Ahomentan

EZKER, EZ EZKOR

Ezkerretik eta ezkerreko norabidera begiratzera ohituta daude Landa eta Bikila, urte luzeak eman baitituzte biek ala biek lanean esparru politiko horretan, nor bere ikuspegitik, elkarrekin batzuetan eta antolakunde desberdinetan sarritan. Iragana gogoan, ezkerraren oraina eta etorkizuna izan dute eztabaidagai, eta bat etorri dira «ezkerraren birfundazioaren» beharraz.

Joxe Iriarte Bikila eta Karmelo Landa, joan den astean, Andoainen, BERRIAren egoitzan, aspaldiko eta oraingo pinak elastiko batean paratzen. ARGAZKIAK: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Andoain
2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Lanari ekin diote Karmelo Landak eta Joxe Iriarte Bikila-k, elkarrizketa egiteko hitzartutako lekura iritsi eta berehala —BERRIAk Andoainen (Gipuzkoa) duen egoitza—. Etxetik ekarritako txapak eta pinak elastiko beltz batean jartzen hasi dira: azken urteetan bi-biak kide izan direnalderdi, erakunde eta antolakundeetako ikurrak, alegia. Batzuk zahar-zaharrak dira; esaterako, Bikilak ekarritako LKIren txapa borobila, eskuz egindakoa. Beste batzuk berriak dira; EH Bilduren pina, adibidez —biak ala biak dira orain koalizio horretako kide—. Euskal ezkerraren eta herri mugimenduen azken urteetako historia laburbil daiteke ikur haien bidez: hamaika borroka, hamaika eztabaida, ilusioak eta zaputzaldiak, garaipenak eta porrotak. Landak eta Iriartek eskarmentu luzea dute horretan, aspaldi ekin baitzioten errealitatea eraldatzeko eta eraldatzearen inguruan gogoeta egiteko langintzari; nork bere hautu politikotik ekin ere, baina ezker hegaletik betiere.

Ezkerraz hausnartu eta eztabaidatzeko bildu ditu BERRIAk Landa eta Bikila, zenbaitek iraganeko kontutzat edo gainditutako kontzeptutzat jotzen duten horretaz. Ezkerraren balioaz, eta XXI. mendean izan beharko lituzkeen ezaugarriez.

JOXE IRIARTE 'BIKILA'. Ezkerkontzeptua Frantziako Iraultzan sortu zenean, lekuari egin zion erreferentzia, Nazio Batzarrean ezkerrekoak leku batean esertzen zirelako, eta eskuinekoak beste batean. Baina hori baino garrantzitsuagoa da ezkerraren ezaugarri izan den hirukoa: berdintasuna, askatasuna eta senidetasuna. Nire ustez, hiru kontzeptu horiek indarrean jarraitzen dute, baina balio berriak ere agertu dira: naturarekiko begirunea, emakumeen borroka, nazio izaera eta abar. Dena dela, ezkerrean aniztasun handia dago. Ez dago ezker bakarra. Hasiera-hasieratik, ezker erreformistaren eta ezker iraultzailearen arteko lehenengo zatiketa agertu zen, helburuak lortzeko bideei buruzko desberdintasunengatik. Nazio arazoaren inguruan ere oso bi kontzepzio desberdin agertu zirenezkerraren barruan. Eta, hirugarrenik, estatuaren eta boterearen inguruan ere desberdintasunak agertu ziren. Horrek guztiak gure herrian ere izan du eragina: garai batean, ezkerrekoa bazinen ez zeneukan abertzale izaterik, eta alderantziz.

KARMELO LANDA. Langile klasearen eta zapalduen aldeko jarrera irmoa agertzen duen mugimendu ideologiko, politiko eta soziala da ezkerra, gizartea eta mundua bera bestelako oinarrietan antolatzeko joera duena. Baina fenomeno historikoa ere bada, eta nik esango nuke azken garaiotan ezkerra berritzen ari dela, orain zapalkuntza batzuk lehen mailara datozelako. Beti egon dira hor, baina, orain, horien inguruko kontzientzia kolektiboa sendoagoa da. Borroka feminista da nabarmenena; seguru asko, gaur egun egin daitekeen iraultzarik eraginkorrenetako bat.

