Hondakinen kudeaketa

Errauste plantaren aurkako hainbat auzibide hasi ditu GuraSOSek Europako Batasuneko erakundeetan

Europako Batzordera, Eurostatera eta Europako Parlamentura jo dute; ekinbideok proiektuaren "kolapsoa" ekar dezaketela uste dute.

Zubietako erraustegiaren lanak bisitatzeko Gipuzkoako aldundiak antolatutako irteera, joan den asteartean. ANDONI CANELLADA, FOKU
arantxa iraola
2018ko ekainaren 11
15:38
Entzun

Irmo jarraitzen dute GuraSOS elkartean Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren aurkako mezuetan. "Ez da inondik inora ere atzera bueltarik gabeko proiektu sendo bat, eta bere segurtasuna ez dago bermatuta, kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere", adierazi du gaur goizean prentsaren aurrean egin duten agerraldi batean elkarteko lehendakari Joxe Mari Izetak. Hantxe jakinarazi du auzibideak abiatu dituztela Europako Batasuneko hainbat erakundetan egitasmoaren aurka egiteko. Eurostatera, Europako Batzordera eta Europako Parlamentura jo dute. Gogora ekarri dute Eurostat dela kontabilitate auzien gainean ebazpenak eman behar dituen erakundea, eta, hain justu, erakunde horri txostenak eskatu dizkiote azpiegituraren inguruan, uste baitute inbertsioaren kostuak eragin negatiboa izango duela kontratua egin duen administrazio publikoaren defizitean eta zor publikoan.

Europako Batzordera jo dute, berriz, uste dutelako eskubide komunitarioen urraketak daudela azpiegitura horretan. Hainbat arlotan gainera: ingurumenari buruzko gai orokorretan, hondakinen plangintza ontzeko prozesuan, herritarren partaidetza bideratzeko urratsetan, ingurumen baimenak emateko eran eta kontratazioan. Batzordeak urtebeteko epea izango du gaiokin lotuta espedienteren bat irekitzen duen erabakitzeko. Baietza ematea erabakiko balu, Luxenburgoko Justizia Auzitegiaren esku legoke azken ebazpena. Europako Batzordean aurkeztu diren kexak eramango dira, halaber, Europako Parlamentura ere.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalen ere abiatuko dute egitasmo bat; babes helegitea aurkeztuko dute bertan. Europara begira babesa lortzea du erabaki horrek helburu; auzia Europako Giza Eskubideen Auzitegira eraman aurreko urratsa da.

Plan berria

Hondakinen gaineko 2030. urtera bitarteko plana ontzeko asmoa aurkeztu berri du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak. 2019an martxan nahi du. Horren harira, "premiazko bilera bat" eskatu diote GuraSOSeko arduradunek Gipuzkoako Diputazioari. "Berdinen arteko elkarlan bat proposatzen dugu, parte hartze benetakoa eta efektiboa izango duena eta etorkizunerako aukera guztiak irekita izango dituena". Prozesu horretan errauste planta benetan behar den berriz aztertu behar dela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.