Euskal presoak

Urkulluk baztertu egin du Andoaingo harrera, eta Atutxak PPri egin dio kritika

EAEko Alderdi Popularreko buruzagiak Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño euskal preso ohien aldeko ekitaldira joan ziren protesta egitera.

EAEko PPko buruzagi batzuk, atzo, Andoainen, protesta egiten. JUAN HERRERO, EFE
2018ko otsailaren 19a
16:50
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak baztertu egin du atzo Andoainen (Gipuzkoa) hainbat herritarrek bi euskal preso ohiri egindako harrera, eta uste du Eusko Legebiltzarrak "adierazpen argi bat" egin beharko lukeela horren inguruan. Donostiako ekitaldi batean esan du "biktimentzat mingarria den ekitaldi oro baztertu" egiten duela; "hala egiten nuen lehen, eta orain ere bai".

Atzo atera ziren kartzelatik Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño, ETAko kidetzat jota sei urteko zigorra beteta, eta arratsaldean harrera egin zieten berrehunen bat bizilagunek Andoainen. Amaya Fernandez EAEko PPko idazkari nagusia, Borja Senper Gipuzkoako presidentea eta beste lauzpabost lagun protesta egitera joan ziren, Igerategik eta Otañok bere garaian ETAri Joseba Pagazaurtundua hiltzeko informazioa pasatu zietela salatuz. Harreraren antolatzaileek jakinarazi dute Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren baimena zutela ekitaldia egiteko. Urkulluk adierazi du epaileek ematen dutela halako harreretarako baimena edo debekua.

Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak kritikatu egin du PPkoak ekitaldira azaldu izana, "iraganera" joan nahi izateagatik "etekin politikoa eta elektorala ateratzeko". Onda Vasca irrati katean emandako elkarrizketan Atutxak esan du Igerategik eta Otañok bete dutela kondena. "Hau baldin bada euskal PP berria, Amaya Fernandez idazkari nagusia hor dela 'kalera noa eta aurre egingo diet' esanez... Positiboan eraikitzen behar dugu PP; ez dut [atzoko] egoera horretan ikusten. Gizarteari asko axola zaizkion gauzak jorratzeko badu Eusko Legebiltzarrean eremu bat".

BBBko buruak uste du alderdiek "erantzukizun politiko bat" daukatela eta EAEko PP ez dela horrela jokatzen ari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.