Ahomentan

GARAI BATEAN LEGEZ

Geroztik nork bere ibilbidea egin badu ere, Pedro Ibarra eta Sabino Cuadra abokatu bulego berean aritu ziren 70eko hamarraldian, beste askorekin batera, langile mugimenduarekin besoz beso. Garai hartako justiziarenak eta gaur egungoak aletu dituzte elkarrekin.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Agirre 5. Izen horrekin zen ezagun 70eko hamarraldian Bizkaian lan gatazketan langileei aholkua eta babesa ematen zizkien abokatu bulegoa, egoitza Bilboko Maximo Agirre kaleko 5. zenbakian zuelako. Lan arloko abokatuen mugimenduak zeregin garrantzitsua izan zuen frankismoaren kontrako borrokan. Historia horren atalik ezagunena eta odoltsuena izan zen 1977ko urtarrilaren 24an Madrileko Atocha kalean bulego baten kontra egindako atentatua: ultraeskuindarrek CCOOrekin eta PCErekin lotutako bost abokatu hil zituzten. Baina Euskal Herrian ere lan arloko abokatuen mugimendua indartsua izan zen, eta eraso ugari egin zizkioten.

Sabino Cuadra eta Pedro Ibarra elkarrekin aritu ziren Maximo Agirre kaleko bulego hartan. Haiekin batera, gerora oso ibilbide desberdinak izan dituzten legelari ugari jardun ziren: Paco Letamendia idazle eta irakaslea, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiaren presidentea, Alfonso Dubois ekonomialaria, Kepa Larrea, Carmen Oriol, Felix Cañada, Bego Zabala, Fernando Etxegarai, Carlos Trenor eta beste hainbat.

Bilbon jarri du BERRIAk hitzordua Cuadra eta Ibarrarekin, Kafe Antzokian. Handik gertu dago justizia jauregia. Cuadrak Ordena Publikoaren Lege frankistaren ale bat ekarri du, justizia eskatzeagatik justiziarekin borrokan aritu ziren garai haien oroigarri. Ibarrak euskal mugimendu antifrankistaren historiaz idatzitako liburuan ere orri-pasa aritu dira: bulegoko abokatuek egindako bazkari baten argazkia agertzen da han, umeak eta guzti.

Gogoratzen duzue noiz ezagutu zenuten elkar?

SABINO CUADRA: Karrera amaitzen ari ginen. 1971n edo 1972an izango zen. Ni bulegoan sartu aurretik izan zen, hura Pedrok [Ibarra] eta Pacok [Letamendia] sortu baitzuten, eta ni geroago sartu nintzen, 1974an.

Ibarrak idatzitako Memoria del antifranquismo en el Pais Vasco liburuan (Antifrankismoaren memoria Euskal Herrian) esaten du izen bitxia erabiltzen zenutela olgetan-benetan zuen bulegoaz aritzeko: ISOM edo Masa Erakundeen Zerbitzurako Tresna. Zeuk asmatu omen zenuen, Sabino.

S.C.: Bai, izen zatar samarra da, ezta? [barre egin du]. Guk tresna gisa ulertzen genuen bulegoa. Mugimendu politiko, sozial eta sindikalaren eta justizia erakundeen arteko zubi lana egiten genuen. Tira, justizia erakundeak soilki ez: garai hartan, gobernadore zibilek ere isunak jartzen zituzten. Baina gure lana ez zegoen bideratuta egunerokoan sortzen diren betiko gorabeherak konpontzera: guk esku hartzen genuen lan gatazka sortzen zenean; greba, bereziki.

PEDRO IBARRA: Garai hartan, alderdiak eta sindikatuak debekaturik zeuden, eta guk, nolabait esateko, ordezko lana egiten genuen, langileei euren borroketan lagunduz, eta alderdi politikoei ere bai, TOP Ordena Publikoaren Auzitegiaren aurrean pasatu behar zutenean. Baina, batez ere, egoera normal batean sindikatuek egin beharko luketen lana egiten genuen. Garai hartan abokatu laboralista kontzeptua boladan zegoen.

