Milaka lagun kalean, euskal presoak etxeratzearen alde. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Dozenaka milaka lagun kalera atera ziren urtarrilaren 13an euskal presoak etxeratzeko urratsak egiteko eskatuz. Bilboko kaleetan «salbuespenezko espetxe politika amaitzeko» galdegin zuten.
Gorka Urbizuk bakarkako lehen diskoa plazaratu zuen: 'Hasiera bat'. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Hamar abestiz osatutako bilduma bat atera zuen Urbizuk. Kantu «soilak» ondu zituen, gizartea «ikusmenak itsututa» bizi den garai baterako.
Laborariek kaleak eta errepideak hartu zituzten. GUILLAUME FAUVEAU
2024ak utzi duen irudi esanguratsuenetako bat da laborariek traktoreekin urtarrilean eta otsailean utzi zutena. Euskal Herri osoan atera dira aurten kalera. Bizi eta lan baldintza hobeak nahi dituzte, eta txartzat hartzen dute Europako Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioa.
Polizia indarkeria, Tolosako inauterietan. JON URBE / FOKU
Inauterietan, otsailaren 13an, Tolosan Ertzaintzak 16 urteko gazte bat zauritu zuen begian foam jaurtigailu batekin. Polizia indarkeria salatzeko protesta ugari izan dira geroztik eskualdean.
«Zaintza ezin da negozio izan». IÑIGO URIZ / FOKU
Greba feministaren lekukoa hartu du aurten M-8ak, eta zaintza eredu publiko eta unibertsal baten aldeko aldarria ozen aditu zen. Euskal Herriko hiriburuetako kaleek gainezka egin zuten, Mugimendu Feministak antolatutako manifestazioetan.
«Herri bat gose», Korrika iritsi zen Baionara. IDOIA ZABALETA / FOKU
Korrika milaka lagunen artean iritsi zen Baionara martxoaren 24an. Hamar egun lehenago abiatu zen Irundik. Garazi Arrula idazleak idatzi zuen mezua, eta nabarmendu zuen Korrika dela «herri bat gose: euskaraz harro bizitzeko gosea».
Berrogei urteren ondoren, Athletic txapeldun. JAVIER ZORRILLA / EFE
Athleticzaleek ez dute 2024ko apirilaren 6a berehala ahaztuko: Athleticek penaltietan irabazi zion Mallorcari Espainako Kopako finalean. Hilaren 11n, 40 urteren ondoren, gabarrak Ibaizabal zeharkatu zuen ehunka milaka lagunen artean.
Jose Antonio Ardanza hil zen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Apirilaren 8an Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia hil zen. 1985etik 1999ra zuzendu zuen Jaurlaritza. PSErekiko koalizioek eta Ajuriaeneko Itunak ezaugarritu zuten haren agintaldia. 82 urte zituela hil zen.
Errobik, mende erdi. PATXI BELTZAIZ
2024ko maiatzaren 4an Errobi taldeak 50. urteurrena ospatu zuen. Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk kontzertuak eman zituzten Bilboko Euskalduna Jauregian eta Donostian Adarra saria jaso zutenean.
EAJ garaile, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Bera Bera, Espainiako Ligako txapeldun. JAVI COLMENERO / EFE
Bera Berak Espainiako Kopa eta Liga irabazi zituen, hurrenez hurren, maiatzaren 12an eta ekainaren 1ean. Zortzigarrenez irabazi zuen Kopa, eta bederatzigarrenez, Liga.
Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak izan daitezkeenak aurkeztu zituzten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia saileko ikerlariek Karrantzako El Polvorin koban aurkitutako neandertal baten hezurrak aurkeztu zituzten. Adituen hitzetan 150.000 urtetik gora izan ditzatekete. Andere deitu dute neandertala.
Baskoien dibinitate bati eskainitako aldare bat aurkitu zuten Larunben. IÑIGO URIZ / FOKU
K.o. I. mendeko harrizko pieza bat da, eta latinez idatzitako testu bat du: emakume batek Larrahe jainko baskoiari eginiko eskertzea jasotzen du. Aranzadiko ikerlariek egin zuten aurkikuntza, Arriaundi mendiko aztarnategian, eta ekainaren 15ean aurkeztu zuten.
Julian Assange, aske. LUKAS COCH / EFE
AEBetako Gobernuarekin akordio batera iritsi ostesan. Julian Assange Wikileaksen sortzailea aske geratu zen ekainaren 24ean. Assangek erruduntzat jo zuen bere burua, eta Erresuma Batuan kartzelatuta eman zuen adina denborako espetxe zigorra ezarriko zioten. Bost urte egin zituen espetxean. Irudian, Australiara iristen.
Donald Trumpen aurkako atentatua. DAVID MAXWELL / EFE
Uztailaren 13an Donald Trump tiroz hiltzeko atentatu bat izan zen AEBetan, presidentetzarako kanpainako mitin batean. Trump belarrian zauritu zuten, baina onik atera zen. Azaroan AEBetako presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen.
