Zer dira ekarpenak?

2016ko urtarrilaren 14a
20:13
Entzun

Zer dira finantza ekarpenak?

2002an, 2004an eta 2007an Eroskik jaulkitako finantza produktu bat dira. Urte horietan, krisiaren aurretik, Eroski hedapen betean zegoen, Euskal Herrian eta handik  kanpo ere merkataritza zentroak eta supermerkatuak irekitzen. Kooperatiba izanik kapitala handitzea zaila zitzaionez, finantza ekarpenak jaulki zituen dirua lortzeko.

Zenbat diru bildu zuen?

660 milioi euro inguru: 360 milioi 2002ko eta  2004ko ekarpenen bidez, eta beste 300 milioi 2007koan. Ekarpen bakoitzak 25 euro balio zituen, eta gutxienez 40 erosi behar ziren. Hau da, gutxienez mila euro jarri zituen inbertitzaile bakoitzak. Uste denez, 30.000 lagunek erosi zituzten.

Nola funtzionatzen dute?

Urtero, jarritako diruaren araberako interes bat jaso zuten inbertitzaileek. Euriborra gehi %3 lehen jaulkipenetan, eta Euriborra gehi %2,5 2007koan.

Eroskik pagatu al du?

Bai. Bankuek saldutako lehentasunezko akzioak ez bezala (preferenteak), finantza ekarpenak jaulkitzen dituenak legez behartuta dago interesak ordaintzera. Hala egin du Eroskik, urtero, urtarrilaren amaieran. Gehienez %7,36ko interesa ordaintzera iritsi zen, 2009. urtean. Interes oparo horien eskutik, 2002an dirua jarri zutenek dagoeneko inbertitutakoaren %70 jarri dutela ziurtatu du kooperatibak.

Zergatik sortu dute iskanbila?

Erosleetako askok engainatu dituztela ziurtatu dutelako. Gordailuak erosi zituztela uste zuten, eta nahi zutenean jarritako dirua (edo zati bat) berreskuratu ahal zutela uste zutelako. Baina ez, ekarpenek ez dute epe mugarik: jaulkitzaileak hala erabakitzen duenean edo porrot egiten duenean iraungitzen dira. Azken hori gertatu da Fagor Etxetresnak-ekin. Mondragoneko beste kooperatiba hori ere ekarpenen bidez finantzatu zen. Orain jarritako dirua berreskuratzea ia ezinezkoa dute inberitzaileak, ekarpenak menpeko zorra direlako, eta horiek direlako ordaintzen diren azkenetakoak porrot egoeran. Ekarpenen erosle batzuk auzitegietara jo dute. Kasu gehienetan epaileek arrazoi eman diete, baina bankuak egin dituzte iruzurraren errudun, produktua oker saltzeagatik. Eroski errugabetu dute, produktua legezkoa delako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.