Lan gatazka ugaritan parte hartu zenuten, ezta?

P.I.: Bulegoa sortu genuenerako, Bizkaian egondako gatazka nagusia amaitua zen, EtxebarrikoBandas lantegikoa; bulegoa 1969an sortu genuen Letamendiak eta biok, eta Bandaseko greba urte eta erdi lehenago izan zen. Baina kasu garrantzitsu batzuk ere egokitu zitzaizkigun; Basauriko Firestonekoa, esaterako.

S.C.: Auzi horretan gurekin lan egin zuen abokatuetako bat Felipe Gonzalez izan zen. Nik bereziki gogoratzen dut Artiach enpresakoa. Oso onak ziren: langile gehienak emakumezkoak ziren, haien borrokak berezko erradikaltasuna zuen, eta epaiketak izaten ziren greben ondorioz langileak kaleratzen zituztelako. Beraz, epaiketak beti bilakatzen ziren lan legeriaren salaketa. Guk garai hartan haustura epaiketa esaten genien horiek izaten ziren. Durangoko [Bizkaia] Izar enpresako epaiketa ere mota horretakoa izan zen: hainbat lagun kaleratu zituzten pikete batean parte hartzeagatik, eta, ondorioz, horrelakoak ahalbidetzen zituen lege esparruaren kontrako salaketa bilakatu zen epaiketa.

P.I.: Guk harremana enpresa barruan borroka egiten zuen langile taldearekin izaten genuen, eta harreman hori ez zen soilki juridikoa. Nolabait esateko, soka berekoak ginen, baina ez ginen sindikatu zehatz bateko ordezkariak.

FRANKISMOAREN ZIGORKADAK

Denboraren poderioz, eta lan gatazkak alde batera utzi gabe, auzi politikoak eta preso politikoen defentsa ere hartu zenituzten.

P.I.: Horren hastapena Burgosko auzia izan zen, Letamendia eta biok gerra kontseiluan egon baikinen, eta horren ostean hasi ziren beste auziak iristen. Nik esango nuke garai hartan talde ia guztietako kideak defendatu genituela: ETA, MC, LCR... PSOEko jendearekin ez horrenbeste.

S.C.: PSOEko jendearekin Firestoneko auzian egon ginen batez ere.

P.I.: Hori da. Eta, PCEkoetatik ere, gutxi batzuk baino ez genituen defendatu, PCEk bere abokatuak baitzituen. Baina bazeuden auzi asko, politikoak zirenak eta alderdi politikoekin harreman zuzena ez zutenak: adibidez, manifestazioetan atxilotutakoak eta abar.

S.C.: Arlo politikoa eta arlo sindikala elkarrekin loturik zeuden. Ezkerreko taldeetan zegoen jendeak arlo sindikalean ere lan egiten zuen. Askotan, borroka sindikalak borroka politikora eramaten zintuen, eta alderantziz. Gainera, askotan gertatzen zen zera: lan gatazka baten ondorioz manifestazioa egitea, eta han atxilotuak egotea. Beraz, lan auziak eta errepresioaren kontrakoak nahastuta egoten ziren.

Eta talde politikoen arteko desadostasun eta tentsioek bazuten islarik zuen bulegoan?

S.C.: Isla, bai; gu ez geunden burbuila batean isolaturik. Bulegoan bazegoen zenbait alderdi politikotako jendea. Baina funtzionamendua ona zen, eta aniztasun horrek ez zuen aparteko tentsiorik ekartzen. Giroa ona zen. Nik behintzat ez dut gogoan liskar handirik izan genuenik.

P.I.: Gehiago esango nuke: abagune berezietan, esaterako, salbuespen egoera ezarri zutenean 1975ean, indar politikoen arteko koordinazioa erraztu genuen gure bulegotik, batez ere errepresioaren kontrako arloan.

Eta arlo ekonomikoari dagokionez, nola lortzen zuen bulegoak aurrera egitea egitea?

