Ahomentan

GOI MAILAKO GAITASUNEN LEZIOA

Elbarritasun handiak dituzte biek, oso agerikoak; horiekin «izututako» begiradak usuegi ikusi dituzte Juncal Cepedak eta Telmo Iruretak. Gaiaz ozen aritzeko adorea dute biek, umorea ere bai bidelagun, eta inklusioaren herrenez jardun dute, soilik konplizeen artean ari daitekeen eran.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Solasaldi honetarako elkartzeko proposamena egin biei, eta handik hamar minutura hitzartuta zegoen elkarrizketa, akordatzerako ia. Zain-zain zeudela ematen zuen, grabagailuaren eta kameren aurrean elkarrekin agertzeko noiz deituko prest. Eskertzekoa da zinetan. Aurrez ere makina bat alditan egondakoak dira, adiskideak dira biak, eta joria da haien arteko solasa, mamitsua: merezi du hedabideen plazan lehen lerroko toki bat. Adiskidetasun gehienetan bezala, bien arteko konplizitatearen atzean motibo ugari egongo dira seguruenik, askotarikoak. Elbarritasun handiak dituzte biek haurrak zirenetik, horren gainean jendaurrean solastatzeko argitasuna eta kemena erakutsi dituzte beti, umorea naro eta iaio erabilita sarri askotan, eta horren inguruan ardaztuta dago, hain zuzen ere, elkarrizketa hau.

Egiaztatutako muga fisiko edo kognitiboak dituzuenei eman beharreko izendapenaren inguruan badira ikuskera ezberdinak. Zein erabiltzea nahi duzue zuek? Desgaituak zarete? Aniztasun funtzionala duzue?...

TELMO IRURETA: Guk den-dena daukagu, kar-kar-kar... Jendeak askotan ez daki zer hitz erabili; hitz batzuk erabiltzeak beldurra ematen du, baina nik ez diot garrantzi handirik ematen; nik ere ez daukat hitz egoki bat, ez dakit zein den egokiena. Askotan hitzei ematen diegu garrantzia, baina gero, esaterako, ez ditugu tokiak egokitzen jendea gurpil aulkiarekin joateko... Beraz, nahi baduzu deitu elbarri puta, baina zure tabernako koskak kendu. Ez dakit nola azaldu... Errespetuz esana bada, igual hitzak ez dauka horrenbesteko pisurik.

JUNCAL CEPEDA: Nik beti esaten dut desgaitasun bat daukadala. Desgaitasun bat daukat; izan ere, zuek oinez zoazte, eta ni ez. Etaezin naiz oinez ibili. Orduan, desgaitasun bat daukat. Baina ados nago berarekin; hitzez eta hiztegiaz hitz egiten dugu beti, baina askotan itxurakeria hutsez esaten dira halakoak... Aniztasun funtzionala erabili eta gero eskailerak aurkitzea taberna batean? Hori itxurakeria da.

Beraz, ez zarete minduko era batean edo bestean deituta...

IRURETA: Ez, baina ulertzen dugunorbaiti molestatzen badio; ulertzen da. Baina guri ez askorik, ezta?

CEPEDA: Ez, ez. Tira, ni Juncal naiz, bera Telmo da. Hori da laburpenik ederrena.

Eskolan-eta inklusioaren aldeko urratsak martxan zeuden aroan jaioak zarete biak ere. Eskola inklusibo bat izan zenuten?

IRURETA: Nik bai. Eskolara besteak bezala joaten nintzen, eskola normala zen; ni nintzen gelako berezia. Baina ondo sentitu nintzen, babestua. Gelan egoten zen gure irakaslea, eta nik laguntzaile bat nuen nirekin egoten zena denbora guztian, edozertan laguntzeko; liburuak ateratzeko, apunteak hartzeko, komunera laguntzeko: ez nengoen bakarrik. Eta gelakideekin oso ondo.

Zure kasuan, Juncal?

