Guardia Zibilak azaldu duenez, Martzillako (Nafarroa) hainbat herritarrek telefono deiak jaso dituzte, haien gertuko norbait bahitua zutela esanez eta hura aske uztearen truke dirua eskatuz. Iturri ofizialen arabera, sei salaketa jarri dituzte orain arte, nahiz eta ustezko bahitzaileek euren helburua lortu ez. Biktimetako batzuek, hala ere, osasun zaintzak behar izan zituzten, telefono deiak eragindako antsietatea gainditzeko. Guardia Zibilak zehaztu duenez, gaizkileek herriko jaiak baliatu dituzte deiak egiteko.
Bahiketa birtualetan ohikoa da ustezko bahituaren ahots grabazioak erabiltzea, haren senideei bahiketa egiazkoa dela sinetsarazi eta dirua ordaintzera bultzatzeko. Maiz, hura aske uztearen truke 2.000 eta 10.000 euro arteko kopuruak eskatzen dituzte.