S.C.: Mirakuluz [barre egiten du]. Auziren bat irabazten genuenean eta kalte-ordainak zeudenean, batzuetan diru apur bat jasotzen genuen. Bukaerako garaian, 11 abokatu ginen, bi ekonomista eta administrazioan aritzen ziren lauzpabost lagun; hau da, ia hogei laguneko bulegoa zen. Eta inork ez zekien nola lortzen genuen irautea.

P.I.: Kontatu pobreen batzarrarena, kontatu!

S.C.: Ni bulegoan hasi nintzenean, bost lagun sartu ginen batera, eta horrek finantza arloa desorekatu zuen. Orduan, pobreen batzarra antolatu genuen. Egitura autonomo moduko bat zen, eta, funtsean, horren funtzionamendua honako hau zen: batzuk 08:00etan joaten ginen lanera akademia batera, eskola ordu batzuk ematen genituen, 9.000 pezeta inguru irabazten genuen, hori bulegoaren kutxan sartzen genuen, eta, hilaren amaieran, egunero 22:00ak arte lanean egon ondoren, 8.000 pezeta kobratzen genuen. Horrela lortzen genuen zuloak estaltzea eta aurrera egitea.

P.I.: Carmenek [Oriol] eramaten zituen bulegoaren diru kontuak, eta, noizean behin, bilera batera deitzen zigun gai bakar baten inguruan eztabaidatzeko: nola hobetu egoera ekonomikoa. Baina bilera hasi eta handik gutxira ekiten genion gizateriaren etorkizunari buruzko eztabaida bati. Eta gero korrika eta presaka ateratzen ginen handik lanera, egoera ekonomikoaz ezer erabaki gabe.

S.C.: Kontuan hartu behar da hasi ginenean bulego bakarra genuela, Bilboko Maximo Agirre kalekoa, baina 1977an lau bulego genituen: Bilbokoaz gain, Basaurin, Barakaldon eta Durangon. Eta bitxia da, baina azken hiru horiek antzeko helbidea zuten, denak zeudelako Generalisimo Franco izeneko kalean, herri desberdinetan bazen ere. Garai hartan, herri guztietan zegoen Generalisimo Franco izeneko kale bat, eta, kasualitatez, gure hiru bulegoak izen horretako kalean egokitu behar. Gure bezeroei bisita txartela emateak lotsa ere ematen zigun.

1977ko urtarrilean, ultraeskuindarrek zuen moduko bost abokatu hil zituzten Madrilen, Atochako sarraskia izenekoan. Zeuek ere pairatu zenuten erasorik.

P.I.: Batzuk bai. 1975ean, burua estalita zuten lau morroi nire bila etorri ziren etxera. Ez dut inoiz jakin ni akabatu nahian ote zebiltzan, bahitu nahian, edo zertan. Jipoitu ninduten, eta saiatu ziren ni auto batean sartzen, baina zalaparta handia sortu zen, eta azkenean ez zuten lortu. Nik argi nuen poliziak zirela. Baina bitxiena geroago etorri zen, Alfonso Dubois eta biok polizia etxera joan baikinen salaketa jartzera. Hartu gintuen polizia inozo samarra zen, eta zur eta lur gelditu zen istorioa kontatu genionean: «Eta abokatua zarela diozu? Beharbada, pozik gelditu ez den bezeroren bat izango zen?» [barre egiten du]. Metrailetak zeramatzatela esan genionean, haiek erabiltzen zituztenetako bat erakutsi zigun: «Ez ziren honen modukoak izango?». Erantzun genion baietz, oso antzekoak zirela. Azkenean, beste polizia batek deitu zion; ez genuen haien elkarrizketa entzuterik izan, baina pentsatzen dut argi azalduko ziola zertan zen afera eta alferrik ez ibiltzeko: argi zegoen erasoa egin zutenak poliziak izan zirela. Berriro itzuli zenean, handik bidali gintuen, haserre.

S.C.: Horrez gain, Agirre kaleko bulegoa metrailatu egin zuten.

P.I.: Horregatik, Atocha kalekoaren berri izan genuenean, kezkaz hartu genuen.

