m24 - Udal eta foru hauteskundeak

Publizitatea

Gakoak

Araba
Edurne Begiristain

Edurne
Begiristain

ARABA

Lasterketa itxia eta estua

PPk Udalari eta Aldundiari eusteko erronka handia du. Alternatiba izateko aukera dute EH Bilduk eta EAJk, baina alderdi berriek eserlekuen banaketa baldintzatu dezakete.

Gakoak

  1. CIS. Inkestak PPri ematen dio garaipena Gasteizen, 8 zinegotzirekin ( 9 ditu egun); EH Bilduri eta EAJri bosna (bana gutxiago); PSEri, 4 (bi gutxiago); Irabaziri, 3; eta Sumando Hemen Gaude-ri, 2.
  2. Akordioak. Arabako mapa politikoa oso zatituta geratuko da, gehiengo argirik gabe. Akordioak ezinbestekoak izango dira inbestidurarako eta gobernatzeko.

Alderdiek asko dute jokoan Araban, mapa politikoa oso zatituta dagoelako herrialdean. Hala izan da azken urteotan, eta maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan are eta zatituagoa egotea aurreikusten da. Duela lau urteko bozetan gertatu bezala, oraingoan ere lehia estua eta itxia espero da herrialdean PP, EAJ eta EH Bildu alderdien artean. PPren esku daude egun Gasteizko Udala eta Arabako Aldundia, eta horiei eustea erronka izango da Javier Maroto eta Javier de Andresentzat. Alderdi berriak agertu izanak, baina, boto galera ekar diezaioke PPri, eta arriskuan jarri bi erakundeetako aginte makila. Testuinguru horretan, EAJren eta EH Bilduren arteko norgehiagokan nork irabaziko duen ikusteko dago, bai eta alderdi berriek zein alderdiri egingo dioten min handiena ere. Argi dagoena da Araban irabaztea ezinbestekoa dela alderdi gehienentzat. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta UPDk kanpainari hasiera emateko Gasteiz aukeratu izana ez da kasualitatea.

PP

Erronka handia du PPk Araban: Udalari eta Aldundiari eustea. Ez da makala, baina ez da ezinezkoa. Inkestek hala diote, behinik behin. Gasteizko alkatetza, bederen, Javier Marotoren esku geratuko dela ziurtzat jotzen dute inkesta gehienek. Javier de Andresek Diputazioari eutsiko dion ez dago hain argi. Inkestak gorabehera, ikusteko dago PPk azken hilabeteetan etorkinen eta euskararen aurka abian jarri duen kanpaina gogorrak, bere alderdiari eragiten dizkioten ustelkeria kasuek eta krisialdi ekonomikoaren kudeaketak zein ondorio izango duten hautetsontzietan.

Badago beste faktore bat kontuan hartzekoa, eskuinaren botoak lor ditzaketen hautagaitza berriak aurkeztuko direlako: Ciudadanos, UPD eta Vox (azken hori soilik foru hauteskundeetara). Gehiengo zabalak lortzea, beraz, funtsezkoa izango da PPrentzat agintean jarraitu nahi badu.

EH Bildu

EH Bilduk azken urteotan Araban izan duen gorakada oso kontuan hartzekoa da maiatzaren 24ko hauteskundeei begira. Datuak hor daude: joan den urteko Europako hauteskundeetan, herrialdean alderdi bozkatuena izan zen EH Bildu, EAJ bigarren indarrari 2.500 botoren aldea aterata. Koalizioak goitik behera aldatu zuen Arabako mapa politikoa duela lau urteko hauteskundeetan, eta joera horrek ez du etenik izan gaur arte. Egun, hirugarren indarra da Arabako Batzar Nagusietan, eta laugarrena Gasteizko udalean, baina PSEk eta EAJk adina zinegotzirekin. Bietan, EAJren emaitzetatik gertu dago, gainera.

EAJ

Urte luzez jeltzaleen esku egondako erakundeak berreskuratzeko griña dute Gorka Urtaran eta Ramiro Gonzalez EAJko alkategai eta diputatugai nagusiak, hurrenez hurren. Hamazazpi urte joan dira EAJk Gasteizko alkatetza galdu zuenetik, eta, Udalaz gain, Aldundia ere berreskuratzea da jeltzaleen helburu nagusia. Marotori agintea kentzeko bigarren saiakera egin nahi du Urtaranek: 2011n ere alkategai izan zen, baina bigarren geratu zen. Ramiro Gonzalez biltzarkideak, berriz, lehen aldia du ahaldun nagusirako hautagai gisa, baina inkesta batzuek irabazletzat jotzen dute. 2011ko hauteskundeetan garaipenetik oso gertu egon zen EAJ —PPk baino hiru mila boto gutxiago izan zituen—, eta oraingoan eskura izan dezake agintea.

