m24 - Udal eta foru hauteskundeak

Publizitatea

Hauteskunde Kaiera

18:10
M15

Hasier Arraizek (EH Bildu), gaur, Lezon:

"Pablo Iglesiasek azkenaldian egindako hitzak gaizki hartu ditugu, atsekabez hartu ditugu. EH Bildurekin akordiorik egiteko gaitzezpena, kondena, ezinbesteko baldintza gisa jarri du. Hitz horiek Moncloako eta Ajuria Eneko Itunak gogora ekartzen dizkigute. Badirudi Euskal Herriarekiko PP dela Pablo Iglesiasi agenda politikoa markatzen diona. Hitz zaharrak, Pablo Iglesias, oso zaharrak, politika berririk irudikatzeko. Presaka zabiltza, Pablo Iglesias, presaka eta presaka dabilenak bidean galtzeko arrisku handiak ditu. Ez dakigu, zure azkenaldiko adierazpenak entzunda, zentrora bidaia egiten ari ote zaren ala zuk zeuk duela hilabete batzuk hainbeste kritikatzen zenuen 'kasta' bilakatzeko bidaia ez ote den. Bide horretatik oker zabiltza, Pablo Iglesias, zure bidelagunak ere okerrak izango direlako. Horrek gu gure bidean berresten gaitu. Gu agian nahi baino polikiago joango gara, baina indarrak biltzeko estrategian segitzen dugu, nondik eta nora joan nahi dugun badakigulako. Gu Euskal Bidean berresten gara, guk hemen, Euskal Herrian eta Euskal Herrikoekin bidea egin nahi dugulako".

Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola

15:13
M15

Xabier Olano EH Bilduren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak akusazio gogorra egin du EAJren kontra. Egun Gipuzkoako ogasun zuzendari denak esan du EAJren agintaldian zenbait enpresa "oso handi" ez ikuskatzeko agindua jaso zutela ogasuneko langileek. Gainera, enpresek eurek ere jakinaren gainean zeudela zehaztu du.

Ainhoa Oiartzabal Azketa

Ainhoa Oiartzabal Azketa

14:28
M15

Cayo Lara Donostian (eta III). Ustelkeriari buruzko pasadizo bat ere kontatu du Cayo Larak Donostian, berari gertatutakoa: "1979an zinegotzi hautatu ninduten nire herrian [Argamasilla de Alba, Ciudad Real, Espainia], eta festetan auto elektrikoetan ibiltzeko fitxak oparitu zizkidan gizonezko batek. Ezetz esan nion, langile bat nintzela eta nire ahalmenaren arabera ibiliko zirela edo ez gure umeak auto elektrikoetan, eta Kultura zinegotzi izateagatik ez nituela fitxa haiek opari behar. Gizon hark erosi egin nahi ninduen, festetan urtero jar zitzan auto elektrikoak. Garrantzi txikiko ustelkeria kasu bat zen, baina gutxirekin hasten da eta askorekin bukatzen".

Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola

13:59
M15

Cayo Lara Donostian (II). Kanpaina batean politikarien artean oso ohikoa ez den prentsaurrekoa izan da Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak gaur Donostian egindakoa, segidan ia ordu erdi batez aritu delako gai bati buruz hizketan (egoera ekonomikoaz); hura sakon aztertu du. Bukaeran aipatu du "hemen" [Espainiako Estatuan] behar dena "erreforma enpresariala" dela, eta IUren proposamena aletu du: iruzurra borrokatu; irabaziak dituzten enpresetan kaleratzeak egiten badira horiek delitutzat hartu; ustelkeriarekin lotutako enpresarien aurkako neurriak hartu; euren langile denei alta eman enpresariek; irabaziak ekonomia "produktiboan" inbertitu, eta ez "espekulatiboan"; sozietateen gaineko bestelako zerga mota bat... Lara ez da prentsaurrekora joan propagandarako mezu hutsalak botatzera.

Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola

13:45
M15

Cayo Lara Donostian (I). Irabazi koalizioak prentsaurrekoa eman du gaur Donostian. Hizlari: Amaia Martin (Donostiako alkategaia), Arantza Gonzalez (Gipuzkoako ahaldungai nagusia) eta Cayo Lara (IUko koordinatzaile nagusia). Bi aurrenek hartu dute lehendabizi hitza: lau minutu eta erdian aritu dira. Ondoren, Lara: 24 minutuko azalpena. Kordoban esango lukeena esan du, batez ere Juan Rosell (CEOE) eta Rajoy hizpide izanda. (argazkian, Martin, Lara eta Gonzalez, gaur goizean, Donostian).

Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola

13:19
M14

Harritu naiz Gascok eta batez ere Goiak alkate bezala hartu dutela Izagirre ETB2ko eztabaidan, ez alkategai gisa, hala joan denean.

Enekoitz Esnaola

Enekoitz Esnaola

15:12
M14

Hauteskunde Batzorde Nagusiak ez du onartu PPren helegitea. Ondorioz, Gasteizko Europa Jauregian EH BIlduk egingo du ekitaldia, etzi. PPk ere etzirako eskatua zuen aretoa, baina ezin izango du mitinik egin bertan. Aurretik ere koalizioari eman zion arrazoia Arabako Hauteskunde Batzordeak, PPk kexa aurkeztu bazuen ere.

Arnaitz Lasarte

Arnaitz Lasarte

09:45
M14

Irakurleen galderei erantzungo die 12:30ean Joxerra Senar BERRIAko kazetariak. Nola ez, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak izango ditu hizpide. Izan ere, azken legealdian UPNk izandako higadurak egokiera aproposa ekarri du gobernua aldatzeko. Alternatibaren lidergoa hartzeko lehia handia dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k.

Garbi dago gehiengo osorik ez dela egongo, eta akordioek baldintzatuko dituzte hauteskundeetako emaitzak. Egoera hori dela eta, Nafarroako bozak aztertuko ditu Joxerra Senar BERRIAko Iruñeko delegazioko Politika eta Ekonomia saileko kazetariak, irakurleen galderei erantzunez.

Ainhoa Oiartzabal Azketa

Ainhoa Oiartzabal Azketa

17:58
M13

Gerra zikina iritsi da hauteskunde kanpainara, eta Nafarroako eskuin mediatiko-politikoak aurkitu du nor astindu: Laura Perez Ruano, Podemos-eko hautagaia. Artikako kontzejuak frantses irakasle izateko kontratatu zuen iazko otsailean Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez. Postu txikia izanik, lehiaketa enplegu zerbitzuko teknikariak egin zuen eta hark aukeratu zuen Perez astean lau ordutan klaseak eman zitzan.

Urtebete beranduago Perez Podemoseko hautagai da, eta gobernuak dio oposizio lehiaketa bidez hautatu behar zela astean lau orduko tailera baterako irakaslea. Artikako Kontzejuan Perezen ama zegoelako UPNk fabore tratuak salatzen ditu orain. Atzo albiste agentzia bat erabili zuten salaketa zabaltzeko; gaur, berriz, Diario Navarra-k eta Juan Luis Sanchez Muniain jarduneko eledunak bide beretik jo dute.

Lohi ugari izan dezake kanpainak: astean lau orduko tailer batean fabore tratua ikusten dutenek, Nafarroako Kutxako fabore tratuen eta interes gatazken aurrean ez zuten ezer esan. Ez UPNk ez hark erabilitako komunikabideek.

Joxerra Senar

Joxerra Senar

Emaitzak

Herrialdeka

Herriz herri

Mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Publizitatea