CEPEDA: Erabat ezberdina. Txikitan denbora pila bat pasatu nuen ohean. Orduan, etxera joaten ziren irakasleak, eta hor egin nituen lehen urteak, nerabea izan arte. Pixka bat gogorra izan zen, ez nuen-eta lagunik izan. Nire desgaitasunarengatik, gainera, jolas garaiak-eta oihana izaten ziren, pilotarekin-eta...

Gutxi joan zinen, beraz, eskolara...

CEPEDA: DBHn hasi nintzen.

Babestua sentitu zinen bidean? Tresnak baziren zuretzat?

CEPEDA: Arraro sentitu nintzen bidean, bakarti. Baina jendeak ez daki nola lagundu. Nerabezaroa pixka bat zaila da, guztiontzat; nire kasuan zailagoa izan zen. Eskolako beste neskak, esaterako, dantzalekura joaten ziren; nik ezin nuen. Baina oztopo horiek betidanik izan ditudanez, ez zitzaidan inporta... Beste gauza batzuk egiten nituen. Ezin nintzen dantzalekura joan: ba, irakurri egiten nuen. Ezin baduzu gauza bat egin, beste bat egingo duzu.

Zuk ere izan duzu konformatzeko gaitasun hori, Telmo?

IRURETA: Bai, ni ere konformatzekoa izan naiz. Txikitan familian ere erakutsi didate; igual ezin nintzen futbolean ibili, ezin nintzen zuhaitzetara igo, baina irudimena lantzen lagundu zidaten. Esaterako, izebak esaten zidan: «Zuk pentsatu ipuin bat, istorio bat, eta gero film labur bat egingo dugu». Eta egiten genituen halakoak. Zen entretenitzeko beste modu bat, jolas bat.

Orain helduak zarete biak. Bestelako erronkak dituzue. Nola egiten diezue aurre?

IRURETA: Lehen esan duzue nerabezaroa etapa zaila dela. Nik uste dut nire kasuan zailagoak izan direla orain dela gutxi pasatutakoak. Nerabezaroan ni igual ez nintzen guztiz kontziente nire zailtasunak zenbateraino baldin- tzatzen ari ziren nire bizitza. Orain nola heldua naizen, ikusi dut nire minusbaliotasunak nolako eragina duen besteengan; hor konturatu naiz. Ni neurez ez naiz hain desgaitua sentitzen, eta besteen begietan ikusten duzunean beldur hori... Orduan jabetzen zara: «Halakoa naiz? Hori eragiten dut? Ez dut hori izan nahi!». Orain nago nirekiko desilusio txiki batekin... Izan ere, nik neure burua gehiago ezagutu dut besteen erreakzioekin.

Zuk buruan duzun irudia bestelakoa delako...

IRURETA: Guztiz ezberdina. Eta konturatu naizenean zer aldaketa dagoen; nik nola ikusten dudan neure burua, eta besteek nola ikusten nauten... Zer makalaldia, zer makalaldia...

Zure egoera bestelakoa da, Juncal?

CEPEDA: Ni aspalditik neure kasa nabil, guztiz. Konturatzen naiz ezberdintasunak daudela: nire lagunek orain badute familia, seme-alabak dituzte... Erronka batzuk dituzte, eta nik beste batzuk. Baina hau da bizitza. Nerabezaroa bai, gogorra izan zen. Baina orain nik ikusten ditut oztopoak, eta aukerak. Eta, bai, ispiluaren aurrean, edo lagunartean, edo gizartean, badaude zailtasunak. Baina orain ja badut nire nortasuna antolatuta, eta ez naiz erortzen.

IRURETA: Ba ni, alderantziz. Nik uste dut orain nagoela nerabezaroan, berandu iritsi naiz...

CEPEDA: Kar-kar-kar, zure amatxo izango naiz, lasai...

Bizitza independentea izateko adina baduzue zuek biek. Zer-nola doa zuen kasuan prozesu hori?

