Inpunitaterik ez dela izango. Irmo esan zuen hori atzo Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak, Intxaurrondoko kuartelean, basurde eta guzti, Jose Antonio Pardines ETAk hil zuen lehenengoari egin zioten omenaldian. Donostiako Guardia Zibilaren koartelean, Euskal Herriko, Espainako eta Frantziako polizia eta soldaduen aurrean, ETAren amaierarekin ezer ez dela aldatu esan zuen, eta ETAko kideek "egindakoa ordaindu" egingo dutela. "Ez da inpunitaterik egongo, ezta inolako onurarik ere, horrenbesteko mina eragin dutenekin. Legea ezarriko zaie", azpimarratu zuen.
Gaur, baina, inpunitateren kontra hitz egin eta biharamunean, bestelako jarrera bat izan du Zoidok Espainiako Kongresuan. Saio gogorra espero zen, Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioaren atarian. Eta iragarpenek ez dute hutsik egin. Beste gai batzuen artean Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño polizia torturatzaile frankistak duen dominagatik eta horri dagokion gainsariagatik galdetu diote Zoidori. Eta gaur ministroa ez da atzo bezain irmo agertu inpunitatearen kontra. Kontrako jarrera izan du, eta gutxietsi egin ditu torturatuak izan zirenen testigantzak epai batean ez daudela jasota esanez.
Billy el Niñori 1977. urtean eman zion Rodolfo Martin Villa ministro frankistak poliziaren merituaren domina. Espainiako polizia frankistako kide zen Billy el Niño eta ordurako ezagunak ziren atxilotuei eragiten zizkien torturak. Pablo Iglesias Podemoseko buruak galdetu dio Zoidori Billy el Niño-ren dominagatik. Zoidok esan du inork ez duela eskatu ofizialki domina kentzeko, eta Mariano Rajoyren gobernuak ez duela aztertu aukera hori. "Ez dirudi horretarako oinarri legalik dagoenik, eta ez dago jasota inori kendu zaionik. Bete dezagun legea eta izan gaitezen serioak", erantzun dio Zoidok. Bere erantzuna txalotu dute PPko diputatuek, eta Iglesiasek hala esan die: "Torturatzaile bat saritzea txalotu duzue". Eta gaineratu du: "Gobernuak baditu eskumenak domina hori kentzeko. Lotsagarria da Espainiako demokraziarentzat domina hori".
Iglesiasek orduan Billy el Niño-k torturatu zituen batzuen testigantzak irakurri ditu, Kongresuan horietako batzuk eserita zeudela: "Chato Galante: 'burua ireki zidaten, gorputza kolpatu, biluzik nengoen, korridorean berogailu bati lotuta izan ninduten eta ondotik pasatzean berriro jo eta buruan zigarro bat itzaltzen zidaten'". Galantek adierazia duenez, Billy el Niño tortura saio horietan gehien zegoenetako bat zen: "Torturatzaile konpultsiboa zen, gozatu egiten zuen eta harro agertzen zen. Begiratzen zintuen eta esaten zizun: 'ni izan naiz, Billy el Niño'".
Zoidok hitza berriro hartu duenean, esan du salaketa horiek ez daudela jasota epai batean, eta hala egonez gero, diputatu guztiak liratekeela domina kentzearen aldekoak. Espainiako Gobernua, baina, behin baino gehiagotan agertu da frankismoko krimenak, tartean Billy el Niño-renak, ikertzearen aurka. Maria Servini krimen horiek ikertzen ari den Argetinako epaileak 2013an eman zuen Billy el Niño atxilotzeko nazioarteko agindua, Jesus Muñecas polizia ohiarenarekin batera. 1971 eta 1975 urteen artean hamahiru pertsona torturatzea leporatzen dio epaileak. Espainiako Auzitegi Nazionalak, ordea, estradizio eskaera atzera bota zuen urtebete geroago, argudiatuz tortura delitu horiek iraungita daudela.
Hamahiru herritarrek emandako tortura testigantzetan oinarrituta eskatu zuen Billy el Niño-ren estradizioa Servinik, tortura horiek gizateriaren aurkako delitutzat jo eta horiengatik epaitua izan behar duela iritzita. Andoni Arrizabalagak (Ondarroa, Bizkaia, 1941) jasandako torturak zeuden testigantzen artean —haren anaiak egin zuen salaketa Argentinako kereilan—. 1971tik 1975era torturak jasan zituzten beste honako herritarrenak dira lekukotasunak: Jose Maria Chato Galante, Miguel Angel Gomez, Antonia Hernandez, Francisca Villar del Saez y Aragones, Luis Suarez, Silvia Carretero, Acacio Puig, Alfredo Rodriguez, Antonio Chapera, Felisa Etxegoien, Francisco Jose Fernandez eta Jesus Rodriguez.
1981ean Espainiako Polizia Judizialera pasa zen Billy el Niño, eta urtebete geroago polizia izateari utzi zion. Harrezkero hainbat enpresa pribatutan aritu izan da segurtasun arduradun gisara, tartean, Renault Espainiarentzat. Urte guzti hauetan egindako torturengatik ez du erantzun behar izan, eta barkamen eskerik ere ez diote eskatu. Kalean dago, baina. Inpunitatea egon, badago beraz, Euskal Herrian, Zoidok atzo kontrakoa esan bazuen ere.