GALen arduradun nagusiari jarritako ezizenaren, 'X jaunaren', itzala izan du beti. GALen atentatuengatik akusatutako batzuek esan izan dute GAL Gonzalezen
baimenarekin eta babesarekin sortu zela. Politikari batzuek ere -Julio Anguita IUko koordinatzaile nagusiak tartean- 'X jauna' izatea leporatu izan diote.
Berak ukatu egin du, baina GALekin zerikusirik izan ez duela argitzeko egin dituen adierazpen gehienetan gero nolabait zuritu egin izan du GALen jarduera.
Bere gobernuko norbait zigortuz gero, zegozkion erantzukizunak hartuko zituela agindu zuen, baina Jose Barrionuevo Barne ministroa eta Rafael Vera
Segurtasuneko estatu idazkaria Segundo Mareyren bahiketagatik zigortu zituztenean, babestu egin zituen.
Felipe Gonzalez Marquez (Sevilla, Espainia, 1942) PSOEko idazkari nagusi aukeratu zuten 1974ean. Gehiengo osoz irabazi zituen 1982ko hauteskundeak, botoen
%48,11 jasota (hamar milioi boto baino gehiago), Manuel Fragaren (AP) aurretik.
'Aldaketaren alde' (Por el cambio) izan zen PSOEren leloa hauteskundeetan. Hala ere, Barne Ministerioaren funtzionamenduan ez zuten aldaketa nabarmenik
egin. Gonzalezek berak onartu zuen, 1997ko ekainean El Pais-i eskainitako elkarrizketa batean: "Jendeak ez du ulertu nahi diktaduratik heredatutako egitura
oso bat errespetatu zela".
Herentzia horren zati bat jaso zuen Gonzalezek ZEN Zona Especial Norte planean. Plana Gonzalezen gobernuak jarri zuen indarrean, 1983ko otsailean, Jose
Barrionuevo Barne ministro zela, baina Martin Villa eta Juan Jose Roson barne ministro ohien hainbat gomendio aintzat hartuta.
Felipe Gonzalezek hasiera-hasieratik aurre egin behar izan zien gerra zikinari eta GALi buruzko susmoei eta akusazioei, eta hasiera-hasieratik argi utzi
zuen GALen edo polizien atentatuen biktimekiko sentiberatasun falta. 1983ko urriaren 18an Joxemari Larretxea errefuxiatua bahitzen saiatu ziren Hendaian.
Bahitzaileak atxilotu egin zituzten: Espainiako Poliziako inspektore bat eta GEOetako (Operazioetarako Talde Berezia) hiru kide. Gonzalezi Larretxearen
bahiketa saioari buruzko galdetu zioten, eta erantzun zuen gehiago kezkatzen zutela "ETAk 1977ko amnistiatik egindako 500 hilketek, Espainiako Poliziak
Frantzian egindako misioek baino". Gonzalezen adierazpenetan ohikoa izan zen, batzuen eta besteen atentatuak parekatzea, GALenak ez gaitzesteko.
Gonzalezen ohiko jarrera izan zen, baita ere, GALekin edo gerra zikinarekin lotura zuzenak ukatzea, baina esaldi berean GALen jarduera babesten zuela
iradokitzea. Zeharka gauza asko esaten baitzituen Gonzalezek. 1983ko azaroaren 3an, Larretxearen bahiketa saiotik egun batzuetara, esaterako, Gonzalezek
Espainiako Kongresuan esan zuen bere gobernuak ez ziela utziko "lasai bizitzen terrorea eta krimena babesten dituztenei". Pilar Cernuda kazetariaren
arabera, 1983ko azaroan bertan, Gonzalezek begia begi truk egin beharra onartu zuen afari pribatu batean, Bilbon: "Terroristak beren armekin txikitu behar
dira: terrorismoaren armekin".
Era berean, Gonzalezen ohiko argudioa eta defentsa zen -kasu batzuetan mehatxua ere bai- PSOEren Gobernuaren aurretik ere izan zela gerra zikina. 1988ko
uztailean Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidente ohiak iradoki zuen Gonzalezek baimendu zuela GAL sortzea: "Nik ez nuen GAL sortzea onartuko" esan
zuen Suarezek. "Zer nahi duzue, nik ping-pong joku bat egin eta esatea nik ere ez niela babesik emango Batallon Vasco Españoli eta istorioei?",
erantzun zien Gonzalezek kazetariei eta Suarezi.
Felipe Gonzalezek hasieratik babestu zituen GALen ekintzengatik inputatutako poliziak eta arduradun politikoak. 1988ko uztailaren bukaeran, Jose Amedo eta
Michel Dominguez Batxoki eta Consolation tabernetako atentatuengatik espetxean zeudela, babes guztia eskaini zien, "lintxamendu moralaren" aurrean:
"Ikuspuntu politikotik errazena urruntzea izango litzateke. Urruntzerik ez. Terrorismoaren kontrako borrokaren arduradun izateko agindua jasotzen duten
poliziek eskubidea daukate, ez bakarrik gobernuaren babesa jasotzeko, baizik eta gizarte demokratiko guztiarena, kontrakoa frogatzen ez den bitartean".
Kontrakoa frogatuta ere, Gonzalezek GALengatik zigortutako arduradun politikoak eta poliziak babesten jarraitu zuen.
Egun horretan bertan estatua eta GAL lotu zituen bi esalditan. Alde batetik, esan zuen Estatua ez dela "saloietan eta oholtzetan bakarrik defendatzen,
baita isurbideetan ere", gerra zikinaren estoldei erreferentzia eginez; bestetik, gehitu zuen ez zela "frogatuko" "funtzionarioen edo Estatuaren
inplikaziorik" GALen jardueretan. Alegia, ez zuen esan loturarik ez zegoenik, inplikazioak ez zirela frogatuko baizik.
1998an Baltasar Garzon epaileak GALen organigrama bat aurkeztu zion Espainiako Auzitegi Nazionalari. Bertan, goi-goian, 'X' bat zegoen, buruzagi nagusia.
Ez zuen zehazten nor zen. Baina Garzonek berak zioen, Auzitegi Gorenera bidalitako auto batean, Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialistak aitortu
ziola Gonzalez izan zela GALen sortzaileetako edo buruetako bat. Auzitegi Goreneko fiskalak, Eduardo Monerrek, baztertu egin zuen. Danborenearen akusazioek
ez zeukatela funtsik eta ez zirela egiantzekoak esan zuen. Akusazioak helegiteak aurkeztu zituen eta Gonzalez ozta-ozta libratu zen inputaziotik: Auzitegi
Goreneko sei epaile inputazioaren kontra zeuden, lau alde, 1996ko azaroaren 5ean egin zuten bozketan.
Garzonek berak uste zuen Gonzalez zela GALen 'X jauna'. Manuel Vazquez Montalban idazleari esan zion Gonzalezen funtzioa GALen barruan "egiten uztea,
pasatzen uztea" zela.
Hala ere, Garzonek PSOEren zerrendetan joatea onartu zuen 1993ko Espainiako hauteskundeetan. 'X jaunaren' teoriaren sortzaileak, gehienek 'X jauntzat'
zeukatenaren ondoan joatea onartu zuen. Garzon izan zen zerrendako izarra, baina bederatzi hilabete geroago dimisioa eman zuen, espero zuen eta agindu
zioten baino rol apalagoa zeukalako. Agerian geratu zen 1994an Gonzalezek Barne ministroa aldatu behar izan zuenean. Antoni Asuncion orduko Barne
Ministroak dimisioa eman zuen -Luis Roldanen ihesagatik- eta Gonzalezek Juan Alberto Belloch izendatu zuen Barne eta Justizia ministro, Garzonen igoera
oztopatuz. "Gonzalezek panpin baten moduan erabili nau", esan zuen orduan Garzonek.
Gonzalezek berean jarraitzen zuen. "Erabat ezinezkoa da inork frogatu ahal izatea gobernuak zerikusia daukala GALekin", esan zuen 1994ko abenduaren 22an.
Alegia, berriro ere, ezinezkoa ez zen gobernuak eta GALek harremana edukitzea, harreman hori frogatzea baino. Iñaki Gabilondo kazetari donostiarrak ea
zergatik galdetu zion TVE Espainiako Telebistan, 1995eko urtarrilaren 9an egindako elkarrizketa batean. "Ezinezko hipotesia da, ez du egin eta, beraz,
ezinezkoa da", erantzun zuen. Ordurako Gonzalezek Gabilondori onartu zion Jose Barrionuevo Barne ministroa GALen ekintzengatik zigortuz gero Espainiako
Gobernua inplikatuko zuela, eta Segurtasuneko estatu idazkaria, Rafael Vera, "Estatua" zela, "Gobernuaren gertuko erantzukizuna". Eta Barrionuevo eta Vera
zigortuz gero, zer egingo zuen Gonzalezek? "Epaileek edonoren erantzukizuna ezartzen badute, nik nire ardurari aurre egingo diot. Ez izan inolako
zalantzarik. Beti esan dut eta egin dut politikoki".
Garzonek 1995eko uztailean txosten bat bidali zion Espainiako Auzitegi Gorenari esanez zantzu arrazionalak zeuzkala erakusten zutenak Gonzalez GALen
sortzaile eta zuzendari izan zela. Funtsak bidegabeki erabiltzea ere leporatu zion. 1995eko uztailean, Miguel Planchuelok, Julian Sancristobalek eta
Francisco Alvarezek Garzoni onartu zioten parte hartu zutela GALen eta Segundo Mareyren bahiketan, Barrionuevoren eta Veraren onespenarekin. Lau egun
geroago Garcia Danborenea ere Garzonengana joan zen, aitorpen bat egitera. Garcia Danboreneak gero prentsaurreko bat eskaini zuen. Gobernua GALen
arduraduna zela esan zuen, GAL "erabaki politiko" bat izan zela, "ez bi, hiru edo lau poliziaren irudimenetik sortutako zerbait". "Gonzalezek bazekien, nik
berarekin hitz egin dudalako, ez behin bakarrik, zenbait aldiz baizik". EAEko sozialisten zuzendaritza osoak GALen estrategia onartu zuela iradoki zuen.
Gonzalezek gezurretan aritzea leporatu zion Garcia Danboreneari.
"Gobernuak ez du ilegalitaterik egin terrorismoaren kontrako borrokan", esan zuen Gonzalezek Kongresuan, gaiari buruzko eztabaida batean, 1995eko
uztailaren 27an. Egun horretan bertan, Garzonek esan zuen Gonzalezen kontrako lekukoen akusazioak "sinesgarriak" zirela, baina ez "kriminalitate zantzu
arrazionalak". 1996an Auzitegi Goreneko bigarren aretoak ez zuen Gonzalez inputatu gisa deklaratzera deitu, haren "estigmatizazioa" saihesteko.
Gonzalezi buruzkoak ez, baina Garzonek Barrionuevori buruz esan zuen haren kontrako "datu eta indizio uholdea askoz ere handiagoa" zela. Hala ere, Felipe
Gonzalezek eta Carmen Romero PSOEko diputatu eta Gonzalezen emazteak Barrionuevo babesten jarraitu zuten. Romerok, esaterako, 1997ko ekainaren 4ean GALen
jarduera zuritu zuen, beste herrialde batzuetan antzekoa gertatu zela esanez: "Nola galaraziko digu loa Espainian bakarrik ez, Frantzian, Alemanian,
herrialde demokratiko guztietan gertatu den fenomeno batek? Joko zikineko fenomenoak, kontuak garbitzeko fenomenoak, arruntak dira herrialde askotan".
1996ko hauteskundeak galduta, Gonzalezek PSOEko idazkari nagusi kargua utzi zuen 1997ko ekainean. Joaquin Almunia bilbotarrak ordezkatu zuen. Berez, Josep
Borrellek Almuniari irabazi egin zion PSOEko hauteskunde primarioetan, baina Borrellek uko egin zion karguari, PSOEko zuzendaritzaren babes faltagatik.
Almunia zen hautagai ofiziala.