IRURETA: Nik oraingoz ez daukat bizitza independentea, baina banago lortzeko bidean, saiakera horretan nabil. Ea lortzen dudan.

Nolakoa nahi zenuke?

IRURETA: Nik gaur egun laguntzaile bat daukat, baina ez daukat egunero. Gustatuko litzaidake egunero izatea, horrela nire etxetik ateratzeko: independizatzeko. Badaukat gogoa hori probatzeko.

CEPEDA: Ni gurasoen etxean bizi naiz; ez naiz independentea, ez diruaren aldetik, ez nire desgaitasunari dagokionez. Bizitza independentea da helmuga. Familiaren aldetik laguntzarik ez izatea:nire tresnekin nire bizitza kudeatzea. Eta, bai, askotan egongo da laguntzaile bat, edo tresna bat: baina hori izango da nire modua. Nire eskubidea. Eta hori ez da norbaitek zuri esatea: «14:00etan joan behar duzu bazkaltzera». Ez, hori ez da bizitza independentea. Edo zure amak laguntzen badizu dutxa hartzen, hori ez da bizitza independentea: hori zure amatxo da, zuri laguntzen.

IRURETA:Baina laguntzaile batek laguntzen badizu, beste zerbait da, zuretzat ari delako lanean. Ez da ari zu zaintzen...

Bere lanean ari da, diru truk...

IRURETA: Hori da. Hori primeran dago. Ni laguntzailearekin nagoenean ez naiz sentitzen desgaitua. Pentsatzen dut: ze ondo, dena egin dezaket.

Eta bideak badira laguntzaileak-eta izateko? Errazten da bidea administraziotik-eta?

IRURETA: Ez da erraza. Nik orain badaukat laguntzaile bat laguntzen didatelako etxean, nire familian, ordaintzeko. Bada laguntza bat Bizitza independentea izenekoa; laguntza ematen dute, baina independizatuta egon behar duzu, edo independizatzeko asmoa izan behar duzu; amarekin bizi bazara, adibidez, iruditzen zaie ja zainduta zaudela. Berez, zerbait positiboa da, baina herrena oraindik, ez da guztiz benetakoa. Zeren eta zergatik zaindu behar zaitu zure amak? Zure amak ja egin du amek egiten dutena. Eta gure gurasoek ere badaukate eskubidea beren bizitza egiteko; eduki behar lukete eskubide hori.

Zaintzaile profesionalen laguntza behar duzue horretarako...

CEPEDA: Pertsona horrek lagunduko dizu zure bizitzako gauzarik intimoenetan. Zure gorputza emango diozu: altxatzeko, dutxatzeko, ipurdia garbitzeko... Ondo egingo du, bai, baina zure intimitatea da. Eta zure ama, etxean, zure amatxo da... Nola kudeatu dezakegu gai hori ondo egiteko?

Baina horixe da zeuen kasa bizitzeko duzuen bidea, ezta?

CEPEDA: Bai, bai. Bakarra. Onartu behar dut beste pertsona bat sartuko dela nire bizitzan hori egiteko. Ez da izango nire laguna, ez da izango nire senidea...

IRURETA: Edo bai. Izan daiteke laguna eta laguntzailea.

CEPEDA: Nik, behintzat, nahiago dut hura langilea eta ni arduraduna izatea.Nik harreman profesional bat nahi dut.

IRURETA: Gero denborarekin lagunak egingo zarete...

CEPEDA: Ez dakit, ni oso gogorra naiz gai horrekin.

Ekonomikoki bideragarria da gaur egun horrelako zerbait zuretzat?

CEPEDA: Ez, ez da bideragarria.

Ez dagoelako laguntzarik?

CEPEDA: Ez, ez dagoelako hainbeste laguntzarik.

IRURETA: Oso interesgarriak ematen duten proiektuak badaude, baina horietara iristeko baldintza asko daude. Ez dago edozeinen esku horiek lortzea. Gutxieneko bat eduki behar duzu, edo familia bat laguntzen dizuna.