Ezkerrak beti izan du gizartearen alderdi baten ordezkaritza, langile klasearena eta zapalduena. Baina, hipotesi moduan, nik esango nuke orain ezkerrak unibertsala izan behar duela. Mundua bera dago arriskuan, eta, horri aurre egiteko, ezkerrak gizateria osoaren ordezkaritza hartu beharko lukeelakoan nago; are gehiago, bizidunen eta Lurraren ordezkaritza hartu beharko luke. Ezkerrak ezin du lan sindikala egin, ezin da mugatu zapalduen tokia aldarrikatzera; gizateria osoaren aldarria egin behar du.

Alde horretatik, ez dut uste, batzuek dioten moduan, ezkerraren eta eskuinaren arteko dikotomia hori gaindituta dagoenik. Zapalkuntzari eta dominazio sistemei aurre egiteko batak eta besteak hartzen duten jarreran ikusten da hori. Hori da ardatza.

BIKILA. Arazoa da gaur egun ezkertzat hartzen diren zenbait alderdi mugatzen direla kapitalismoaren gestiora. Boterean txandakatze bat egoten da ezker horren eta eskuinaren artean, ezer aldatu gabe, eta, horregatik,jende askoren begietara, ezker-eskuin diferentzia horrek zentzua galtzen du, gauza bera dela ikusten baitu. Horretan, nire ustez, Podemosek asmatu egin du, jakin duelako jendeak erraz ulertzeko moduko kontzeptu batzuk plazaratzen: kasta, politika berria eta politika zaharra, goikoak eta behekoak, eta abar.

Edozein modutan, nik uste dut ezkerraren egitasmoak gauzatzea inoiz baino premiazkoagoa dela. Rosa Luxemburgek zioen «sozialismoa edo basakeria» hark inoiz baino gaurkotasun handiagoa du, kapitalismoak dena emanda diharduelako, munduaren baliabideak suntsituz eta klima aldaketa ere muturreraino eramanez. Paradoxikoa da, baina kapitalismoa erreformen bidez aldatu nahi zutenek gaur egun ez dute ezer aldatu nahi, liberalismoan peto-peto sarturik dabiltza, eta iraultzaileok sustatzen dituguerreformak, jakinik erreformarik txikiena lortzeko ere latz egin behar dela borroka. Gainera, badakigu erreformak ez direla nahikoa, une honetara iritsita produkzio sistemaren goitik beherako aldaketa behar dugula, edo, bestela, gureak egin du.

LANDA. Oso interesgarria da esan duzun hori. Egia da sozialdemokrazia neoliberalismoan integratu dela erabat eta erreformak egitea ia iraultzaile bilakatu dela, edo, behintzat, mundua sakon aldatu nahi dugunon helburu. Nik beste osagai batzuk erantsiko nizkioke XXI. mendean ezkerra izan behar duen horri. Batetik, giza eskubideen defentsa: eskuin liberalak beti aldarrikatzen du beraiek asmatu zutela kontzeptu hori, baina, gaur egun, giza eskubideak ezkerraren ikur izango dira edo ez dira izango, eskuinak, alboratu ez ezik, eraso ere egiten dielako. Eta beste kontzeptu bat: ardura soziala. Kapitalismoak asko hedatu du egoismoaren ideologia, eta, horren inguruan, ezkerrak landu eta garatu behar du norberaren jokabidearen ardura soziala.

BIKILA. Horretan arrazoi duzu. Eskuinak beti esaten du pertsona hartzen duela helburu, baina pertsona bere bakardadean, eta egia da ezkerrak garai batean ez zuela hori ondo garatu. Pertsona defendatu behar da, baina hori ezin da modu bakartuan hartu. Eskubide sozialak ere benetako eskubideak dira. Jaurlaritzak dio ugazabaren eta langileen arteko harremanak «enpresa barruko harreman partikularrak» direla. Gezurra! Bestetik, gaizki ulertutako indibidualismo horren ondorioz, gizartean sekulako gelditzea gertatzen ari da. Abesbatza bati bizirik iraunarazteko ere lanak daude, jendeak ez duelako konpromisorik hartu nahi; zer esanik ez alderdi politikoetan edo sindikatuetan. Zorionez, badago jende gaztea antolatzeko modu berriakbilatzen dituena, guk erabiltzen genituenekin alderatuta oso desberdinak: Gipuzkoa Zutik, esaterako.

