Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bertsolari Txapelketa Nagusia Bilbao Exhibition Centerren jokatuko da abenduaren 18an

Gaur goizean aurkeztu dute 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Barakaldoko Bilbao Exhibition Center erakustazokan egin duten prentsaurrekoan. Hain zuzen, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Donostiako Belodromoa atzean utzita, aurten txapelketa Bizkaian egitea erabaki du. Orotara, Txapelketa Nagusian 38 bertsolari lehiatuko direla adierazi du Bertsozale Elkarteko kide Sabino San Sebastianek, eta bertsolariek Euskal Herriko hainbat herritan kantatuko dutela.

2005eko irailaren 12a
18:16
Entzun
Dagoeneko dena—gai jartzaileak, epaileak eta gainontzeko detaileak— prest dagoela esan dute Elkartekoek. Hala, urriaren 9an hasiko da Lekunberrin (Nafarroa), eta 11 saioren ondoren, Barakaldon (Bizkaia) jokatuko da finala abenduaren 18an. San Sebastianek adierazi du txapelketak hiru atal izango dituela: lehenengoz azken laurdenak jokatuko dira, ondoren finalaurreko saioak, eta azkenik finala. Guztira 12 saio izango dira, eta bertsolariak Euskal Herriko punta batetik bestera ibiliko dira.

Guztira 38 bertsolarik kantatuko dutela gaineratu dute: bi arabarrek, 10 bizkaitarrek, 19 gipuzkoarrek, lau nafarrek, eta hiru lapurtarrek. Horietatik 10 emakumezkoak eta 28 gizonezkoak direla, eta bertsolarien bataz besteko adina 28 urtekoa dela ere aipatu dute.

Egaña eta Lujanbio finalean zuzenean

2001. urteko Txapelketa Nagusiko txapeldun Andoni Egaña eta txapeldunorde Maialen Lujanbio zuzenean igaroko dira finalera; beraz, Barakaldoko finalean arituko diren beste sei bertsolariak zein izango diren erabakiko da aurreko saioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.