Benetako inklusioa helburu zaila da, beraz...

CEPEDA: Egun, norberaren lana da. Goiz-goizetik oztopo batzuk aurkitu dituzu: irisgarritasunaren aldetik, aurreiritzien aldetik... Norberak kudeatu behar ditu.Lan gogorra da, eta egun batzuetan ezin duzu egin. Hori ez da inklusioa. Baina bestela zer, etxean?

Horren atzean badago instituzioen laguntza falta...

CEPEDA: Imajinatu: unibertsitatean karrera bat egiteko laguntzaile bat eskatu behar duzu, zurekin ikasgelan egoteko. Halakoak oztopoak dira. Izan ere, lortzen dituzu, edo ez.

IRURETA: Tokiaren araberakoa izango da hori. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, adibidez, badu laguntza bat desgaitasunak dituztenentzat, eta niri asko lagundu didate. Ez nintzen joan ni laguntzaren bila: unibertsitatearen laguntza izan nuen.

Lan munduan zer esperientzia izan dituzue orain arte?

IRURETA: Eskola batzuk eman nituen DBHko ikasle batzuekin, baina ez daukat pazientzia handirik... Orduan, esaten duzu: «Zer ari naiz hemen? Bakarrizketak egiten ederki nengoen ba ni...». Kar-kar-kar... Aktore munduan gehiago ibili naiz. Hori ere zaila da; ez dago nire egoera fisikoa duen pertsonaiarik. Telesailetan-eta orain igual normala da agertzea pertsona bat homosexuala; horrek jendeari laguntzen dio ikusgaitasunean: normalizazioa posible egiten dute. Baina oraindik minusbaliotasunaren gaia ez da nahikoa landu. Nik babesten dut pertsonaia minus gehiago egotea, kar-kar-kar].

CEPEDA: Jakina, ezberdintasunak erakusteko...

IRURETA: Horrela guretzat ere lana egongo da. Egia da minusbaliotasuna ez daukan aktore batek egin dezakeela minusbaliotasun bat daukan pertsonaia bat. Baina nik ezin dut egin minusbaliotasuna ez daukan batena; beraz, hori behintzat utzi niri... Edo behintzat castinga egiteko aukera. Gero zuzendariari ez bazaio gustatzen, ulertuko dut.

Programatzaile aritua zara zu, Juncal, webguneak egiten...

CEPEDA: Programatzailea naiz, edo nintzen. Etxetik lan egiten nuen, bolada batean. Urtebete pasatu nuen webguneak egiten. Lastategi batean orratz bat aurkitzea bezala izan zen... Baina askotan pentsatu izan dut, halako lan eskaintzetan parte hartzen badut, zer? Beti eskatzen dizkizute gauzak: gidabaimena, adibidez... Bada, ez.

IRURETA: Zure gurpil aulkia eramateko...

CEPEDA: Bai eta, gainera, abiadura handia hartzen dut... Baina beti zara... Bazoaz toki batera, zure adinari dagokion pertsona bati dagokion toki batera, eta zera, begiratzen dizute esanez: «Zer eskatzen ari da neska hori?». Nire itxuraren ondorioz, jendeak gehiago epaitzen nau: «Txikia zara, desgaitasun handia daukazu...». Orain dela gutxi, batek zera esan zidan: «Zu eguneko zentrora joaten zara, ezta?». Eta nik pentsatu nuen: «Eguneko zentrora?».

IRURETA: Eguneko zentrora zure amona joango da.

CEPEDA: Eta nik zera pentsatu nuen: «Ez nauzu ezagutzen? Aizu, ni egunkarietan ateratzen naiz». Noiz egiten dut? Eguneko zentroan bukatu eta gero? Ondoren ematen ditut hitzaldiak? Baina lehenengo hor jartzen gaituzte: eguneko zentro horretan, marrazkiak egiten. Aurreiritzi horiek oso kaltegarriak dira. Eta beti esan behar dut: «Bizitza normala daukat, langabezian dagoen pertsona baten bizimodua». Gaur hemen nago, elkarrizketa honetan, eta gero euskaltegira joango naiz... Hori egiten du jende askok.