Felipe Gonzalezek GALen auziengatik inputatuak babesten jarraitu zuen. Barrionuevoren '2001 dias en Interior' liburuaren aurkezpena baliatu zuen
horretarako, 1997ko uztailaren 15ean: "Pepe [Barrionuevo], Rafa [Vera], jeneralak [Galindo, Saenz de Santamaria, Manglano], eskerrik asko Espainiagatik
egin zenutenagatik. Gaur argi eta garbi esan behar dizuet hemen nagoela zuen alde aurpegia ateratzeko eta atera nahiko nuke zuek atera behar ez izateko, ez
baituzue hori merezi".
1997an, Marey kasuko Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose Maria Luzonek, 23 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Barrionuevorentzat eta Verarentzat. Felipe
Gonzalezek esan zuen kasua "antolaketa ustela" zela.
Gonzalezek lekuko gisa deklaratu behar izan zuen Mareyren bahiketaren epaiketan, 1998ko ekainaren 23an. Ukatu egin zuen gerra zikina egitea agindu zuenik
eta Barrionuevok halakorik planteatu zionik. GALen sorrerako agiria epaiketarako faltsifikatu zela gehitu zuen. Onartu zuen Danborenearekin bildu zela
1984an, martxoaren 15ean eta maiatzaren 22an, GALen atentatu olde betean, baina ez zutela terrorismoaren kontrako estrategiaz hitz egin, Gonzalezek ez
zeukalako konfiantzarik Danborenearengan.
Barrionuevori eta Verari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zieten Segundo Mareyren bahiketagatik. Zigortuta ere, Gonzalezek haiek babesten jarraitu zuen
eta ez zuen hartu urte batzuk lehenago agindu zuen ardurarik.
Barrionuevo eta Vera 1998ko irailaren 10ean sartu ziren Guadalajarako espetxean (Espainia). PSOEk ekitaldi bat antolatu zuen haiek babesteko, eta bost mila
lagunetik gora elkartu ziren. Han zeuden Felipe Gonzalez, Ramon Rubial PSOEko presidentea, Alfonso Guerra, Txiki Benegas, Joaquin Almunia, Josep Borrell...
Besarkadak eman zizkieten eta txalo egin zieten kartzelara sartu aurretik. Gonzalezek atariraino lagundu zien eta indultua eskatu zuen espetxera sartu
behar zuten ekitaldian bertan. "Familiartekoak izan ez arren, familiako kide sentitzen garenok aske nahi ditugu, berehala", esan zuen Gonzalezek indultua
zuritzeko. "Ezin azalduzkoa eta ulergaitza litzateke herritar guztientzat, baita PPkoentzat ere, Gabon gauean etxean ez egotea".
Gonzalezek kartzelan bisitatu egin zituen eta kartzelatik kanpo Barrionuevoren eta Veraren alde lan egin zuen. Espainiako Gobernuari, Jose Maria Aznar
presidenteari, presio egin zion indultua emateko.
Gonzalezek eskatu, Aznarrek egin. Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zien Barrionuevori, Verari eta gainerako zigortuei, Amedori eta Dominguezi
izan ezik, 1998ko abenduaren 24an.
Hamarkada bat beranduago, 2010eko azaroan, Gonzalezek gerra zikinaren froga berri bat eskaini zuen, El Pais-i eskainitako elkarrizketa batean. "Bizitzan
aukera bakarra izan nuen ETAren buruzagitza osoa garbitzeko", esan zuen. 1989a edo 1990a zen. "Ez zen terrorismoaren kontrako operazio arrunta; gure
jendeak ETAren buruzagitzaren bilera baten eguna eta ordua antzeman zituen". Frantzian, haren hitzetan. Gonzalezek onartu zuen ezin zituztela atxilotu,
Espainiatik kanpo zeudelako eta urte haietan Frantziaren lankidetza txikiagoa zelako. Hala ere, onartu zuen lehergailu bat jartzeko aukera bazegoela: "Une
hartan zegoen aukera bakarra zen guztiak elkarrekin leherraraztea eta burugabetzea". "Ezetz esan nuen", Gonzalezen esanetan . "Oraindik ez dakit zuzen
jokatu nuen".
Felipe Gonzalezen ondoan egon zen, bai PSOEn, bai Espainiako Gobernuan. Espainiako Gobernuko presidenteordea izan zen 1982tik 1991era. 1991ean dimisioa
eman zuen, bere anaiaren -Juan Guerra- ustelkeria kasu baten ondorioz.
1984ko otsailaren 25ean GALek Jean-Pierre Leiba hil zuen, hiru errefuxiaturekin lanera zihoala -lankideak ziren-, Hendaiako trenbideetan. Espainiako
Poliziak hiltzaileetako bat atxilotu zuen mugan, Mariano Moraleda Muñoz; Daniel Fernandez Aceñak, berriz, bere burua entregatu zuen. GALeko kide
zirela onartu zuten. Hala ere, Alfonso Guerrak esan zuen atxilotuak ez zirela GALekoak, "GALen sartzeko merituak egiten ari zirenak baizik", iradokiz
bazekiela nortzuek osatzen zuten GAL.
Amedoren esanetan, Julian Sancristobalek informazio guztia ematen zion Alfonso Guerrari. Ez zuten inputatu.
Felipe Gonzalezek Jose Barrionuevo aukeratu zuen beren lehen gobernuko Barne ministro izateko, alderdiko Barne gaietarako bozeramailea baztertuta. Rafael
Veraren esanetan, Juan Jose Rosonek -aurreko Barne ministroak- proposatu zion Gonzalezi. Barrionuevo Madrilgo alkateorde eta udaltzainen arduradun izan
zen.
Barne Ministeriora iritsi eta eutsi egin zien Francoren garaiko Ikerketa Politiko-Sozialeko Brigadako hainbat arduraduni. Barrionuevok berak lotura izan
zuen frankismoarekin: gaztetan karlista izan zen, Ikasle Tradizionalisten Elkarteko kidea -han ezagutu zuen Rodolfo Martin Villa-; Zuzenbide fakultatean
Espainiako Sindikatu Unibertsitario falangistako eskola jarduerak zuzendu zituen; eta Mugimenduko idazkariordearen kabineteko burua izan zen.
Barrionuevok Barne Ministerioan eutsi zien arduradunen artean zegoen Jesus Martinez Torres, Informazio komisario nagusia. Martinez Torresen esanetan,
Barrionuevok begi onez ikusten zuen ETAko kideak Frantzian bahitzea 1983ko udazkenean.
1983ko urriaren 18an Joxemari Larretxea errefuxiatua bahitzen saiatu ziren Hendaian. Bahitzaileak atxilotu egin zituzten: Espainiako Poliziako inspektore
bat eta GEOetako hiru kide (Operazioetarako Talde Berezia). Barrionuevorentzat "ekintza humanitarioa" izan zen hura, "Martin Barriosen bizitza salbatzeko".
"Larretxearekin hitz egin nahi zuten, baina ustekabeko istripu bat gertatu zen". Larretxea arrastaka eta kolpeka eramaten saiatu ziren. ETAk bahituta
zeukan kapitaina zen Martin Barrios. Larretxea bahitzeko saioaren egun berean hil zuten.
1983ko abenduaren 28an GALek Mikel Goikoetxea tirokatu zuen. 1984ko urtarrilaren 1ean hil zen. Barrionuevoren erreakzioa mehatxu egitea izan zen,
Espainiako segurtasun indarrek GALen parte hartzen zutela zioen edonor salatzekoa.
1988ko uztailean Barne ministro kargua utzi eta Garraio, Turismo eta Komunikazio ministro izendatu zuten. Jose Luis Corcuerak ordezkatu zuen Barne
Ministerioan.
Hilabete horretan bertan Baltasar Garzon epaileak justiziari oztopoak jartzea leporatu zion Barrionuevori, ez baitzion argitu zenbat diru eman zion Jose
Amedori diru bereizietatik. El Pais egunkariaren arabera, Barrionuevok Gonzalezen aginduak bete zituen informazioa ukatzeko orduan.
Barrionuevok, Gonzalezen modura, gauza bat eta kontrakoa esaten edo iradokitzen zituen esaldi berean GALi buruz hitz egiten zuenean. 1991ko ekainean,
esaterako, Jose Amedoren eta Michel Dominguezen kontrako epaiketan, gauza bat eta kontrakoa esan zituen: alde batetik, Barne Ministerioaren ikerketei esker
-inor atxilotu gabe- GALek atentatuak egiteari utzi ziola 1986an; bestetik, ez zekiela ezer GALi buruz.
1995ean Garzonek suplikatorioa eskatzeko galdegin zion Auzitegi Gorenari, Barrionuevori GALeko zenbait delitu leporatzeko. Barrionuevo diputatua zen,
inmunitate parlamentarioa zeukan, eta ezin zuen Auzitegi Nazionalak epaitu.
Julian Sancristobal eta gainerakoak espetxeratu eta gero, Barrionuevok esan zuen atxilotuen "patua partekatu" nahi zuela, "estimatzen" zituelako. Hala ere,
ez zuen diputatu kargua utzi. PSOEk hitzez justiziari lagunduko ziola esaten zuen, baina gero urrats guztiak oztopatzen zituen. Auzitegi Gorenak Garzonen
eskaera bere egin zuen eta suplikatorioa eskatu. Barrionuevok uko egin zion diputatuen pribilegioak uzteari, baina parlamentuak immunitatea kendu zion.
PSOEko diputatu gehienek -159tik 122k- kontra bozkatu zuten.
Barrionuevok 1995eko abenduan deklaratu zuen Eduardo Moner epailearen aurrean, ustez Segundo Mareyren bahiketan zerikusia izateagatik. Bere kontrako
akusazioak ukatu zituen. Aste horretan Barrionuevorekiko elkartasun afaria antolatu zuten, eta PSOEko 700 ordezkaritik gora joan ziren: tartean zeuden
Narcis Serra presidenteorde ohia, Joaquin Almunia, Ramon Rubial, Carmen Romero diputatu eta Felipe Gonzalezen emaztea... baita Enrique Rodriguez Galindo
eta Julen Elgorriaga ere. Javier Solanak eta Josep Borrellek beren babesa eman zioten. Gonzalez ez zen joan, baina Gonzalezek berak "elkartasun eta
adiskidetasun guztia" eskaini zizkion abenduaren 21ean.
1996eko urtarrilean Moner epaileak 15 milioi pezetako fidantza eskatu zion Barrionuevori aske jarraitzeko. Bahiketa -Segundo Mareyrena, 1983ko abenduan-,
funtsak bidegabeki erabiltzea eta talde armatuarekin harremana izatea leporatu zien Barrionuevori eta Rafael Verari.
Hiru egun geroago, PSOEk martxoko hauteskundeetarako zerrendetan sartu zuen. PSOEk hauteskundeak galdu zituen, Aznarren PPk irabazi zituen, baina
Barrionuevok diputatu izatea lortu zuen.
1997an, Marey kasuko Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose Maria Luzonek, 23 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Barrionuevorentzat eta Verarentzat. Felipe
Gonzalezek esan zuen kasua "antolaketa ustela" zela. Txiki Benegasek "epaiketa politikoa" zela. Auzitegi Gorenak hamar urteko kartzela zigorra ezarri zien
Barrionuevori eta Verari. Epaiaren esanetan, Barrionuevok eta Verak baimendu eta ordaindu zuten bahiketa -diru bereiziekin-.
Baimendu bakarrik ez. Berez, Mikel Lujua Gorostola errefuxiatua bahitu nahi zuten, baina okertu eta Segundo Marey eraman zuten. Epaiak dio Barrionuevok eta
Verak bahiketarekin aurrera jarraitzea erabaki zutela. Auzitegi Gorenak Barrionuevo eta Vera zigortu egin zituen, baina ez zuen onartu akusatuak talde
armatuko kide zirenik.
Barrionuevok justiziarik ez zela egin salatu zuen eta, Gonzalezen moduan, GALen biktimekiko errespetu falta izan zuen. Barrionuevo 1998ko uztailaren 30ean
joan zen Mareyren bahiketaren sententzia jasotzera, Auzitegi Gorenera. Babes ekitaldi bat antolatu zuten kanpoan. "Garesti ordaindu dugu balio
demokratikoak babestea, zuzenbide estatua bortxatu da", esan zien bildutakoei. "Epaiketa justua izateko eskubidea daukagu. Magistratuek ez dituzte gure
bizitzak errespetatu. Gure lanak, gure jarduera politikoak... hamar urteko kartzela zigorra merezi al dute? Gure familientzako bizibidea ateratzeko
eskubiderik gabe geratu behar al dugu? Heredatu dugun ondareak Mareyrentzat izan behar al du?".
