Heriotza

Lourdes Iriondo hil da

Lourdes Iriondo (Donostia,1937) kantari ezaguna hil da gaur Donostian, erietxean. Haren senideek agertu dutenez, aspaldiko gaixotasun baten ondorioz hil da, eta azken zortzi egunak ospitalean, zainketa berezietan, egin ditu. Nolanahi ere, hurbilekoak ondoan zituela eta lasai hil dela agertu dute senideek. Iriondoren errautsei bihar 12:00etan lurra emango diete Urnietako (Gipuzkoa) hilerrian, eta 18:00etan egingo dituzte hileta elizkizunak herri bereko parrokian. Euskal kantagintza berritu zuen Ez Dok Amairu talde eta kultur mugimenduko kide ezagunenetakoa izan zen Iriondo, eta berak zein beste hainbat sortzailek egindako kantuei jarri zien ahotsa. Literatura ere jorratu zuen, besteak beste, haurrentzako hainbat ipuin eta narrazio idatziz. Xabier Lete kantari eta idazle ezaguna zuen senar.

2005eko abenduaren 27a
16:10
Entzun
Donostiarra zen jaiotzez Iriondo, baina ume-umetatik Urnietan bizi izan zen, eta hangotzat zuen bere burua. Gaztetatik izan zuen musikarenganako zaletasuna; 1965ean 'Zeruko Argia' aldizkarian egin zioten elkarrizketa batean azaldu zuenez, zazpi urte lehenago hasi zen musika ikasten —beraz, 21 urterekin—, eta urtebete zeraman gitarra jotzen ikasten.

Aldizkari berean 1966an egin zioten elkarrizketan, berriz, jendaurreko lehen agerraldia bi urte lehenago Andoainen (Gipuzkoa) egin zuela azaldu zuen: adiskide batek euskaraz kantatzen zuela jakin eta hark gonbidatuta.

Handik aurrera hainbat jaialditan parte hartu zuen Iriondok, eta, halaber, euskal kantagintza berritu eta suspertu zuen Ez Dok Amairu taldeko kide izan zen sorreratik. Bilakaera nabaria izan zen Iriondoren kantagintzan lehen urte haietan: piskanaka abesti engaiatuetara lerratu zen, herrigintzan eragin nahi zuten protesta kantuetara. Berak egindako doinu eta letrak zein beste sortzaile batzuenak kantatzen zituen, hil berri den Juan Mari Lekuonaren Errota zar maitea kasu.

Xabier Lete zuen senarra, baina bikotekide ez ezik, baita bidelagun ere musikagintzan eta sortze lanetan.

Izan ere, literaturan ere aritu zen Iriondo.

Honakoak dira hark utzitako diskografia eta bibliografia:

DISKOGRAFIA:

Maria Lourdes Iriondo , 1967, Belter diskoetxea (Bartzelona-Madril). A aldea: Agurra; Abesten dizut, Jauna B aldea: Loa ; Etzaitut ikusi nahi .

Maria Lourdes Iriondo , 1967, Belter diskoetxea (Bartzelona-Madril). A aldea: Gaztedi berri zalea ; Pake-aingeru. B aldea: Kitarratxoa ta euskera ; Ain urruti, ta ain urbil .

Lourdes Iriondo , 1968, Belter diskoetxea (Bartzelona-Madril). A aldea: Lin-Pan mendian ; Askatasuna zertarako. B aldea: Nere erria ; Ez gaude konforme .

Kanta zaharrak,1968, Belter diskoetxea (Bartzelona-Madril).Resureccion Maria Azkuek bildutako kantutegitik aukeratutako abesti zaharrak. 1 aldea: Bazko eta salbatore ; Abenduaren 7an ; Amaika amaren seme ; Elkitzeko tenorea ; Ala baita ; Chorittua, nurat hua?. 2 aldea: Bolon bat ; Lua lua ; Bozkario ; Chori erresiñula ; Mendiak bete elurrez ; Gel adi, mundu .

Aur kantak , 1969, Herri Gogoa-Edigsa. 1 aldea: Mox mox; Eragiozu , Bat txardina ; Dulun dulun . 2 aldea: Atxia motxia ; Nora zoazte ; Sarian zun zun ; Kukubiku-Don don kandel .

Lourdes Iriondo-Xabier Lete , 1969, Herri Gogoa, Donostia. 1 aldea: Aita nuen saltzaile ; Peru gurea . 2 aldea: Agota ; Bost ogei urtetako .

Lourdes Iriondo , 1969, Herri gogoa-Edigsa. 1 aldea: Festa bukatzean ; Gaua ; Ez nazazu utzi ; Nereari .

Lurdes Iriondo, 1974, Arte y Ciencia, Donostia. 1. aldea: Hala ere ; Errota zaharra ; Beotibarko gudua ; Nahi zuia jin ; Ixiltasuna . 2. aldea: Hitzak dira ; Oraindik orain ; Egunsentia ; Tiriki tauki tauki , Maitasun honek zugan dirudi ; Loa, loa, ttuntturrun berde .

Lurdes Iriondo-Xabier Lete , 1976, Edigsa. A aldea: Poeta hoiek; Ez nazazu utzi ; Bost ogei urtetako ; Euskalerri nerea; Peru Gurea; Maiteaz galdezka ; Gaua ; Loregorrien bolada . B aldea: Festa bukatzean ; Urrillaren 28 egun ; Aita nuen saltzaile ; Giza aberea ; Nereari ; Bihotza ; Agota ; Seaska kanta.

BIBLIOGRAFIA

Haur eta gazte literatura:

* Martin arotza eta Jaun deabrua. Sendagile maltzurra

    1973, Gero

* Asto baten malura

    1975, Gero

* Buruntza azpian

    1975, Gero

Narrazioak:



* Hego-haizearen ipuinak

    1973, Gero

* Lotara joateko ipuinak

    1983, Erein
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.