Rogelio Ofizialdegi da hildakoa, Diario de Navarra egunkariak argitaratu duenez. 62 urte zituen, eta Bartzelonan bizi zen. Delphiren lantegiko giza baliabideetako zuzendaria zen, eta bilera batera zihoan Alemaniara.
Frantziako Alpeetan aurkitu dituzte eroritako hegazkinaren arrastoak, 11:00ak inguruan, Digne-les-Bains eta Barcelonnette herrien artean, Okzitanian. Inguru oso menditsua da, eta Frantziako Garraio idazkariak esan du ezin dela hara errepidez iritsi. 10:47an, bi helikopterotatik ikusi dituzte arrasto horiek, eta inguruan hainbat gorpu ikusi dituzte airetik. Helikopteroz 400 gendarme eraman dituzte istripua gertatu den tokira. Ez da inor bizirik atera.
Agerraldi bat egin du Germanwingseko kudeatzaile Thomas Winkelmannek, eta, bertan, azaldu du hegazkina zortzi minutuz joan dela beherantz lurra jo aurretik. Jakinarazi du bost helikoptero ari direla ezbeharraren inguruetan, eta hegazkina gidatzen ari zen kapitainak hamar urtetik gorako esperientzia zuela konpainian eta 6.000 ordutik gorakoa Airbus A320 bat gidatzen.
Konpainiako presidenteak esan du ez dakitela zer gertatu den, eta ezbeharraren nondik norakoak ikertzen ari dira. Bide beretik jo du Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak: "Ez dakigu zerk eragin duen istripua". Hala ere, bilaketa lanetan aritu den pilotu batek iTele Frantziako telebistari adierazi dionez, eguraldia ona da ezbeharra gertatu den inguruan. Poliziak adierazi du egunak beharko dituztela hilotzak berreskuratzeko.
UPDATE #Germanwings From reports we have, right now, 5 helicopters are on the crash site. http://t.co/wFg8KTSve2pic.twitter.com/HH5DD51DPB
— AirLive.net (@airlivenet) March 24, 2015
"We do not yet know what has happened to flight 4U 9525. My deepest sympathy goes to the families and friends of our passengers and crew 1/2
— Lufthansa (@lufthansa) March 24, 2015
"...on 4U 9525. If our fears are confirmed, this is a dark day for Lufthansa. We hope to find survivors.“ Carsten Spohr 2/2
— Lufthansa (@lufthansa) March 24, 2015
Bernard Cazenave Barne ministroa istripua gertatu den lekura joan da. Hiru gobernuak lanean hasi dira gertatutakoa argitu eta biktimen senideei lehenbailehen behar duten babesa emateko.
Azken aldiz 2.000 metrora eman du seinalea Bartzelonatik atera den hegazkinak http://t.co/tJW3QTCZWppic.twitter.com/tDPQToff0n
— Berria.eus (@berria) March 24, 2015
Goizean aireratu da hegazkina Kataluniatik, 09:50ean, eta Alpes-de Haute-Provence departamenduan galdu dute haren arrastoa, 10:39 inguruan. Lufthansa konpainiaren azpikonpainia bat da Germanwings, 1997an sortua, hegaldi merkeak eskaintzen dituena. 2002an hasi zen hegaldiak egiten. Bilbotik ere eskaintzen ditu. Hegazkinaren zenbakiari erreparatuta, 1990ekoa dela esan dute zenbait hedabidek.
Istripua gertatu den lekura hainbat suhiltzaile talde eta mendiko erreskate taldeak bidali dituzte, baina, istripua nola gertatu den ikusita, inor bizirik aurkitzeko itxaropen gutxi zuten hasieratik. Mediterraneoaren gainean 11.500 metroko altueran zihoan hegan hegazkina, Flightradar24.com webgunearen arabera, baina altuera galtzen hasi da, eta nahiz eta Dusseldorf 700 kilometrora baino gehiagora egon, seinalea azken aldiz eman duenean 2.000 metrora zegoen.
Germanwings flight #4U9525 from Barcelona to Dusseldorf has crashed in French Alps. http://t.co/FHoX6q0GHt R.I.P. pic.twitter.com/oUOhJrHxko
— Flightradar24 (@flightradar24) March 24, 2015
Istripuak hainbat erreakzio piztu ditu, eta nabarmentzekoa da SNCTA Frantziako aire kontrolatzaileen sindikatu nagusiak bertan behera utzi duela bihartik ostiralera deitua zuen greba. Istripua gertatu eta gutxira Europako Batasunak samina agertu du. "Albiste triste bat eman behar dut. Oraintxe jakin dugu hegazkin istripu bat izan dela Frantzia hegoaldean", esan du Violeta Bulc Europako Garraio komisarioak. Jakinarazi du EB hiru gobernuekin ari dela lanean, eta hildakoen senideei babesa eman die. Martin Schulz Euorpako Parlmentuko presidenteak ere samina agertu du.