LANDA.Ardura soziala aipatu dut lehen. Ardura soziala eta konpromisoa herritar guztioi eskatu behar zaizkigu, baina modu berezian, ene ustean, prestakuntza eta lan berezia dutenei; hau da, unibertsitateko irakasleei, juristei, ekonomialariei, zientzialariei, eta abarri. Ezin dira, gaur sarritan egiten duten legez, epailearen posizioan gelditu, arazoei jarrera sasi-neutro eta ez lerratu batetik begira. Eta, are gutxiago, botere dominatzaileen zerbitzura jokatu, zenbait politologok, komunikatzailek eta enparauk egin ohi duten eran. Ez naiz ari lerratze politiko alderdikoia eskatzeaz, baizik eta gizarte honen aldaketaren behar sakonei erantzuteko eta gaur egungo krisi global eta dimentsio anitzeko honetatikirten ahal izateko bideak modu egokian lantzeaz.

Asko hitz egin eta idatzi da ezkerraren krisiaz. Begien bistakoa da egun Europako ezker politikoa nora ezean dabilela eta ezintasun nabarmenak dituela benetako aldaketak eragiteko, Grezian eta Espainian gertatutakoa lekuko. Zer egin behar du ezkerrak bere mezu eta proposamenak berriztatzeko etasakoneko aldaketei ateak irekitzeko?

BIKILA. Ezkerra krisian dago, horretaz ez dago dudarik, eta ezin dugu inolaz ere zuritu. Baina ez da beti horrela izan: XX. mendearen zatirik handienean, ezkerra gora zetorren. Ezkerrak ahal zuen, bazuen egoera aldatzeko gaitasuna. Kontrairaultza neoliberalak buelta eman zion horri.

LANDA. Hori egia da, baina nik uste dut momentu honetan ezkerrak burua altxa dezakeela. Horretarako, ezkerrak bere jarrera ideologiko eta politiko propioa garatu behar du, eta gaur egun ez dauka. Nire ustez, Europan ezkerrak zenbait loturatatik askatu behar du bere burua. Alde batetik, kontziente izan behar dugu inperialismoaren geruzaren babespean bizi garela. Europako Batasuna gerra kapitalismoaren ordezkaria da, gerrak egiten ari da, eta lapurreta globalaren partaidea da. Geu ere irabaziak ateratzen ari gara hortik, lehen munduan bizi den gizarte pribilegiatuaren partaide gara, eta horren kontra altxatu behar dugu. Bigarrenik, estatuekiko lotura dago: non gelditu da errepublikanismoa, herritarren erabakitzeko eskubidea eta ahalmena onartzea? Orain, ezkerraren zati batek sakratutzat jotzen du dagoen estatua: ezker tradizionalak; eta bere burua berritzat aurkezten duen ezkerrak ere bai. Podemosek ia sakratutzat jotzen du estatua, eta badirudi hori ezin dela ukitu. Zergatik salbatu behar du ezkerrak Espainiako Estatua? Hirugarrenik, Slavoj Zizek-ek dioen moduan, ezkerrak berreskuratu behar du mundua gidatzeko ausardia. Baina, horretarako, bere helburuak berritu eta antolamendu politiko berriak asmatu behar ditu. Oraindik, iraganeko antolamenduen menpe bizi gara: herria antolatzeko eta herria partaide aktibo izateko sistema berriak asmatu behar ditugu, demokrazia formal honi ez baitzaio horrelakorik interesatzen.

BIKILA. Ezkerrak bere burua birfundatu behar du. Ni, orain, Alternatiban nabil, eta aspaldi ekin genion horrelako prozesu bati; egia da talde txikia izanik errazagoa dela. Sortu ere orain horretan dabil, eta horrek ekarri beharko luke EH Bilduren birfundatzea, eta, oro har, ezkerrarena.

Jakin badakigu boterearen esparruan sartzeak asimilatuta izateko arriskua dakarrela. Horri aurre egiteko, ezkerrak bere defentsak sortu behar ditu. Horrek esan nahi du ezin dugula hauteskundeetan parte hartu? Ez. Talde politiko batek gauza izan behar du burgesiaren instituzioetan parte hartzeko asimilatua izan gabe; baina botoak lortzearren bere egitasmo politikoa desitxuratzen badu, jai dauka.