Tankera horretako elkarrizketak ez ditu egiten jende askok...

CEPEDA: Bai, horixe esatea pentsatu nuen nik, baina gero zera pentsatu nuen: «Ez, Juncal, hori ez». Agenda bat badut, eta jarduera batzuk egiten ditut: ez daukat amona baten bizitza.

Zure adineko bati dagokion bizimodua duzu...

CEPEDA: Bai, edo langabezian dagoen batena. Baina zera gertatzen da, goizean etxetik ateratzen banaiz jendeak zera esaten du: «Zer, paseatzera zoaz, ezta?». Agian ikastaro bat egitera noa, baina jendeak beti esaten du gauza bera: «Paseatzera». Beti da paseatzera...

Jendeak ez zaituzte irudikatzen ikasten, hitzaldiak ematen...

CEPEDA: Edo agertoki batean...

Horrek kalte egiten du denean...

CEPEDA: Bai, irudikatzen zaituzte zure jarduera txikiekin, hortxe, listo. Edo soldata txiki batekin. Ea, nik soldata bat behar dut; soldata normal bat, laguntzaile bat izateaz gainera... Errenta bat pagatzeko, adibidez, soldata txukun bat behar da.

Elkartu elkartean ibiltzen zara zu, Juncal, zuen egoeraren berri ematen, eta aldarrikapenak egiten. Garrantzitsua iruditzen zaizu aktibismo hori?

CEPEDA: Bai, oso garrantzitsua da. Norbaitek erakutsi behar ditu egiteko daudenak.

IRURETA: Bai; bestela, ematen du ez garela existitzen. Askotan halakoetan galdera tontoak egiten dizkigute, baina inportanteagoa da galdera tontoak egitea, galderarik ez egitea baino. Hartara, behintzat, badakigu zenbaterainokoa den ezjakintasuna...

Eta usu sentitzen duzue ezjakintasun hori. Anekdota aski deigarriak kontatzen ari zarete...

CEPEDA: Bakoitzak bere mundua ezagutzen du, eta kito. Eta hortik kanpo ez dute ikusten, ez dugu ikusten. Guk ere gure oztopoak ikusten ditugu, baina besteenak ez ditugu ikusten. Beti dago ezjakintasun handia.

IRURETA: Ezjakintasuna erakusten dutenean, pixka bat gustatzen zait. Aukera izaten baita erakusteko... Esateko: «Hori ez da horrela». Hainbeste gauza dira. Esaterako, ez dute imajinatzen nik unibertsitate ikasketak ditudanik, eta, kontatzen dudanean, harritu egiten dira. Edo sexualitatearen gaia: iruditzen zaie minusbaliotasun bat baduzu ez duzula bizitza sexualik... Orduan, informazio hori ematen duzunean, zera da... «Tori, tori... Jakin ezazu agian zu baino gehiago egiten dudala larrutan...». Probokaziora jokatzen dugu, polita da.

Jendearen arreta pizteko era bat bada...

CEPEDA: Arreta pizteko, eta informazioa emateko.

IRURETA:Edo gauza oso sinpleak, baina oso normalak direnak. «Baina hau egin duzu?». Eta nik: «Nik bai; zuk? Niri egin didazun galderak igual zuri igual-igual balio dizu...».

CEPEDA: Eskandalu une bat ere egoten da halakoetan: «Baina benetan egiten duzu hau?». Eta nik: «Bai». Eta beste hainbatetan aldez aurretik esaten dut: «Bihar halako egingo dut». Jendeak jakiteko bakarrik esaten dut. Edo, adibidez, topless egitea... Jendea harritu egiten da! Hara, titiak erakutsi ditut bakarrik zuek...

IRURETA: Isiltzeko, kar-kar-kar.

CEPEDA: Fabore bat egingo dizut, kar-kar-kar.

