EGIPTO

Gutxienez 305 pertsona hil dituzte Egipton, meskita bati eraso eginda

Estatuan inoiz gertatutako atentaturik hilgarriena da. Gisa horretako erasoak egin dituen arren, EIren Egiptoko adarrak oraingoz ez du ekintza bere gain hartu. Al-Sisik "mendeku basatia" iragarri du.

nbulantziak Bir-al-Abedeko meskitara iristen (Egipto), pertsona batek sakelakoarekin grabatutako bideo batetik hartutako irudian. /. MOHAMED HOSSAM, EFE
Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 25a
09:59
Entzun

Ostirala egun sakratua da musulmanentzat, eta, beraz, Bir al-Abedeko sufien meskita (Egipto) bete zuten fededunek atzo eguerdian. Baina, bat-batean, meskitaren inguruan jarritako hainbat lehergaik eztanda egin zuten. Kaosa nagusitu zen, eta bildutakoak otoitz egiteko lekutik ateratzen hasi ziren. Kanpoan zain zituzten bonbak leherrarazi zituztenak, eta tiro egin zieten. Egipto mendebaldean gertatu zen atzo erasoa, Sinai penintsulan, eta hango segurtasun indarren eta Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 305 dira hildakoak, eta 120etik gora zaurituak. Herrialdearen historia modernoan gertatutako odoltsuena da. Oraingoz inork ez du atentatua bere gain hartu, baina 2013ko uztailean Abdel Fatah al-Sisi estatu kolpe baten bidez presidentetzara heldu zenetik, Wilayat Sinai taldeak, EI Estatu Islamikoaren Egiptoko adarrak, hainbat eraso egin ditu herrialdean; batez ere, Sinai penintsulan. Hiru dolu egun ezarri dituzte Egipton, eta Al-Sisik nabarmendu du segurtasun indarrek «mendekua» hartuko dutela, eta hori «basatia» izango dela.  

Hain zuzen, segurtasun indarrak izan dituzte jopuntuan matxinoek, eta haietako ehunka hil azkeneko urteotan. Dena den, gutxiengo erlijiosoen kontra ere egin izan dute, eta sufiak multzo horretan sartu behar dira Egipton. Islamaren interpretazio moderatu bat egiten dute, hala praktikatzen, eta muturreko islamistei heresia iruditzen zaie hori egitea. Kristau koptoak ere gutxiengo erlijiosoen artean daude, eta azken urtean horietako ehun baino gehiago hil dituzte, atentatu sektarioetan.  

Zenbait iturriren arabera, meskita zaintzen ari ziren segurtasun indarretako kideak hiltzea zen atzo erasotzaileen helburua, baina, hainbat lekukoren esanetan, anbulantziak heldu zirenean ere tiroka jarraitu zuten.

Eraso horiek eragozteko, muturreko talde islamisten kontra gogor egingo zuela agindu zuen Al-Sisik, boterera heldu zenean; eta hala errepikatzen du atentatu bat gertatzen den aldiro. Dena den, atzera egin behar da arazoaren ernamuinera iristeko. Sinaiko penintsulan beduinoak dira gehienak —58.000 kilometro koadroko eremu mortu bezain menditsua da—, eta, historikoki, estatuak baztertu egin dituela sentitzen dute. Izan ere, joera zentralista du Kairoko administrazioak.

Gehitu horri Sinaiko penintsula Israelen kontrolpean egon zela Sei Eguneko Gerratik, 1967tik, 1979ra. Okupazioa bukatuta, ordea, ia-ia presentzia militarrik gabe gelditu zen penintsula. Ordutik aurrera, eta pixkanaka-pixkanaka, milizia armatu salafistak loratzen hasi ziren Hosni Mubarak Egiptoko presidente izan zen hiru hamarkadetan (1981-2011).

Piztu zen Udaberri Arabiarra deitutakoa 2011n, kendu zuten Mubarak kargutik, eta hartu zuen presidentetza Mohamed Mursi Anaia Musulmanak anaidiak hauspotutako hautagaiak; harik eta, Morsiren gobernu islamistaren kontrako protesta mugimendu handi bat baliatuta, Al-Sisi gobernura heldu zen arte. Eta estatu kolpe hura kontrairaultza erabatekoaren atarikoa izan zen.

Izan ere, 2013ko udaz geroztik, Egipton dozenaka milaka lagun atxilotu dituzte oposizioko kideen artean, ehunka hil polizien zaintzapean, dozenaka laguni ezarri heriotza zigorra... Eta Anaia Musulmanak desegin zituzten, anaidi gisa.

Errepresio horrek Sinaiko penintsulari ere eragin dio, eta hango milizien jarrera askoz ere muturrekoagoa bihurtu. Matxinoen artean, Wilayat Sinaikoek zin egin zuten, 2014an, EIri leial izango zitzaizkiola. Haien ohiko erasoen eremua ez da oso handia, 100 bat kilometro luze, Gazako mugatik hurbil, baina gai izan dira estatu osora hedatzeko.

Turismoaren kontra ere egin dute. Atzo arteko haien ekintza bortitzena 2015eko urriaren 31n egindakoa zen. Xarm el-Xeikh-etik (Sinai hegoaldea) San Petersburgora zihoan Errusiako hegazkin batek, aireratu, eta 23 minutu geroago eztanda egin zuen. 224 bidaiariak hil ziren, matxinoek hegazkin barruan jarritako lehergaiak eztanda egin ondoren.

Indarkeria, elkar elikatuz

Batik bat segurtasun indarretako kideak dituzte jopuntuan, eta haien aurkako azken erasoan, joan den uztailaren 7an, Egiptoko armadako 26 militar hil zituzten. Halere, geroz eta maizago erasotzen diete gutxiengo erlijiosoetako kideei. Kairon, kristau koptoen eliza baten inguruan, gutxienez 25 hil zituzten 2016ko abenduaren 11n. Aurtengo apirilaren 7an, 44 koptotik gora hil zituzten Kairo iparraldean, eta, maiatzaren 26an, erlijio hartako fededunez betetako autobus bat tirokatu zuten Minia eskualdean, eta 29 hildako eragin.

Sufien komunitateek ere nozitu dute indarkeria. France Press berri agentziaren arabera, joan den otsailean lider sufi bati lepoa moztu zioten, heresia egitea egotzita. Gainera, ohikoak dira sufien bahiketak. Bien bitartean, estatuaren indarkeriak eta matxinoenak elkar elikatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.