Nik Podemosi bertute asko topatzen dizkiot, baina uste dut bakarrik hauteskundeetarako makineria hutsa izaten ari dela. Iñigo Errejonek, esaterako, «hauteskundeetarako gerra makina» gisa definitu zuen Podemos. Jakina, helburu bakarra hauteskundeak irabaztea baldin bada, zirkuluak-eta bigarren mailan gelditzen dira. Niri, esaterako, oso harrigarria egin zait ikustea [Espainiako] gobernua osatzeko tirabira horretan dena mugatu dela boxeolarien arteko esparru horretara eta Podemosek ez duela bere jendea mobilizatu kalean.

LANDA. Ezkerrak ezin da mugatu lekukotza ematera. Injustiziak salatzen ditu, bai, baina ez da ausartzen alternatibak planteatzen eta, batez ere, alternatiba horiek botere guneetara eramaten. Mundu berri bat posible da guk posible egiten badugu, eta, horretarako, adibidez, ezkerrak nazioarteko erakunde propioak behar ditu, garai batean izan zituen bezala.

BIKILA. Guztiz bat nator, eta, gainera, nik horretaz badut eskarmentua, dakizun moduan LKI IV. Internazionaleko kide zelako eta internazionalismoa oso garatua egon delako beti gure tradizio politikoan. Alde horretatik, Europako ezkerrak badu zer hobetu. Adibidez, Europako Batasunak Greziari xantaia egin zionean, Europako ezkerrak ez zuen behar bezala erreakzionatu. Ondoren Syrizak egin duena sekulako hondamendia iruditzen zait, baina onartu behar dugu une erabakigarria iritsi zenean bakarrik utzi genituela. Beste paradoxa bat dago hor: kapitalismoa inoiz baino nazioartekoagoa da, eta ezkerra, berriz, bere zuloan inoiz baino sartuago dago.

Nazio arazoa eta arazo soziala «txanponaren bi aldeak» ei dira, aspaldi asmatutako esamoldearekin adierazita. Seguru asko, Euskal Herriko ezkertiar askok bat egingo luke baieztapen horrekin. Baina eguneroko jardueran lehentasunak ezarri behar direnean, gauzak ez daude hain argi. Orain, euren burua ezkerrekotzat jotzen duten sektore batzuek, Espainian batez ere, argi adierazten dute euren aburuz ezinezkoa dela «nazionalista» eta ezkerrekoa izatea, duela berrogei urte bezala. Horrek erakusten du oraindik hor dirauela oraindik batzuek gainditutzat ematen zuten eztabaidak.

BIKILA. Nazio arazoaren inguruan tranpa intelektual ikaragarria egiten da. Nik aspaldi idatzi nuen ¿Los obreros tienen patria? liburuxka (Langileek aberririk ba al dute?, 1991); garai hartan EMK-n eta LKIn egiten ari zen eztabaidarako ekarpen gisa. Nola ez du izango garrantzia nazio arazoak? Nik, langile gisa, badut klase ikuspegia, baina emakumeak edo transexualak ere baditu bere izaerari dagozkion ikuskera eta ezaugarriak. Eta euskaldunak ere bai, noski.

Zutik-en desegitean zerikusi handia izan zuen gai horrek. Batzarrek eragin handia zuen Zutik-en sektore batean, eta horrek eraman zuen hasieran gogoeta batzuk egitera, eta geroago dena zalantzan jartzera, autodeterminazio eskubidea barne. Zutik desegin ondoren, taldetxo bat gelditu ginen, Gorripidea izenekoa, eta nora joan eztabaidatzen hasi ginen; nik EH Bildurekin bat egiteko aukera jarri nuen mahai gainean, eta batzuek ez zuten argi ikusten mugimendu politiko handi batean sartzea, hauteskunde kontuetan endredatzea eta abar, eta gizarte mugimenduetan aritzea proposatzen zuten. Baina, bat-batean, Ahal Dugu sortu zen, eta haiek guztiak hara joan ziren. Zergatik? Ahal Dugu-k EH Bilduk baino joera handiagoa duelako gizarte mugimenduetarako? Ez; [Espainiako] estatu mailako aukera delako. Jende zintzoa da, ez dut ukatzen, eta autodeterminazioaren alde daude, baina haien ikuspegia estatu mailakoa da. Pentsa, haietako batzuek esaten zuten EH Bildu sozialdemokraziara lerratzen ari zela, eta orain Ahal Dugu-n daude.