Barrionuevo eta Vera 1998ko irailaren 10ean sartu ziren Guadalajarako espetxean. PSOEk ekitaldi bat antolatu zuen, haiek babesteko, eta bost mila lagunetik
gora elkartu ziren. Han zeuden Felipe Gonzalez, Ramon Rubial PSOEko presidentea, Alfonso Guerra, Txiki Benegas, Joaquin Almunia, Josep Borrell...
Besarkadak eman zizkieten eta txalo egin zieten kartzelara sartu aurretik. Gonzalezek atariraino lagundu zien eta indultua eskatu zuen espetxera sartu
behar zuten ekitaldian bertan. "Familiartekoak izan ez arren, familiako kide sentitzen garenok aske nahi ditugu, berehala", esan zuen Gonzalezek indultua
zuritzeko. "Azaldu ezina eta ulergaitza litzateke herritar guztientzat, baita PPkoentzat ere, Gabon gauez etxean ez egotea".
Gonzalezek kartzelan bisitatu egin zituen eta kartzelatik kanpo Barrionuevoren eta Veraren alde lan egin zuen. Espainiako Gobernuari, Jose Maria Aznar
presidenteari, presio egin zion indultua emateko. Barrionuevok eta Verak ez zuten indulturik eskatu, horrek beren errundutasuna onartzea esan nahiko
bailuke.
Gonzalezek eskatu, Aznarrek egin. Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zien Barrionuevori, Verari eta gainerako zigortuei, Amedori eta Dominguezi
izan ezik, 1998ko abenduaren 24an. Indultu partzialak kartzela zigorrak heren batean utzi zituen: hamar urteko kartzela zigorra hiru urte eta lau
hilabetean. Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, Barrionuevoren eta Veraren babes helegiteak aztertu bitartean.
Beraz, hiru hilabete egin zituzten preso, hamar urteko espetxe zigor batetik.
2001eko martxoan Auzitegi Konstituzionalak ez zituen aintzat hartu Barrionuevoren eta Veraren babes helegiteak, ezta Mareyren bahiketagatik zigortutako
gainerakoenak ere. Apirilean Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose Maria Luzonek, zigortu guztiak espetxera bueltatzearen aldeko irizpena kaleratu zuen.
Barrionuevo eta Vera maiatzaren 30ean sartu ziren Victoria Kent gizarteratze zentrora, baina egun berean atera ziren, erregimen irekia lortu eta gero,
espetxean hamar ordu baino gutxiago eginda. Adierazgarria da Barrionuevo eta Vera Victoria Kent zentrora joatea, zentro hori erregimen irekiko presoak
bakarrik hartzeko prestatuta baitago
Barrionuevori eta Verari hirugarren gradu berezia aplikatu zieten eta horrela ez zeukaten espetxera joan beharrik lo egitera, zenbait aldiz espetxe
agintaritzara sinatzera baizik. Victoria Kenteko eta Alcala Mecoko arduradunek erabaki hori hartu zuten, "zigorra betetzea eta zigortuen segurtasun premiak
uztartzeko".
Berez, Rafael Verak ez zeukan esperientziarik segurtasun gaietan, baina Barrionuevoren eskutik Espainiako segurtasun ardura nagusietako bat izan zuen.
Ikasketaz ingeniari teknikoa eta informatikaria, ingeniari tekniko plaza lortu zuen Madrilgo Udalean. Han ezagutu zuen Jose Barrionuevo (1979tik 1982ra
Segurtasun zinegotzia izan zen). Vera 1980an izendatu zuen Madrilgo Udalaren Segurtasun eta Udaltzaingoaren Ordezkaritzako zuzendaria. 1981ean Barrionuevok
Segurtasun eta Udaltzaingoaren ordezkari izendatu zuen.
Espainiako Barne ministro kargua hartu eta gero, Barrionuevok Estatuko Segurtasun Zuzendaritzara eraman zuen Vera 1982an. 1984an jada Barne idazkariorde
izendatu zuen; eta 1986an Segurtasuneko estatu idazkaria. Berea zen Poliziaren ardura.
Barne Ministeriora iritsi zenean, Barrionuevok eutsi egin zien Francoren garaiko Ikerketa Politiko-Sozialeko Brigadako hainbat arduraduni. Verak onartu
izan du "Francoren jeneralak, Francoren poliziak" zirela, baina karguetan eutsi zietela, sozialisten artean hautagaien zerrenda "hutsik" zegoelako:
sozialisten inguruko poliziek "bulegoko lanak" nahi zituzten eta "inork ez zuen nahi terrorismoaren kontra borroka egiteko ardura".
1994ko abenduan, Jose Amedo eta Michel Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio
Hierro eta Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia-buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako
intelijentziaren arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Julian
Sancristobal, Rafael Vera eta Jose Barrionuevo ere aipatu zituzten.
Garzonek 1995eko otsailean espetxeratu zuen. Apirilean, Garzonek Verari egotzi zion GAL finantzatzea eta Danboreneari, Sancristobali, Alvarezi eta
Planchuelori antolaketa zehaztea. Bostei egotzi zien Segundo Marey bahitzea. Danborenea eta Alvarez fidantzapean aske utzi zituen; Vera, Sancristobal eta
Planchuelo, aldiz, behin-behineko espetxean. Uztailaren 12an Garzonek Vera aske utzi zuen, 200 milioi pezetako fidantzapean. PSOEk ordaindu zuen.
Kartzelatik atera berritan esan zuen Joxemari Larretxearen bahiketa saioa -1983ko urrian- segurtasunerako beharrezkoa zela "bere burua seriotzat daukan
munduko edozein herrialderentzat". Aurrerago Verak onartu zuen Larretxea bahitzeko agindu zuela. "Aurrera, esan nuen, beti ere legearen mugak errespetatzen
badira ahal den neurrian". Espainiako Poliziak Larretxea bahitzen saiatu ziren Hendaian, haren motorra auto batekin jota eta Larretxea arrastaka eta
kolpeka eramanda. Frantziako poliziek saihestu zuten bahiketa saioa.
1996ko maiatzean Gomez de Liaño epaileak Lasa eta Zabala kasuko susmagarri izendatu zuen Vera, Jorge Argote abokatuarekin batera, Luis Roldani
deklarazioa hartu eta gero. Deklaratzera deitu zituen. Baita Jose Luis Corcuera Barne ministro ohia ere. Lasa eta Zabalaren bahiketa estali nahi izatea
leporatu zioten. Vera errugabetu egin zuten.
Epaitegietan GALen gehiegikerietako batzuk agerian geratu baziren ere, Verak Jose Amedo eta Michel Dominguez babesten jarraitzen zuen. "Amedo eta Dominguez
ez ziren terroristak, terrorismoaren kontra borroka egin zuten pertsonak baizik, modu okerrean edo ez okerrean, baina ziurrenik fede onez egin dute", esan
zion Paddy Woodworth kazetariari, 1997ko azaroan.
1998an Auzitegi Gorenak hamar urteko kartzela zigorra ezarri zien Barrionuevori eta Verari, Segundo Marey bahitzeagatik eta funtsak bidegabeki
erabiltzeagatik. Epaiaren esanetan, Barrionuevok eta Verak baimendu eta ordaindu zuten bahiketa -diru bereiziekin-.
Baimendu bakarrik ez. Berez, Mikel Lujua Gorostola errefuxiatua bahitu nahi zuten, baina okertu eta Segundo Marey eraman zuten. Epaiak dio Barrionuevok eta
Verak bahiketarekin aurrera jarraitzea erabaki zutela. Auzitegi Gorenak Barrionuevo eta Vera zigortu egin zituen, baina ez zuen onartu akusatuak talde
armatuko kide zirenik.
Mareyren bahiketagatik zigortu eta gero, Verak 1998an onartu zuen gerra zikina egon zela aurreko gobernuetan, baina ez zela momentua bere egia kontatzeko.
Ministro bakoitzak "egin beharrekoa" egingo zuela eta berak ez zuela zabalduko "Pandoraren kutxa".
Barrionuevo eta Vera 1998ko irailaren 10ean sartu ziren Guadalajarako espetxean. PSOEk ekitaldi bat antolatu zuen haiek babesteko, eta bost mila lagunetik
gora elkartu ziren. Han zeuden Felipe Gonzalez, Ramon Rubial PSOEko presidentea, Alfonso Guerra, Txiki Benegas, Joaquin Almunia, Josep Borrell...
Besarkadak eman zizkieten eta txalo egin zieten kartzelara sartu aurretik. Gonzalezek atariraino lagundu zien eta indultua eskatu zuen espetxera sartu
behar zuten ekitaldian bertan. "Familiartekoak izan ez arren, familiako kide sentitzen garenok aske nahi ditugu, berehala", esan zuen Gonzalezek indultua
zuritzeko. "Azaldu ezina eta ulergaitza litzateke herritar guztientzat, baita PPkoentzat ere, Gabon gauez etxean ez egotea".
Gonzalezek kartzelan bisitatu egin zituen eta kartzelatik kanpo Barrionuevoren eta Veraren alde lan egin zuen. Espainiako Gobernuari, Jose Maria Aznar
presidenteari, presio egin zion indultua emateko. Barrionuevok eta Verak ez zuten indulturik eskatu, horrek beren errundutasuna onartzea esan nahiko
bailuke.
Gonzalezek eskatu, Aznarrek egin. Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zien Barrionuevori, Verari eta gainerako zigortuei, Amedori eta Dominguezi
izan ezik, 1998ko abenduaren 23an, Gabon egunaren aurretik. Indultu partzialak kartzela zigorrak heren batean utzi zituen: hamar urteko kartzela zigorra
hiru urte eta lau hilabetean. Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, Barrionuevoren eta Veraren babes helegiteak
aztertu bitartean. Beraz, hiru hilabete egin zituzten preso, hamar urteko espetxe zigor batetik.
2001eko martxoan Auzitegi Konstituzionalak ez zituen aintzat hartu Barrionuevoren eta Veraren babes helegiteak, ezta Mareyren bahiketagatik zigortutako
gainerakoenak ere. Apirilean Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose Maria Luzonek, zigortu guztiak espetxera bueltatzearen aldeko irizpena kaleratu zuen.
Barrionuevo eta Vera maiatzaren 30ean sartu ziren Victoria Kent gizarteratzen zentrora, baina egun berean atera ziren, erregimen irekia lortu eta gero,
espetxean hamar ordu eginda. Adierazgarria da Barrionuevo eta Vera Victoria Kent zentrora joatea, zentro hori erregimen irekiko presoak bakarrik hartzeko
prestatuta baitago.
Barrionuevori eta Verari hirugarren gradu berezia aplikatu zieten eta horrela ez zeukaten espetxera joan beharrik lo egitera, zenbait aldiz espetxe
agintaritzara sinatzera baizik. Victoria Kenteko eta Alcala Mecoko arduradunek erabaki hori hartu zuten, "zigorra betetzea eta zigortuen segurtasun premiak
uztartzeko".
Hala ere, Verak espetxera bueltatu behar izan zuen. 2004ko urriaren 19an, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Madrilgo Probintzia Auzitegiaren 2002ko
sententzia bat. Sententzia hartan Verari zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik (Espainiako Gobernuan Vera
zen diru bereizien arduraduna). Epaitegiak frogatutzat jo zuen Verak beretzat hartu zituela diru bereizietako "kopuru oso handiak" eta dirua hartu zuela
beste pertsona batzuentzat. Guztira diru bereizietatik 600 milioi pezeta inguru hartu zituela esan zuen epaitegiak. Felipe Gonzalezek, Jose Luis Corcuerak
eta Jose Barrionuevok Veraren aldeko indultua eskatu zuten, baina ukatu egin zioten.
Vera kartzelan sartu zen 2005eko otsailean, baina 2006ko martxoan jada kartzelatik kanpo pasatzen zituen asteko bost egun. Abuztuan hirugarren gradua eman
zioten.
2007an Madrilgo Probintzia Auzitegiak sei hilabete eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zion, funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik: diru
bereizietako 206 milioi pezeta erabili zituen Jose Amedori eta Michel Dominguezi ordaintzeko, espetxean sartu zirenetik haien diru sarrerak nabarmen jaitsi
zirelako eta Amedo eta Dominguez isilik egoteko.
Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibila izan zen GALen ekintzen garaian. 1973an sartu zen PSOEn, Sarrikon Ekonomia ikasten ari zela, orduko Bilboko
unibertsitatean. Ramon Rubial PSOEko presidentearen gertukoa izan zen eta horrek alderdiaren barruan gero eta gorago igotzen lagundu zion. Ermuko (Bizkaia)
alkate izan zen 1979tik 1982ra; Bizkaiko gobernadore zibil izendatu zuten 1982ko abenduaren 28an, PSOEk 1982ko urriaren 28ko hauteskundeak irabazi eta
gero; eta estatuko Segurtasunerako idazkari 1984an (Rafael Vera ordezkatzeko, Vera Barne Ministerioko idazkariorde izendatu baitzuten).
Ricardo Garcia Danboreneak gobernadore zibilen garrantzia eta GALekin zuten lotura aipatu izan du: "Estatuaren segurtasun indarren buruzagi naturalak ziren
terrorismoaren kontrako ekintza guztietan, legezkoak edo legez kanpokoak. Lubaki berean geunden".
Bizkaiko gobernadore zibila zela harreman estua izan zuen Francisco Alvarez Bilboko polizia-buruarekin, Ricardo Garcia Danborenea PSEren Bizkaiko idazkari
nagusiarekin eta Rafael Masa Guardia Zibilaren Bilboko La Salve komandantziako informazio zerbitzuen arduradunarekin, Sancristobalen ardura baitzen Polizia
kontrolatzea. Sancristobal Espainiako Gobernura joan zenean ere haiekin lan egin zuen. Sancristobalek Madrilera eraman zuen Alvarez eta Informazio eta
Operazio Berezien Gabineteko buru izendatu zuen. Madrilera eraman zuen Masa ere.
"Administrazio honek ez du onartuko norbaitek justizia bere kabuz egitea", esan zuen Sancristobalek 1984ko maiatzean. Urte batzuk geroago Sancristobalek
onartu zuen bera izan zela Joxemari Larretxea bahitzeko saioaren eta Segundo Mareyren bahiketaren antolatzaileetako bat. Esan zuen berak eta Francisco
Alvarezek aginduta, Miguel Planchuelok eta Jose Amedok Mareyren bahiketa antolatu zutela eta Marey Laredoko borda batean (Kantabria, Espainia) bahituta
eduki zutela, baldintza negargarrietan, 1983ko abenduan.
Beste norbait bahitu behar zutela jakinda ere -Mikel Lujua Gorostola errefuxiatua-, eutsi egin zion Mareyren bahiketari. Sancristobalek, Planchuelok eta
Garcia Danboreneak hartu zuten erabakia, Jose Barrionuevoren eta Rafael Veraren baimenarekin. Sancristobalen esanetan, Jose Barrionuevo Barne ministroari
eman zion Mareyren bahiketaren berri eta, okertu egin zirela jakinda ere, herritar frantziar bat bahituta edukitzea Frantziako Gobernua errefuxiatuen
kontra presionatzeko eraginkorra zela konbentzitu zuen. Amedoren esanetan, Garcia Danboreneak eta Sancristobalek Marey hil eta karetan lurperatu nahi izan
zuten.
1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro eta
Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevo ere aipatu zituzten.
Amedok Garzonen aurrean deklaratu eta hiru egunera, Julian Sancristobal, Miguel Planchuelo, Francisco Alvarez, Julio Hierro eta Francisco Saiz Oceja
atxilotu zituzten; 1995eko otsailean Rafael Vera eta Ricardo Garcia Danborenearengana iritsi eta biak espetxeratu zituzten. Baina urte bereko uztailean
Vera aske utzi zuten, eta ordu arte parte hartzea onartu ez zuten Planchuelok, Alvarezek, Sancristobalek eta Danboreneak aitortu egin zuten euren
inplikazioa. Felipe Gonzalez, Jose Barrionuevo eta PSOEko hainbat buruzagi ere salatu zituzten. Sancristobalek Garzoni esan zion diru bereiziei esker
aberastu egin zela; Mareyren bahiketan parte hartu zuela; bahiketak Veraren eta Barrionuevoren babesa zeukala; eta Gonzalezek bazeukala GALen berri.
Sancristobalek Marey kasuaren epaiketan deklaratu zuen 1984ko abenduaren 4ko goizalean Barrionuevok deitu ziola, Segundo Mareyren bahiketa baimentzeko.
Garcia Danboreneak baieztatu egin zuen. Barrionuevok erantzun zien gezurra zela eta bera ez zela salataria.
"Barrionuevori eta Verari informazioa ematen nien, Barne Ministerioaren onespenik gabe ezingo zen egin", argitu zuen Sancristobalek. Gehitu zuen Larretxea
bahitzeko saiakerak huts egin eta Madrilera joan zela, Barrionuevorekin eta Verarekin biltzera, "ETA militarreko kide bat" bahitzeaz hitz egiteko. "Babesa
eta baimena" eman zizkioten.
Auzitegi Gorenak hamar urteko kartzela zigorra ezarri zion 1998ko uztailean, Segundo Mareyren bahiketagatik. Hala ere, Espainiako Gobernuak indultu
partziala eman zien Marey auziagatik zigortutakoei, Amedori eta Dominguezi izan ezik, 1998ko abenduaren 23an. Indultu partzialak kartzela zigorrak heren
batean utzi zituen: hamar urteko kartzela zigorra hiru urte eta lau hilabetean. Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen
zigorrak, zigortuek aurkeztutako babes helegiteak aztertu bitartean. Beraz, hiru hilabete egin zituzten preso, hamar urteko espetxe zigor batetik.
Kartzelatik kanpo, Sancristobalek azalpenak eman behar izan zituen Santi Brouarden hilketagatik. Sancristobal inputatu eta espetxeratu egin zuten, epaileak
uste baitzuen Sancristobalek ordaindu ziela hiltzaileei, diru bereiziekin. Hala ere, haren kontrako salaketa artxibatu egin zuten, frogarik ez zegoelako,
epaiketara iritsi aurretik.
2001eko martxoan Auzitegi Konstituzionalak ez zituen aintzat hartu Marey auziko zigortuen babes helegiteak. Apirilean Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose
Maria Luzonek, zigortu guztiak espetxera bueltatzearen aldeko irizpena kaleratu zuen. Julian Sancristobal maiatzaren 30ean sartu zen Victoria Kent
gizarteratzen zentrora, baina egun berean atera zen, erregimen irekia lortu eta gero, espetxean ordu batzuk bakarrik egin ondoren. Adierazgarria da
Sancristobal Victoria Kent zentrora joatea -Barrionuevo, Vera eta Planchuelo ere hara joan ziren-, zentro hori erregimen irekiko presoak bakarrik hartzeko
prestatuta baitago.
Laurei eta Garcia Danboreneari hirugarren gradu berezia aplikatu zieten eta horrela ez zeukaten espetxera joan beharrik lo egitera, zenbait aldiz espetxe
agintaritzara sinatzera baizik. Victoria Kenteko eta Alcala Mecoko arduradunek erabaki hori hartu zuten, "zigorra betetzea eta zigortuen segurtasun premiak
uztartzeko".
Ez zen izan Sancristobalek jaso zuen kartzela zigor bakarra. 2002an Madrilgo Probintzia Auzitegiak lau urteko kartzela zigorra ezarri zion, funts publikoak
bidegabeki erabiltzeagatik. Auzitegi Gorenak 2004ean berretsi egin zuen 2002ko epaia. Sancristobalek 66 milioi pezeta bueltatu zituen.
Madrilen jaio zen, baina Bilbon hazi eta hezi. Filosofia eta Medikuntza ikasi zituen, eta mediku izan zen, nefrologoa. Barakaldoko Gurutzetako ospitaleko
Nefrologia arduradun izatera iritsi zen.
Hala ere, 1976an medikuntza utzi eta politikan sartu zen. PSOEn afiliatu zen eta berehala egin zuen gora alderdian. 1980an Eusko Legebiltzarreko diputatu
eta Bizkaiko sozialisten idazkari nagusi aukeratu zuten. Garcia Danborenea ezaguna zen bere adierazpen hanpatuengatik eta bazterrak nahasteagatik:
abertzaleen kontra, Elizaren kontra, epaileen kontra... beti kontra.
Edo alde. GAL ETAri aurre egiteko bidezko arma eraginkorra zela esan zuen, eta baita ETAri bere armekin aurre egin behar zitzaiola ere. Lotura estua zeukan
Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibilarekin eta Francisco Alvarez Bilboko polizia-buruarekin. Sancristobal eta Alvarez Madrilera joan ziren.
Garcia Danborenea ere bai, Espainiako Kongresuko diputatua izan baitzen 1982 eta 1989 artean.
Danboreneak argi eta garbi azaldu zuen GAL zer zen, 1985eko urriaren 22an 'El Mundo'-ri eskainitako elkarrizketa batean: "GAL ez da talde bat, are gutxiago
banda armatu bat, 'Estatu gizonak' baizik, Barne Ministerioa ETAren kontra borrokan edo, are abstraktuago oraindik, erabaki politiko bat". Erabaki politiko
bat, "terrorismoaren kontra Frantzian aritzeko". Eta argi eta garbi utzi zuen estatuaren inplikazioa, estatua bera zela GAL: "Ekintza horiek estaltzeko eta
atentzioa desbideratzeko sigla batzuk sortu ziren: GAL. Baina ez zen borrokarako talde edo erakunde berezirik sortu. Ez. Estatuaren Administrazioak berak
egiten du, bere bitartekoekin, bere gizonekin. Operazio horiek isilpekoak dira, besteak beste, eskakizun diplomatikoengatik. Beraz, GAL hesi bat baino ez
da, benetako egileak ezkutatzeko. Tamaina horretako antolaketa -poliziak, guardia zibilak, armak, ibilgailuak eta dirua mugitzen dituena eta Barne eta
Defentsa Ministerioko kideak mugiarazi eta koordinatu behar dituena- goitik baimendu behar da, Gobernuko Presidentetzatik".
Ildo horretan, Garcia Danboreneak argi azaldu du gobernadore zibilen garrantzia eta GALekin zuten lotura: "Estatuaren segurtasun indarren buruzagi
naturalak ziren terrorismoaren kontrako ekintza guztietan, legezkoak edo legez kanpokoak. Lubaki berean geunden".
Borroka gogorrak izan zituen alderdian EAEko sozialisten idazkari nagusi izateko: 1985ean Txiki Benegasek irabazi zion eta 1988an Ramon Jauregik. 1989an
PSOEren barruan korronte bat sortu zuen, Demokrazia Sozialista. 1990ean PSOEko Batzorde Exekutiboak bere militantzia bertan behera utzi zuen bi urterako.
Garcia Danboreneak PSOE uztea eta Demokrazia Sozialista alderdi bihurtzea erabaki zuen. Arrakasta gutxi izan zuen eta medikuntzara bueltatu zen. Ziaboga
politikoa eman eta, 1994ko ekainean, Europako eta Andaluziako hauteskundeetan PPren alde egin zuen, Jose Maria Aznar ondoan zeukala, Zaragozan (Espainia).
1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Baltasar Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro
eta Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia-buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevo ere aipatu zituzten. Amedoren esanetan, Garcia Danboreneak eta Julian Sancristobalek Marey hil eta karetan lurperatu nahi izan zuten.
Hilabete horretan bertan, botoa PPri emateko eskatu eta gero, Garcia Danboreneak PSOEren garaiko GALen ekintzak zuritu zituen: "Onartu nahi bada edo nahi
ez bada ere, ETAren gainbehera GALen ekintzak eta gero hasi zen". Ea GALen ideologoa zen galdetu ziotenean erantzun zuen berarentzat "ohore bat" izango
litzatekeela zerbaiten ideologoa izatea.
Garzonek 1995eko otsailean espetxeratu zuen. 1995eko apirilean Garzonek Verari egotzi zion GAL finantzatzea eta Danboreneari, Sancristobali, Alvarezi eta
Planchuelori antolaketa zehaztea. Bostei egotzi zien Segundo Marey bahitzea. Garcia Danborenea eta Alvarez fidantzapean aske utzi zituen; Vera,
Sancristobal eta Planchuelo, aldiz, behin-behinean espetxean.
