ona zikintzea", gaitzetsi du Ahal Dugu-ko diputatuak, baina onartu du, kritikez haratago, gustora aritu dela Legebiltzarreko lanetan.
Gizartearekiko gertukoa den politika egitea zen bere hasierako helburua, eta asmo horrekin lan egiteko xedea duen alderdi batekin soilik aurkeztuko litzatekeela dio Zabalak: "Ezin dira onartu jarduera okerrak, inoren esanetara aritu beharra... hori ustelkeria da. Zorionez, jende zintzoarekin egin dut topo Elkarrekin-Ahal Dugu-n".
Erabakia komunikabideen bitartez
Zabalak aitortu du gaur arte alderdikideei ere ez diela aipatu politikaren lehen lerroa uzteko asmoa, "komunikabideen bitartez jakingo dute", eta inork ez diola galdetu aurreragoko asmoen berri.
Ahal Dugu-ren proiektuaren baitan jarraituko duen ere ez du erabaki oraindik: "Nire lanpostura itzuliko naiz, baina elkarbizitza demokratikoa hobetzea helburu duen guztian parte hartzen jarraituko dut". Zentzu horretan, Zabalak ohartarazi du indarkeriek eragindako zauriak "behar bezala" sendatu ezean, egoera errepikatu daitekeela.