Ikus-entzunezkoak

Kanaldudek musean jokatzen jarriko ditu zortzi bikote hilaren 21etik aurrera

'Mintza' izeneko emankizun berriak zazpi atal izango ditu. Bikoteek irabazitako dirua kultur taldeentzat edo egitasmo solidarioentzat izango da.

Kanalduderen 'Mintza' saioa.
'Mintza' mus emankizuna. KANALDUDE
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 16a
12:00
Entzun

Karta jokoek ez dute tarte zabalik izaten telebista kateetako saioetan. Baina Kanaldudek asmatu du formatu berezi bat, mus emankizun bat, eta jokoan jarriko dituzte zortzi bikote. Zortzi taldeek, gainera, herrialde bana ordezkatuko dute: Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Nafarroa, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta diaspora. Kanaldudek hilaren 21ean estreinatuko du Mintza izeneko emankizuna, 20:30ean. Handik aurrera, asteazkenero emango dute saio bat ordu berean. Apirilaren 3ra bitarte, alegia.

Lehen lau ataletan, lehiaketako jokalari guztiak ezagutuko dituzte ikus-entzuleek. Gainera, Poker tour deituriko partida laburpenekin batera, lehiakideen gaineko informazioa emango du telebistak: erreportaje laburrak egingo dituzte, taldeko kideak bisitatuz, eta haien herriak, ohiturak, gastronomia, hizkuntza berezitasunak eta bitxikeriak ezagutzeko. Saioan parte hartzeko arrazoiengatik galdetuko diete, bide batez, mus jokalariei.

Bikote bakoitzak, bestetik, kultur proiektu edo egitasmo solidario baten alde egingo du. Hortaz, lehiakideen lehen eta bigarren postuetako sari ekonomikoak irabazleek hautatutako elkarteentzat izango dira. Lehen tokian gelditzen direnek 3.000 euroko saria izango dute banatzeko. Eta bigarren tokian gelditzen direnek, 1.500 eurokoa.

Jokoaren arauak

Mus karta-jokoa zer den dakitenek gozatuko dute emankizunarekin. Baina Kanaldudek iragarri du mus jokoa ezagutzen ez duen publikoarentzat ere badela. Hain zuzen ere, jokoaren arauak ulertu ahal izateko, oinarriak eta azalpen bereziak emango dituzte. Iruzkinen adierazpenak oso garrantzitsuak izango direla gaineratu dute Nafarroa Behereko telebistakoek. Modu horretan, lehen aldiz, ikusleek lau jokalarien jokoak zuzenean ikusi ahalko dituzte, eta, hala, partidaren eta jokalari bakoitzaren jokoaren jarraipena ziurtatuko da.

Saioaren animazioa eta erritmoa Pantxoa Bergara Xabaltx musikariak gidatuko ditu —Kanalduderentzat Kantuen kontrabandista saioan aritu zen—. Saioa gidatuko du Xabaltxek, eta momentu xelebreak bizitzeko aukera emango die Kanaldudeko ikus-entzuleei. Gainera, jokoa eta estrategiak aipatuko dituen aholkulari baten laguntza izango du aurkezleak. Saioa egiteko ideia Xabaltx berarena da. Errealizazioa, berriz, Iban Rusiñolena da. Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoan egin dituzte grabaketak.

Estreinako egunean, datorren asteazkenean, Gipuzkoa eta Araba lehiatuko dira musean. Gipuzkoako ordezkariak Dr Dago eta Mc Kiero dira. Arabakoak, berriz, Elena Arrizabalaga eta Ana Mari Arrizabalaga. Gipuzkoako bikoteak Balio dute elkarteari emango dio dirua, irabaziz gero. Eta Arabakoak, Alaiak elkarteari.

Kanaldudek bideo bat egin du saioa iragartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.