«Bizirik dagoena beti dago mugimenduan». 33 urteko esperientzia metatzen dute elkarrekin Antton Mari Aldekoa-Otalorak eta Nerea Mujikak Gerediaga elkarteko lehendakari modura, eta destilaturik horixe da atera duten lezio nagusia: moldagarritasunarena. Aldatzen denak irauten du. Frankismo osteko beheraldian, lehenik, Aldekoa-Otalorak hartu zuen elkartearen zuzendaritza, 1981ean, eta segidan egin zituen gero 1983tik 2002ra arteko guztiak. Landako gunearen atarian utzi zuen Durangoko Azoka berak, eta eraikin berrian hartu zion lekukoa Mujikak, 2004tik gaur egunera arte.
Zer irakaspen uzten dio, zuen ustez, Durangoko Azokaren mende erdiak euskal kulturari?
ANTTON MARI ALDEKOA-OTALORA. Arnasgunea. Batzuetan, euskara beherantz doala dioten inkestak eta halakoak izaten dira, eta Durangon arnasgune itzel bat eskaintzen zaio. Bertako oxigeno hori hartzen duzu, eta indarra hartzen duzu pentsatzeko ez dela egia hain larri gaudenik ere.
NEREA MUJIKA. Bai, baina arnasgune izate horrek badu beste interpretazio bat ere. Batzuen ustez, Durangoko Azokan egoera faltsu bat bizi delako.
Maiz aipatzen da oasi hitza.
MUJIKA. Nik uste gauza biak direla zuzenak, partez. Halere, ni harroen sentiarazten nauena da eskualde mailako elkarte hau gai izan dela hau guztia egiteko. Ez du bakarrik egin, jakina; alde bateko eta besteko lagunekin eta bazkideekin egin du, baina herri elkarte bat da antolatzailea, eta harro sentitzeko modukoa dela iruditzen zait. Gainera, gauza izan gara garai bakoitzari bere erantzuna emateko. Gehiago edo gutxiago asmatuz, baina gauza izan gara.
ALDEKOA-OTALORA. Gure aurrekoek ere euren estropezuak edukiko zituzten, eta guk ere geureak izan genituen, baina errespetuan irabazi genuen. Herritarrek hori eskertu izan dute. Malgutasun horretan dantzatu gara, errespetua irabazi dugu.
Durangoko Azoka 1965-2015 liburuan diozunez, ez da erraza izan dantza hori. Eusko Jaurlaritzarentzat ezker abertzalekoegi zen Gerediaga, eta ezker abertzalearentzat...
ALDEKOA-OTALORA. Salduak.
Uste duzue lortu dela jadanik errespetu bat, edo oraindik ere badaude errezeloak?
ALDEKOA-OTALORA. Oraindik ere sokatiran egin behar da batzuekin eta besteekin. Gure garaian oso bizia zen hori. Gabriel Arestik esaten zuena da: «ez baitidate denborarik/ ematen,/ eta zaflada guztiak/ hartzen ditut/ belarrondo batean». Guk, Arestik bezala, astirik ez geneukan aldatzeko masaila, baina batetik eta bestetik ematen zizkiguten! Eta, hala ere, aurrera egitea lortu genuen.
MUJIKA. Ez dut uste inork zalantzan jar dezakeenik lan asko egin dugula, eta lan egiten dugula ilusioz eta borondate onez, baina egia da, era berean, azoka honek behar duela arlo askotan profesionalizazio maila bat, eta hor ere izan da aldaketa inportante bat. Lehen, bi-hiru pertsonak hartzen zuten antolakuntza lan handiena, bazkideen laguntzaz; gaur egun, behar ditugu arlo bateko eta besteko profesionalak. Zergatik? Nahi dugulako XXI. mendeko Durangoko Azoka bat egin, eta horrek eskatzen dituelako aditu profesional gehiago. Eta aditu horiek koordinatu egin behar dira, eta pozik eduki behar dira, eta guk geuk ere sinetsi behar dugu. Normala denez, errazagoa da norbere etxeko obra bat egitea, bizilagunen komunitateko obra bat egitea baino. Baina lagunak ere topatzen dituzu komunitatean.
