Kazetariak dira biak, Ipar Euskal Herrian arituak, eta artetan elkar gurutzatu izan dute gertakarien berri ematean. Orain, beste harreman bat sortu dute Nora Arbelbidek eta Amaia Cazenavek. Sexu jazarpena jasan dute biek, kazetari zirela. Cazenavek erredakzioan bertan, hamar bat urtez. Arbelbidek 2003an, Martinikan, Patrick Poivre d'Arvor 'PPDA' kazetari frantsesaren bidea gurutzatu zuelarik. Mintzatzea erabaki dute biek, molde batean ala bestean. Mediapartek antolatu emankizunean eman du bere lekukotasuna Arbelbidek; Je ne suis pas une salope je suis journaliste [Ez naiz urdanga bat, kazetaria naiz] dokumentalean Cazenavek. Sexu jazarpena ahalbidetzen duen sistemaren kontra borrokan ari dira, eta heldu diren belaunaldiak dituzte buruan, beti. Erasoez, erasotzaileez, inpunitateaz eta mediatizazioaz mintzatu dira, luze, Baionako Santizpiritu auzoko pilota plazan elkarturik.
Sexu jazarpena jasan duzue biek kazetari lanean.
AMAIA CAZENAVE: 2016tik landa sentitu ditut zinez jarrera bitxiak emazteei begira, eta, beraz, eni begira. [Radio Francen] Baziren esaldi batzuk, lankide desberdinek erranik, eta ohartzen nintzen sistema bat osatzen zutela. Mezuak ere jasotzen nituen, open space-an komentarioak... Adibidez: «Horrela jantzita zoaz Miarritzera, zer nahi duzu, errugbilari batekin ezkondu?». Izan dira gauza bortitzagoak ere; gau batez bakarrik nintzen beste lankide batekin, eta oihukatu zuen «Larrua jo nahi dut!». Biziki gaizki sentitu nintzen. Eta horrela, etengabe. Jarrera sexisten azal guztiak metatzen joan dira, eta... Aski. Abokatu batekin lan egin nuen, eta jazarpen sexuala zela konturatu nintzen.
NORA ARBELBIDE: Nik PPDA [Patrick Poivre d'Arvor] ez nukeen sekula gurutzatu behar, baina harengana joan nintzen Euskaldunon Egunkaria itxi zutelarik, 2003an. Paris mugiarazteko, garaian nehork ez baitzion kasurik egiten arazoari; isiltasuna ikaragarria zen, mingarria eta umiliagarria. Ni errabia horrekin joan nintzen gailurraren puntan zen gizon horrengana. Erantzun gisa,sexu jazarpen bat jaso nuen. Ez da gertatu zaidan sexu erasorik larriena, bizian beste batzuk ukan ditut; baina hastapenetik ohartu naiz ez zela normala, eta betidanik argi ukan dut hoteleko gelan bakarrik izan ez banintz zerbait gertatuko zela.
Eta biek erabaki duzue jendaurrean salatzea. Zendako?
CAZENAVE: Nik ez nuen batere aurreikusia. Baina mintzatu naiz desmartxa kolektiboa baitzen. Marie Portolano [dokumentalaren egilea] enegana etorri zen, eta baiezkoa eman nion kasik pentsatu gabe. Elkarrizketa bi hilabete berantago egin genuen Parisen, 2020ko urrian, eta elkarrizketatik negarrez atera nintzen, sabeleko min handiarekin... Parisko karriketan galdurik nintzen. «Baina zer kontatu dut?», pentsatzen nuen. Emozio tsunami bat izan zen. Lasaitu nintzen, dokumentala hedatu zuten arte. Gero, telefonoa zapartatuko zitzaidala uste nuen... Lanean segitu nuen hiru astez France Bleun, eta deus pasatu ez balitz bezala jokatzen zuten... Hastapenean ez nuen batere neurtu zer pasatuko zen.
