Euskal Presoak

Euskal ordezkaritzak gaitzetsi egin du Frantziak azken bilkuratik urratsik ez egin izana

Frantziako Gobernuak euskal presoei DPS estatus berezia kentzen jarraitu nahi duela jakinarazi du ordezkaritzak, eta epe laburrean lan esparruak emaitza “konkretuak” emanen dituela espero du.

Euskal presoen eskubideen aldeko maniestazioa Parisen, joan den abenduaren 9an. ISABELLE MIQUELESTORENA
Eneko Etxegarai Urain.
2017ko abenduaren 28a
13:47
Entzun

Euskal presoen auziaz beste bilera bat egin zuten atzo arratsaldean, Parisen, Frantziako Gobernuko Justizia Ministerioak eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak, eta azken horrek prentsa ohar bidez bileraren gaineko iritzia plazaratu du gaur. Adierazi duenez, ordezkaritzak gaitzesten du "azken bilkuratik ez aldaketarik egon izana presoen gaiaren inguruan eta DPS (bereziki zainduak diren presoak) estatusa beste preso batzuei ere kentzearen inguruan".

Hala, ordezkaritzak Frantziako Justizia Ministerioari galdegin dio "preso bakoitzaren egoera kasuan kasu" azter dezala.

Urrats berrien gabezia nabarmendu arren, ordezkaritzak espero du Frantziako Gobernuarekin duen eztabaidak "emaitza kontretuak emanen dituela epe laburrean". Ildo horretan, ohartarazi du gobernuak ez duela "printzipiozko kontrakotasunik erakusten" euskal presoak Mont de Marsan eta Lannemezan espetxeetara hurbilduak izan daitezen, eta jakinarazi du Frantziako Gobernuak euskal presoei DPS estatusa kentzearen aldeko politikarekin jarraitzeko asmoa duela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.