2015eko hauteskundeez geroztik, aukera guztiak baliatzen ditu UPNk Nafarroako administrazio berrien kontra jotzeko. Batez ere, euskararekin edo euskal kulturarekin zer ikustekorik baldin badute: izan euskara administrazioan arautzeko dekretua, izan 44 herri eremu mistoan sartzeko proposamena, izan Iruñeko bi haur eskolatan euskarazko eskaintza ematen hastea. Oraingo honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan dira erregionalistek jomugan jarri dituztenak.
Iaz Iruñean egindako bi ikuskizun (Irri banda apirilean, eta Tipi, tapa, korrika abenduan) udalaren laguntzarekin egin zirela salatu du UPNk. Zehazki, Iruñeko Udalak Baluarte auditoriuma "doan" utzi ziela salatu dute. "Fabore tratua da hori, hirian tradizio handia duten ekitaldiek jasotzen dutenarekin alderatuta; besteak beste, Bildu alkatetzara iritsi zenetik boikotatu nahi duen Corpusen ospakizuna".
Udala kritikatzeaz gainera, ordea, Pirritx eta Porrotx ere gogor salatu ditu, "polemikoak" eta "Bilduren kutunak" direlakoan. "Batasunaren pailazoak dira", dio UPNren oharrak. Pailazoen jarduna kolokan jarri eta kritikatu ostean, "sektarismoa" egozten dio alkateari eta haren udal gobernu taldeari.