2013ko irailaren 30ean gertatu zen, Herrira-ren aurkako operazioan. Amaiurreko senataria zen orduan Amalur Mendizabal. Guardia Zibila elkartearen Hernaniko egoitzara sartu zen, eta Ertzaintzak hartu zituen inguruak. Jende ugari bildu zen protestara, eta Ertzaintzak indarrez sakabanatu zituen. Emakume bat babesten ari zen Mendizabal eta senatari txartela ateratzen, ertzain batek buruan jo zuenean. Bost zentimetroko ebakia egin zioten, eta zortzi puntu eman zizkioten.
Mendizabalek salaketa aurkeztu eta bost urtera heldu da ebazpena. Bertan ontzat ematen du epaileak fiskaltzaren eta akusazio partikularrak egindako bi urteko zigor eskaera, eta horretaz gain, bi urtean brigada mugikorrean aritzeko debekua ere ezarri diote inputatutako ertzainari. Bide batez, 3.600 euroko kalte ordainak eman beharko dizkio Mendizabali.
Mendizabal jotzeaz akusatutako ertzainak onartu zuen borra erabili zuela 2013an Hernanin (Gipuzkoa) Herrira-ren egoitzaren aurrean protestan ari zirenen kontra, baina ukatu egin zuen Mendizabal jo zuela. Haren esanetan, indarraren erabilera "beharrezkoa" izan zen protestak ari zirenak "geldiarazteko".
Ordea, Amaiurreko senatari izandakoaren arabera, bera manifestarien lehen lerroan zegoen kolpea nabaritu zuenean, eta horren aurretik ez zen izan beste inolako liskarrik. Senatari txartela eskuan zuen hark jo ziotenean.
[youtube]https://youtu.be/jL64lnOed-k[/youtube]
Ertzainari diziplina espedientea ireki zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak senataria jo eta egun batzuetara. Estefania Beltran de Heredia sailburuak adierazi zuen litekeena zela ertzain horrek indarra eta defentsarako tresnak "modu desegokian" erabili izana, eta horregatik zabaldu zioten txostena