Euskadi Saria

Uko baten arrazoiak

Euskadi literatura saria eman diote SU ZELAIAK nobelari, nahiz eta lehian parte hartzeari uko egin nion ekainean, sarietarako hautagai zela jakin bezain pronto.

Mikel Peruarena Ansa idazlea eta kazetaria. JON URBE, ARGAZKI PRESS
mikel p ansa
2015eko urriaren 9a
07:38
Entzun

Ez dut sestrarik sortu nahi erabaki honekin; neure kontzientziak agindutakoa egin, besterik ez. Euskadi sarien epaimahaiko idazkariari ekainean, gutun bidez, bidali nizkion lehian parte ez hartzeko argudioak eta arrazoiak. Ez dut besterik eransteko. Gutun hartan eman nituen ukoaren arrazoiak, eta orain publiko egitera behartuta sentitzen dut neure burua:

"Kaixo,

Jaso dut gutuna, non jakinarazten didazuen SU ZELAIAK nik idatzitako liburua 2015eko Euskadi Literatura Sarietarako hautagai aukeratu duzuela. Aitortu behar dizuet ustekabeko handia izan dela niretzat, inondik inora ere ez bainuen espero halakorik gerta zitekeenik ere. Baina gogoetan aritu naiz, eta eskatu behar dizuet, arren, Sarietatik kanpo uzteko liburua, ez baitut nahi lehiaketan parte har dezan. Lehenbailehen jakinarazi nahi nizuen erabaki honen berri, epaimahaiko kideei ahalik eta lan gutxien ematearren. Ez dut uste liburu honek irabazteko aukera handirik duenik, baina hala balitz ere, ez dizuet debaldeko buruhausterik sortu nahi, eta nahiago dut hasiera-hasieratik lehiatik kanpo uzten baduzue.

Joan den maiatzean 111 Akademiaren saria jaso zuen SU ZELAIAK liburuak. Egia aitortu behar badizuet, ez dizkit kontraesan gutxi sortu. Sekula ez dut literatur lanak ebaluatzeko epaimahai batean parte hartu, eta uste dut guztiz lan nekeza dela. Estilo, gai, aukera literario hain ezberdinak dituzten lanen artean bakar bat aukeratzea eta urteko onentzat izendatzea guztiz lan ezinezkoa iruditzen zait. 111 Akademiaren sariari baiezkoa eman banion, izan zen irakurleek banatzen dutelako sari hori, batetik, eta diru saririk ez duelako, bestetik. Baina gainerako finalistekin hain boto gutxiren aldea izan zuela jakiteak ezinegona ere sortu zidan bestalde. Zein irizpidek erabakitzen du, azkenean, liburu bat gailurrera eramatea, eta beste batzuk lokatzetara kondenatzea? Aitortuko dizuet saria ez jasotzeak lasaiago utziko zizkidala barrenak.

[Gutun hartan aipatu ez nuen eranskin bat gehitu nahi dut hemen: literatur lehiaketetan parte hartua naiz lehenago, baina uste dut sariak eta sariak daudela, eta denak ez direla berdinak. Lehiaketa batera nor bere borondatez aurkeztuz gero, kontraesanak kontraesan, eta emaitza azkenean subjektiboa izango dela jakinik, baldintzak eta ondorioak onartzen ditu norberak. 111 Akademiaren saria guztiz bestelakoa iruditzen zait; irakurleek bozketa zabal baten bidez ematen dute, eta horrek aparteko ezaugarriak ematen dizkio sari horri. Baina parte hartu izan dudan lehiaketetan, epaimahaia hiru-lau-bost lagunek osatzen dute, eta askotan boto bakar baten aldeagatik ebazten dira. Euskadi sariek, berriz, ez dute egilearen parte hartzea eskatzen, ez aurretik sariaren baldintzak onartzea ere. Ez zait iruditzen sari eta lehiaketa guztiak konparatzeko modukoak direnik, baina sariketa edo lehiaketa batean parte hartu dudan bakoitzean gelditu zait desosegu moduko bat].

Literatur kanona halako lehietan ebazteak eta nire lana ezagutarazteko beste batzuk isilarazi beharrak deseroso sentiarazten nau. Euskadi literatura sariek badute osagai mediatiko handiago bat, gainera, eta ezin dut ahaztu diru publikoz lagundutakoak direla, bestalde. 111 Akademiaren sari harekin bizitu nuen desosegua biderkatuko litzaidake parte hartuko banu. Horregatik eskatu nahi dizuet lehiatik kanpo uzteko.