PSE-EE

Barne krisiak irekitako zauriak erabat sendatu gabe dituela iritsi da PSE udal eta foru hauteskundeetara. Maiatzeko hauteskundeetarako hiru hilabete eskas falta zirela azaleratu ziren berriro barne desadostasuak, Maite Berrocalek Gasteizko alkategai izateari uko egin ondotik. Kanpainaurrearen atarian aukeratu zuen PSEko zuzendaritzak Peio Lopez de Munain Berrocalen hutsunea betetzeko, eta haren esku dago orain emaitza ahalik eta txukunenak lortzeko erronka. Diputazioa eskuratzeko lehia ere ez du erraza izango sektore ofizialeko ordezkari Cristina Gonzalezek.

Izan ere, aurreikuspenak ez dira baikorrak sozialistentzat. Barne krisia ez ezik, PSOEk estatu mailan pairatutako higadura ere sufritu dute. Joan den hauteskundeetan, sei batzarkide galdu eta 15.000 botok baino gehiagok ihes egin zien herrialdean, eta, inkesten arabera, kostata altxatuko dute burua maiatzeko bozetan. Sozialisten erronka, baina, oso bestelakoa da: azken bozetako emaitzei eustea, akordioetarako giltza izan daitezen.

Besteak

Herrialdeko mapa politikoa erabat zatitu dezakete hautagaitza berriek. Nagusiki hiru alderdik lor dezakete ordezkaritza udalean eta Batzar Nagusietan: Ahal Dugu-k, Irabazik eta Ciudadanosek. Inkestek diotenez, indar handiz sartuko dira bi erakundeetan, eta horrek indar korrelazioa goitik behera aldatzea ekarriko du. Bestelako hautagaitza batzuk ere eserlekuren bat lortzen saiatuko dira, eta PPri kalte egin diezaiokete: Vox eta UPD.


2015eko ahaldungai nagusiak

PP: Javier de Andres. EAJ: Ramiro Gonzalez.
EH Bildu: Kike Fdz. de Pinedo.
PSE-EE: Cristina Gonzalez.
Irabazi: Jose Damian Garcia.
UPD: Nicolas Gutierrez.
Ahal Dugu: Maria Cruz Polaina.
Ciudadanos: M. Angel Carrera.
Ikune: Ana Unibaso

2011ko foru emaitzak

PP: 39.631 boto (%26,69). 16 batzarkide. Diputatu nagusia. EAJ: 36.196 boto (%24,38). 13 batzarkide. Bildu: 31.998 boto (%21,55). 11 batzarkide. PSE-EE: 24.879 boto (%16,76). 9 batzarkide. EB: 6.258 boto (%4,22). 2 batzarkide. Batzarkiderik ez: Aralar (4.168 boto), UPD (2.751 boto)...

2011ko udal emaitzak

PP: 38.994 boto (%25,34). 82 hautetsi. 5 alkate. EAJ: 34.566 boto (%22,46). 161 hautetsi. 16 alkate. Bildu: 31.825 boto (%20,68). 105 hautetsi. 7 alkate. PSE-EE: 24.958 boto (%16,22). 33 hautetsi. Alkaterik ez. EB-Berdeak: 5.356 boto (%3,48). Hautetsirik ez. Aralar: 3.186 boto (%2,07). Hautetsirik ez. UPD: 2.522 boto (%1,64). Hautetsirik ez. ZB: 336 boto (%0,22). 5 hautetsi. Alkate 1. AIZ/ZEI: 164 boto (%0,11). 5 hautetsi. Alkate bat. A.M.I.: 113 boto (%0,07). 6 hautetsi. Alkate 1. Beste hautagaitza independente batzuk: 18 hautetsi orotara. Alkaterik ez.

2015eko Gasteizko alkategaiak

PP: Javier Maroto.
EAJ: Gorka Urtaran.
EH Bildu: Miren Larrion.
PSE-EE: Peio Lopez de Muniain.
Irabazi: Oscar Fernandez.
Sumando-Hemen Gaude: Jorge Hinojal.
Ciudadanos: Rodrigo Zamora.
UPD: Ignacio Oñate.
Ongi Etorri: Vanesa Costa.
Aulki Zuriak: Nerea Icuza.
Vox: Adolfo Gago.
Gastoria: Esther Saez de Argandoña.
Recortes Cero: Diana Plaza.

2011ko Gasteizko emaitzak

PP: 32.300 boto (%29,19). 9 hautetsi. Alkatea. EAJ: 21.143 boto (%19,11). 6 hautetsi. PSE-EE: 20.727 boto (%18,73). 6 hautetsi. Bildu: 19.677 boto (%17,78). 6 hautetsi. Hautetsirik ez: EB-B (4.916 boto), Aralar (2.571), B-LV (1.483), PUM+J (1.056), PACMA (550)...

