Ahomentan

BIDEGURUTZE HERDOILDUAK

Urte eta erdi inguru da Ainhoa Etxaidek LABeko idazkaritza nagusia utzi zuela. Zertxobait gehiago darama Angel Toñak Jaurlaritzako Enplegu sailburutzatik urrun. Bidegurutzetan egin dute topo biek azken urteotan, eta gertuko iraganaren hauspoarekin joan da solasaldi hau aurrera, aitormen txikien bidezidorretatik.

JUNE PRIETO / FOKU.
xabier martin
Ondarroa
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Portuaren jarduera biziari izkin eginez, aurrera doaz bi solaskideak, adeitsu eta eroso. Ondarroako eguerdiko bero saparen azpian ez da nolanahikoa izerditzen hasteko mehatxua. Portuaren burdina gastatuaren bila daramatza argazkilariak, herdoil kolorearen bila. Ondo emango duelakoan dago enplegu sailburu ohi bat eta LABeko idazkari nagusi ohi bat elkarrekin islatuko dituzten argazkietan.

Baina ez da erraza garabi zaharreko arranpara iristea. Etxean baitago Angel Toña (Ondarroa, 1952), eta han eta hemen geratzen baita lagunak agurtzen eta arrain freskoa aztertzen. Itsaskabra bat hartu du begietatik, haren edertasuna behatzeko. «Gorri bat ikusten duen aldiro, hatzak sartzen dizkio begietan»; Ainhoa Etxaidek (Hondarribia, 1972) ondo hartu du, umorez. Ez dira ageri iragan gertuko aurkakotasun ofizialak utz zitzakeen zauriak. Aitzitik, kimika nabari da, eta ez da sortu berria.

Noiz ikusi zenuten elkar azken aldiz?

TOÑA: Gobernu garaiko bileraren batean izango zen...

ETXAIDE: Ez. Ostean, behin ikusi genuen kalean, orain urtebete baino gehiago, eta kafe bat hartu genuen.

T.: Bai, arrazoia, eta Tomas Arrieta ere han zen [Lan Harremanen Kontseiluko presidentea].

Eta noiz azkena, bakoitza bere karguan zela?

T.: LABen egoitzara joan nintzenetako batean, uste dut. Ez zen bilera publikoa izan. Pare bat ordu egon ginen hizketan.

E.: Horrela esanda, ematen du ezkutatzen-edo ari ginela, eta ez. Lasai hitz egin nahi genuen, besterik gabe.

Zertaz hitz egin zenuten?

T.: Ainhoari azaldu nahi nion gauzak, batzuetan, ez direla izaten nahi dugun bezala, ahal dugun bezala baizik.

E.: Txantxetan ari da...

Lan istripuak

Leihotik begiratuz gero, 2016ko martxoan bi langile hil ziren izotz fabrika ikus daiteke, portuan. Nola gogoratzen duzu bi herrikide zendutako lan istripu hura, Angel?

TOÑA: Lehendakariak deitu zidan Ondarroan lan istripua egon zela esateko, eta mesedez joateko. Izugarria izan zen, haren aurretik luiziaren harira San Ignazio kaleko etxeen hustea gertatu baitzen, gainera.

«Hemen denok ezagutzen dugu elkar. Portua herriaren bizitza da, eta, hura barik, ez gara inor, ezta ni ere gorbatarekin ibili arren». Zuk esana da Ondarroako portuan, istripuaren egunean.

T.: Zerbait ezagutzen nituen, bai. Gorbatarena... tira, lehen aldiz agertu nintzen Ondarroako portura gorbataz, eta horixe bota nuen. Ordezkari instituzional gisa nengoela azpimarratu nuen, ez ondarroar gisa. Samina hor zegoen, noski.

Santa Clara izotz fabrikan hildako beharginetako bat LABeko ordezkaria zen, Ainhoa.

ETXAIDE: Bai, ondo gogoratzen dut.

«Eredu jakin baten emaitza ankerra da istripu hau; eragotz zitekeen», esan zenuten.