Tadej Pogacarrek hirugarrenez irabazi zuen Frantziako Tourra. PAPON BERNARD / EFE
Tadej Pogacar txirrindulari esloveniarrak hirugarren aldiz irabazi zuen uztailaren 21ean Frantziako Tourra. Horrez gain, Italiako Giroa eta Munduko Txapelketa ere irabazi ditu aurten. Azken horretan, gainera, helmugatik 100 kilometrora eraso eginda. Txirrindulari baten inoizko denboraldirik onena izan dela diote hainbatek.
Zirku erromatar bat aurkitu zuten Iruña-Veleian. ARKIKUS
Arkikus enpresak egin zuen aurkikuntza, Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, eta uztailaren 24an aurkeztu zuten. Azterlanaren arabera, 280 metro luze eta 72 metro zabal zituen egitura bat litzateke. Tamainagatik, 5.000 ikusle inguru hartu ahal izango zituen bere garaian. Erromatar garaiko halako beste eraikuntzarik ez da aurkitu orain arte Euskal Herrian.
Pablo Gonzalez aske utzi zuten.
Poloniaren eta Errusiaren arteko preso truke bati esker, Pablo Gonzalez kazetaria abuztuaren 1ean atera zen Polonian zegoen espetxetik eta Errusiara joan zen. 2022ko otsailaren 28tik izan da atxilo, Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatuta.
Jaizkibel, konpainia gisara. JUAN HERRERO / EFE
2024ko irailaren 8an lehenengo aldiz desfilatu zuen Jaizkibelek konpainia gisa Hondarribian. Alarde baztertzaileak, hala ere, bizkarra eman zion: udalaren ebazpena bete ez, eta ez zen Jaizkibelen ondoan egon hura Gernikako Arbolatik atera zenean.
Israelek Beirut bonbardatu zuen. STRINGER
Urriaren 7an Gazaren kontrako oldarraldia koska bat estutu zuenetik eginiko aire-eraso olde hedatuena gauzatu zuen Israelek irailaren 23an, Libanon. Are gehiago, erasoak hiribururaino eraman zituen Tel Avivek: arratsaldean, Beirut hegoaldeko zenbait auzo bonbardatu zituen. Milaka libanoarrek euren etxeak utzi zituzten.
Mezu «arrazistak, klasistak eta matxistak», EHUn. LEIOATIK!
EHUko irakasle batek sare sozialetan zabaldutako mezu «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» salatzeko protesta bat egin zuten Leioan irailaren 30ean, Zuzenbide Fakultatean. Hilabete bat geroago, prozedura administratiboa amaituta, ordezko irakasle postutik kentzea ebatzi zuen errektoretzak. Lan poltsatik ere kanporatu egin zuten.
Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu zituen. XALBA RAMIREZ / IRUTXULOKO HITZA
Sare sozial batean egindako deialdi anonimo baten protestaren ostean, Donostiako Udalak kaleko afari solidarioak debekatu zituen urriaren 23an Egia auzoan, «segurtasun arrazoiak» argudiatuz. Afari solidarioak ematen zituen boluntario taldeak azaldu zuen beste toki bat bilatuko zuela.
ERORIEN MONUMENTUA
Unai Laso, lau eta erdiko txapeldun. LUIS TEJIDO / EFE
Handia egin du aurten Unai Lasok. Lesio larri batetik osatu da, eta buruz buruko txapelketan txapeldunorde izan da, finala Altunaren aurka 22-5 galdu ondoren, eta lau eta erdikoan, txapeldun, Etxeberriari finala 22-19 irabazita.
Benito Lertxundiren agurra. ARITZ LOIOLA / FOKU
Benito Lertxundik musika utzi duela iragarri zuen azaroaren 27an, zuzeneko diskoaren aurkezpenean. «Urte hasieran erabaki nuen 60 urteko kantagintzari amaiera ematea», esan zuen.
Sei hilketa matxista izan dira Euskal Herrian. JON URBE / FOKU
Laure Zacchello, Eneritz Argintxona, Yanely Gonzales, Kayle Villar Pons, Leonor eta 33 urteko beste emakume bat dira aurten. Euskal Herrian izan diren hilketa matxisten biktimak. Leonor izan da azkena (argazkian, Pasaian abenduaren 1ean hura gogoratzeko egin zen bilkura).
Durangoko Azoka, berriro ere, arrakastatsu. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Beste behin, arrakastatsua izan zen Durangoko Azoka 2024ean. Jendetza ibili zen Landakon, eta hori bera nabarmendu zuten antolatzaileek balorazioa egiteko orduan. Kulturazaleentzat egiturazko espazio gehiago behar direla ere ondorioztatu zuten.
Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. GORKA RUBIO / FOKU
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa jokatu da aurten, eta Alaia Martinek irabazi du txapela. Arantzazu Loidik jantzi zion txapela abenduaren 14an. Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz 'Euzkitze', Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran ere izan ziren finalean.
Fermin Muguruzaren kontzertu gogoangarriak, Bizkaia Arenan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Fermin Muguruzak '1984-2024' munduko bira hasi zuen abenduaren 17an Miarritzen, eta asteburuan bi kontzertu gogoangarri eman zituen Bizkaia Arenan, denera 16.000 pertsonen aurrean. Birako azken kontzertua 2025ko urriaren 24an Iruñean emango du.