Bizkaia
Gotzon Hermosilla

Gotzon
Hermosilla

Bizkaia

Gotorlekuari erasoaldia

EAJk Bizkaian duen nagusitasunari eutsiko ote dion da zalantza nagusia. Txarrak dira aurreikuspenak PSErentzat eta PPrentzat. Alderdi berriek egoera alda dezakete.

Gakoak

  1. Bilbo. Azkuna efektuak erabateko gehiengoa eman zion EAJri Bilbon duela lau urte. Azkuna gabeko lehenengo udal hauteskundeak dira hamasei urtean, eta ikusteko dago zer jazoko den.
  2. Ahal Dugu. Aukera politiko horrekin bat egiten duten herritarrek zer egiten duten -Ganemosi botoa eman, Udalberriri, edo abstentziora jo- erabakigarria izango da.

Bizkaiko mapa politikoa orain arte egonkor samarra izan bada ere, badirudi aurtengo udal eta foru hauteskundeetan inoiz baino aukera gehiago dagoela aldaketa garrantzitsuak gertatzeko. Hala ere, ezin jakin aldaketa horiek norainokoak izango diren, zaila baita neurtzea, alde batetik, zenbateko higadura izango duen EAJk, eta, beste aldetik, zein izango den alderdi berrien bilakaera.

EAJ

«Feudoa», «gotorlekua», «boto haztegia» eta horrelako berbak erabili ohi dira Bizkaiko hauteskundeen emaitzak baloratzean. Izan ere, aspaldi luzean ezaugarri bat izan du Bizkaiko egoera politikoak: EAJren nagusitasuna. Jeltzaleek boto kopururik apalenak lortu dituzten hauteskundeetan ere, Bizkaia beti izan da EAJrentzat biltegi segurua. Aurreko foru hauteskundeetan 22 eserleku lortu zituzten, eta erabateko gehiengoa eskuratu ez bazuten ere, aise samar kudeatu dute erakundea agintaldi honetan.

Zaila da aurreikustea nagusitasun hori kolokan egon daitekeen ala ez. Krisi garaian, agintean egondako alderdiak zigortu ohi dituzte boto emaileek, baina ikusteko dago herritarrek EAJ egingo duten egoera ekonomikoaren erantzule edo, inkestek iradokitzen duten moduan, PP eta PSE-EE zigortuko dituzten. Eta, beste aldetik, ez du ematen alderdi berrien gorakadak EAJ bereziki kaltetuko duenik.

Zalantza horien artean, Bilbo izan daiteke interesgarrienetako bat. Duela lau urte, Bizkaiko hiriburuan EAJk 63.604 boto lortu zituen foru hauteskundeetan, eta 74.377 udalerako bozketan. Horrek esan nahi du EAJri botoa eman ez zioten 10.800 bilbotar inguruk Iñaki Azkuna buru zuen zerrenda aukeratu zutela; seguru asko, zendutako alkatearen tiradizoak erakarrita. Horri eustea izango da Juan Mari Aburto alkategai jeltzalearen erronketako bat.

EH Bildu

Duela lau urteko aparraldiaren ostean, arrakasta hura goiz bateko lore ez zela izan erakustea du EH Bilduk xede. Aldeko faktoreak baditu horretarako: Bermeon, Lekeition, Ondarroan, Gernikan, Sopelan, Lemoan eta beste zenbait herritan egindako kudeaketa lana aurkez dezake, eta ez du ematen Bizkaian kudeaketa horrek aparteko higadurarik ekarriko dionik. Baina mehatxuak ere baditu: Podemos Ahal Dugu-ren gorakadak botoak kendu ahal dizkio, batez ere Bilbon eta Ezkerraldean. Jakin-min berezia piztuko du Gernikan zer gertatzen den ikusteak -orain arte EH Bilduren alkate izandako Jose Maria Gorroño EAJren zerrendan aurkeztuko da-.

PSE-EE

Ez du eginkizun erraza PSE-EEk Bizkaian. Inkesten arabera, emaitza txarrak izango ditu, eta Idoia Mendia buru duen alderdia izan daiteke indar politiko berrien agerpena dela-eta kalterik handiena jasoko duena, ezkerretik —Ahal Dugu— zein eskuinetik —Ciudadanos— galdu baititzake botoak. Horri buelta ematea edo, behintzat, olatuari eustea dute hauteskunde hauetako helburua. Lortu ezean, PSE-EEk Bizkaian dituen hiru gotorleku historikoetariko bat edo beste —Barakaldo, Portugalete eta Ermua— gal dezake.

