Emaitzek gauza bat argi uzten dute, Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearen arabera: laranja erdiaren ideia bizi-bizirik dagoela oraindik ere gizartean; hau da, bizitza binaka antolatzeko joera dagoela. Galdetuen erdiak baino gehiagok bikote harreman itxia dute, eta horien artean %70ek bost urte barru pertsona horrekin jarraituko dutela uste dute. Bikoterik ez dutenen artean, %67ri gustatuko litzaieke etorkizunean harreman itxi bat izatea, eta soilik %7k ez dute bikoterik izan nahi. Gutxiengoa dira harreman irekiak dituztenak (%7), eta, haien artean, gehienak gizon homosexualen artekoak dira.
Oro har, euskaldunek zoriontsu direla diote, maila afektiboan: batez-beste, 6,9ko notarekin. Bikotekidearekiko maitasuna ere oso positiboki baloratzen dute: 8,5eko notarekin. Baina harreman sexualez galdetzean, behera egiten du zoriontasun mailak: 5,8ko nota jarri diote. Iñigo Arandia ikerketaren koordinatzailearen iritziz, horrek gauza bat argi uzten du: “Ez ditugu behar bezala lantzen harreman sexual-afektiboak”.
Nahi baino harreman sexual gutxiago dituzte galdetuek. Astean behin edo bitan dituzte gehienek, baina astean hirutan edo gehiagotan izan nahi lituzkete. Gizon eta emakumeen artean ez dago alde handirik desioari dagokionez. Baina masturbazioaren kasuan, nahiko nabarmena da aldea. Galdetutako gizonen %96 masturbatzen dira, %80 astero, eta %15 egunero. Emakumezkoen kasuan berriz, %87 masturbatzen dira, %45 astero, eta %3 egunero.
Nabarmena da bikotetik kanpo desio sexuala egon ohi dela. Hamarretik bederatzik sentitu du noizbait bikotekidea ez den beste norbaitekiko desio sexuala, eta galdetutakoen %42k izan ditu noizbait bikotetik kanpoko pertsona batekin harreman sexualak, bikotearekin adostu gabe.
Internet tresna on bat dela uste du gehiengo batek harremanak bilatzeko (%89), baina ez da hainbeste erabiltzen (%34). Ez erabiltzeko arrazoi nagusia lotsa da, eta ez erabiltzeko hautua egiten dutenen gehiengoa emakumeak dira. Gainera, adinean aurrera egin ahala gehiago erabiltzen da, eta baita harreman homosexual eta bisexualak bilatzeko ere, heterosexualak baino.
1.500 parte hartzaile
Joan den otsailaren 12an jarri zuten abian ikerketa. 73 galdera egin zituzten, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. 1.500 pertsonak bete zituzten galdera guztiak, eta horietatik 200 bat kanpoan utzi zituzten, arrazoi bat ala beste, ikerketaren hobe beharrez. Hego Euskal Herrian bizi diren 18 eta 64 urte bitarteko euskaldunek —inkesta euskaraz bete zutenek edo euskaradunak direla esan zutenek— parte hartu zuten. Aldiz, beste profiletako nahikoa inkesta jaso ez zituztenez, unibertsotik kanpo geratu ziren 65 urte edo gehiagoko herritarrak, euskara menderatzen ez dutenak eta Ipar Euskal Herriko biztanleak.
Erantzun horiek interpretatzeko, aditutzat dituzten elkarte eta norbanakoekin jarri dira harremanetan: Euskal Herriko Bilgune Feministak, Gehitu elkarteak, Harremanak.eus webguneak eta genero eta maskulinitatean kontsultorea den Mikel Otxotorena Fernandezek egin dituzte balorazioak. Arandiak ikerketaren balorazio “oso positiboa” egin du. Haren arabera, “interes handia” pizten du gaiak norbanakoen zein eragileen artean, eta “oso erraz” lortu dute jendearen parte hartzea sustatzea.
Aurrez aipatutako datuez gain, beste pila bat bildu dituzte, eta modu irekian jarriko dituzte Kaixomaitia.eus webgunean, nahi duenak erabili, kritikatu eta gogoetarako erabili ditzan. Gogoeta sustatzea baita inkestaren helburu nagusia. Gaia zabalago landuko du bihar Berria-k.