Bestalde, pentsatzen dut literatura lehiaketak egiteko beste modurik badela. Adibidez, urtean argitaraturiko dozena bat edo dozena erdi bat liburu (adibidez) nabarmentzea egokiago eta eraginkorrago ikusiko nuke, liburu horiei ezinbestekoa zaigun kritika bat eginez gainera, urtero liburu bat irabazle bakar eta nagusitzat eman gabe. Uste dut era horretako aipamen batek (ezen ez sariak edo lehiak) literatur sistemari mesede gehiago egingo liokeela, urteko liburu onena aukeratzen ibiltzeak baino. Lehiatik aterata, iruditzen zait badirela literatur produkzioa eta sormena eta egileak sustatzeko bestelako bideak eta aukerak. Sarien tresna motz begitantzen zait, eta trabagarri.

Horrekin batera, eskertuko nizueke gogoeta hau partekatuko bazenute dagokion lekuan: diru publikoa erabiltzea liburu baten egilea saritzeko ez zait bitarteko egokiena iruditzen euskarazko sormena sustatzeko. Saiatuko naiz azaltzen. Euskarazko sortzaile gehienek badakite sekula ez direla biziko beren sormen lanetik; merkatuaren arauek agintzen gaituzte, eta merkatua ezdeusa da euskal sortzaileak hartatik bizi daitezen. Beraz, euskarazko sortzaile gehienek badakite bestelako ogibide eta lanetan aritu behar dutela, eta sortze lana bigarren mailako edo denbora libreko jarduera bat izango dutela. Zorte handiarekin, euskal idazle arrunt batek beharbada hilabeteko soldata bat lortuko du liburu bat argitaratzearekin. Zorte handiarekin. Ez dut hemen antzerkilariei eta musikariei buruz hizketan hasi nahi, baina haien egoera ere penagarria da.

Hortaz, euskarazko sormena bultzatu nahi bada, ezinbestekoa da bestelako neurriak erabakitzea eta sortzea. Urtean behin egile bati milaka euro batzuk ematea ez da aski, inondik inora ere, sormena sustatzeko lana egintzat jotzeko. Horregatik ere, ez dut indartu nahi eredu hori, sariotan parte hartuz. Diru publikoarekin sormena sustatu nahi bada, uste dut badirela tresna hobeak, eta boteprontoan okurritzen zait, adibidez, sortzaileentzako estatutu fiskal bereziak sortzea edo pizgarri fiskalak sortzea izan litekeela aukera bat. Demagun: aurten liburua argitaratuko duten egileei, zerga deklarazioa egiterakoan, hainbesteko diru bat itzultzea. Edo langabezian direnentzako laguntza bereziak sortzea. Ez luke arazoa konponduko inondik inora ere, baina, pizgarriak ematekotan, urteko diru laguntza bakar bat pertsona bakar bati ematea baino demokratikoagoa eta eraginkorragoa iruditzen zait, liburu baten eta bestearen arteko kalitate literario eta estetikoa ebazteko lan nekezetan hastea baino.

[Beste eranskin bat egin nahi diot gutun hari puntu honetan: boteprontoan eman nituen ideia batzuk ziren horiek, baina ez nuen esan nahi justu hori egin behar dela, baizik eta uste dudala badirela bide gehiago, oraindik pentsatuak eta landuak ez dauzkagunak, euskarazko sormena bultzatu nahi bada. Obra publikoa sustatzeko administrazioek ahalegin handiak egiten dituzte, eta enpresek pizgarri fiskal handiak dituzte... Bada, zergatik ez aplikatu logika bera, edo antzekoak, euskarazko sormena sustatzeko? Literatura sari nazionalen eredua inguruko hizkuntza hegemonikoek darabilten ereduaren parte bat da, eta ez dut uste gure hizkuntza txiki, gutxiagotu eta ez-normalizatuari ongi egokitzen zaizkionik].

Adierazten saiatzen ari naizena esplikatzea lortuko nuelakoan, eta nire erabakia ulertuko duzuelakoan, adeitasunez agurtzen natzaizue".

Horraino ekainean sarietako epaimahaikideei igorri nien gutuna, eta honaino, neure aldetik, sariei buruz esateko ditudanak.

Ez da hau desio nuen egoera, baina, besterik ezean, balioko ahal du eztabaidan eragiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.