ARBELBIDE: Nik nire istorioa 2003tik lagun guztiei kontatu diet. PPDAk garai hartan telefono mezu bat utzi zidan, eta lagun guztiei entzunarazten nien. Martinikan, jadanik, hemengo beste bi kazetari baziren, eta haiengana joan nintzen, haserre, nitaz trufatu zela, ez zuela Egunkaria aipatuko, eta koskoilak hustu nahi zituela, besterik ez. Beraz, bai, istorio hori betidanik kontatu dut, baina anekdota harrigarri moduan. MeToo biziki urrun zen. 2017an, aldiz, emazte bat entzun nuen mintzatzen nola [Harvey] Weinstein sartu zitzaion hoteleko gelara, eta zernahi gertatzen zela kazetaritza munduan. Nire buruan berehala pentsatu nuen: hoteleko gela, kazetaritza, PPDA. Txio bat egin nuen, baina difamazioaren beldur, ezabatu nuen. Gero, Florence Porcelen lekukotasuna atera zenean, bere sostengatzeko deliberatu nuen ene lekukotasuna ematea. Ez nuen salaketarik jartzeko asmorik. Baina Poliziak zidan erran hori sexu jazarpena zela. Sexu jazarpena jasan dugunok, indar bat gehiago gara bloke horretan bortxaketak jasan dituztenentzat.
Amaia, jendaurrean mintzatu aitzin, enpresa barnean salaketarik egin al zenuen?
CAZENAVE: Gauzak kakazten hasi zirelarik, Radio Franceko diskriminazioen kontrako zelulara jo nuen. Zailtasuna zen salatzen nituen lankideak hamar bat zirela... Eta nire kezka zen nola eginen nuen hamar pertsonaren kontrako salaketa bat abiatzeko. Jakin behar da, gainera, ikerketa Radio Francen baitan eramaten zutela; beraz, beldur nintzen ea ez ote ziren lagunak izanen ikerketa egiten zutenak eta salatzen nituen lankideak...
Zer eman zuen lehen salaketa horrek?
CAZENAVE: Denbora batez geldirik egon zen prozedura, eta, egun batez, diskriminazioen kontrako zelulatik deitu ninduten, erabaki behar nuela salaketa ezarri ala ez, jende batzuek deitu zutelako haien kontrako ikerketarik ba ote zen jakiteko. Orduan pentsatu nuen munduak zinez alderantziz funtzionatzen zuela. Dei horrek zinez beldurtu ninduen.
ARBELBIDE: Dena zure espalden gainean zen...
Hala zen?
CAZENAVE: Bai. Hor deliberatu nuen publikoki salatzea, hori baitzen irtenbide bakarra. Ulertu nuen Radio Francen ez zela deus pasatuko. Gainera, banekien neska gazte batzuk bazirela ni baino prekaritate handiagoan, eta zinez beldurtuak zirela. Haientzat ere pentsatu nuen gauzak geldiarazi behar zirela. Uler dezazuen... Gerora jakin dut Radio Franceko giza baliabideen zerbitzuan mapa bat bazela, Frantziako France Bleu delegazioena, zeinetan gizonen gehiegikeriak biltzen zituzten: nagusi hau zerri bat zela, lankide honek txiste zikinak egiten zituela...
ARBELBIDE: Galdera da egiturek zer egiten duten. Zu, mintzatu, mintzatu zara. Baina, gero, egiturek ez dute segitu.
Ez dizu batere sostengurik sentiarazi egiturak, Amaia?
CAZENAVE: Biktimentzat ez zen babesik, ez. Dokumentalaren ondotik, bi ikerketa egin dituzte. Lan auzitegian auzia izan dudanez, ikusi ahal izan ditut prozeduraren barneko lekukotasun batzuk. Salatzen nuen lankide batek, adibidez, onartzen du komentario batzuk egin zizkidala, baina leporatzen diodan beste guztia, ez. Ikerketak trenkatzen du, beraz, ez dela gertatu.
ARBELBIDE: Bere hitzak zureak baino gehiago balio duela, alegia.
Anitzetan entzunen zenuten ligatze pisua dela, eta ez sexu jazarpena...
ARBELBIDE: Bai. Barneraino sartua dugu tipitik guk kasu egin behar dugula nola sartzen garen, nola janzten garen, zer izariko zaia ezarri behar dugun... Guk dugu beti ardura guzia hartu behar. Gu gara hobendun, guk dugu probokatu. Eta hori hainbeste sartua dugu non lan mundura arribatzean eta, gainera, botere guneetatik hurbildu arau, dominazio horretan, gu gara objektuak. Gainera, zerbait erraten badugu, gu gara aspergarriak, isilik egon beharko genukeelako, eta, gainera ohoratuak sentitu. Hain zuzen, kazetari gisa uste dut guri dagokigula ere hori seinalatzea. Horren aldetik, xantza ikaragarria izan dut BERRIAko lankideek formatu bainaute, eta barneratuak nituen hainbat gauza normalak ez zirela ohartarazi baitidate.