Espainian, Podemosekoek diote espainiar abertzaletasun berri bat sortu nahi dutela; uste dut nahiko zail dutela, baina, tira, bejondeiela. Baina Nafarroako Ahal Dugu-ko buruari galdetzen diote zein den EH Bildurekin duten desberdintasun nagusia, eta erantzuten du EH Bildukoak abertzaleak direla eta eurak ez. Errejonek, ordea, argi dio arazo soziala ez dela zerbait etereoa, instituzioetan gauzatzen dela, eta horrek autogobernua esan nahi du. Arlo sozialari lehentasuna ematen diotela esaten dute, baina arlo sozial hori Espainian kokatzen dute.

LANDA. Ni Erresuma Batuaren menpe dagoen Irlandatik etorri berri naiz, eta, han, brexit-aren inguruko eztabaida puri-purian zegoen. Erresuma Batua estatu bat da, eta haren erabakiak lotzen ditu barruan dauden guztiak. Irlandako iparraldea eta Eskozia ez datoz bat erabaki horrekin, baina inposatu egin zaie. Dominazio sistemez hitz egin dugu lehen, eta guk bi dominazio sistema oso zehatz ditugu gainean: Europako Batasuna eta [Espainiako eta Frantziako] estatuak. Dominazio sistema dira, neurri handi batean, onartu egiten ditugulako, eta ezkerraren atal batek esparru natural gisa onartzen dituelako. Ezkerrari dagokio dominazio sistema hori zalantzan jartzea eta iraultzea. Ezker horrek estatuarekin duen zilbor hestea moztu egin behar du.

Estatugintza da ezkerraren egitekoetako bat, azken finean egoera aldatu ahal izatea botere kontua delako. Baina beste estatu mota bat eraiki behar da, demokratikoagoa eta parte hartzaileagoa. Azken hauteskundeetako emaitzek erakutsi dute hori Espainian gertatzeko aukerak hutsaren hurrengoak direla. Horregatik, orain arte jokabide estatalista izan duen ezkerraren zati hori erakarri egin behar da. Estatua eremu sakratutzat jo duen ezker horri esan behar diogu: «Han ez da posible, hemen bai». Horretarako, jakina, ezker abertzaleak ere badu zer zuzendu: bere burua zabaldu behar du, eta portaera itxiak eta goitik beherakoak baztertu.

BIKILA. Kataluniako En Comu Podem-ek bere hauteskunde programan adierazten du Espainiako Estatu osoan «prozesu konstituziogileak» zabaldu behar direla «nazionalitate historikoen subiranotasun eta askotariko formulazioak» errespetatuz eta elkarren arteko «menpekotasun»egoerarik gabe. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k [Eusko Legebiltzarrerako] hurrengo hauteskundeetan gehiengoa lortuko bagenu, horrelako prozesu bat bultzatzeko gai ginateke? Nire uste apalean, horrela izan beharko luke.

LANDA. Ezkerraz eta nazioaz ari garela, nik uste dut badagoela kontu bat batzuk ezkutatzen saiatzen direna baina ezkutaezina dena: Espainiako Estatua erabili dela eta, gaur egun ere, erabiltzen dela dominazio sistema moduan nazio espainiarra inposatzeko.Oraindik ere, Espainiak ez du beste naziorik onartzen, eta naziotasun espainiarra inposatzen du. Dominazio sistema da, eta ez edozelakoa, gainera: egunotan agertu da berriro torturaren eskandalua. Horrelakoxe bideak erabiltzen ditu dominazio sistema batek.

Guk ere behar dugu estatua, noski, baina, nolako estatua? Dominazio sistema barik, transformazio sistema izan behar da gurea. Euskaldunok ikasi behar dugu estatu berri horretan gure nortasuna bermatzen eta, aldi berean, elkarbizitza antolatzen modudemokratikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.