Nafarroaren Eguna

Kulturaldi borobila izanen dute aurten Baigorrin

Nafarroaren Egunak 40 urte bete dituela eta, egitarau "berezia" eta "aniztasun handiagokoa" prestatu du Basaizea kultur elkarteak. Apirilaren 29an izanen da besta nagusia, eta aurreko gauean kontzertu berezia

Kaleko giroa iazko Nafarroaren Egunean. ISABELLE MIQUELESTORENA
Iker Tubia.
2018ko apirilaren 11
07:33
Entzun

Hainbat urte iragan dira Baigorrin (Nafarroa Beherea) lehenbiziko Nafarroaren Eguna antolatu zutenetik; 40 hain zuzen ere. Horregatik berezia izanen da aurtengo besta, baita aurreko egunetako Kulturaldia ere. Denbora iragan da, baina besta antolatzeko motiboak ez hainbeste. "Nahi izan dugu berriz oinarrietara joan, beraz, bilatu dugu zergatik abiatu zen Basaizea, eta ohartu gara problematika bera zela duela 40 urte eta gaur egun: euskaraz bizitzea neke dela gure herrian, Nafarroarekin harremanak lotzea eguneroko lana dela, Baigorrin lan eta bizitzeko dinamikak behar direla...". Amaia Castorene antolatzaileak eman ditu azalpenak gaur goizean Iruñean egin duten prentsa aurreko agerraldia.

Urte berezia izanda, besta ere gisa horretakoa izanen da. Kulturaldia Basaizea elkartearen ikuspegia du oinarri: herria biziarazi, Euskal Herriko loturak eta senidetzeak azkartu, euskara babestu eta euskal kultura sustatu. Hala, programazio "anitza" izanen da aurtengo Nafarroaren Egunean: goizean animazioa, eguerdian ekitaldi nagusia, ikastolen aldeko bazkaria eta arratsaldean musika eta dantza ikuskizunak. Nafarroa Behereko eta Garaiko hautetsiak ere bilduko dira egun hartan. Antolatzaileek gogorarazi dute ez dela eraso sexistarik onartuko Nafarroaren Egunean. "Indar berezia jartzen dugu horretan, Nafarroaren Egunera etortzen diren jende guziek babesa ukaiteko", azaldu du Maider Luro antolatzaileak.

Aurreko egunean, berriz, kontzertua izanen da herriko elizan. Aurreko urteetan aritutako musikari eta abeslariek parte hartuko dute: Xare Laborategiko Ertz orkestra, Natxo de Felipe, Eñaut Elorrieta, NikoEtxart, Eltzegor, Astezkenekoak, Kantiruki, Xendarineko ahizpak, Amaia Riouspeyrous eta Aire ahizpak. Best-Of-aldia deitu diote. Aurtengo afixa Jose Luis Zumetak egin du, 40. urteurrena ospatzeko.

Altsasuko gazteekin bat

Urtero Nafarroa Garaiko herri batekin senidetzea egiten dute baigorriarrek, eta aurten Altsasu aukeratu dute. Inauterietan han izan ziren, harremanak lotu eta azkartu asmoz, eta apirilaren 29an altsasuarrak hartuko dituzte Baigorrin. Auzipeturiko gazteei sostengua adierazi diete Basaizea elkarteko kideek, eta Baigorrin erakusketa bat ere jarri dute: "Batzuk ez dira sobera jakinean zer gertatzen den Altsasun", esan du Castorenek. Gainera, bihar elkarretaratzea eginen dute Donibane Garazin eta larunbatean Iruñean eginen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Baigorriko Kulturaldia ez da soilik apirilaren 28 eta 29an izanen; aurretik ere, izanen da zerekin gozatu. Apirilaren 15ean Zazpi senideko antzezlana aurkeztuko dute Le Petit Theatre de Pain, Axut! eta Artedrama konpainiek. Apirilaren 22an Mugaz gaindi deitutako kontzertua eskainiko dute Donibane Garazi, Baigorri eta Errenteriako haurren abesbatzek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.