1995eko uztailean, Planchuelok, Sancristobalek eta Alvarezek Garzoni Mareyren bahiketari buruzko guztia kontatu eta gero, Garcia Danborenea ere
Garzonengana joan zen deklaratzera. Gero prentsaurreko bat eskaini zuen. Gobernua GALen arduraduna zela esan zuen, GAL "erabaki politiko" bat izan zela,
"ez bi, hiru edo lau poliziaren irudimenetik sortutako zerbait". "Gonzalezek bazekien, nik berarekin hitz egin dudalako, ez behin bakarrik, zenbait aldiz
baizik". EAEko sozialisten zuzendaritza osoak GALen estrategia onartu zuela iradoki zuen. Gonzalezek gezurretan aritzea leporatu zion Garcia Danboreneari.
Garzon Gonzalez inputatzen saiatu zen, Garcia Danborenearen adierazpenetan oinarrituta. Auzitegi Gorenera bidalitako auto batean zioen Garcia Danborenea
buruzagi sozialistak aitortu ziola Gonzalez izan zela GALen sortzaileetako edo buruetako bat. Auzitegi Goreneko fiskalak, Eduardo Monerrek, baztertu egin
zuen. Danborenearen akusazioek ez zeukatela funtsik eta ez zirela egiantzekoak esan zuen. Akusazioak helegiteak aurkeztu zituen eta Gonzalez ozta-ozta
libratu zen inputaziotik: Auzitegi Goreneko sei epaile inputazioaren kontra zeuden, lau alde, 1996ko azaroaren 5ean egin zuten bozketan.
Marey auziko epaiketan Garcia Danboreneak berriro Felipe Gonzalezen erantzukizuna azaleratu zuen. "Haur bati ere bururatuko litzaioke terroristak, herritar
zintzo horiek, Frantzian baldin badaude, hara joan behar dela haien bila... Presidenteari ere bakarrik okurritu zitzaion". Garcia Danboreneak epaiketan
onartu zuen GALen agirietako bat idatzi zuela.
Marey auziko epaiaren arabera, Planchuelo, Alvarez eta Sancristobal konturatu zirenean okerreko pertsona bahitu zutela, Garcia Danboreneari deitu zioten,
eta Garcia Danborenea Alvarezen bulegora joan zen. Bahiketarekin aurrera egitea erabaki zuten, "horrela Frantziako agintariak presionatzeko aukera izango
zutelako". Joxemari Larretxea bahitzen saiatzeagatik Frantzian preso zeuden lau polizia askatzea nahi zuten.
Garcia Danboreneari zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Mareyren bahiketarengatik. Hala ere, Espainiako Gobernuak indultu partziala eman zien Marey
auziagatik zigortutakoei, Amedori eta Dominguezi izan ezik, 1998ko abenduaren 23an. Indultu partzialak kartzela zigorrak heren batean utzi zituen.
Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, zigortuek aurkeztutako babes helegiteak aztertu bitartean.
2001eko martxoan Auzitegi Konstituzionalak ez zituen aintzat hartu Marey auziko zigortuen babes helegiteak. Apirilean Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose
Maria Luzonek, zigortu guztiak espetxera bueltatzearen aldeko irizpena kaleratu zuen. Garcia Danborenea maiatzaren 30ean sartu zen Alcala Meco espetxera,
baina egun berean atera zen, erregimen irekia lortu eta gero, espetxean ordu batzuk bakarrik egin ondoren.
Garcia Danboreneari, Barrionuevori, Verari, Sancristobali eta Miguel Planchuelori hirugarren gradu berezia aplikatu zieten eta horrela ez zeukaten
espetxera joan beharrik lo egitera, zenbait aldiz espetxe agintaritzara sinatzera baizik. Victoria Kenteko eta Alcala Mecoko arduradunek erabaki hori hartu
zuten, "zigorra betetzea eta zigortuen segurtasun premiak uztartzeko".
Francisco Alvarez Bilboko polizien burua eta MULC Borroka Kontraterroristarako Mando Bateratuaren arduraduna zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Terrorismoaren kontrako poliziak koordinatzen zituen. Poliziaren barruan 'Galvarez' deitzen zioten, Txema Montero Santiago Brouarden familiaren abokatuaren
esanetan.
Euskal Herrira iritsi aurretik esan zuen ez zuela arazorik ikusten legea errespetatzen zuen demokrazia batek "legez kanpoko operazioak egiteko Estatua
ahultzeko bortizkeria erabiltzen dutenen kontra".
Babestu egin zituen 1983ko urriaren 18an Hendaian (Lapurdi) Joxemari Larretxea bahitzen saiatu eta Frantziako Poliziak atxilotutako lau poliziak (bere
ardurapean zeuden): bat Poliziako inspektorea zen, bestea GEOetako kapitaina eta beste bi GEOetako sarjentuak. Pauen (Frantzia) eduki zituzten zenbait
astez, baina gero aske utzi zituen Michel Svahn epaileak, arrazoi teknikoetan oinarrituta. Ez ziren epaiketara azaldu eta Espainiako agintariek ez zuten
ezer egin Frantziari entregatzeko. Alvarezen esanetan, ekintza "humanitarioa" izan zen, ETAko buruzagiarekin hitz eginda Martin Barrios salbatzeko. ETAk
Alberto Martin Barrios Espainiako armadako kapitaina bahitu zuen 1983ko urriaren 5ean.
Frantziako Poliziak Segundo Mareyren bahitzaileetako bat -Pedro Sanchez-, atxilotu zuen bahiketaren egunean bertan, 1983ko abenduaren 4an, Dantxarinean,
Lapurdi eta Nafarroa arteko muga pasa nahian. Autoan Francisco Alvarezen bulegoko telefono zenbakia zeukan.
Hala ere, ordurako bere kontrako halako zantzuak egonda ere, GALek 1983ko abenduan Mikel Goikoetxea 'Txapela' hil eta gero, GALi buruzko ezjakintasuna eta
GALi aurre egiteko borondatea azaltzen zituen: "Poliziak ez daki, oraingoz, zer den GAL. Zeinek osatzen duten jakinez gero eta haiek Espainian egonez gero,
atxilotu egingo genituzke; bestela Frantziako Poliziari datuak emango genizkioke, haiek egiteko".
Francisco Alvarezek harreman estua izan zuen Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibilarekin. Sancristobal Espainiako Gobernura joan zenean, 1984an,
Madrilera eraman zuen Francisco Alvarez eta Informazio eta Operazio Berezien Gabineteko buru izendatu zuen.
1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro eta
Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevok GALekin zerikusia zeukatela esan zuten.
1995eko apirilean Garzonek Verari egotzi zion GAL finantzatzea eta Danboreneari, Sancristobali, Alvarezi eta Planchuelori antolaketa zehaztea. Bostei
egotzi zien Segundo Marey bahitzea. Danborenea eta Alvarez fidantzapean aske utzi zituen; Vera, Sancristobal eta Planchuelo, aldiz, behin-behinean
espetxean.
Planchuelok Garzoni dena kontatu eta hurrengo egunean gauza bera egin zuen Alvarezek. GAL ezberdinak aipatu zituen: GAL Urdina, Poliziarena; GAL Berdea,
Guardia Zibilarena; GAL Marroia, CESIDena eta armadarena; eta GAL Frantsesa, Frantziako Poliziarena. Garzoni esan zion Barrionuevok agindu ziola Marey
bahitzeko, baita bahiketari eusteko okertu egin zirela jakin zutenean ere. Bere esanetan, Barrionuevok eta "gobernuan ardura handiagoak zeuzkatenek"
koordinatzen zituzten GALen adar ezberdinak. Enrique Rodriguez Galindo teniente koronela -Intxaurrondoko koarteleko terrorismoaren kontrako unitateetako
burua- eta Guardia Zibileko bi goi kargu GAL berdean klabeak zirela esan zion.
Marey auziko epaiaren arabera, Planchuelo, Alvarez eta Sancristobal konturatu zirenean okerreko pertsona bahitu zutela, Garcia Danboreneari deitu zioten,
eta Garcia Danborenea Alvarezen bulegora joan zen. Bahiketarekin aurrera egitea erabaki zuten, "horrela Frantziako agintariak presionatzeko aukera izango
zutelako". Joxemari Larretxea bahitzen saiatzeagatik Frantzian preso zeuden lau polizia askatzea nahi zuten.
Bederatzi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten Marey bahitzeagatik. Bera izan zen bahiketa prestatu zuena. Hala ere, Espainiako Gobernuak
indultu partziala eman zien Marey auziagatik zigortutakoei, Amedori eta Dominguezi izan ezik, 1998ko abenduaren 23an. Indultu partzialak kartzela zigorrak
heren batean utzi zituen. Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, zigortuek aurkeztutako babes helegiteak aztertu
bitartean.
2001eko martxoan Auzitegi Konstituzionalak ez zituen aintzat hartu Marey auziko zigortuen babes helegiteak. Apirilean Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose
Maria Luzonek, zigortu guztiak espetxera bueltatzearen aldeko irizpena kaleratu zuen. Alvarez uztailean atera zen kalera.
Miguel Planchuelo Bilboko Polizia komisarioa eta Terrorismoaren Kontrako Borrokako Eskualdeko Brigada burua izan zen aurrena. Haren nagusi Francisco
Alvarez Espainiako Barne Ministeriora joan zenean 1984an, Planchuelo izendatu zuten Bilboko polizia-burua.
Planchuelo Jose Amedoren eta Michel Dominguezen nagusia zen. Segundo Mareyren bahiketaren antolatzaileetako bat izan zen, Jose Amedorekin eta Pedro Sanchez
Frantziako legionario ohiarekin batera. "Baliteke poliziaren bat egotea bera bezain ona, baina ez dago bera baino hoberik", esan zuen Planchuelok Amedori
buruz, Amedoren eta Dominguezen kontrako epaiketan, 1991ko ekainean.
1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro eta
Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevo ere aipatu zituzten.
Dominguezek GALen komunikatu baten kopia zeukan, Planchuelok eskuz idatzia. Planchuelok onartu zuen bere idazkera zela, baina argudio harrigarri bat eman
zuen agiriari buruz: komunikatua irratian entzun eta kopiatu egin zuela, gordetzeko.
1995eko apirilean Garzonek Verari egotzi zion GAL finantzatzea eta Danboreneari, Sancristobali, Alvarezi eta Planchuelori antolaketa zehaztea. Bostei
egotzi zien Segundo Marey bahitzea. Danborenea eta Alvarez fidantzapean aske utzi zituen; Vera, Sancristobal eta Planchuelo, aldiz, behin-behinean
espetxean.
1995eko uztailean Garzonengana joan eta guztia kontatu zion: berak bahitu zuela Marey, baina Sancristobalen aginduak jaso zituela, eta hark esan ziola
Veraren eta Barrionuevoren onespena zeukala.
Planchuelori bederatzi urteko eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten Mareyren bahiketarengatik. Hala ere, Hala ere, Espainiako Gobernuak indultu
partziala eman zien Marey auziagatik zigortutakoei, Amedori eta Dominguezi izan ezik, 1998ko abenduaren 23an. Indultu partzialak kartzela zigorrak heren
batean utzi zituen. Abenduaren 29an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak eten egin zituen zigorrak, zigortuek aurkeztutako babes helegiteak aztertu
bitartean.
2001eko martxoan Auzitegi Konstituzionalak ez zituen aintzat hartu Marey auziko zigortuen babes helegiteak. Apirilean Auzitegi Goreneko fiskalak, Jose
Maria Luzonek, zigortu guztiak espetxera bueltatzearen aldeko irizpena kaleratu zuen. Miguel Planchuelo maiatzaren 30ean sartu zen Victoria Kent
gizarteratzen zentrora, baina egun berean atera zen, erregimen irekia lortu eta gero, espetxean ordu batzuk bakarrik egin ondoren. Adierazgarria da
Planchuel Victoria Kent zentrora joatea -Barrionuevo, Vera eta Sancristobal ere hara joan ziren-, zentro hori erregimen irekiko presoak bakarrik hartzeko
prestatuta baitago
Laurei eta Planchuelori hirugarren gradu berezia aplikatu zieten eta horrela ez zeukaten espetxera joan beharrik lo egitera, zenbait aldiz espetxe
agintaritzara sinatzera baizik. Victoria Kenteko eta Alcala Mecoko arduradunek erabaki hori hartu zuten, "zigorra betetzea eta zigortuen segurtasun premiak
uztartzeko".