Franco hil ostean, Gerediaga hezurretan geratu zen, eta larri ibili zen Durangoko Azoka ere.
ALDEKOA-OTALORA. Bost-sei urte izan ziren. 1975etik 1980ra edo...
Diru arazoak ere izan ziren. Zure zeure etxebizitza ere hipotekatu zenuela irakurri dut.
ALDEKOA-OTALORA. Bai.
Eta zurea da oraindik etxea?
ALDEKOA-OTALORA. Bai, bai [barreak]. Franco hil ostean, denok joan ginen alderdietara eta halakoetara, baita ni ere; zinegotziak behar ziren, sindikalistak, denetarik. Gerediagan guretzako erreferente zirenek ere esaten ziguten hura bukatuta zegoela. Baina, urte batzuen ostean, hori esan zigutenak berriz ere bueltatu ziren Gerediaga sendotzen laguntzera. Gure taldean sentitzen genuen altxor bat jaso genuela eta ezin genuela hor utzi. Gaur ere, batere dirurik badugu inbertsioak egiten ditugu, eta orduan pentsatzen genuen ezin genuela hor laga. Zorrak sortzen ziren, eta eztabaidak ere bai. Gerediagak ere pisu bat bazuen Goienkalen, eta, hori salduta eta negoziazio horiekin, zorrak baretzea lortu genuen. Eztabaida horietan errespetuz jokatuz, errespetua lortuz joan ginen. Gaurko tirabirak izan daitezke gehiago ekonomikoak identitarioak baino. Beste eztabaida mota bat da.
Iaz, Gerediagakoak Gasteizko legebiltzarrera joan zineten azokaren egoera larria zela azaltzera. Sinesten dute erakunde publikoek azokan?
ALDEKOA-OTALORA. Bai.
MUJIKA. Bai, bai. Iaz azaldu genuen zein zen egoera, eta ez genuen inon kontrako hitzik entzun. Denek bat egiten zuten gure planteamenduarekin eta gure eredu honekin. Ez genuen ondo pasatu, baina pozteko modukoa izan zen erantzuna. Aurten portatu dira. Aurrekontua fakturak ordaintzeko beharrezko da, baina hortik kanpo behar duzuna da atxikimendu garbi eta zintzo bat alde guztietatik. Nik sinesten dut sinesten dutela. Baina atxikimendu hori nahi dut entzun durangarren ahotik ere, hori da nire satisfaziorik handiena. Kalean zoazenean ikustea zenbat jende datorren bat Gerediagarekin eta azokarekin. Dendetan, txandetan pasatzeko esaten dit jendeak. «Pasa, pasa, zuk lan asko edukiko duzu eta». Horrek itzelezko indarra ematen dizu. Dena da beharrezko.
Kontrol nahia ere aipatzen da 50. urteurrenari buruzko liburuan. Egon dira Durangoko Azoka Bilbora eramateko eskaintza batzuk, adibidez.
ALDEKOA-OTALORA. Gure garaian gertatu ziren halakoak. Gerediaga baztertu egingo luke azoka Bilbora eramateak. Lehen, hainbat aldiz aipatu dut errespetua, baina ez dut esan guk ere gauza guztiak ez genituela ondo egin.
Adibidez?
ALDEKOA-OTALORA. Azoka aurten hilaren 4an irekiko da; ba, gure garaian, igual, eta igual bakarrik, hilaren 2an edo 3an bidaltzen genion lehendakariari gonbidapen eskutitza. Ez zen gaizki egitearren, baina marketin aldetik basati hutsak ginen.Gu ere halako batean konturatzen hasi ginen ezin zela hala ibili. Ez zegoen borondate txarrik, baina halako jokatzeko modua izan genuen gure ibilbide hasieran. Gure okerrak ere onartu behar ditugu. Okerrak ziren. Oker sendoak.
Antton Mari lehendakari hasi zenetik hona, sendotu egin da euskal kultur industria. Zer harreman du azokak harekin?