E.: Behargin bat hiltzen den bakoitzean barrenak mugitzen zaizkigu, eta, gure ordezkaria zenez, beharbada gehiago mugitu ziren. Haserrea, frustrazioa eta amorrua gordetzen dira hitz horien artean. Aurretik salaketa batzuk egin zituzten, arriskua zegoela esanez. Lan istripuak banan-banan aztertuz gero, ohartzen gara aldagai batzuk ia beti agertzen direla behin eta berriz.

Botere instituzionalaren mekanismoak barrutik ezagutu dituzu, Angel. Jaurlaritza ez da gai «eredu jakin» hori aldatzeko? Edo ez du nahi?

T.: Ez da galdera erraza. [Isilik geratu da segundo batzuetan]. Gobernuak egiten du egiten duena. Fronte asko dauzka, hori argi dago. Osalanek bere lana egiten du, baina sentsibilitatea badago? Estatistikaren gorabeheran ibiltzen dira gobernuak. Urtetik urtera istripuak jaitsi edo igotzen diren da kontua. Harago joatea zaila da. Planak egiten dira, baina lan istripuak gertatuko dira aurrerantzean ere. Inspektoreek zerbait egiten dute salaketa jakinak datozenean, batzorde batek bandera altxatzen duenean arrisku bati buruz ohartarazteko. Prekaritateak lan istripuak bultzatzen dituela? Badakigu, baina hori askoren erantzukizuna da.

Corellan bi behargin hil berri dira beharrean, Ainhoa. Zaharrak berri. Dena da «eredu jakin» baten ondorio?

E.: Tituluak ez du dena azaltzen, noski. Lan istripuetan, gehienetan, berberak izaten dira baldintza batzuk. Lan karga jakinak, langileen ibilbide laburrak, eta abar. Egia da soilik Osalanek egiten ez duena salatuz ez dela soluziorik aurkituko. Guztion artean ez badugu zehazten zer egin behar den, ez da aldaketa sakonik egongo. Eredua goitik alda dezakete, edo behetik aldatzen saia gaitezke. Nork dauzka tresnak eta ahalmena, goitik edo behetik, egoera iraultzeko; hori da gakoa.

T.: Laneko kulturak eta hezkuntzak ere bere garrantzia dute. Betidanik ibili naiz bizikletan ni. 80ko hamarkadan ez nuen kaskoa jartzen, harik eta seme txikiak jartzeko eskatu zidan arte. Orain, ez zait burutik pasatu ere egiten kaskorik gabe ateratzea.

Langileen erantzukizuna dira istripuak?

T.: Langileena eta enpresariena. Enpresariak bitartekoak jarri behar dituzte, eta langileek segurtasun kultura barneratu.

E.: Neurri asko behar dira lan istripuak eragozteko, baina batzuk besteak baino erabakigarriagoak dira. Enpresa handietan hitzarmen kolektiboaren emaitza dira segurtasunerako baldintzak. Haiek gabe zer indar dauka langile batek presioei erantzuteko, eta bero kolpe batez ez hiltzeko kamoi bat deskargatzen ari dela?

Izendatze istilutsua

Ezin da esan Jaurlaritzara isilean iritsi zinela, Angel. Berehala filtratu zuten konkurtso kudeatzaile gisa aritzeko inhabilitazio zigorra ezarri zizutela. Ez al zuen jo une horretan alarma batek zure buruan?

TOÑA: Goizeko sei eta erdietan lehendakariaren whatsapp bat jaso nuen. Ordu eta erdi joan zen hura irakurri arte. Ni lasai bizi nintzen, beste modu batera. Orduantxe deitu zidan, ea ez ote nuen irakurri bere mezua. Ajuria Enera joan nintzen, eta iristerako jabetu nintzen egoeraz. Legegintzaldiko egun txarrena izan zen Urkullurentzat, seguru.

Ez al zuen hark aurretik zure zigorraren berri?

T.: Ez nuen uste esan behar nionik; ez nuen uste hori inork aterako zuenik. Josu Erkorekari eta Urkulluri berari azaldu nien gertatua. Konkurtso kudeatzaile gisa, sindikatuak nire bila etortzen ziren garai hartan. 40 konkurtsotan aritu naiz, eta denetik ikusi dut; bada, kasu horretan, langileen soldatak lehenetsi nituen, pentsatuz Gizarte Segurantzari ere ordainduko zitzaiola gero, eta salaketa bat ipini zidaten. Ez dut damurik, baina orain ezin izango nuke egin, legea aldatu delako.