PP

Irudi berriztatua aurkeztu nahi izan du Alderdi Popularrak Bizkaian: ahaldungai nagusi Javier Ruiz eta Bilboko alkategai Luis Egiluz estreinako aldiz aurkeztuko dira ardura horietarako, eta Barakaldon izan ezik, gainerako herri garrantzitsuetan ere zerrendaburuak berriak dira. Galdera da ea horrek lortuko duen PP Espainian astindu duten ustelkeria kasuen eta murrizketetan oinarritutako politika ekonomikoen zama arintzea. Alderdi politiko berriek ere higa dezakete PP, Ciudadanosek bereziki. Lehia horretan, baina, badu abantaila bat: Ciudadanosek ez du denborarik izan Bizkaiko gizartean erroak botatzeko, eta gaur-gaurkoz fenomeno mediatikoa da batez ere —Bilbon izan ezik, kanpainaurrean guztiz desagertuta egon dira—.

Besteak

Dudarik gabe, indar politiko berriena da hauteskunde hauetako zalantzarik handienetako bat. Inkestetan, esaterako, iragartzen zen Podemos Ahal Dugu indar handiz agertuko zela Bizkaian, eta bigarren postua eskuratuko zuela EAJren atzetik. Baina iragarpen horiek errealitate bilakatzeko oztopo garrantzitsu bat dago: Podemos izena ez da hauteskundeetan egongo, eta horixe da joera horrekin bat egiten duten herritarrek gehien identifikatzen duten izendapena.

Sektore hori ordezka dezaketen bi zerrenda aurkeztuko dira: UdalBerri —Ezker Anitza, Equo eta beste indar batzuez gain, Ahal Dugu-ren sektore ofizialaren babesa duena— eta Ganemos Goazen Bilbo, Ahal Dugu-ko zenbait kide esanguratsuk sustatutakoa. Azken hori, gainera, ez da Bizkaiko barruti guztietan aurkeztuko foru hauteskundeetan. Seguru asko, nahaste horrek asko zailduko dizkie gauzak.

Azkenik, Ciudadanosen gorakada noraino iritsiko den jakitea zaila da. Alderdiak ez du azpiegitura handirik, eta haren hautagaiak guztiz ezezagunak dira. Baina Bilbon buruhauste bat baino gehiago eman ahal diote PPri: duela gutxi arte Galdakaoko PPko zinegotzi izandako David Pasarin izango da alkategaia.


2015eko ahaldungai nagusiak

EAJ: Unai Rementeria.
EH Bildu: Josu Unanue.
PSE-EE: Carlos Totorika.
PP: Javier Ruiz.
Irabazi: Xabier Jimenez (ez doa ahaldungai nagusi gisa, Bilboko barrutiko zerrendaburu gisa baizik).
UPD: Roque Adrada.
Ciudadanos: Santiago Sainz.
Ahal Dugu: Asun Merinero (ez doa ahaldungai nagusi gisa, Bilboko barrutiko zerrendaburu gisa baizik).
Ikune: Joseba Arroita.

2011ko foru emaitzak

EAJ: 216.455 boto (%38). 22 batzarkide. Diputatu nagusia. Bildu: 122.169 boto (%21,5). 12 batzarkide. PSE-EE: 97.008 boto (%17). 9 batzarkide PP: 80.215 boto (%14,1). 8 batzarkide. Batzarkiderik ez: EB-B (20.479 boto), Aralar (15.838), Berdeak (7.439), UPD (3.397)...

2011ko udal emaitzak

EAJ: 218.870 boto (%38,2). 525 hautetsi. 67 alkate. Bildu: 124.778 boto (%21,7). 406 hautetsi. 28 alkate. PSE-EE: 90.573 boto (%15,8). 106 hautetsi. 3 alkate. PP: 74.403 boto (%13). 55 hautetsi. Alkaterik ez: EB-Berdeak. 19.532 boto (%3,4). 7 hautetsi. Alkaterik ez. Aralar: 13.851 boto (%2,4). 10 hautetsi. Alkaterik ez. Berdeak: 2.785 boto (%0,5). Hautetsi bat. Alkaterik ez. UPD: 2.172 boto (%0,4). Hautetsirik ez.

2015eko Bilboko alkategaiak

EAJ: Juan Mari Aburto.
EH Bildu: Aitziber Ibaibarriaga.
PSE-EE: Alfonso Gil.
PP: Luis Egiluz.
UdalBerri: Carmen Muñoz.
UPD: Javier Gabilondo.
Ciudadanos: David Pasarin.
Ganemos-Goazen Bilbo. Francisco Samir.
PACMA: Goizane Rodriguez.

2011ko Bilboko emaitzak

EAJ: 74.377 boto (%45). 15 hautetsi. Alkatea. PP: 29.038 boto (%17,6). 6 hautetsi. Bildu: 23.932 boto (%14,5). 4 hautetsi. PSE-EE: 22.650 boto (%13,7). 4 hautetsi. Hautetsirik ez: EB-B (5.695), Aralar (3.214 boto), Berdeak (1.875), UPD (1.812)...