ALDEKOA-OTALORA. Gerediagaren garai bertsuan, ikastolak sortu ziren gure abiadura berean edo abiadura handiagoan; handik urte batzuetara, Eusko Jaurlaritza etorri zen; D ereduko eskolak zabaldu ziren eta abar eta abar. Gauzak ondo egin ditugu, baina oso lagunduta joan da azoka. Euskal munduan korronte ikaragarri bat egon izan da, eta Gerediaga hortik ere elikatu izan da.
MUJIKA. Ez dago azokarik industriarik ez badago. Zirkuitua itxi egin behar da azokan. Sortzailearen aurpegia ikusi behar dugu, eta aukera izan behar dugu haren lana erosteko. Denon mesederako da hori.
2002an utzi zenuen Gerediagako lehendakaritza zuk, Antton Mari, azoka Landako gunera pasatu aurretik; Landako gunean zegoen zu lehendakari sartu zinenean, Nerea.
ALDEKOA-OTALORA. [Eusko Jaurlaritzako] Lehendakaria etorri zen lehenengoz inauguraziora.
MUJIKA. Bai, gogoratzen dut.
ALDEKOA-OTALORA. Hori ere izaten zen... Lehendakaria joaten zen edozein traineru, futbol edo unibertsitatetako ekitaldira, baina Durangora ez zen joaten, bazeudelako aipatutako errezelo horiek. Egun solteetan bai izan ziren bisitan [Carlos] Garaikoetxea, [Jose Antonio] Ardanza eta [Juan Jose] Ibarretxe. [Iñigo Urkullu ere izan da azken urteetan bisitan].
Landakorako jauzia ez zen izan soilik gune aldaketa bat: azoka barrutik ere asko aldatu zen.
ALDEKOA-OTALORA. Balentin Lasuen Bizkaiko kultur ordezkaria zen, eta azoka guztietan egoten zen. Merkatu plazan geundenean, nik esaten nion: «Begira hemen zertan ari garen. Diru mordo bat, datorren martitzenean zakarrontzira botatzeko». 1998ko azokan jada horrekin genbiltzan, baina aurretik ere ikusten genuen Durangok merezi zuela beste leku bat. Durango Euskal Herriko zentro bihurtzen da egun horietan, eta, azoka dela eta, egun horietan azokak elikatzen du Durango inguru hori guztia.
Nik azokari berari buruz galdetu nahi nizuen. Interneten agerpena, diskoaren krisia, sinadurak...
MUJIKA. Nik aldaketa horiek denak bizi izan ditut. Azoka barruan idazleak eta musikariak beren lanak sinatzen edukitzea izan zen modernitate erabatekoa! Landako gunea, hasieran, ametsezko eraikina iruditzen zitzaigun. Gero, garai bat heldu zen hura ere txiki gelditu zitzaiguna. Eta, 2011tik aurrera, eredu berri hau jarri dugu martxan [sortzaile eta guneekin batera antolatutakoa]. Sinesten dugu eredu horretan, eta hori da aurrera egiteko modua. Horrekin harro gaude, eta zer esanik ez eragin ekonomikoarekin. Aurten egingo dugu azterketa bat horri buruz.
ALDEKOA-OTALORA. Nik ez dakit sinatzen zituzten beren lanak edo ez orduan, baina nik oso gogoan dut gazte ezagutu nituela azokan Ibon Sarasola, Xabier Kintana, Arantxa Urretabizkaia, Ramon Saizarbitoria... Egunero hasten delako niretzat izan zen... bua! Ordurako, euskarazko produkzio gehiena irakurrita neukan: sermoiak, ebanjelioak eta abarrak. Ez zegoen besterik. Eta hori irakurri nuenean, eragin zidan zirrara bat ikaragarria. Gabriel Arestirekin ere arratsalde osoz egon nintzen Andra Mariko elizpean, eta aritu zitzaidan kexaka Xabier Letek kantatzen zuelako berak idatzitako San Simon eta San Juda, baina baimenik eskatu gabe. Garai hartan, ETA V zela, ELA zela, Eladioak zirela...
