iñigo cabacasen heriotza: Testigantza

Pilotek pertsianak jotzean egiten zuten zarata gogoan

Esteban Serrano Kirruli herriko tabernaren parean zegoen Ertzaintzak Iñigo Cabacas pilotakada batez zauritu zuenean. Pilotek pertsianaren kontra jotzean egiten zuten zarata, eta garrasika hasi zen emakumea ditu gogoan.

2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacas zauritu zuten tokian jasotako gomazko pilota. ESTEBAN SERRANO
jon ordonez garmendia
2016ko apirilaren 3a
07:23
Entzun

«Ikaragarria zen pilotek pertsianak jotzean egiten zuten zarata, eta guk hor jarraitzen genuen, hormaren kontra mugitu ezinik, emakume bat kalezulo erdian jarri eta garrasika hasi zen arte, eskuak gora eta behera mugituz, gupida eske. Ez nuen entzuterik izan zer oihukatzen zuen, baina ez nuen horren beharrik jakiteko egoera horretan saihetsezina zena gertatu zela». Esteban Serranok (Plentzia, Bizkaia, 1989) gertutik sentitu zuen 2012ko apirilaren 5ean Kirruli herriko tabernaren kanpoaldean gertatu zena. Athleticzalea izanik, Schalke 04 taldearen aurkako partidaren ostean Kirrulin elkartu zen kuadrillako lagunekin: lepo beteta zegoen kalea, Athletic Europa Ligako finalerdietan sartu zela ospatzeko. Inguru horretan zegoen Iñigo Cabacas ere, San Mamesetik atera ondoren. Han harrapatu zituen Ertzaintzaren oldarrak «ehunka lagun». Serrano zegoen lekutik bost metrora jo zuen Ertzaintzak Cabacas, pilotakada batez. Azpimarratu du ez zuela berak sumatu ere egin Ertzaintzaren oldarraldia argudiatzeko hasieran zenbait hedabidek aipatu zuten borroka jendetsua. «Lau lagunek furgoneten kontra botilaren bat» bota zutela egia dela dio, baina argitu du beste zaleak haiei lasaitzeko eskatzen ari zitzaizkienean hasi zela oldarra.

«Jarraian, segundo batzuetako su-etena, ertzainak egindakoaz ohartu omen ziren unean». Ordura arte ezin izan zuen askorik ikusi, berak eta lagunek ahal zuten moduan babestu behar izan baitzuten Kirruliren parean, sartu ezin —oldarra hasi zenean, jendea pilatu zen sartzeko, eta inbutua sortu—. «Aukera seguruena zirudien, alde egiten saiatzen ziren ausartei oldartu baitzitzaizkien ertzainak, kalezuloa hustea eragotzi nahian».

Armak isiltzean, borrekin jazarri zieten ertzainak. «Desiratutako oldar bat zen hura» nolabait, pilotakaden zarata eta beldurra amaitu zenekoa. «Kaputxadunak guregana zetozen. Ospa egiteko unea zirudien. Lauzpabost pauso eman eta gero, garrasika ikusi nuen neska parean nuen, belauniko, etzanda zegoen mutil gazte bati begira, baina begirada galdurik. Hortxe ikusi nuen lehen eta azkeneko aldiz Iñigo Cabacas Lizeranzu, begiak itxita, konorte barik etzanda. Hortxe bukatu zen zoragarria izango zela zirudien gau hura. Hortxe hasi zen gau iluna, bukaezina dirudien infernu madarikatua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.