Diktaduraren aroa amaitu da Myanmarren, eta, NLD Demokraziarako Liga Nazionalak gehiengo osoa segurtatuta, presidentea izendatuko du Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren alderdiak. Kongresua osatzeko jokoan ziren 491 eserlekuetatik 348 eskuratu ditu oposizioak —238 Behe Ganberan eta 110 Goi Ganberan— botoen %84,6 zenbatuta, eta dagoeneko gainditu du gehiengoa ematen duen langa: 329 legebiltzarkide.
Myanmarko armadak eserlekuen %25 beretzat gordeak zituen: 162 Goi Ganberan eta 85 Behe Ganberan. Baina Suu Kyiren alderdiak lortutako garaipen argiarekin, nahikoa babes badauka NLDk presidentea hautatzeko.
Suu Kyi bera ezin izango da presidente izan, bere semeek atzerriko nortasuna baitute, eta herrialdeko buruzagi goren izendatzea eragozteko motibo gisa jasoa dago hori ad hoc prestatutako konstituzioan. Halaber, konstituzioa aldatzerik ere ez du izango Suu Kyiren alderdiak, Myanmarko armadak beto eskubidea daukalako.
Hala ere, presidente ez izanagatik herrialdeko jardun politikoa berak gidatuko duela esana dauka Suu Kyik.