S.C.: Nik neuk bolada batez alde egin nuen nengoen lekutik. Horrekin dena esanda dago.

P.I.: Gobernu Zibilari babesa eskatu genion, baina okerragoa izan zen, bi polizia bidali baitzituzten bulegora. Jakina, gure bezeroak ez ziren poliziaren oso aldekoak, eta, egongelara sartu eta bi haiek ikusten zituztenean, aztoraturik gelditzen ziren. Azkenean, lortu genuen poliziek alde egitea; 1977. urtea gogorra izan zen, baina askoz gogorragoa 1975eko salbuespen egoera.

S.C.: Ados nago horrekin. Milaka lagun atxilotu zituzten, eta indar parapolizialen atentatuak, barra-barra. Eta, Pedrorena gertatu zenean, ikusi genuen arriskua benetakoa zela. Gogorra izan zen hura. Pedro oso pertsona kualifikatua zen bulegoan, baina haren kontrako erasoa izan zenean konturatu ginen edozeini gertatu ahal zitzaiola. Bestalde, ohikoa izaten zen poliziak zelatan ibiltzea bulegoaren inguruan. Ulergarria ere bazen: langileen batzorde bat bulegora etortzen zenean greba bat prestatzera, edo atxiloketak gertatzen zirenean, abokatuen bulegoa izaten zen informazioa trukatzeko gune pribilegiatua, eta hori Poliziak bazekien.

Bulego Laboralisten Estatuko Koordinakundea ere eratu zen, eta, oker ez banago, zuek zerikusi handia izan zenuten horren sorreran.

P.I.: Hala da. Tira, koordinakunde horretan katalanek zeukaten pisu handia, baina beste leku askotako bulegoekin harremanetan jartzea lortu genuen. Horren helburua zen lana koordinatzea, denok genituen arazoak aztertzea, estrategiaz eztabaidatzea, eta abar.

S.C.: Bai, baina balio praktiko handia ere izan genuen. Adibidez, lehen Pedrok aipatu duen salbuespen egoera ezarri zutenean, 1975ean, koordinakundeari esker lortu genuen hemen gertatzen ari zenaren berri ematea, errepresioaren inguruko hitzaldiak antolatzea eta erantzuna Euskal Herritik kanpora ere zabaltzea. Bilerak izan genituen Bartzelonan, Zaragozan eta beste hainbat lekutan, eta alde horretatik oso interesgarria eta baliagarria izan zen. Baina egia da antolakuntzan, bulegoen funtzionamenduan eta diru arloan katalanak gu baino askoz hobeto zeudela. Gu, aldiz, kalamitate hutsak ginen. Alde horretatik, guztiz desberdinak ginen. Katalanek jartzen zuten sen ona, eta guk, matxinada [barre egiten du].

Noiz arte iraun zuen bulegoak?

P.I.: Abokatu bulego gisa, nik uste dut duela gutxi arte funtzionatu duela, baina egia da: trantsizioaren ostean, alderdi politikoak eta sindikatuak legeztatu zirenean, egoera erabat aldatu zen, eta izateko arrazoia galdu zuen. Lan karga murrizteaz gain, zentzua izateari utzi zion. 1977-78an, jende asko joan egin zen, eta ni 1981era arte egon nintzen. Uste dut urte hartan lau lagun baino ez zirela gelditu bulegoan. Felix Cañada izan zen hortik tiratu zuena. Nik lan arloko abokatu gisa parte hartu nuen azken gatazketako bat Lemoizko zentralekoa izan zen: egunen batean idatzi beharko litzateke horren historia, badago-eta zer kontatu.

S.C.: Ni 1977ra arte egon nintzen bulegoan. Urte hartan Begoña [Zabala] eta biok Iruñera joan ginen, eta han UGTk kontratatu gintuen, lan arloko abokatuak behar zituztelako eta ez zeuzkatelako, baina handik urtebetera kaleratu egin gintuzten. Gero, administrazioan hasi nintzen lanean, erretiroa hartu dudan arte.

ORDUKOAK ETA ORAINGOAK

Berrogei urtean asko aldatu da langileen mugimendua.