Polizia galiziar baten semea, umetan joan zen Bilbora bizitzera. Ikerketa Politiko-Sozialerako Brigadako kidea zen. Bere lana informazioa lortzea zen,
ezkerreko mugimenduei buruz, esaterako. Geroago Bilboko polizia etxeko komisariorde izatea lortu zuen, Miguel Planchueloren agindupean. Harremana zuen
Bilboko oligarkiarekin, Bilboko zezen plazako presidente izan baitzen.
Segundo Mareyren bahiketaren arduradunetako bat izan zen, bera arduratu zen mertzenarioak lortzeaz. 1983ko urria-azaroan Planchuelok agindua eman zion
Amedori Bilbon bilera bat prestatzeko. Bilera horretan, Planchuelo, Amedo eta Pedro Sanchez Frantziako legionario ohia elkartu ziren. Hor abiatu zen
Segundo Mareyren bahiketaren prestakuntza.
Amedo inpunitate osoz aritu zen mertzenarioak lortzen, eta inpunitate horren erakuskeria egin zuen. 1986an, esaterako, Portugalen mertzenarioekin egindako
bilera batean bere kreditu txartelarekin ordaindu zuen hotela, eta ezizen deigarria erabili zuen: Genaro Gallego Galindo. Bi GAL eta Galindo abizena hiru
hitzetan.
Amedok Poliziaren babesa zeukan: Espainiako Poliziako Zuzendari Nagusi Jose Maria Rodriguez Coloradok 1988an onartu zuen diru bereiziekin ordaindu zutela
Portugaleko bidaia eta ezizena erabiltzeko baimen ofiziala zeukala. Bidaiaren arrazoi ofiziala legez kanpoko arma salerosketa ikertzea zen. Bankuen
Kontseilu Gorenaren datuen arabera, Amedok 27 milioi pezeta gastatu zituen 1986an eta 1987an; bere soldata garbia, baina, bi milioi pezetakoa zen urtean.
Espainiako Gobernuaren babesa ere bazeukan: Carlos Bueren terrorismoaren kontrako epaileak Auzitegi Nazionalari eskatu zion prozedura abia zezala Amedoren
kontra, eta Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidenteak hurrengo egunean erantzun zuen, komunikatu publiko baten bitartez. Estatuaren zerbitzuan
"terrorismoari aurre egiteko" beren bizitzak arriskatzen dituztenentzat errugabetasun printzipioa errespetatu behar zela zioen.
Baltasar Garzonek Amedo eta Dominguez atxilotzeko agindu zuen 1988ko uztailaren 13an. Behin-behinean espetxeratu zituen. GALen "antolatzaile nagusi" izatea
leporatu zien. Garzonentzat frogatuta zegoen Amedok eta Dominguezek kontratatu eta prestatu zituztela 1986an Batxoki eta Consolation tabernetako atentatuak
egin zituzten mertzenarioak. Kartzelan egin zuten lehen egunean Bilboko polizia etxeko lankideen bisita jaso zuten. Mertzenarioen esanetan, atentatua
egiteko lehen saiakera bertan behera utzi zuten, emakumeak eta haurrak zeudelako tabernan, baina Amedok agindu zien itzultzeko eta ez izateko hain
delikatuak.
1988ko uztailaren 21eko autoan Garzonek sei hilketa saiakera eta beste zenbait krimen egotzi zizkien Amedori eta Dominguezi, Batxoki eta Consolation
tabernetako atentatuetakoak. Garzonek Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Ignacio Gordillo Auzitegi Nazionaleko fiskalaren babesa jaso zituen abuztuan,
Amedo eta Dominguez espetxean edukitzeko eta Amedok eta Dominguezek GALen beste atentatu batzuetan izan zezaketen ardura ikertzeko, hurrenez hurren.
Estatuko fiskal nagusiak, Javier Moscosok, bi hilabetean hiru aldiz eskatu zuen Amedo eta Dominguez aske uzteko. Gordillo kasutik kendu zuten. Urriaren
18an Auzitegi Nazionalak Amedo eta Dominguez epaitzea onartu zuen, sei hilketa saiakeragatik eta talde terrorista armatuko kide izateagatik.
1989an Garzonek Juan Carlos Garcia Goena hiltzea leporatu zien Amedori eta Dominguezi, Inmaculada Gomezen eta Blanca Balsategiren -Amedoren eta Dominguezen
neskalagun ohiak- testigantzetan oinarrituta. Akusazio partikularrak Amedoren eta Dominguezen nagusiak ere auzipetzeko eskatu zuen: Miguel Planchuelo
Bilboko poliziaburu ohia eta Jesus Martinez Torres Poliziaren informazio zerbitzuen burua. Auzitegi Nazionalak Amedoren eta Dominguezen kontrako akusazioak
onartu zituen; Planchueloren eta Martinez Torresen kontrakoak ez, frogarik ez zegoelako.
1990eko uztailean Auzitegi Nazionalak Amedo eta Dominguez epaitzea erabaki zuen, Batxokiko eta Consolationeko atentatuak eta Garcia Goenaren hilketa
elkartuta. Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Felipe Gonzalez, Jose Barrionuevo eta Jose Luis Corcuera. Hala ere, Gonzalezek akusazio
partikularraren 26 galderetatik lau bakarrik erantzuteko obligazioa zeukan.
Epaiketa 1991ko ekainean hasi zen. Amedok akusazio guztiak ukatu zituen, harrokeria baliatuz. Lekukoek esan zuten ez zekitela ezer GALi buruz. 108 urteko
eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zieten Amedori eta Dominguezi, sei hilketa saiakeragatik (Batxoki eta Consolation tabernen kontrako erasoak),
legez kanpoko taldea osatzeagatik, agiriak faltsutzeagatik eta izen faltsuak publikoki erabiltzeagatik. Ez zituzten zigortu talde armatuko kide izateagatik
edo terrorismoagatik, haien helburua ez zelako demokrazia suntsitzea, "babestea" baizik "bitarteko juridiko arbuiagarriekin bada ere". Auzitegi Gorenak
berretsi egin zituen zigorrak.
Amedo errugabetu egin zuten Garcia Goenaren hilketagatik. Amedoren eta Dominguezen neskalagun ohiek, Inmaculada Gomezek eta Blanca Balsategik, hurrenez
hurren, 'Diario 16'-ri esan zioten bi poliziek eraman zutela Garcia Goena hil zuen lehergailua Gomezen apartamentura. Geroago Gomezek deklarazioa berretsi
zuen Garzonen aurrean. Amedo, Dominguez eta Francisco Paesa espioia Balsategi erosten saiatu ziren, deklarazioa aldatzeko.
Espainiako Gobernuak dirua ordaintzen zien Amedoren eta Dominguezen familiei. Behin-behineko espetxean zeuden bitartean 200 milioi pezeta sartu zizkieten
Suitzako banku batzuetan, espetxean sartu zirenetik haien diru sarrerak nabarmen jaitsi zirelako eta isilik egoteko. Zigortu eta gero emazteek bi milioi
pezeta jaso zituzten hilero.
Poliziako sindikatuek 110.000 sinadura bildu zituzten Espainiako Gobernuari eskatzeko indultua eman ziezaiela Amedori eta Dominguezi. Indultua ez, baina
hirugarren gradua eman zieten. Antoni Asuncion Barne Ministroak onartu egin zuen. Felipe Gonzalez gobernuko presidenteak babestu. Antoni Asuncionek
dimisioa eman zuen 1994ko maiatzan, Luis Roldan Guardia Zibileko zuzendari ohiak ihes egin eta gero. Asuncionen ordezkoak ere, Juan Alberto Bellochek
-Barne eta Justizia ministro izendatu zuten-, erabakiaren alde egin zuen, 'excusatio non petita, acusatio manifesta' esamoldearen adibide garbia agerian
utziz: Amedori eta Dominguezi hirugarren gradua ematea ez zela inolaz ere Amedoren isiltasuna erostea esan zuen. 1994ko uztailaren 26an aske utzi zituzten,
hirugarren graduan.
Hala ere, 1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro
eta Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevo ere aipatu zituzten.
Amedo eta Garzon hirugarren graduan zeuden. 1994ko abenduan, Garzonek erabakita, aske utzi zituzten, espetxera lotara joan beharrik gabe, eta Poliziaren
babesa jarri zien, "damututa" zeudelako eta "justiziari lagundu" ziotelako.
1998ko uztailean bederatzi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen, Segundo Marey bahitzeagatik eta funtsak bidegabeki erabiltzeagatik.
2003an Santi Brouarden hilketagatik auzipetu zuten, baina errugabetu egin zuten frogarik ez zegoelako.
Bilboko Informazio Brigadako polizia. Beti Amedoren itzalean egon da, baina Amedoren pareko zigorrak eta diru sariak jaso ditu. Dominguezen jarrera, baina,
oso ezberdina izan da: Amedo komunikabideetan azaldu da, elkarrizketak eskaini ditu, egindakoaz harro hitz egin du...; Dominguezek ez. Dominguez arduratzen
zen GALen komunikatuak frantsesera itzultzeaz. 2000. urtean atera zen espetxetik.
Droga salerosketaren kontrako operazio batean atxilotu zuten aurtengo apirilean, Bartzelonan, Madrildik Bartzelonara trenean joan eta gero, geltokian
bertan.
Donostiako polizia-burua izan zen UCDren agintaldiko azken urteetan. Barrionuevok Informazio komisario nagusi izendatu zuen. Zaragozan zigortu egin zuten,
torturengatik. Haren esanetan, 1983ko udazkenean Barrionuevo Frantzian etakideak bahitzearen alde zegoen.
Santi Brouarden hilketa ikertzen ari zen epaileak GALi buruz zeuzkan espedienteak eskatu zizkion. Martinez Torresek egunkari zatiak eman zizkion.
1989an Juan Karlos Garcia Goenaren hilketan parte hartzea egotzi zioten, baina Auzitegi Nazionalak erabaki zuen ez zegoela froga nahikorik haiek
akusatzeko.
Polizia komisarioa. Mareyren bahiketan parte hartu zuela onartu zuen. 1984ko otsailean Miguel Planchueloren lekua bete zuen, Terrorismoaren Kontrako
Eskualdeko Informazio Brigadako buru.
1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro eta
Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevo ere aipatu zituzten.
Amedok Garzonen aurrean deklaratu eta hiru egunera, Julian Sancristobal, Miguel Planchuelo, Francisco Alvarez, Julio Hierro eta Francisco Saiz Oceja
atxilotu zituzten. Hierrori bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Gero indultatu egin zuten.
Hierrok eta Planchuelok agindu zieten Lluis Hens eta Juan Ramon Corujo poliziei Marey zaintzeko. Hierro joan-etorrian ibiltzen zen bahitzaileei janaria,
tabakoa eta bestelakoak eramanez.
Hierro bi aldiz zigortu dute torturatzeagatik: bata Ramon Quintana eta Kepa Otero 1984ko otsailaren 2an torturatzeagatik, eta bestea Ana Ereño
torturatzeagatik. Lau urteko inhabilitazioa eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten lehen kasuagatik. Kintanari kolpeak eman zizkion gorputz
guztian eta "zikiratzeko itxura" egin zion; Oterori kolpeak eman zizkion eta elektrodoak jarri eskuetan.
Espainiako Poliziako inspektorea. Miguel Planchueloren agindupean zegoen.
1994ko abenduan Amedo eta Dominguez Garzonen bulegora joan ziren eta beren nagusiak inplikatu zituzten Segundo Mareyren bahiketan: Julio Hierro eta
Francisco Saiz Oceja Bilboko komisarioak, Miguel Planchuelo Bilboko polizia buru ohia, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako intelijentziaren
arduraduna, Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun idazkari ohia eta Ricardo Garcia Danborenea buruzagi sozialista ohia. Sancristobal, Vera eta
Barrionuevo ere aipatu zituzten. Saiz Ocejari bost urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Mareyren bahiketagatik egindako epaiketan, bahiketa zuritzeko, Saiz Ocejak esan zuen Mareyk Sokoa kooperatiban lan egiten zuela, eta kooperatiba hartan
"ETAkoa ez zena ETAren aldekoa" zela.
