Kanpainako azken eguna gaurkoa. Diario de Navarra-ren azken inkestak, pasa den igandekoa, zioen UPNk 15-16 eserleku lortuko zituela Nafarroako Parlamentuan, eta emandako emaitzekin ondorioztatzen zuten Nafarroa etorkizunaren arriskuez ohartu dela. Lasaitua hartuko zuen batek baino gehiagok.
Carlos Vilches NUPeko soziologia irakasleak atzo sinesgarritasun handia ematen zion inkesta horri, urte asko daramatzatelako horretan eta sukaldean ondo egosten dituztelako. Hau da, bere hitzetan igandean boto ezkutua izango da Nafarroan UPNren alde, eta horrelako aldagaiak ondo neurtzen dituztela esan zuen, mahai inguruaren ostean.
Atzoko eta gaurko zenbakietan, ordea, Diario de Navarra egunkariak alarma sortu nahi izan du. Atzo azaleko titular nagusira eraman zuen LAB nagusitu egin dela administrazio publikoko hauteskundeetan. Gaur, berriz, Jose Javier Uranga Santesteban Ollarra Diario de Navarra-ko zuzendari ohia eta egunkari horretako fundazioko presidenteak Desd'el Gallo de San Cernín zutabean sekulako sermoia bota du Navarra SOS izenburupean.
Batzuen iritziz beldurra zabaldu nahi dute modu horretan, UPNri horrek beti emaitza onak eman izan dizkiolako. Hori erregimena urduri dagoela ere badiote. Esparzak egunkari horretan gaur dei egiten dio PSNri "euskal independentismoak" gobernatu ez dezan. Gakoa aurten ere PSNk izan dezake, 2007an eta 2011n bezala. Txibitek gaur kanpainako azken egunean ez du ezer argitu: "aldaketa eta Nafarroa Nafarroa izaten segi dezala" bilatzen duten bakarrak direla esan du.