S.C.: Jakina. Aldaketa batzuk onerako izan dira: adibidez, aspaldi honetan oso feminizatuta dauden sektore batzuek borroka eredugarriak izan dituzte, eta aldarrikapen feministek gero eta pisu handiagoa dute langile mugimenduan. Garai hartan, aldiz, diktaduraren kontrako borrokak dena estaltzen zuen, eta gainerako aldarrikapenak lausoturik gelditzen ziren. Sindikatuen antolakuntza maila ere handiagoa da. Arlo negatiboan, burokratizazio prozesu bat egon da, eta galdu egin dira bizitasuna eta garai hartan indarrean zegoen ordezkaritza zuzenaren aldeko hautua. Langile klasea bera ere aldatu da: langile izatearen harrotasun hori, garai batean Ezkerraldean oso agerikoa zena, ideologikoki zanpatu egin dute, prekarizazioa areagotu da, eta abar.

P.I.: Beti esaten da gauzak ezin direla alderatu. Baina alderaketak denok egiten ditugu, saihetsezina da, eta, gainera, tranpa egiten dugu garaiak alderatzean. Frankismoaren garai hartan, langileria zen egoera osoa irauli behar zuen subjektu politikoa, ohiko bide politikoak galarazita baitzeuden. Hortaz, langileen borroka bazen aldaketa politikoak eragiteko borroka ere. Dimentsio politikoa ezinbestez agertzen zen. Hori oraingo egoerarekin alderatzea ez da zilegi, baldintzak oso bestelakoak direlako: sindikatuek beste mota bateko eskaera eta beharrei egin behar diete aurre. Erradikaltasun gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina lan sindikalari ematen diote lehentasuna. Hala ere, uste dut Euskal Herrian mugimendu sindikala indartsu dagoela, eta sindikatuak ari direla oso planteamendu sakonak eta interesgarriak egiten, beste leku batzuetan baino gehiago.

S.C.: Nik uste dut 1977-78 urteetan egoera askoz irekiagoa zela, baina gero Moncloako itunak inflexio puntu bat izan ziren, eta hor sindikalismoaren bi adar desberdindu ziren: bat askoz pragmatikoagoa eta erosoagoa, eta bestea borrokalariagoa, aldarrikapenei lotuagoa eta alternatibak proposatzen dituena. Euskal Herrian oso prozesu interesgarria gertatu da: itunean oinarritutako sindikalismo horrek pisua galdu du denborarekin, eta konfrontazioan oinarritutakoa indartu egin da. Beste leku batzuetan ez da horrelakorik gertatu.

ESPAINIAKO JUSTIZIAREN AJEAK

Zuek abokatu bulegoan lan egin zenuten garaian, diktadura batetik eratorritako justizia sistema bati egin behar izan zenioten aurre, horrek dakarren guztiarekin. Orain, egoera oso bestelakoa da, eta, berez, sistema demokratiko batek eskaintzen dituen berme guztiak ditu Espainiako Justiziak. Baina, paradoxikoki, eta azken bolada honetan plazaratutako zenbait auzi eta ebazpen direla medio, Espainiako Justiziak inoizko osperik txarrena du, baita nazioartean ere. Nola ikusten duzue afera?

P.I.: Nik Espainiako epaileez hitz egin behar badut, nahiago dut nire abokatua aurrean dagoela egin [barre egiten du].

S.C.: Justizia aparatua frankismoaren zutabeetako bat izan zen. Eta pakete hori oso-osorik pasatu zen frankismotik. TOP Ordena Publikoko Auzitegiko kideetatik zazpi Auzitegi Nazionalera edo Gorenera pasatu ziren, eta besteak Probintzia Auzitegietako buru jarri zituzten. Horrek orain arte iraun du, eta botereguneak, inertziak eta sareak sortu ditu. Horren adibidea da Espainiako Auzitegi Gorenak duela gutxi aho batez onartutako idazkia, non Franco estatuburutzat jotzen den 1936ko urriaren 1etik, hau da, kolpea eman eta hiru hilabetera. Orduan, Manuel Azaña zen presidente legitimoa, eta Francok zeukan legitimazio bakarra zen militar kriminal batzuek hautatu zutela. Orain, Gorenak zilegitasun hori ematen dio. Eta berriro diot: aho batez hartutako erabakia izan da