Ainhoa, zer pentsatu zenuen Juan Mari Aburtoren eserlekua Angel Toñak hartuko zuela jakitean? Eta filtrazioa ikusitakoan?

ETXAIDE: Sindikatuan bagenekien lan gatazketan pertsona ezaguna zela; baina gu oso eszeptikoak ginen, eta gara, sail bakar batek egin dezakeenaren inguruan. 'Hau badator sindikatuei amarruren bat jartzera', pentsatu genuen, sindikalismoa ongi ezagutzen baitzuen. Gurean ere askok ondo hartu zuten Toña izendatzea, ez delako gauza bera telefonoa hartuko dizun norbait egotea beste aldean. Filtrazioarena? Gu gelditzen saiatu ginen. Ez genuen ikusten ongi; alderantziz, hankasartze bat zela aurreikusi genuen. Kritika politikoa egin behar da, noski, baina filtrazio hori askorik pentsatu gabe egin zen. Gure langileei kalte egin ziezaiekeen, Toñaren konkurtsoko akordioa zapuztu zezakeelako. Urkulluk egun txarra pasatu zuela? Ba, oso ondo; langileak ziren gure kezka, eta horregatik atera ginen konplexu gutxirekin Toñaren alde.

Oraindik haserre?

E.: Ez, baina izugarria da epe motzerako kritika politikoa gailentzea orduko egoerari. Erregulazio pila bat zegoen, milaka langile kaleratuak; hura drama hutsa zen. Guk konkurtsoak aurrera ateratzea nahi genuen, lehen-lehenik. Azkenean, bideratu zen, eskerrak; egia da sindikatuak bat etorri ginela Angel babesten. Sailburu bakarrak lortu du hori.

Badakizu nork filtratu zuen, Angel?

T.: Bai, baina lehenik gauza bat esan nahi dut. Langileen alde jokatu nuen, beti bezala, eta tituluak haien aurka ari nintzela zioen. Sinestezina egin zitzaidan.

Zer dakizu filtrazioaz?

T.: Dani Maeztuk filtratu zuen, legebiltzarkideaz gain, Durangoko Aralarko zinegotzia ere bazelako. Hark jaso zuen informazioa. Gerora hitz egin dugu horri buruz modu lasaian. Egun bat gehiago itxaron izan balu, ez zuen egingo, seguruenera; are gutxiago, sindikatuekin hitz egin ondoren.

Euskal presoak

Horrekin gutxi ez, eta Aitzol Etxaburu euskal presoarena ere filtratu zuten gero. Hari bisitak egiten dizkiozula bazekien, ordea, Urkullu lehendakariak.

TOÑA.: Berehala kontatu nion bisiten kontua, deitu zidanean.

Nola hartu zenuen zuk, Ainhoa, sailburu baten kontra ere kriminalizazioaren makina martxan jartzen zela ikustea.

ETXAIDE: Ez nuen ulertzen zergatik egiten zuten Enplegu sailburuaren aurka hainbeste. Eta presoen auziari begira, ez zen Angel atakan zegoena, gobernua bera baizik. Presoak bisitatzea arazo politiko bat dela onartzen baduzu, non eta Euskal Herrian...

T.: Ondarroa osoak zekien hori eta; hemen denok ezagutzen dugu elkar. Ezker abertzaleak ere bazekien, noski.

Nork filtratu zuen?

T.: Gobernua ez zen oso urrun ibiliko, beharbada.

E.: Arazoa gainetik kentzeko, lehenbailehen?

T.: Bai. Nahita zabalduko zen, igual; Deia-n izan zen.

E.: Leherketa kontrolatua izan zen, orduan?

T.: Itxura hori hartzen diot. Okerrago atera beharrean, aurretik ateratzea lortu zen, eta nola atera aukeratuz.

Elkarrizketa hau ez da beste egun batean egin, biek ala biek presoak bisitatzeko eguna eta ordua zenituztelako. Nora joan zara, Ainhoa?

