Alejandro Valverdek (Movistar) dotore biribildu du astea, Lieja-Bastogne-Lieja irabazita. Aurreko igandean bigarren sailkatu zen Amstel Gold Race-n, asteazkenean irabazi egin zuen Fleche-Wallone lasterketa, eta gaur berriz ere, bi besoak altxa ditu espainiarrak. Lieja-Bastogne-Lieja irabazten duen hirugarren aldia da. 2006an eta 2008an ere irabazi zuen.
Gogotik sufrituta, baina erakustaldia emanda gailendu da Valverde. Helmugarako 500 metroren faltan bazirudien garaipena Dani Morenorentzat (Katuxakoak) izango zela. Tarte polita zuen Morenok, baina ez du etsi murtziarrak. Ia 500 metro luzeko esprinta egin duela esan daiteke. Berak egin du lan Katuxakoa harrapatzeko, eta azken esprintean ere bera izan da nagusi. Julien Alaphillipe (Etixx) eta Joaquim Rodriguezen (Katuxa) izan dira bigarren eta hirugarren.
Azken 20 kilometroak ikusgarriak izan dira. Erasoa, erasoaren atzetik. Roman Kreuziger (Tinkoff), Romain Bardet (AG2R), Jakob Fuglsang (Astana)... Txirrindulari asko mugitu dira tropelean. Azkenean irabazle, ordea, faborito nagusia: Valverde.
Lieja-Bastogne-Lieja klasikoak ohiko bilakera izan du lehen kilometroetan. Matteo Montaguti (AG2R), Diego Ulissi (Lampre), Otto Vergaerd (Topsport), Clément Chevrier (IAM), Marco Minnaard (Wanty), Anthony Turgis (Cofidis), Cesare Benedetti (Bora-Argon) eta Rasmus Quaade-k(Cult) osatu dute eguneko ihesaldia, baina tropelak gehienez ere zazpi minutuko tartea utzi die iheslariei. Movistar, Katuxa, Europcar, Etixx... Tropelean talde asko zeuden lanerako prest. Hala, helmugarako 75 kilometro falta zirela harrapatu dituzte iheslariak.
Astanak gogortu du lasterketa orduan. Andry Grivkok jo du erasoa lehenik, eta talde bereko Michele Scarponi eta Tanel Kangertek egin dute aurrera geroago, Estaban Chaves (Orica) gurpilean zutela. Hirukote horrek 50 kilometro egin dituzte buruan. Minutu inguruko tartea ere izan du uneren batean, baina faboritoak ez zeuden barkatzeko. Erritmo bizi-bizian egin dituzte azken 80 kilometroak.
Abiadura horrek, eta azken kilometroetako tentsioak eraginda, akaso, erorketa handi bat ere izan da tropelean 42 kilometroren faltan. Faborito nagusietako batzuk aukerarik gabe gelditu dira garaipena lehiatzeko. Tartean, Simon Gerrans (Orica) eta Dan Martin (Garmin), azken bi urteetako irabazleak. Lurrera erori dira beste zenbait txirrindulari ere: Nairo Quintana (Movistar) Tejay Van Garderen (BMC), Nicolas Roche (Sky).
Ardenetako klasikoak jokatuta, hurrengo hitzordu nagusia Suitzan dute txirrindulariek. Datorren astean jokatuko da Romandiako Itzulia. Italiako Girora puntu-puntuan iritsi nahi dutenek azterketa garrantzitsua dute.