Gipuzkoa
Enekoitz Esnaola

Enekoitz
Esnaola

Gipuzkoa

EH Bildu ala batura bat

Duela lau urtetik koalizioa da indar nagusia. EAJ eta PSE-EE prest daude bat egiteko. Ahal Dugu-k ez du argitu nola lortu aldaketa.

Gakoak

  1. Gehiengoak. Ahaldun nagusia hautatzeko saioan lehen bozketan gehiengo osoa behar da: 26 batzarkide. Bestela, nahikoa da gehiengo sinplea.
  2. Galderak. Zer gertatuko da 2011n bezala boto alde handia balego lehen eta bigarren indarren artean? Edo zer, PSE-EEk kolpe handia jasotzen badu? Zer lehentasun izango luke?

Orain dela lau urte bezala hasi da hauteskunde kanpaina Gipuzkoan, garbi egon gabe zein egongo den diputazioan agintean.

EH Bildu

2011n Gipuzkoan 119.000 boto lortu zituen Bildu koalizioak, 22 batzarkide. Diputaziora. Kolpea eman zuen, baina ehun mila bototik gora ibiltzea ez zen harritzekoa izan; legez kanporatze garaietan ezker abertzaleak 2003an 64.000 boto baliogabe zenbatu zituen; 2007an, 73.000; eta 1999an, Lizarra-Garaziko bake garaian, EHk 105.000 boto. EAk, berriz, 34.000 boto inguru lortu zituen duela zortzi urte, forukoetara bakarrik aurkeztu zen azkenekoan, eta haietatik gero H1-ra 8.000 soilik joan ziren. 2011n Alternatibaren alea ere bazeukan ezker abertzale ofizialak. Orain Aralarrena ere bai EH Bilduk. Boto oinarri handi bat eta gainontzeko babesak, beraz. Kontuan hartzekoa bi aste barruko bozetarako.

Urteotan Bildu Gipuzkoan aldundian eta 58 udaletan izan da kudeaketan. Gestioak desgastatu egiten duela esaten da. Ez da beti gertatzen, ordea. Hondakinekin izan du buruhauste handien, batik bat 2012ko otsailean —artean agintean urtebete ez zeramanean—, atez atekoa beste 34 herritan jarriko zuela iragarri zuenetik. Ez zuen asmatu hura prestatzen eta komunikatzen. Milaka herritarren eta indar politiko eta hedabide batzuen oposizio esanguratsua eduki du, eta sufritu du. Plan hura partzialki baino ez dute bete.

EH Bilduk daukan arazo nagusia da ez duela instituzioetan aliaturik; ez egonkorrik, behintzat. Orain ere Batzar Nagusietan eta Donostian, esaterako, ez luke gehiengo osorik lortuko, eta zail izango du boterean segitzea, EAJk, PSE-EEk eta PPk inbestiduran elkar hartuko dutela ematen baitu. Batzar Nagusietan zenbakiek emanez gero, Ahal Dugu-k zer egingo daude EH Bildukoak.

EAJ

Esan du EAJk: Gipuzkoan, oroz gain, diputazioa eta Donostiako alkatetza nahi ditu. Iragarri du boto gehien duen indarra ez izanda ere bilatuko duela hori. Jarraian hirugarren aldia du Markel Olanok ahaldungai nagusi gisa; 2007an ez zuen irabazi EAJk —PSEk baizik—, baina EArekin akordioa lortuta, Olano diputatu nagusi. 2011n Bildu erraz gailendu zitzaion EAJri, maniobrarako aukerarik gabe uzteraino. Testuingurua ere garrantzitsua zen orduan: ETAren erabakia bazetorren, ezker abertzalea berriro instituzioetan... Lau urte igaro dira, eta EAJk uste du desberdina dela egoera.

Aldunditik kanpo eta herrialdean soilik lau alkatetzarekin —orotara biztanleriaren %5 hartzen duten herrietan—, Gipuzkoan edota Donostian —1987tik dago alkatetzatik at—, EAJk aspaldi hasi zuen kanpaina, aukera oro baliatuz aldaketaren mezua gizarteratzeko. 2012an Eusko Legebiltzarrerako bozetan EH Bildu irabazletik bostehun botora geratu ostean, esan zuen aldaketa hori martxan zela. Iaz Europakoetan hamabost mila botora gelditu zen. EAJrentzat, emaitza aldetik hauteskunde hobeak izaten dira EAEkoak besteak baino. Ezker abertzalea, berriz, antzera ibili ohi da EAEkoetan eta udal eta forukoetan.