IRURETA: Edo bikote kontuetan. Esaten baduzu bikotekidea izan duzula, jendeak jakin-mina du jakiteko zure bikotekideak ere minusbaliotasun bat duen. Jendeak dituen ideiak dira, eta eskema horiek puskatzea ondo dago.

Umorea biok naro erabiltzen duzue. Tresna bat da?

IRURETA: Niretzat bai, asko laguntzen du, umorerik gabe ez dut imajinatzen bizitza. Nire izaeran ere egongo da hori, baina arazoak eramateko balio du, arintzen du.

CEPEDA: Nahi gabe ere umorea egiten dut nire arazoekin. Bestela, jendeak oso serio hartzen ditu. Eta serioak dira, e... Serioak dira, nola ez. Baina hain serioak, eta hain tristeak. Pixka bat irtenbide bezala erabili behar dugu. Eta jendea erakartzeko eta beldurrak kentzeko ere oso garrantzitsua da umorea. Bestela, jendeari beldurra ematen dio desgaitasunak. Umorearen bidez, errazagoa da elkar ezagutzea.

Hala ere, umoreak ez al du arrisku bat ere? «Hara, ze umoretsuak» esan, eta zuen arazoak eta egoerak hutsaltzekoa?

IRURETA:Bai, badu. Baina umoreak balio du, baita ere, ea... Ondo esplikatu nahi dut hau. Imajinatu zerbait zuretzat oso serioa dena: umorez hartzen baduzu, oraindik ere kontrastea handiagoa da... Agertzen bazara biktima bezala, «ai, ze pena, ze pena», ba, azkenean, zera, astuna egiten da. Baina umorea sartzen baduzu jendeak espero ez duen unean, orduan esaten dute: «Nola esan du? Horrelako momentu batean!».

Bai, umorea puskatzeko da halakoetan, ezta?

IRURETA: Puskatzeko. Eta min handiagoa emateko ere bai. Probokazioarekin lotuta dago...

Baina hutsaltze arriskua ere hor dago, ezta? Ez zaie garrantzirik kendu behar zuen arazoei, eta aldarrikapenei; justuak dira.

IRURETA: Bai, esaten dute: «Begira nola dagoen, baina, bueno, bera zoriontsu da». Baina, aizu, nik ez dut hori esan.

CEPEDA: Bai, edo halakoak: «Ze ondo daramazun». Ea, ondo, ondo... Ez daukat besterik.

Zeren eta asko dago oraindik egiteko, eta lortzeko...

IRURETA: Bai, nahiz eta gauza pila bat egin, ez dauzkagu aukera berak, ezin dugu bizimodu bera egin. Nire ahizparen bizitza nirearen erabat ezberdina da: nik ezin dut hori egin. Ezin dut lortu, nahiz eta gogor lan egin, ezin dut.

IRURETA: Gero izango da, baita ere, ez dela interesatzen. Nola gutxiengo bat garen, jendeari ez zaio inporta, ez du askorik pentsatuko honen inguruan... Berez, minusbaliotasun bat daukagu gizarteak hori erabaki duelako gu garela ezgaituak. Igual ez gara gu... Guk gorputz ezberdin bat daukagu. Berez, dena ondo egokituta eta ondo prestatuta balego, minusbaliotasuna ez zen existituko...

Nahiko zenukete jendea gehiago ateratzea plazara? Ohikoagoak izatea halakoak?

CEPEDA: Elkarrizketaren harira, pentsatu nuen: «Telmo eta ni. Ez al dago jende gehiago?». Ez da kexu bat, baina jende gehiagok egon behar luke. Lehen esan du Telmok: zenbat aktore daude desgaitasun fisikoa dutenak?

IRURETA: Gutxi. Eta, gainera, nire desgaitasun mailarekin... Kontuz, ez da edonolako desgaitasuna nirea! 95ekoa da...

CEPEDA:Nik 93koa dut, kar-kar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.