ekialdeko timor

Larrialdi egoera ezarri eta herrialdearen kontrola hartu du Gusmao presidenteak

Armadaren eta poliziaren kontrola hartu ditu Xanana Gusmao Ekialdeko Timorko presidenteak. Botere bereziak bere gain hartzeaz gain larrialdi egoera ezarri du Gusmaok, Australiako ABC kateak emandako informazioaren arabera. Indarkeria egoerari amaiera emateko bilerak hasi zituzten atzo eta Gusmaok azaldu duenez, Mari Alkatiri lehen ministroarekin adostutako erabakia izan da. Herritarrek lehen ministroaren dimisioa eskatu dute egunotan.

2006ko maiatzaren 30a
15:58
Entzun
Oraingoz behintzat, larrialdi egoerak 30 egun iraungo du Gusmaok azaldu duenez. Ekialdeko Timorko presidenteak armak uzteko eskatu die talde armatu ezberdinei.

Nazioarteko soldaduak atzo iritsi ziren Dili hiriburura. Uhartera iritsi ziren 2.250 soldaduak azken egunotako kaosa baretzea lortu zutela zirudien. Gaur, baina, indarkeria eta harrapatzeak izan nagusitu dira Diliko aireportutik gertu. Istiluak izan dira mendebaldeko eta ekialdeko timortarrek osatutako taldeen artean. Herritarrek Mari Alkatiri lehen ministroaren dimisioa eskatzen duten bitartean agintariak irtenbidea bilatu nahian ari dira.

Estatu Kontseiluaren eta Segurtasun eta Defentsa Kontseiluaren bilerak egiten ari dira gaur. Jose Ramos Horta (Bakearen Nobel Saria 1996) Ekialdeko Timorko Atzerri ministroaren iritziz Mari Alkatiri lehen ministroak porrot egin du eta ez da gai izan timortar guztien ordezkaria izateko.

Horta, atzo hasi eta gaur jarraitzen duten bilera horietan parte hartzen ari da. Ministroen Kontseilua alda daitekeela iragarri zuen eta batasunean oinarritutako gobernua osatu daitekeela. Hala ere, adierazi zuen ez duela Mari Alkatiriren dimisiorik espero.

Istiluak

Timor ekialdeko eta mendebaldeko pertsonek osatutako taldeen arteko borrokak izan dira, gaur, Dili hiriburuko aireportutik gertu. Oihuka Mari Alkatiri lehen ministroaren dimisioa eskatzen zuten bitartean etxeak erre eta lapurreta egin dute denda ugaritan.

Ordu batzuk geroago, Timor Ekialdeko Fiskal Nagusiaren bulegoa hankaz gora jarri dute. Bertan froga garrantzitsuak daude gordeta. 1999an Timor Ekialdeak independentziaren alde egin zuen erreferendum batean. Indonesiaren aldeko ekintzaileek orduan prestatutako sarraskiaren frogak zeuden Fiskal Nagusiaren bulegoan. Oraindik ez dakite froga horiek suntsitu egin dituzten ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.