PSE-EE

EH Bilduren bestelako gobernu bat eratzeko parte izatea eta herrialdeko udal handi batzuetako aginteari eustea: horiek dira PSE-EEren bi helburuak hauteskunde hauetan. Aldundirako formula bakarra du: EAJrekin bat egitea, Denis Itxaso ahaldungai nagusi sozialistak hura «eskuineko» alderditzat jotzen duen arren. Bi indar politikook prest daude. Zenbakiek ahalbidetu behar. Azken urteetan PSE beheraka doa.

Egun hiru alkatetza ditu, baina hiruren artean biztanle asko hartzen dituztenak dira: Irun, Eibar eta Zumarraga —Gipuzkoako biztanleriaren %13,7—. Lasarte-Orian ere irabazi zuten —18.000 lagun—, baina Bilduk eskuratu zuen alkatetza. Lau herri haietan 2011ko alkategai berak aurkeztu ditu PSEk: Jose Antonio Santano, Miguel de los Toyos, Mikel Serrano eta Jesus Zaballos.

PP

Gipuzkoan, behintzat, alderdi txiki bat izateko bidean da PP. Orain lau urte %10,2ko babesa jaso zuen. 2012ko autonomikoetan %8,5ekoa eta iaz Europakoetan %8koa. Inkestek diote gehiago jaitsiko dela. Daukan indar pittinarekin Bilduri aldundia eta Donostiako Udala hartzea eragozten saiatuko da.

Podemos Ahal Dugu

Podemos Ahal Dugu-k ere «aldaketa» nahi du; politika egiteko moduak moldatu nahi dituela dio. Baina hori nola lortu definitu gabe jarraitzen du. Bere markapean, foru hauteskundeetara baino ez da aurkeztuko, jakinda ez duela gehiengo osorik izango, eta aurreratu du bere buruari emango diola botoa, ez duela beste inor babestuko. Hautu horrek kastatzat hartuak dituen alderdiak boterera iristea ahalbidetu dezake, eta zail luke legealdian haiekin unean uneko akordioak egitea.

Besteak

Irabazi koalizioak (IU-Ezker Anitza, Equo, Alternativa Republicana) batzarkide bat lortzeko aukera izan dezake, eta udal hautetsi batzuk izango ditu herri batzuetan; Errenterian azkeneko lau urteotan, kasurako, IUko zinegotzia erabakigarria izan da, Bilduren mesedetan. Ikusteko dago Ciudadanosek zer eskuratuko duen, betiere PPren kaltetan. Eta ez du ematen UPDk ezertxo ere lortuko duenik, gainbehera orokor garrantzitsu batean baitago.


2015eko ahaldungai nagusiak

EH Bildu: Xabier Olano.
EAJ: Markel Olano.
PSE-EE: Denis Itxaso.
PP: Juan Carlos Cano.
Irabazi: Arantza Gonzalez.
UPD: Manu Agirre.
Ahal Dugu: Juantxo Iturria (ez doa ahaldungai nagusi gisa, zerrendaburu baizik).
Ciudadanos: Patricia Rodriguez.

2011ko foru emaitzak

Bildu: 119.100 boto (%35,4). 22 batzarkide. Diputatu nagusia. EAJ: 80.864 boto (%24). 14 batzarkide. PSE-EE: 59.008 boto (%17,5). 10 batarzakide. PP: 34.494 boto (%10,2). 4 batzarkide. Aralar: 17.230 boto (%5,1). Batzarkide 1. Batzarkiderik ez: Ezker Batua (9.014 boto), Hamaikabat (8.662), Berdeak (3.262), UPD (2.486)...

2011ko udal emaitzak

Bildu: 119.541 boto (%35,4). 442 hautetsi. 58 alkate. EAJ: 72.655 boto (%21,5). 187 hautetsi. 4 alkate. PSE-EE: 61.693 boto (%18,2). 96 hautetsi. 3 alkate. PP: 33.331 boto (%9,8). 27 hautetsi. Alkaterik ez. Aralar: 13.655 boto (%4). 24 hautetsi. 2 alkate. Hamaikabat: 9.270 boto (%2,7). 12 hautetsi. Alkaterik ez. Ezker Batua: 9.070 boto (%2,6). 4 hautetsi. Alkaterik ez. UPD: 1.989 boto (%0,5). Hautetsirik ez. EB-Aralar: 1.422 boto (%0,4). 4 hautetsi. Alkaterik ez.

2015eko Donostiako alkategaiak

EH Bildu: Juan Karlos Izagirre.
PSE-EE: Ernesto Gasco. PP. Miren Albistur. EAJ: Eneko Goia. Irabazi. Amaia Martin. UPD: Arantzazu Aranzabal.
Ciudadanos: Nicolas de Miguel.
Plaz: Josebe Iturrioz.
PACMA: Saioa Escolar.

