Rolls-Roycek ITP (Industria de Turbo Propulsores) osorik bereganatu du Sener euskal konpainiari akzioen %53,1 erosita, 720 milioi euroren truke. Orain arte Senerrek zituen ITPko akzioen %53, eta Rolls-Roycek, %47: aurrerantzean ITPko akzioen 100% izango ditu autogile britainiarrak. Rolls-Roycek, hala ere, iragarri du Zamudion mantenduko duela ITPren egoitza nagusia, eta eutsi egingo diola 3.113 laguneko lantaldeari ere.
Erosketa bi urteko epean likidatuko da, eta Rolls-Roycek aukera izango du operazioaren erdia bere akzioen bidez ordaintzeko. Transakzioa 2017 hasieran ixtea espero dute bi aldeek, oraindik beharrezko arau baimenak jasotzeko zain daudelako. Erresuma Batuko taldeak azaldu du ITP bereganatuta adar zibileko motor handien programetako posizioa indartuko duela, eta baita Defentsa sektorekoa ere.
Igeniaritza enpresa da Sener bizkaitarra, eta hainbat adar ditu. Horietako batean, aeronautikakoan, ITP izan du enpresa naugsia, motor aeronautikoen eta gas turbinen mundu mailako liderretako bat. "ITP Rolls-Roycen konfiantzazko bazkidea izan da urte askoan. Inbertsio honek gure ahalmen aeroespazialak indartuko ditu, instalazio produktibo, zerbitzu eta produktu bikainak geureganatuko ditugulako. Horrek guztiak hazkunde errentagarrirako aukera berriak eskaniko dizkigu", azaldu du Warren Eastek, Rolls-Royceko kontseilari nagusiak.
Jorge Sendagorta Senerreko presidentea ere pozik agartu da salementarekin. Gogora ekarri du Sener izan zela ITPren sustatzailea eta sortzailea 1989an, eta nabarmendu du "oso harro" sentitzen dela enpresa horrek 27 urtean lortu dituen emaitzekin. "Baina gure lana amaitu da, eta orain Rolls-Royceri dagokio ITPrentzat etorkizunik onena eraikitzea".
ITPk motore aeronautikoentzako osagarriak diseinatu eta fabrikatzen ditu munduko hainbat bezerorentzat. Aurrerantzean mantendu egingo du bere bezero sarea, eta baita Zamudioko egoitza nagusia eta mundu osoan duen lantaldea ere. 3.113 behargin dira guztira, horietatik 2.258 Hego Euskal Herrian eta Espainian, eta gainontzekoak Mexikon, Erresuma Batuan, AEBetan, Indian eta Maltan dituen lantegietan.