E.: Villenara, Alacantera.

Noiz arte hain urrunera joan behar izatea? Casado eta Rivera azaldu dira orain, esanez ez dutela onartuko gerturatzerik. Ez al da etsigarria?

E.: Agenda politikoan sartu da berriro gaia, eta gerturatzea da kontua, ez urruntzeari eustea, nahiz eta badiren horren alde azaltzen direnak ere. Etsia egotea oso txarra da, baina egia da oso tamalgarria dela hau guztia.

Etxaburu Mont-de-Marsanera gerturatu dute, Angel. Nola hartu duzue?

T.: Azken aldiz, Clairvaixen ikusi dut, eta aurki goaz Mont de Marsanera. Ia mila kilometro kendu ditugu, baina bisitaldiak asko murriztu zaizkigu, zortzi ordutik ordu eta erdira. Eta hori ere esan behar da. Espetxe bakoitza kategoria batekoa da, eta Mont-de-Marsanekoari horrela dagokio Frantziako legeen arabera.

Albistea kaleratu zenean, azaldu zenuen Etxaburu anai-arreben tutoretza zenuela; lagun min baten umezurtzak dira.

T.: Aitzolen aita kuadrillakoa zen; haren istoria oso tristea da, gogorra, egia esan behar badut.... Nahiago dut grabagailua itzaltzen baduzu.

Sailburu ohiaren eskaera aintzat hartu da. Oroitzapenek hunkitu egin dute Angel Toña, eta Andres Etxaburu lagun zuenaren pasartea bukatzerako goibel dago.

Laburbilduz...

T.: Emazteak eta biok etxaburutarren tutoretza hartu genuela, ez genuela zalantzarik egin, eta orain gure familia direla. Besteena bezala, Aitzolen ardura ere hartu genuen, noski; ordurako kartzelan zegoen.

Zergatik gertatzen da hain zaila euskal presoen auziak eragiten duen saminaren mezua iristaraztea, Ainhoa? Dena ulertzen da hobeto gizatasuna politikari gailentzen zaionean , ezta?

E.: Presoen eta senideen inguruko jendeak ongi ezagutzen du samina, eta jasotzen duten elkartasuna ere bai. Preso politikoak izateaz gain, senideak dira, seme-alabak eta gurasoak. Baina kondizio hori ez da zentrala izan. Presoak gatazka politiko baten parte direla izan da zentrala. Estatuarentzat, borroka tresna bat dira, eta, guretzat, borroka horretako beste subjektu bat. Estrategia politikoa nagusitu da, eta ez errealitate humanoa. Baina norbanakoen errealitateak pisu handia izan du beti, eta ez bakarrik kartzelaren barruan. Kanpora ateratzean ere errealitate bortitzak daude. Batzuetan gurasoak galdu dira, ingurua, baliabide ekonomikoak... Kaleratzean ez da bukatzen presoen samina. Sufrimendu horrek ez du behar bezalako tokirik eduki; bigarren mailan geratu da estrategia politikoak horrela erabakita.

Autokritikaren hotsa dauka horrek?

E.: Hemen ez dugu minaren inguruan egin Hego Amerikan egin dituzten ibilbideak. Ezker Abertzaleak bide luzea dauka egiteko hor. Oraintxe hasi gara hitz egiten sufritutakoaz, erabaki jakin batzuek ekarri dutenaz. Zaindu eta sendatu egin behar dugula esan behar dugu. Zergatik ez dugu lehen egin? Parametro jakin batzuetan egin delako borroka. Orain, berriz, ematen du nekatuak gaudela borroka batzuk berpizteko; ez dakit etsipena den edo gehiegiren kontra egin behar dugula; zokoratu egin nahi gaituzte, onar dezagun; presoak agendatik atera nahi dituzte. Baina zinez uste dut egoerari buelta emango diogula azkenean.

T.: Aitzol ikustera Flury-Merogisera joaten ginean, Parisera; 30 bat familiarekin elkartzen ginen igual, Etxerat-ekoak asko; entzuten genuen bakoitzaren arazoei buruz hitz egiten zena, eta ez zuen zerikusirik kanpoko diskurtsoarekin. Maite duzun laguna daukazu kartzelan, semea, alaba, beren arazoekin, ikasketekin, istripuen kontuekin... eta beste kontu bat da diskurtsoa. Guraso askok bakarrik nahi zuten seme-alabarekin egon, eta pozik egon une batez.