2011ko Donostiako emaitzak

Bildu: 21.110 boto (%24,9). 8 hautetsi. Alkatea. PSE-EE: 19.666 boto (%23,2). 7 hautetsi. PP: 16.502 boto (%19,5). 6 hautetsi EAJ: 15.587 boto (%18,4). 6 hautetsi. Hautetsirik ez: Aralar (3.732 boto), Ezker Batua (2.283), Hamaikabat (1.407), UPD (1.284), Plazandreok (453)...

Nafarroa
Joxerra Senar

Joxerra
Senar

Labirintoan, aldaketaren bila

Azken legealdian UPNk izandako higadurak egokiera ona ekarri du gobernua aldatzeko. Alternatibaren lidergoa hartzeko lehia handia dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k.

Gakoak

  1. CIS. Azken inkestak UPNri 11-12 ematen dizkio; Podemosi, 11; EH BIlduri, 7; Geroa Bairi, 5; Ezkerrari, 2; eta PPri, 3. Beste inkestek, bestelakoak izan arren, berdinketa ematen dute erregimenaren aldeko eta kontrakoen artean.
  2. Bigarren itzulia? Balizko gobernua osatzeko zailtasunen jakitun, udazkenean bozak errepikatzeko aukera haizatzen dabiltza hainbat alderdi.

Orain edo inoiz ez. Adierazpen gordinegia irudi lezake, baina Nafarroako jende askoren sentipena laburbiltzen du. Azken legealdiko higadura handiak eta krisi ekonomikoak eragindako suminak aukera ireki dio oposizioari UPN gobernutik kanporatzeko. Aspaldiko egokierarik onena da, baina horrek ez du esan nahi aldatzea erraza izango dela. Nafarroako mapa politikoa labirinto bihur daiteke, eta nabarmen zaildu daitezke gobernua osatzeko gehiengoak. Ohiko alderdiez gain, bizpahiru indar berri sar daitezke, eta haien emaitzak giltzarriak izan daitezke. Erregimenaren aldeko eta kontrako indarren korrelazioak erabakiko du partida. Hona gakoak:

UPN

Lehia erabakigarri horretan, ia ziurtzat jo daiteke UPNk irabaziko dituela bozak. Hala ere, gainbehera handia izango du. Duela lau urte, 111.474 boto eskuratu zituen, 2007an baino 27.648 gutxiago. Amaitu berri den legealdian 19 parlamentari zituen, baina azken inkestek aurreratzen dute 11-15 artean izango dituela. Zenbat eta gehiago galdu, orduan eta zailago izango du UPNk Esparzaren inbestidura bermatuko dioten 26 parlamentarien babesa lortzea.

Paradoxikoki, bozei begira UPNk eraberritzea aldarrikatzen du, nahiz eta aurpegi aldaketa hutsa izan. Jose Javier Esparza, gainera, ez da Barcina bezain politikari ezaguna, eta, horregatik, hautagaiari protagonismoa eman nahi zaio kanpainan. Era berean, boto ihesa eragozteko, eskuin sektorea mobilizatu nahi du UPNk, EH Bilduren eta Nafarroaren nortasunaren galeraren mehatxua astinduz.

PSN

Nafarroan giltzarria izan ondotik, ezdeusa izateko arriskua du alderdi sozialistak. Higadura handia eragin dio UPNrekin koalizio gobernua osatu izanak eta iazko martxoan zentsura mozioari uko egin izanak, eta PSNk ere aurpegia aldatu du. Berriz ere, eraberritzea eta aldaketa darabil diskurtsoan, baina argi adierazi du EH Bildurekin ez duela ezer jakin nahi. 2011n, aspaldiko emaitza txarrenak izan zituen (51.238 boto), baina marka txar hori txiki utziko du orain. Inkestek bost eta zortzi eserleku artean ematen dizkiote. Gainbehera gelditzea izango du erronka Txibitek.

EH Bildu

Bilduk 42.916 boto eskuratu zituen duela lau urte. Aralarren ekarpenarekin eta testuinguru berriarekin, botoak irabazi beharra dauka, baina oso zail izango du 2007ko Nafarroa Bairen markara iristea (77.893 boto). EH Bilduren helburua, hauxe: alternatibako indarren artean lehen indarra izatea —inkestek 7 eta 10 artean ematen dizkiote—, inork tentaziorik izan ez dezan koalizioa bazter uzteko. Podemosen agerpenak alternatiba osatzea lagun dezake, baina orain ezin da antzeman Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Ezkerrarekin aski izango den 26 eserlekura iristeko.