MUJIKA. Dena islatu da azokan.
ALDEKOA-OTALORA. Seminariotik ihes eginda joan nintzen ni. Mukizu bat nintzen!
Enteratu izan balira fraideak...
ALDEKOA-OTALORA. Ba, bai. Oso gaizki ikusia zegoen han Harri eta herri. Ezkutuan egon nintzen hura irakurtzen, eta ezkutuan ere gero Arestirekin. Intentsitate handiz bizi izan nuen harekin emandako egun hura, gaur egungo gazteek sinadurena bizi duten bezainbesteko intentsitatez.
Euskal kulturaren nondik norakoak ikusteko ere balio du azokak, eta bitxia da diozuna. Euskal kultura erdi ezkutuan irakurri beharra lehen, eta, orain, neoizko argiz publizitatea eginda ere, erdi ezkutuko da euskal kultura.
MUJIKA. Bai, hori ere entzun dugu inoiz. Diskoa edo liburua ez duela eraman nahi norbaitek Durangora, han ez delako igarriko atera duenik ere. Halako kontraesanak hor daude. Teknologia berriek ere pisua hartu dute azokan, eta gu ere horrekin batera aritu gara ikasten. Streaming-a eta halakoak ikasten aritu behar izan dugu. Normala da. Azoka da gure herrikoa eta erantzun behar die beharrizan batzuei, eta, teknologia behar bada, ba, teknologia, edo dantza, edo aurpegiak. Lortu behar da bakoitzak bere neurriko gozamena lortzea.
Hemendik 50 urtera, zer?
MUJIKA. Buf.
Ados. Ba, hamar urte barru.
MUJIKA. Nik uste dut sendotu behar dugula daukagun eredu hau. Ez dut imajinatzen aldaketa handirik, baina bai imajinatzen dut daukagun hori bera hobeto. Neurri bat ere hartu behar diogu irizpide ganorazko batzuekin. Baina, badakizu, proiekzioak pikutara joaten dira askotan.
ALDEKOA-OTALORA. Niri gustatuko litzaidake Euskal Disko eta Liburu Azoka horretako euskal horrek espazio gehiago irabaztea, ez gaztelera baztertzeko, baizik eta benetan euskaren lagina izateko.
Gero eta euskarazkoago izatea.
ALDEKOA-OTALORA. Gustatuko litzaidake, baina hori dabilenak egin behar du.
MUJIKA. Nik bai nahi nuke beste modu bateko bisitariak ere izatea. Adibidez, Bilbo aldean euren seme-alabak euskal eskola batera daramatzaten gurasoak. Haiek ez dute ezagutzen, eta ez dute kontsumitu Durangoko Azoka. Horiei ere atea zabaltzea litzateke ideia, bisita gidatu bat ere eskainiz behar balute, baina senti dezatela zer den galtzen dutena ezin dutelako euskarazko lan horiekin edo mahai inguruekin gozatu.
ALDEKOA-OTALORA. Durangon egun horietan sentitu izan gara munduaren zilborra, baina Bilbon ibili izan naiz lanean, eta gehiengoak ez daki zer den ere: «¿Qué es eso?». Hori horrela da. Eta 50 urte. «¿Qué es eso?».
MUJIKA. Hala da, bai. Bisitari fidelak baditugu, eta ondo tratatu behar dira, baina hurbildu behar ditugu besteak ere.
durangoko azoka
Aldatzen denak irauten du
Garai bakoitzera egokitzen asmatu izana da Durangoko Azokaren lorpen nagusia, Gerediaga elkarteko lehendakari Nerea Mujika eta lehendakari ohi Antton Mari Aldekoa-Otaloraren ustez. Zaintzapeko azokatik hasi eta hiru egun barru hasiko den zortzi guneko azokara arteko erradiografia egin dute elkarrekin BERRIArentzat. Bideoa: Lara Madinabeitia, BerriaTB. [youtube]https://youtu.be/9gX_AMGkDBw[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu