Ustekaberik ez du eman Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak. Talgo konpainiak irabazi du Renferen 2.642ko milioi euroko kontratua, CAF, Alstom eta Siemens atzean utzita. De la Sernak azaldu duenez, goizean egindako bileran Renferen administrazio kontseiluak baieztatu egin du CAFen eskaintza ekonomikoan oker bat zegoela eta, beraz, Talgok lortu duela lehiako puntuaziorik onena bai eskaintza teknikoan eta bai ekonomikoan. Joan den asteartean, eskaintzak publiko egin zirenean, CAFena izan zen eskaintza ekonomikorik onena, baina merkeegia zen, eta susmoak piztu ziren, kontuetan akatsen bat ote zen.
Administrazio kontseilu horrek, hori bai, ez du aintzat hartu joan den astean Alstomek Talgoren puntuazioaz azalpen eske bidalitako gutuna. Ikuspegi teknikotik Alstomek, besteak beste, zalantzan jartzen du Talgoren Avril trenak erosotasun irizpideak betetzen dituen, bost eserlekuko errenkadak dituelako; hots, hiru eserlekuko lerroak bagoiaren alde batean. Arlo ekonomikoan ere, Talgok inflazioaren %1eko hazkundea iragartzen du mantentze lanetarako, eta, beraz, haren eskaintza %30 merkeagoa da eskaintzak %1,5eko inflazio iragarpenarekin egin dituzten lehiakideen aldean. Alstomek ez du argitu helegitea jarriko duen. Kontratua emanda, Renfek hamabost egun ditu aldeei haiek eskatutako informazio osagarria bidaltzeko. Ondoren izango du modua Alstomek helegitea jartzeko.
Iñigo de la Serna ministroaren arabera, Talgoren Avril tren bakoitza 22,5 milioi euro kostako da, megakontratua egiteko hasieran ezarritako gehieneko salneurria baino %28 merkeago. Konpainiaren arabera, orduko 363 kilometroko abiadura har dezake, eta gehienez, 600 bidaiari eraman ditzake, nahiz eta Renferi egindako eskaintzan 521eko kopurua eman.
Talgoren fabrika nagusietako bat Araban dago, Rivabellosan, eta 500 behargin inguru dituen fabrikak lan karga garrantzitsua bermatuko du urte batzuetarako. Besteak beste, Mekarako AHTa ekoizten ari dira han.