ZERGA IRUZURRA

Applek 13.000 milioi euro itzuli beharko dizkio Irlandari

2003tik 2014ra Irlandan ordaindu gabeko zergak pagatzera zigortu du Europako Batzordeak. Multinazionalak legez kanpoko laguntza publikoak jaso zituela ebatzi du. Applek eta Dublinek helegitea jarriko dute.

Europako Batasunean enpresa bati jarritako zigor handiena da Appleren aurkakoa. SHAWN THEW / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko abuztuaren 30a
07:51
Entzun

Garesti ordainduko ditu Applek zergei ihes egiteko urteotan baliatu dituen trikimailuak. Europako Batzordeak hala ebatzita, 13.000 milioi euro gehi interesak itzuli beharko dizkio Irlandako Gobernuari, 2003tik 2014ra pagatu gabe utzitako zergengatik: inoiz enpresa bati jarritako isun handiena da. Bruselaren hitzetan, AEBetako erraldoiak "tratu berezia" jaso du urteotan, Irlandarekin lehiakideek baino zerga gutxiago ordaintzeko "legez kanpoko sistemak" adostu dituela argudiatuta.

Applek ordaindu gabeko dirua berreskuratzeko aukera izango badu ere, Irlandako Gobernua ez dago konforme Bruselaren erabakiarekin, eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Legea urratu eta Tim Cook buru duen multinazionalari legez kanpoko laguntza publikoak eman dizkiotenik ukatu du Michael Noonan Finantza ministroak: "Etsigarria da. Ez diogu tratu berezirik eman". AEBetako Altxor Idazkaritzak ere ez du ongi hartu Bruselaren zigorra, eta Appleren aurka "gehiegizko agintearekin" aritzea leporatu dio.

Multinazionalak iragarri du helegitea aurkeztuko duela batzordearen erabakiaren kontra. Jarduten duen toki guztietan ordaintzen dituela zergak argudiatu du Applek, eta Europako Batzordeari aurpegiratu dio ez duela ezagutzen Irlandako araudi fiskala. 

Sozietateen zerga moldatuta

Europako Batzordea, ordea, ez da iritzi berekoa. Ondorioztatu du sozietateen zergara asko jota Europan zituen etekin ekonomikoen %1 —hamar milioi euro inguru— bideratzea hitzartu zutela Applek eta Irlandak, eta urtetik urtera kopuru hori apaltzea: 2014an %0,005ekoa izan zen. Margareth Vestager Europako Lehia komisarioak gogorarazi du galarazita dagoela enpresei zerga abantailak ematea, eta tasa aldakor horrek "bete-betean" urratzen duela EBko araudia.

2014an abiatu zuen ikerketa Europako Batzordeak, eta zerga ingeniaritzan abilak diren enpresak —Google, Starbucks, Microsoft eta enparauak— ere zipriztindu ditu iruzurrak. Horien trikimailuak jomugan jartzeko bide bat aurkitu du: jasotzen duten zerga tratamendu onuragarria estatu laguntzatzat jotzea. Irlandaz gain, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Gibraltarren aurkako auzibidea ere ireki zuen Bruselak, multinazionalei beren irabazi mardulen truke ia zergarik ez ordaintzeko sistemak sortu ote dituzten jakiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.