CAZENAVE: Nik pentsatzen dut ere gertatzen dela nagusiak gehienetan gizonak direlako. France Bleun nintzelarik, ardura postu guzietan gizonak ziren. Ez nuen emazte bakar bat ere nagusi gisa. Kasurako, nik lankide bat salatu nuenean, banekien nire erredaktoreburuak ezingo zuela deus egin, entzuna bainuen berari buruz ere susmoak bazirela. Gu, neskak, elkarren artean mintzo gara, ohartzen gara zer gertatzen den. Baina kontua da sistema hori nola hausten duzun, denek izan baitituzte jarrera sexistak. Boterea guztiz gizonen eskuetan da, eta mugiaraztea zaila da.
ARBELBIDE: Gizonen botereari buruz ere ados naiz arrunt, baina problema da boterean diren emazteek ere usu jarrera hori badutela ere.
CAZENAVE: Bai, ber kodeak hartzen dituzte.
Zer erran nahi duzue horrekin?
ARBELBIDE: Emazte batzuek boterea lortzeko gizonak baino gizonago behar izan dutela jokatu: isildu, isilarazi...
CAZENAVE: Kirol munduan argiki ikusi dut hori, ni barne. Batzuetan, lankideek txiste gordinak egin izan dituzte, eta, nik irri egin dut. Kodeak hartu behar izan ditut; bestela, pentsatzen dute: «Hilekoa du, aspergarria da...». Edo emazte batek erran izan dit ongi janzten nintzela gero jokalarien aldageletara joateko. Zernahi, ez dut lan hori egiten aldageletara joateko. Kontua da, emazte gisa, besteen baieztapena xerkatzen duzula, eta ez dakizula zein jarrera hartu. Badakizueguneroko bizian ez zarela horrela, baina, integratua izateko, behar bezalako jarrerak hartzen dituzu.
Kirol mundua gainera biziki maskulinoa da: lankide gehienak gizonak, eta agertzen diren kirolari gehienak ere bai...
CAZENAVE: Azken hilabeteetan egon naizen erredakzioan, 30 bat ginen, eta bi emazte besterik ez ginen. Ohartu naiz, gehienetan, kirolariekin harremanak onak zirela; pentsatzen dut politikariekin baino hobeak direla, egia erran. Kirolariekin ez dut inoiz arazorik ukan, errespetua bada, nola errugbian hala pilotan. Baina kontziente naiz futbolean, adibidez, ez dela hain ongi pasatzen. Argiki, lanjerra erredakzioetan sumatu dut gehienik. Mutilak dira bakarrik, elkarrekin, badituzte haien kodeak.
ARBELBIDE: Boy's club-a...
CAZENAVE: Kirola pitilin istorio bat balitz bezala... Horri aitzin egiteko, elkarte bat sortu dugu, Femmes Journalistes de Sport [Emakumezko Kirol Kazetariak], eta gai horiek anitz lantzen ditugu. Ikasketetan diren neska gazte batzuen bizipenak bildu ditugu, eta ohartu gara kirol erredakzio batean egiten dutelarik ikastaroa, biziki gaizki bizi dutela. Nahiago izaten dute lanbidez aldatu mundu horretan sartzea baino. Baina saiatzen gara motibatzen: neska gehiago behar ditugu. Kontatu dugunaren arabera, %9 eta %10 artean gara emakumezkook kirol sailetan: ez gara aski. Ez dakit kirol munduak azeleratzen duen sexismoa, baina gizonen artean izateak, segur baietz.
Beste gai bati heltzeko; biktimen hitza gutxiesteko mekanismoen artean da rolen itzulikatzea. Alegia, zuek zaretela erasotzaileak, eta salatzen dituzuen gizonak, biktimak. Argi ikusten da hori PPDAren kasuan, hamasei emazteren kontrako salaketa ezarri omen baitu laidozko salaketagatik.