P.I.: Kataluniako prozesuaren buruzagien kontrako epaiketan ere ikusi dugu hori. Sekulako astakeria da, baina hor ez da botere judiziala soilik aritzen: atzetik badago botere eragilearen bultzada politikoa. Zoritxarrez, uste dut zigorrak oso handiak izango direla auzi horretan. Bitxia da: arlo judizialetik, estatu kolpetzat jotzen dute Katalunian gertatutakoa, eta, aldi berean, benetako estatu kolpe bati zilegitasuna ematen diote, Sabinok aipatu duen moduan.

S.C.: Eta Gorenetik Auzitegi Nazionalera jauzi eginez, Altsasuko auzian ikusi dugu arauaren bihurritze maltzur eta lotsagarri bat: auzia ohiko epaitegian dagoenean, Iruñekoan, fiskalak terrorismoa leporatzen die akusatuei. Hortaz, Auzitegi Nazionalean egiten da epaiketa. Epaia ateratzen denean, ebazten da hori ez dela terrorismoa, baina jokaldiak lortu du auzia Madrilera eramatea eta ez zegokion legeria aplikatzea. Lotsagarria da, eta okerrena da normaltasunez onartzen dela.

Iruñeko bortxaketaren epaia dela-eta, aldiz, aditu batzuek esan dute epai horrek «berradiskidetu» egin dituela herritarrak justiziarekin.

S.C.: Begien bistakoa izan da mugimendu feministak eta ehunka mila emakumeren mobilizazioak tente jarri dituela epaileak. Hori aitortu egin behar da. Baina, aldi berean, gogoratu behar da Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak «jendailatzat» jo zituela mobilizazio horietan kalera jo zutenak.

P.I.: Sabinok dioen moduan, justiziaren kasuan paketea osorik pasatu zen frankismotik. Baina, gainera, pakete hori erabat kontrolik gabekoa da. Beraiek aukeratzen dituzte justiziaren agintaritzan egongo direnak; lagunen artean ebazten dute guztia, eta ez dago kontrol demokratikorik. Ez diote inori azalpenik eman behar, beheko inork ez dituelako aukeratzen.

Sabino, zuk parte hartzen duzu Sanferminak 78 Gogoan plataforman, eta, orduko gertaerak gogora ekartzeaz aparte, zenbait auzibide abian jarri dituzue Argentinako kereilan parte hartzeko. Auzi horretan ere agerian geratu dira Espainiako justiziaren gabeziak?

S.C.: Egia esateko, balantzea oso positiboa da, azken bi urteotan arlo guztietan urratsak egin direlako. Alde batetik, sentsibilizazio sozialari dagokionez, 40. urteurrenak balio izan du inoiz iritsi ez garen lekuetara iristeko, eta milaka pertsonak jaso dute modu zuzenean orduan gertatutakoaren berri. Bestalde, arlo instituzionalean, urrats handiak egin dira Iruñeko Udalean eta Nafarroako Parlamentuan, biktimei aitortza eginez ekitaldi ofizialetan, Egiaren Batzordea sortuz eta abar.

Eta arlo judizialean?

S.C.: Horri dagokionez, duela gutxi etorri gara Argentinatik, eta lortu dugu auzia Argentinako kereilan sartzea. Maria Romilda Servini epaileak eta fiskalak egin diguten harrera oso zuzena izan da, eta, lehenengo aldiz berrogei urtean, biktimek epaitegi batean eman ahal izan dituzte azalpenak, horretarako ozeanoa zeharkatu behar izan dugun arren. Orain, gure helburua da sanferminetako gertaerak sartzea [Espainiako Barne ministro ohi] Rodolfo Martin Villaren kontrako auzipetzean, irailaren 9an egin behar duen deklarazioari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.