E.: Normala da senideak esatea nekaturik daudela, eta esate hutsak laguntzen du. Onar dezagun, oso gogorra da; ni hilabetero joaten naiz. Ez dugu aukerarik izan errealitate hori behar bezala helarazteko, presoak erabili dituztelako borroka egiteko, gerra parametro batean. Ez zegoen modurik. Orain badaude, eta ez gara asmatzen ari? Agian bai.

Kargu uzteak

Urkullu lehendakariak berriro deitu izan balizu, jarraituko zenuen sailburu, Angel?

T.: Nahiago nuen ez jarraitu, baina ez nion ezetzik esango.

Zuk garbi zenuen utzi behar zenuela, Ainhoa?

E.: Bai, behin erabakia hartu ondoren. Prozesu baten amaiera izan zen, norberaren buruarekin hasi eta sindikatura zabaldu zena. Ondarroako Arrigorri ostatuan egin genuen bilera batean ikusi nuen argi lehen aldiz utziko nuela. Angel herrian izango zen, beharbada, uda zelako.

T.: Aizu, ez jarri nik ez nuela jarraitu nahi, igual haserretuko da norbait nirekin eta.

E.: Berriro?

T.: Ez nuke nahi inor nirekin haserretzerik.

Sailburu ohi izateak askatasuna kendu dizu?

T.: Pixka bat, igual.

Elkarrizketa soziala

ELA eta LAB elkarrizketa sozialera erakartzeko erronka jarri zizuten; ez zenuen lortu.

TOÑA: Kazetariak zeuen kabuz iritsi zarete horra; ni zuen atzetik heldu naiz, e. Inork ez zidan hori esan, benetan. Esan izan balidate, garbi esango nien hori ez zegoela nire esku.

Inor bazen gai hori egiteko, zeu zinen.

T.: Ez dut uste hori pertsona baten kontua denik, gobernu oso batena baizik.

Legegintzaldiaren erdian iritsi zinen, Juan Mari Aburtoren mahaiak porrot egin ondoren ELA eta LABekin. Horrek finkatzen du zerbait.

ETXAIDE: Ados nago Angelekin. Ardura politikoak eskatzen duelako saiatu behar duzu, noski, baina inork ez zuen uste mahaia berreraikiko zela Angel iritsi zelako; sindikatuekin akordioak lortu zituelako iraganean? Inozokeria litzateke hori. Aburtorekin ere arazoa ez zen pertsona izan, gobernuaren politika baizik. Angelen soslaiak islatzen du ez dela sindikatuen aurkakoa, baina horrek bere kabuz ez zuen ezer aldatuko. 1989an hautsi zen elkarrizketa; hau ez da pertsona baten borondate kontua.

Gehiago espero zenuen LABengandik, Angel?

T.: Denok genekien LAB non zegoen eta nondik zetorren. ELAren estrategia izan da arazo handi bat azken hamar-hamabost urteotan. Horrek aldatu ditu gauzak. Ez dakit LABek zer egingo zuen ELAk beste era batera jokatu izan balu. Agian, elkarrizketa soziala bideratuko zen. Benetako arazoa ez nuen ikusi inoiz LABen. ELArekin sarri hitz egin dut. Lehen, harreman ederra nuen Txikirekin; Ariznabarrako lan gatazka gogorrean ezagutu nuen. Kontu bat da nola ikusten duzun mundua, eta bestea, zer den posible. Nahi duena eta posible dena nahasten ari da ELA, eta iparra galdu du.

Zer diozu, Ainhoa?

T.: Barkatu... Badakizu zer esan zidan Ainhoak bere despedidan? Sozialista dela. Ba, ni ez naiz. Izan nahiko nuke, baina mundu hau ez dut sozialista ezagutuko. Beste mundu bat nahi dugunok gutxi agintzen dugu. Prekaritateari aurre egin ahal diogu, baina ez korrika, pausoka baizik.