ARBELBIDE: Azkenean, xake jokoan bezala da. Arauak zure parekoak ditu finkatzen, eta, gainera, jokoa aitzinatu arau, aldatzen ditu; zuk bortxaz galtzen duzu. Ez da batere errana justiziak erranen duela hobenduna dela PPDA. Alta, Mediaparten emankizunean uste dut argiki agertzen dela bortxatzailea dela, hobenduna dela. Ari da biktima berriak isilarazi nahian. Diskretuago, baina segitzen du festibaletan ibiltzen, biktima gisa agertzen...
CAZENAVE: Paris Match aldizkariak azala egin zuen harekin, le paria. Paria, bai zera!
ARBELBIDE: Guk dugun indarra da elkarrekin garela. Ez naiz beldurtua. Ikusiko dugu, iduriz ondorio guztiak ez baitira arribatuak; liburu bat idatzi nahi omen du afera honi buruz, baina ezin publikatuz ari da nehork ez baitu inprimatu nahi. Afera ez da batere fini.
PPDAren kontrako salaketa anitz badira, baina ondorio gutxi. Hori al da botereak ekartzen duen inpunitatea?
ARBELBIDE: Ez dakit zonbaiteraino elkar elikatzen duten botereak eta inpunitateak. Botereak ahalbidetzen du erasoa, erasoak boterea... Baina ongi ulertu behar da ere nor den PPDA. Gizon bat, milioika ikusle zituena gauero bere berri sail nagusian, kristoren eragina zuena... Hainbesteraino, non egin dituen gehiegikeriengatik justiziak kondenatu duen, baina oraino segitu du aurkezten, diru gehiegi ekartzen baitzuen. Beraz, zinez, luzaz, hunkiezina izan da. Gauero neska gazte bat heldu zitzaion berri saila ikustera; horrela erakusten zuen bere harema, eta horrela eraiki du ere bere boterea. Oinarrian den arazoa da, dena den, botere eta dominazio istorio bat dela. Dominazioa gertatzen den lekuetan, emazteak objektu bilakatzen dira. Inpunitatearekin elkar komunikatzen du horrek.
Radio Francek ikerketa bat egin du dokumentala atera ondotik, eta zigortu ditu, Amaia, zuk salatzen zenituenetariko batzuk.
CAZENAVE: Uste dut barne mailako ikerketa gaizki egina izan dela, pixka bat futitu direla salaketaz. Ikerketa abiatua izan da dokumentala atera ondotik. Pentsatzen dut domaia dela ez konfrontaziorik egin izana, nahiz eta zaila den. Ikusteko ez naizela gezurtia. Halere, ikerketaren ondotik izan dira zigorrak, baina ez da elkarrizketarik izan; gauzak ez dira horrela aitzinatzen. Haien defentsa izan denez ni naizela gezurtia, uste dut ez dutela ulertu. Radio France familia handi bat da, gainera badira sindikatuak,batzuen eta besteen arteko harremanak. Denek elkar ezagutzen dute, pertsonala eta profesionala nahasten dira, eta horrek du inpunitatea sortzen: badakite bat erortzen bada beste anitz eroriko direla. Azkenean, mintzatzen bazara, ardi beltza bilakatzen zara.
ARBELBIDE: Eta errazagoa da ardi beltza kanporatzea.
Jendaurrean mintzatu zarete biak, eta mediatikoak izan dira bien aferak. Nola bizi duzue hori?
CAZENAVE: Ni irratian ari naiz, hain zuzen, iruditan ez agertzeko, kar-kar. Dokumentalean nire aurpegia ikusi dudalarik telebistan, pentsatu dut: «Zer ari naiz hor?». Baina, azkenean, oso lasai nintzen kontatu nuenarekin. Abokatua gibelean nuen, familia gibelean nuen, nik banekien kontatzen nuena egia zela, eta horrek lasaitasuna ematen zidan. Gogorrena, dokumentalaren biharamunean gertatu zait. Pierre Menes [sexu erasoak egin izana leporatu diote hainbat emakumek] kirol kazetaria Cyril Hanounaren emankizunera gonbidatua zen, bere burua defendatzeko. Hor, erreakzio epidermikoa izan nuen, goiti egin nuen, eta bi egun pasatu nituen indarrik gabe. Ezin nuen deus egin.