GeroaBai

Zailtasunaren jakitun, giltzarri bihurtu nahi du Geroa Baik, Uxue Barkosen irudi onak lagunduta. Gobernua osatzeko posibilismoaren karta da erakargarri nagusia, eta berriki Barkosek azpimarratu du koalizio gobernua ez dela aldaketarako aukera bakarra. 2011n, 42.916 boto eskuratu zituen NaBai-2011k. Aralarrik gabe, UPNren eta PSNren higadura profitatu nahi du. Bigarren indarra ez den heinean, zaildu daiteke haren asmoa. Inkestek 5-9 ematen dizkiote.

Ezkerra

Ezkerreko esparruan botoak irabazteko abagune ederra zuen Ezkerrak, baina beste lehiakide bat atera zaio, eta nahikoa lan badu eustearekin. Duela lau urte, 18.457 boto eta hiru legebiltzarkide lortu zituen. Orain, berriz, inkestek parlamentari bat eta hiru artean ematen dizkiote.

PP

Ezkerraren antzeko zerbait gertatzen zaio, baina eskuinean. UPN higatua dagoela eta, aukera bazuen eskuin eremuan botoak bereganatzeko. Alta, min egin diezaiokete Barcinari emandako sostenguak eta PPri lotutako ustelkeria kasuek. 2011n, 23.551 boto eskuratu zituen, eta lau parlamentari lortu. Orain inkestek bi eta hiru artean ematen dizkiote. Eskuinean beste lehiakide bat atera zaio, Ciudadanos, eta ezin jakin hark zer-nolako mina egingo dien UPNri eta PPri. CISen azken inkestaren arabera, lauzpabost eserleku lor ditzake.

Podemos Ahal Dugu

Nafarroan aurpegi ezagunik izan gabe, Navarrometroak 18 eserleku ematen zizkion azaroan, baina halako lurrikararik ez da izango. Dena den, indar handiz sar daiteke, nahiz eta Espainiako gorabeherek higadura eragin. Ikusteko dago botoak nondik hartuko dituen eta zein alderdiri egingo dion minik handiena. Zaila dago igartzen zer egingo duen, inkestek tarte handi bat ematen baitiote: lau eta 11 bitartean.


2015eko presidentegaiak

UPN: Jose Javier Esparza.
PSN: Maria Txibite.
EH Bildu: Adolfo Araiz.
Geroa Bai: Uxue Barkos.
Ezkerra: Jose Miguel Nuin.
PP: Ana Beltran.
UPD: Miguel Zarranz.
Ahal Dugu: Laura Perez.
Ciudadanos: Diego Paños.

2011ko foru emaitzak

UPN: 111.474 boto (%34,5). 19 parlamentari. Lehendakaria. PSN: 51.238 boto (%15,9). 9 parlamentari. Lehendakariordea. NaBai2011. 49.827 boto (%15,4). 8 parlamentari. Bildu: 42.916 boto (%13,3). 7 parlamentari. PP: 23.551 boto (%7,3). 4 parlamentari. Ezkerra: 18.457 boto (%5,7). 3 parlamentari. Batzarkiderik ez: CDN (4.654  boto), Ecolo (4.235), Alderdi Kanabikoa (3.166), UPD (2.212).

2011ko udal emaitzak

UPN: 88.138 boto (%27,7). 322 hautetsi. 43 alkate. PSN: 50.491 boto (%15,9). 239 hautetsi. 24 alkate. Bildu: 37.017 boto (%11,6). 184 hautetsi. 17 alkate. NaBai-2011: 36.262 boto (%11,4). 70 hautetsi. 3 alkate. PP: 19.059 boto (%5,9). 46 hautetsi. Alkate 1. IUN-NEB: 15.017 boto (%4,7). 24 hautetsi. Alkaterik ez. CDN: 3.039 boto (%0,9). 13 hautetsi. Alkate 1.

2015eko Iruñeko alkategaiak

UPN: Enrique Maia. Geroa Bai: Itziar Gomez.
PSN: Maite Esporrin.
EH Bildu: Joseba Asiron.
PP: Pablo Zalba Martin.
Ezkerra: Edurne Egino.
Aranzadi 2015: Ana Lizoain.
Ciudadanos: Iñaki Arana.
UPD: Damaso Crespo.
PACMA: Daniel Fernandez.

2011ko Iruñeko emaitzak

UPN: 34.426 boto (%35,8). 11 hautetsi. Alkatea. NaBai-2011: 21.715 boto (%22,6). 7 hautetsi. PSN: 10.463 boto (%11,7). 3 hautetsi. Bildu: 10.463 boto (%10,9). 3 hautetsi. PP: 6.466 boto (%6,7). 2 hautetsi. Ezkerra: 5.107 boto (%5,3). Hautetsi 1. Hautetsirik ez: NB (1.379 boto), CDN (1.114), UPD (768), SAIn (568), PACMA (288).

Emaitzak

Herrialdeka

Herriz herri

Mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Publizitatea

Hauteskunde Kaiera

Bideoak