E.: Ez dugu diagnostiko bera. ELA ez da arazoa. ELArekin ez nago ados askotan, eta erakutsi dugu maiz. Baina eztabaida berean gaude denok: gure baliabide urriekin zer egin daitekeen da kontua. Eztabaida egiteko modua ez dela aldatzen da benetako arazoa. Aldatzen ez bada, emaitzak ez dira aldatuko. Horrez gainera, bakoitza bere gatazkan dago. ELA gidoi batera eramateko gatazka handi bat dago orain, gidoi jakin batetik atera delako. ELAk uste du bide horrek ez duela ezer eskaintzen, eta Angelek kontrakoa, langileen mesederako dela. LABek, berriz, uste izan du bide hori aldatzeko eta apurtzeko, bide horretan aurrera egin behar dela. Pragmatismoa? Oso gaizki ikusia dago hori. Ez dakit hori den ala ez. Dakidana da akordioa bilatzea zela biderik zailena, eta jipoi ederrak jaso genituela leku guztietatik erreforma mugatzeko akordioan saiatu ginenean.

Zer iruditzen zaizu, Angel?

T.: Ezker Abertzalea gero eta zentratuagoa ikusten dut. ELAri esaten diot estrategia birpentsatzeko, diagnostikoan pertsona asko egongo garelako ados, seguruenik, baina zer eta nola egin behar den gauzak aldatzeko, hori da kontua. Diagnostikoan lotuta geratuz gero, esanez hau dena apurtu behar da, ez goaz inora. ELAk hori egin du lan harremanetan.

Eta zer egin du patronalak?

T.: Orain dela urte batzuk beste era batera jokatzen zuten enpresek, hori egia da. Ni, politikoki beti egon naiz ezkerrean, eta beti egongo naiz, baina posibilista baten moduan.

Ainhoa Etxaideren despedidan egon zinen, Angel. LABeko kide ez ziren bakarrenetakoa izango zinen. Giza faktoreari garrantzia kendu diozue, baina Txilarre bat falta izan zaizue lan harremanen lokarria askatzeko?

T.: Den-dena ez genuen konponduko, baina zenbait gauza bai, agian.

E.: Gauzak ez ditu pertsona bakar batek aldatzen, baina egia da, segun eta zein pertsona dagoen negoziatzen akordio batzuk lor daitezkeela. Giza faktoreak badu bere garrantzia, ezin da ukatu. Zirrikiturik egon izan balitz konponbiderako, Angel gai izango zen hura aurkitzeko. Baina ez zegoen zirrikiturik. Testuinguru oso okerrean iritsi zen. Urkulluren mahaia apurtu zen, eta Cebekek argi esan zigun guri: 'Horrelako ganberrokeria bat egiten duzuen azken aldia da. Saila engainatu duzue, baina gu ez'. Begira, patronala ez zegoen prest beste errealitate bat onartzeko, eta ez dago besterik.

Kirola

Bilera batera, Donostiatik Bilbora bizikletan doan sailburuak egin dezake aldea, argi dago. Zer moduz joan ziren Quebrantahuesos probarako entrenamendu horiek?

TOÑA: Primeran, nire marka hobetu nuen eta.

Ez da kondaira bat orduan?

T.: Ez, noski. Bileren bueltanjoaten nintzen, ordea. Ikusten duzu, agian ez nuen lan handirik egiten, gero ehun kilometroegiteko gai nintzen eta. Denaegiteko denbora atera beharda; ez gara pertsona bat, asko baizik, eta denei eman behar zaie berea.

Zaletasunik bai, Ainhoa?

ETXAIDE: Zorionez, duela sei bat urte hasi nintzen pentsatzen nire burua gehiago zaindu behar nuela. 40 urteen krisia izango zen, edo ez dakit. Erretzeari utzi nion, eta kirola egiten hasi nintzen; nire neurrian, noski. Desgaste handia eduki dut sindikatuko idazkari nagusi gisa. Kargua utzi, eta hilabete gutxira sinestezina egiten zitzaidan lehen nuen eguneroko dinamika hura. Ez dut Quebrantahuesos egiten, baina paseo ederrak bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.