Eta, une berean, telefonoa zapartatzeko bidean...
CAZENAVE: Bai, ber momentuan, mundu osoko kazetariek deitzen ninduten dokumentalari buruzko elkarrizketak egiteko; egun osoa telefonoan pasatzen nuen, zinez ezin kudeatua zen. Garai hartatik 200 bat mezu ditut erantzun gabe, sobera mezu, sobera dei... Pentsa, LinkedIn sare sozialean aktore frantses batek idatzi zidan sostengua adierazteko. Ari nintzen pentsatzen: zer dimentsiotan bizi naiz ni? Beraz, bai, hori zaila zen. Dokumentaleko beste neskek ere, berdin. Desberdintasun bakarra zen ni oraindik lanean nintzela salatzen nituen lankideekin. Eta banekien elkarrizketei erantzutean ez nuela tronpatu behar, hamar mila aldiz gauza bera errepikatzen nuen, baina ez nuen deus ere aldatu behar, ez orduak, ez egunak, ez hitzak... Bestela, gezurtia nintzela aterako zuten. Nekagarria zen.
Mediaparten emankizunaren ondorengoa nola bizi duzu zuk, Nora?
ARBELBIDE: Hasieratik banekien ene lekua hor zela. Behin erabakita, ez dut laxatu, eta bururaino joan naiz. Hastapenean, zortzi neska ginen, eta, emeki, 20 izatera heldu gara emankizunerako. Argi nuen ene lekua hor zela. Adibidez, tribuna bat idatzi genuen, [Emmanuel] Macroni zuzendua... Ene bizian ez nukeen pentsatuko Macroni idatziko niola... Kar-kar. Baina egin dut, taldearen sostenguz. Mediaparten emankizuna fisikoki elkar ikusteko parada ere bazen. Uste dut denek beharrezkoa genuela, bizi duguna gogorra baita. Emankizuna egitean, hasieran sentitzen nuen zilegitasunik eza desagertu zen. Ezin nintzen ez hor egon. Mediatizatua izateari begira, erranen nuke Euskal Herrian babes handia sentitu dudala, begiradetan, lagunen partez... Parisko lagunak harrituak ziren! Gero, badira ere begirada larrituak; biktimaren etiketa hori banu bezala. Usutan, indarkeria matxistako kasuetan gertatzen den bezala, anitzek ez dute ikusi nahi, intimoegia dela eta... Ahantziz arrunt politikoa dela. Iduri du ere batzuek uste dutela epaituko ditudala, bilakatu naizela ez-dakit-zer...
CAZENAVE: Sorgin bat!
ARBELBIDE: Bai, hori da. Baina hara, ni ez naiz batere eredu, hori argi dut. Ari gara ikasten, gaur gaizki, bihar hobeki, edo desberdin... Hori bai, mundua aldatu nahi dut. Kar-kar-kar. Eta horretarako inportantea iruditzen zait mekanismoak detektatzen ikastea. Adibidez, lehen aipatu duguna: erasotzailea biktimizazioan sartzea; horrek zinez asaldatzen nau.
Aipatu duzu biktimaren etiketa. Biek nabaritu duzue jendearen begiradetan edo jarreretan?
ARBELBIDE: Ni ez naiz biktima sentitzen. Uste dut biktima fasetik pasatu behar dela. Batzuek leporatu didate biktima rol hori maite nuela, erraza zela...
CAZENAVE: Super erraza! Behin, ostatu batean sartu ginen bikotekidearekin, eta hark entzun zuen: «Begira, France Bleun kaka sakatu duena da!». Biktimak bezain bat gara sorginak. Nik argi dut ez garela biktima ahulak; aktiboak gara, saiatzen gara gauzak aldatzen. Ez gara soilik lekukotasunetik ari, momentu hori pasatua dugu; orain, gauzak aldatzeko lanean ari gara.
AHOMENTAN
ZAURIETATIK SISTEMA HAUSTEN
Sexu jazarpena jasan dute lanean Nora Arbelbidek eta Amaia Cazenavek. Lanetik kanpo ere bai, baina lan munduan jasandakoarengatik egin dute salaketa jendaurrean. Biktima izan dira, baina jada ez dute leku horretatik hitz egiten, «mundua aldatzeko» grinatik baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu