Euskara gutxiago entzuten da kalean. Hizkuntzen Erabileraren Kaleko Neurketaren zazpigarren azterketa aurkeztu du Soziolinguistika Klusterrak, eta berretsi egin du apalaldian dagoela erabilera. 2011ko ikerketak erakutsi zuen geldialdia, eta oraingoan baieztatu egin du. 1989an egin zuten lehen neurketa, eta ordutik 2006ra hazi egin zen erabilera; azken hamar urteetan, baina, beheranzko bidea hartu du.
Euskal Herria osotasunean hartuta, neurketak dio kalean hizketan entzun dituztenen %12,6 ari zirela euskaraz. 1997tik izandako portzentajerik txikiena da hori. Erdarak nagusi dira, beraz. Kaleko hiztunen %76 gaztelaniaz sumatu dituzte, %8 frantsesez, eta %3 beste hizkuntza batzuetan. Izatez, Baionan eta Bilbon gaztelania eta frantsesa ez diren beste erdara batzuk erabiltzen dituzte euskara baino gehiago kalean; Gasteizen eta Iruñean, antzekoa da beste erdaren eta euskararen erabilera.
Erabilera datu horiek ez dira homogeneoak. Adinaren arabera aztertzen badira, hara joera: zenbat eta gazteagoak, euskararen erabilera handiagoa. Hots, umeek egiten dute gehien, eta adinekoek gutxien. Izatez, aurrekoetan bezala, sumatu dute haurren presentzia erabakigarria dela euskararen erabileran: euskara gehien nagusien eta umeen arteko solasaldietan erabiltzen da, eta gutxien, nagusiak haurrik gabe daudenean. Erabilera adinaren arabera aztertuta, hala ere, bada joera bateratu bat: jaitsi egin da adin tarte guztietan.
Gipuzkoan nabaritu dute erabilerarik handiena, diferentzia nabarmenarekin: kalean euskaraz aritzen da ia hiru gipuzkoarretik bat. Hala ere, berritasuna dakarte datuek: neurketa egiten dutenetik lehen aldiz, jaitsi egin da euskararen erabilera. %31,1eko erabilera indizea jaso dute Gipuzkoan, duela bost urte baino puntu bat eta erdi txikiagoa. 2006ko portzentajea baino ere txikiagoa da azkenekoa, baina aurreko datuen goitik dago —1989an %23 entzun zituzten euskaraz—. Adin tarte guztietan jaitsi da erabilera.
Bizkaian ere beherantz jarraitzen du euskararen kaleko erabilerak: %8,8 sumatu dituzte euskaraz, duela hamabost urte baino ia bi puntu gutxiago. 2001etik aurrera hasi zen kaleko erabilera gutxitzen Bizkaian, eta oraingoz ez da galera hori eten. Izatez, 1989ko neurraldia kenduta —%8,1eko indizea jaso zuten—, 2016koa da erabilerarik txikiena. Adin talde guztietan jaitsi da erabilera hamabost urteotan, nahiz eta azken bosturtekoan egonkor eutsi dioten umeek (2-14 urte) eta helduek (25-64 urte).
Nafarroa ageri da ondoren. Salbuespen nagusia da, erabilera puntu bat handiagoa baita 2011n baino. Kalean dabiltzanen %6,7 entzun dituzte euskaraz. Kontrako norabidea izan dute Nafarroan orain arte: 1990eko hamarkadako datuak baino apalagoak izan dituzte beti, eta urtez urte erabilera baxuagoa sumatu dute. 2016an irauli dute joera hori, eta galdutako gehiena berreskuratu dute. Adin taldeei erreparatuta, guztietan handitu da erabilera. Kontuan izatekoa da, gainera, aurreko hamabost urteetan ez atzera ez aurrera egon dela Nafarroako umeen, gazteen eta helduen erabilera.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan beheraka jarraitzen du erabilerak —aurreko astean aurkeztutako inkesta soziolinguistikoak ere hala dio—. Kalean %5,3 entzun dituzte euskaraz; duela hogei urte baino hiru puntu gutxiago da hori. Hiru herrialdeetako eboluzioa batera ematen dute, jasotako elkarrizketa kopurua ez baita nahikoa bakoitza bere aldetik emateko. Hala ere, joera batzuk badira eremuka. Batetik, Nafarroa Beherean eta Zuberoan %14,6 entzun dituzte euskaraz, duela bost urte baino 4,6 puntu gehiago; bestetik, Lapurdin euskara gutxiago entzun dute —BAM eremuan %1,6ko erabilera, eta Lapurdi barnealdean, %5,4koa—. Adin taldeei erreparatuta, badira diferentzia batzuk Ipar Euskal Herrian. Batetik, umeen erabilera gorantz ari da 2006tik (%10,2 orain), eta gazteena eta helduena bere horretan daude; bestetik, adinekoena aldiz aldi jaisten ari da.
Araban sumatu dute erabilerarik txikiena: %4,6. Aparteko gorabeherarik ez du izan Arabak urteotan. Azken neurketak 2006ko datuaren parekoa eman du; hura da orain arteko onena. Adinka erreparatuta, haurren erabilerak gora egin du Araban —orain arteko daturik onena jaso dute: %7,5—, eta helduenak ere bai. Adinekoena bere horretan dago, eta gazteena jaisten ari da 2006tik.
Herrialdekako datuetatik aparte, erabilera aztertzen bada gune soziolinguistikoak aintzat hartuz, orain arteko joerak berretsi dira. Euskaldunen portzentajea txikiena den eremuetan —euskaldunak %25 baino gutxiago—, egonkor dago erabilera, %3 inguruan; euskaldunak gehiengoa diren lekuetan, berriz, beheranzko bidean sartuta daude 2006az geroztik —euskaldunak %75etik gora diren eremuetan ia hiru puntu jaitsi da erabilera—.
Erabilerari erreparatzeko beste aldagai bat: sexua. Aurreko neurketetan ere nabaritu dute joera, eta oraingoan ere bai: emakumeek gehiago erabiltzen dute euskara. Adin talde guztietan gertatzen da hori, adinekoetan izan ezik. Gazteen artean dago diferentzia handiena. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez zuten joera hori nabaritu orain arte, eta, orain, bai.