Sevillan, bizilekutik 882 kilometrotara preso dago Iñaki Arakama euskal presoa. Hari bisitan zihoazela, Arakamaren iloba batek, bikotekideak eta lagun batek auto istripua izan zuten larunbatean 18:00etan, Bejarren (Espainia), asteburuko bisita egin eta etxera itzultzeko bidaian.
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, autobidean txakur bat harrapatu ondoren, bolante kolpeak jo behar izan zituzten autoa bidetik ez ateratzearren eta, azkenik, hesia jo ostean autoa gelditzea lortu zuten. Kolpe leungailu eta ezkerreko argiak apurtu zitzaizkien, eta etxerako bideari ekin zioten jarraian.
Bi izan dira asteburuan euskal presoen senideek izandako auto istripuak. Jaenen (Espainia) preso dagoen Premin Sanpedro euskal presoaren bi anaia eta gurasoek auto istripu bat izan zuten larunbatean espetxera asteburuko bisita egitera zihoazela.
Etxerat Elkarteak salatu du "presoak bisitatzeko eskubidea bermatzearren, bidai luze bezain arriskutsuak egitera behartatuta" daudela astebururo ehunka euskal herritar. Gainera, gogorarazi du hamasei lagun hil eta hainbat zauritu direla espetxeetarako joan-etorrietan.
Istripuak salatzeko eta senide horiei elkartasuna adierazteko elkarretaratzera deitu dute:
Iruñea: Otsailak 13, astelehena. 20:00etan, PPren egoitzaren aurrean.
Gasteiz: Otsailak 13, astelehena. 19:00retan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Bilbo: Otsailak 14, asteartea. 19:00etan, Arriagan.
Donostia: Otsailak 15, asteazkena. 19:00etan, Bulebarrean.