Polizia inspektorea. Hierroren taldean lan egiten zuen. Mareyren bahitzaileetako bat izan zen. Zaintza lanaz arduratu zen. Epaiketan, 1998ko ekainean, atsedenaldi batean, barkamena eskatu zion Mareyri. Bostekoa eman zioten elkarri.
Mareyren bahitzaileetako bat. Hierroren taldean lan egiten zuen. Zaintza lanaz arduratu zen. Epaiketan, 1998ko ekainean, atsedenaldi batean, barkamena eskatu zion Mareyri. Bostekoa eman zioten elkarri.
Jose Barrionuevok Barne Ministerioko frankismotik zeuden hainbat goi karguri eutsi ziela esaten denean, Saenz de Santamaria jenerala da adibide
garbienetako bat. Karrera militarra Francoren estatu kolpearekin hasitakoa, frankismo garaian jeneral izatera iritsitakoa eta 1971tik ETAren kontrako
borroka kudeatzen aritutakoa. UCDren ordezkari berezia izan zen EAEn. Gero Guardia Zibilaren zuzendari nagusia PSOErekin 1986ra arte.
Hamabost urterekin bat egin zuen Falangearekin eta Francisco Francoren altxamendua eta gero haren alde borroka egin zuen. 1949ko otsailean komandante
izendatu zuten eta makien kontrako errepresioaz arduratu zen. Bere esanetan, makien kontrako arrakastaren gakoetako bat atxilotuekin pentotal sodikoa
erabiltzea izan zen.
Koronel eta Guardia Zibilaren Estatu Nagusiko buru zela, 1975ean bera arduratu zen FRAPeko hiru kideren fusilamenduaz (Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon
Garcia Sanz eta Jose Humberto Baena Alonso). 1979an jeneral izendatu zuten eta 1980an EAErako ordezkari berezi.
1981eko estatu kolpea gertutik jarraitu zuen. Agiri batzuen arabera, Saenz de Santamariak parte hartu behar zuen estatu kolpea eta gero Armada jeneralaren
agindupean sortu behar zuten gobernu berrian.
1983an Guardia Zibileko zuzendari nagusi izendatu zuten, 1986ko urrira arte. 1986ko abenduan Jose Barrionuevok bere aholkulari izendatu zuen.
GALen ekintzak zuritu egin zituen. "Kerik nahi ez duenak, ez dezala pitz surik", esan zuen GALek 1983ko abenduan Mikel Goikoetxea 'Txapela' hil eta gero.
"ETAren jarduerak interes asko kaltetzen ditu eta ETAk, normala denez, kaltetuen zigorra jasoko du, baina hori Frantziako Gobernuaren kontua da".
1995ko otsailean esan zuen uste zuela PPk eta PSOEk antzeko metodoak erabili zituztela ETAren kontra. Galdetu zioten ea gerra zikinik erabili zuen ETAren
kontra. Zera erantzun zuen: "Terrorismoaren kontrako borrokan gauza batzuk ez dira egin behar. Egiten badira, ez dira esan behar. Esaten badira, ukatu egin
behar dira. Erantzun dudala uste dut". Garbiago ere esan zuen, 1996ko urtarrilaren 28an: "Nik GAL ez dut bereizten terrorismoaren kontrako borrokatik".
Garzonek Oñederra kasuko susmagarritzat jo zituen Enrique Rodriguez Galindo, Andres Cassinello Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buru ohia eta Jose
Antonio Saenz de Santamaria Guardia Zibileko zuzendari nagusia eta Poliziako inspektore nagusi ohia. Akusazioak bertan behera utzi zituen.
Mareyren bahiketaren epaiketan Joxemari Larretxea bahitzeko saioa defendatu zuen, Martin Barrios kapitaina salbatzeko informazioa emango zuelako. Epaiketan
esan zuen Barne Ministerioan bi lan ildo zeudela: Sancristobalena, "bortitzagoa eta erraietikoa"; Verarena, "hotzagoa, pragmatikoagoa".
Saenz de Santamaria 2003ko abuztuan hil zen, kontu guztiak argitu gabe. Horren erakusgarri da 1996an gertatutakoa. Senatuak GALi buruzko batzorde bat
antolatu zuen eta urtarrilean Saenz de Santamariak joan behar zuen deklaratzera. Azkenean, ordea, Saenz de Santamariak ez zuen deklaratu. Zergatik? PPk
batzordea bertan behera utzi zuelako. Jose Bono Gaztela-Mantxako presidentearen esanetan -'Les voy a contar' memoria liburuan kontatzen du-, Saenz de
Santamariak 1975etik ezagutzen zituen gerra zikinari buruzko kasu guztiei buruz hitz egin nahi zuen. "Orduan kokildu egin ziren", esan zion Bonori. "Gaixo
jartzeko proposatu zidaten, batzordera ez joateko. Martin Villak ez ninduen konbentzitu Manuel Fragaren eta UCDren garaiei buruz ez hitz egiteko. Gai
konprometituei buruz hitz egiteko prest nengoen, baina presidente ohiei ardurak egotzi gabe. Kontua da gauzak egiten zirela eta gobernuko presidenteek
bazekitela".
Militarren familiakoa, berak ere karrera militarra egin zuen eta koronel izatera iritsi zen. AOME Agrupacion Operativa de Medios Especiales-eko buru
izendatu zuen Emilio Alonso Manglano CESIDeko zuzendariak, 1982an. CESIDeko unitate sekretuena eta boteretsuena zen. CESIDetik bota egin zuten 1991n. Agiri
konfidentzialak lapurtzea leporatu zioten, CESIDeko agiriak. Espetxeratu egin zuten horregatik.
CESIDeko agirien artean dago 1983ko bat, Perotek berak idatzitako bulego oharra. Intxaurrondoko komandantziara ETAren kontrako borrokan laguntzera joandako
CESIDeko gizon batek -
Pedro Gomez Nietok- emandako informazioa jaso ostean idatzi zuen oharra Perotek, Emilio Alonso Manglano CESIDeko orduko zuzendariari igortzeko. Aipaturiko
bulego oharraren titulua 'Frantzia hegoaldea' zen eta berehalako ekintzak iragartzen zituen Ipar Euskal Herrian. "Iturri erabat seguruetatik jakin da epe
laburrean indarkeria ekintzak egingo direla Frantzia Hegoaldean. Ekintza horiek Guardia Zibileko gizonek egingo dituzte, Donostiako Komandantziaren
babesarekin". "Iturri erabat
segurua" Pedro Gomez Nieto zen, eta Gomez Nietoren eta Enrique Rodriguez Galindo koronelaren arteko hainbat elkarrizketa jasotzen dituen eskuizkribu baten
bidez berretsi zuen Perotek CESIDeko agiri horren fidagarritasuna.
1995eko abuztuaren 7an Garzoni esan zion berak idatzi zuela GALen sorrerako aktaren zirriborroa -'Ekintzak Frantzian' izena zuen-, Manglanok aginduta.
Manglanok ETAri aurre egiteko moduei buruzko txosten bat eskatu zion. Perotek onartu zuen CESIDek landu zuela "GALen filosofia".
Ikasketaz ingeniari teknikoa eta abokatua, UGTrentzat abokatu lanak egiten hasi zen, Errenterian (Gipuzkoa). Han ezagutu zuen Txiki Benegas PSEko idazkari
nagusia. Jauregi 1973an afiliatu zen. Gipuzkoako UGTko idazkari nagusia izan zen 1977 eta 1982 artean, eta EAEko UGTkoa 1980 eta 1982 artean. Donostiako
Udala zuzendu zuen gestorako presidentea izan zen 1978ko irailetik 1979ko ostailera arte.
1980ko martxoan Eusko Legebiltzarreko diputatu aukeratu zuten, baina kargua utzi egin zuen 1982ko Espainiako hauteskundeen ondoren, Espainiako Gobernuaren
EAEko ordezkari izendatu baitzuten. Ordezkari izan zen 1982 eta 1987 artean, hain justu GALek bere ekintzak egin zituen urteetan.
Jose Amedok Miguel Planchueloren kontrako epaiketan, 2011ko apirilean, esan zuen GALekin lotutako aginduak zuzenean gobernutik iristen zirela: «Felipe
Gonzalezek, Jose Barrionuevok [Espainiako Barne ministroa zen] eta Julian Sancristobalek [Bizkaiko Gobernadore zibila zen] ematen zituzten aginduak, eta
Ricardo Garcia Danborenea, Txiki Benegas eta Ramon Jauregi jakinaren gainean zeuden". Ez zen ikerketarik zabaldu.
Jauregik deklaratu behar izan zuen diru bereiziei buruzko epaiketan.
Jauregik GALi buruzko adierazpen anbiguoak egin izan ditu, 'El pais que yo quiero' (Nik nahi dudan herria) liburuan esaterako: "Balorazio moralen edo
etikoen gainetik, ezin dugu ahaztu GAL terroristen eskenatokian agertzeak izan zituen ondorio praktikoak, orain ezin baitute eroso sentitu lehen seguru
zeuden lekuan. Norbait txanpon berarekin ordaintzen ari zaie".
Hala ere, badaude adierazpen ez hain anbiguoak ere. "Galindo da EAEn daukagun polizia onena", dio liburu berean, "terrorismoaren kontrako borrokan
adituena, profesionalena, serioena eta emaitza gehien eta onenak eman dizkiguna ordezkaritzan daramatzadan bi urteetan. Onena da, alde handiz".
1995ean, PSE-EEko idazkari nagusia zela agerraldi bat antolatu zuen, alderdiko exekutibako ordezkariekin, Ricardo Garcia Danborenearen adierazpen batzuei
erantzuteko. "Alderdi honek eta bere arduradunek inoiz ez dute parte hartu ez erabaki bortizkeriari legez kanpoko estrategia batekin aurre egitea", esan
zuen. Urte batzuk beranduago agintari sozialisten zigorrak etorri ziren.
Urte horretan bertan, Lasaren eta Zabalaren gorpuzkinak identifikatu eta egun batzuetara, martxoaren 24an, Mikel Zubimendi Herri Batasuneko
legebiltzarkideak karea bota zuen Ramon Jauregiren Eusko Legebiltzarreko aulkira, Jauregik eta PSE-EEk GALekin eta Lasa eta Zabaleren hilketekin zerikusia
zeukala irudikatzeko. Jauregi Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua zen orduan.
PSOEk 1982ko hauteskundeak irabazi eta gero, Gipuzkoako gobernadore zibil izendatu zuten. 1974ean afiliatu zen PSOEra. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa
Probintzialeko administraria zen. "GAL? GAL frantsesen arazoa da", esan ohi zuen Gipuzkoako gobernadore zibila zela.
Hala ere, Ricardo Garcia Danboreneak gobernadore zibilen garrantzia eta GALekin zuten lotura zuzena aipatu izan du: "Estatuaren segurtasun indarren
buruzagi naturalak ziren terrorismoaren kontrako ekintza guztietan, legezkoak edo legez kanpokoak. Lubaki berean geunden".
Espetxera bidali zuten 1996ko ekainaren 19an. Gomez de Liaño epailearen arabera, Lasa eta Zabalaren bahiketaren berri zeukan eta haiek ikustera joan
zen Enrique Rodriguez Galindorekin batera, guardia zibilek torturatzen zituztenean, La Cumbre jauregira, gobernadore zibilaren esku zegoen jauregira. Angel
Lopez Carrillo poliziak esan zuen Galindo eta Elgorriaga entzun zituela bahiketei eta torturei buruz hitz egiten.
Epaileak esan zuen bahiketaren eta hilketen konplize zela eta ez zuela ezer egin gertatutakoa saihesteko. "1983ko urriaren 16tik Jose Antonio Lasa
Arostegui eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta eta haien zaintza, Enrique Rodriguez Galindo komandantearen aginduak jarraituz,
Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak. Txandak egiten zituzten eta beste zenbait
pertsonak ere parte hartu zuten", dio epaiak hitzez hitz. Hala, epaiak berak onartu zuen jende gehiagok ere parte hartu zuela Lasa eta Zabalaren bahiketan,
nahiz eta haien izenik ez den inoiz argitu.
Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen -torturarik ez
zuen frogatutzat jo epaiak, gorpuak aurkitu zirenerako hezurrak bakarrik gelditzen zirela eta horrekin torturatuak izan zirela baieztatzea ezinezkoa zela
argudiatuta-, eta Angel Vaquero kapitainak ere "maiztasunez" bisitatu zituen. "Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga
Goienetxek ere bisitatu zituzten", dio epaiak.
71 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Gero Auzitegi Gorenak lau urte gehitu zizkion. Elgorriaga 2000. urtean sartu zen Alcala-Mecoko espetxean, baina
espetxetik atera zen urtebete beranduago, gaixo zegoela argudiatuta.
Venezuelan jaio zen, 1936ko gerragatik erbesteratutako familia batean, eta 1956ean itzuli ziren Euskal Herrira, Donostiara. Ikasketaz abokatua, 1971n UGTn
eta PSOEn sartu zen. Urte horretan bertan lanean hasi zen, langileei aholkularitza eskainiz. Orduan ezagutu zuen Ramon Jauregi.
Hasieratik kargu garrantzitsuak izan zituen PSOEn eta PSEn: Batzorde Exekutiboko kidea 1974tik 1977ra; antolaketa idazkaria 1984tik 1994ra; PSEren lehen
idazkari nagusia 1977tik 1988ra; PSEko presidente 1988tik 2003ra; Espaianiko kongresuko diputatu 1977tik; eta Eusko Legebiltzarreko diputatu 1980ko
hamarkadan.
Fernando Lopez Agudinen arabera -Justizia Ministerioko prentsa arduradun, Bellochen eta Margarita Roblesen garaian- 1994an Benegasek Justizia Ministerioari
egindu zion dirua emateko Amedoren eta Dominguezen abokatuei. Bellochek ez zuen onartu. Benegasek eta Bellochek ukatu egin dute. Margarita Roblesek ez.
1995eko uztailean Ricardo Garcia Danboreneak Garzoni esan zion EAEko sozialisten agintariek onartu egin zutela GALen estrategia. 1995ean Garzonek txosten
bat egin zuen Auzitegi Gorenarentzat, Barrionuevo akusatuz eta beste zenbait akusazio aztertu behar zirela esanez: Txiki Benegas, Narcis Serra eta Felipe
Gonzalez. Auzitegi Gorenak kasua onartu zuen.
Mareyren bahiketaren epaiketan deklaratu zuen, lekuko gisa, eta esan zuen ez dituela GALen operazioak ezagutzen. Sozialistek "inoiz, inoiz, inoiz" ez
zutela gerra zikina abiatzea planteatu esan zuen.
Benegasek hasieratik babestu zituen Jose Barrionuevo eta Rafael Vera. Guadalajarako espetxean ere egon zen, Barrionuevo eta Vera 1998ko irailaren 10ean
kartzelara sartu zirenean, babesa emateko. Besarkadak eman zizkieten eta txalo egin zieten kartzelara sartu aurretik.
Enrique Rodriguez Galindo 1980an iritsi zen Euskal Herrira, Donostiako Intxaurrondo auzoko Guardia Zibilaren kuartelera. Kuarteleko bigarrena zen.
Ofizialki ez zen hura Intxaurrondoko burua, gainetik beti zeukan beste norbait; baina 'de facto' harena zen Intxaurrondoko agintea, eta haren goikoek
apenas egiten zuten denboraldi motz bat Donostian.1988an lortu zuen kuarteleko buru izatea.
PSOEk 1982ko hauteskundeak irabazi eta gero, Barne eta Justizia Ministerioko talde berriak kargutik kendu nahi zuen. "Kargutik kentzea zaila zen", Fernando
Lopez Agudin Ministerioko prentsa arduradunaren esanetan. "ETAri buruzko aditu nagusia zen eta sekulako babesa zeukan Espainia osoan". Galindo botatzeak
eragingo lituzkeen kritiken beldur, karguan utzi zuten. Ez hori bakarrik. Jeneral izendatu zuten 1995eko abuztuan.
CESIDen 1983ko irailaren 28ko paper baten arabera -'Frantzia hegoaldea'-, "ekintza bortitzak" egingo ziren laster. Ekintzak Intxaurrondoko guardia zibilek
egin behar zituzten; beste batzuk, berriz, Frantzian kontratatutako beste pertsona batzuek.
Erabaki politiko hori hartu eta ekintzak gauzatzerako bide labur horretan, beste bilera bati buruzko erreferentzia bat ere badago, eta CESIDeko bi bulego
oharren arteko mugimendu bat islatzen du. Intxaurrondoko guardia zibil batek -Jose Maria Velazquez Sorianok- Lasa-Zabala auziaren sumarioan deklaratu
zuenez, 1983ko abuztuan Galindoren etxean bilera bat egin zuten, eta Intxaurrondoko hamabost guardia zibil inguruk parte hartu zuten.
Honela jasotzen ditu sumarioak Velazquez Sorianoren adierazpenak: "Galindok esan zigun Espainiako Gobernuaren agindua zuela ETAren kontra borrokatzeko,
baina ez ordura arte erabilitako bideekin. Aukeratuak izan ginela esan zigun, eta Iparraldera joan behar genuela,
legez kanpoko ekintzak egitera". Velazquez Sorianok sei aldiz berretsi zuen deklarazio hori instrukzio epailearen aurrean, nahiz eta epaiketan ukatu.
Espainiako Gobernua eta Galindo gero eta ataka estuagoan zeuden GALen ekintzengatik, baina Espainiako Gobernuak probokaziotzat har zitekeen erabakia hartu
zuen: 1992ko abuztuan Galindo brigadako jeneral izendatu zuen, koronel karguan sei hilabete eskas eginda.
Gomez de Liañok Galindo espetxeratu zuen 1996ko maiatzean. Epailearen esanetan, "Galindo izan zen, ikusita oinazeek bi mutilak ze egoera negargarritan
utzi zituen, erabaki zuena Lasa eta Zabala Alicantera eramatea eta desagerraraztea". Barrionuevok, Verak eta Corcuerak prentsaurrekoa antolatu zuten,
esateko Galindoren lekua hartu nahi zutela espetxean. Gomez de Liañoren erabakiak "tristura eta frustrazioa" eragin zizkion Felipe Gonzalezi.
"1983ko urriaren 16tik Jose Antonio Lasa Arostegui eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta eta haien zaintza, Enrique Rodriguez
Galindo komandantearen aginduak jarraituz, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak.
Txandak egiten zituzten eta beste zenbait pertsonak ere parte hartu zuten", dio epaiak hitzez hitz. Hala, epaiak berak onartu zuen jende gehiagok ere parte
hartu zuela Lasa eta Zabalaren bahiketan, nahiz eta haien izenik ez den inoiz argitu.
Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen -torturarik ez
zuen frogatutzat jo epaiak, gorpuak aurkitu zirenerako hezurrak bakarrik gelditzen zirela eta horrekin torturatuak izan zirela baieztatzea ezinezkoa zela
argudiatuta-, eta Angel Vaquero kapitainak ere "maiztasunez" bisitatu zituen. "Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga
Goienetxek ere bisitatu zituzten", dio epaiak.
Epaiketan "jainkoagatik" eta bere "ohorearengatik" zin egin zuen ez zuela zerikusirik izan hilketekin. Bayori eta Doradori buruz esan zuen "inoiz" eduki
zituen "gizonik onenak" zirela terrorismoaren kontrako borrokan, eta haien pareko sei gizonekin "Hego Amerika osoa konkistatu" zitekeela. Ordurako Bayo eta
Doradok zigorrak jaso zituzten torturengatik eta armazko lapurretagatik.
71 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Galindori, Lasa eta Zabalaren bahiketagatik eta hilketengatik. Auzitegi Gorenak lau urte gehiago ezarri zizkion,
bere karguaren izaera publikoa larrigarria zela iritzita.
Rodriguez Galindok helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, baina Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen, 2001ean. Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen
akusazio partikularraren helegite bat ere, eta Lasa eta Zabala auzian zigortuei ez zieten leporatu talde armatuko kide izatea. Auzitegiaren esanetan,
zigortuak ez ziren talde armatuko kide, GAL epaitutako ekintzak baino hilabete batzuk beranduago sortu zelako, 1983ko abenduan -Lasa eta Zabala 1983ko
urrian bahitu eta hil zituzten-.
Garzonek Oñederra kasuko susmagarritzat ere jo zuen Enrique Rodriguez Galindo, Andres Cassinello Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buru ohiarekin eta
Jose Antonio Saenz de Santamaria, Guardia Zibileko zuzendari nagusia eta Poliziako inspektore nagusi ohiarekin batera. Peroteri espetxeko ziegan -CESIDeko
sekretuak kaleratzeagatik zegoen preso- atzemandako agirietan (gero CESIDek desklasifikatu behar izan zituenak) oinarritu zen. Garzonek ez zien zehazki
ekintza bat egozten, GAL Berdearekin lotura izatea baizik. 2002an epaileak inputazioa kendu zien Casinello, Galindo eta Manglanori -lehenago kendu zion
Saenz de Santamariari-; delitu konkreturik ezin zitzaiela leporatu, eta erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribituta zegoelako. Auzia
2003an artxibatu zuten.
Rodriguez Galindo 2000. urteko maiatzaren 9an sartu zen Alcala de Henaresko espetxe militarrean. 2003ko uztailaren 14an Ocaña IIra eraman zuten,
militar estatusa kendu ziotelako. Senideek indultua eskatu zuten, 100.000 sinaduraren babesarekin. Auzitegi Goreneko Fiskaltzak indultua baztertu egin
zuen. Hala ere, Rodriguez Galindo hilabete gutxira atera zen espetxetik, 2004ko urriaren 1ean, gaixotasunagatik. 2005eko urtarrilaren hirugarren gradua
eman zioten eta aurtengo urriaren 4an baldintzapeko askatasuna eman diote. 75 urteko kartzela zigorretik lau urte eta lau hilabete inguru egin ditu
espetxean.
Informazio zerbitzuen kapitaina zen Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean. Terrorismoaren Kontrako Koordinazio Kabinetean parte hartzen zuen. Galindoren konfiantzako gizona, bere ardurapean zeuden Enrique Dorado eta Felipe Bayo. 69 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Lasa eta Zabalaren hilketagatik eta legez kanpoko atxiloketagatik.
Guardia Zibileko sargentua, Rodriguez Galindoren taldeko kide izan zen Intxaurrondon. Zigortu egin zuten, torturatzeagatik, armazko lapurretagatik eta
guardia zibil bat erosteagatik, tabako kontrabandoaren operazioetan ez ikusiarena egiteko.
Doradorekin kontrabandoan aritzen zen Pedro Luis Miguelizek Bueren epaileari esan zion Doradok harrotasunez esaten zuela parte hartu zuela Lasaren eta
Zabalaren bahiketan.
Lasa eta Zabala bahitzea, torturatzea eta hiltzea leporatu zioten berari eta Bayori 1996ko maiatzaren 20an. Behin-behinean espetxean sartu zituzten.
"1983ko urriaren 16tik Jose Antonio Lasa Arostegui eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta eta haien zaintza, Enrique Rodriguez
Galindo komandantearen aginduak jarraituz, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak.
Txandak egiten zituzten eta beste zenbait pertsonak ere parte hartu zuten", dio epaiak hitzez hitz. Hala, epaiak berak onartu zuen jende gehiagok ere parte
hartu zuela Lasa eta Zabalaren bahiketan, nahiz eta haien izenik ez den inoiz argitu.
Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen -torturarik ez
zuen frogatutzat jo epaiak, gorpuak aurkitu zirenerako hezurrak bakarrik gelditzen zirela eta horrekin torturatuak izan zirela baieztatzea ezinezkoa zela
argudiatuta-, eta Angel Vaquero kapitainak ere "maiztasunez" bisitatu zituen. "Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga
Goienetxek ere bisitatu zituzten", dio epaiak.
Oraingoz jakin ez dena da zenbat egunez galdekatu eta torturatu zituzten bi gazteak, ez eta zenbat egunez eduki zituzten La Cumbre jauregian edo noiz eta
zein baldintzatan eraman zituzten Alacantera, edota tartean beste norabaitera eraman zituzten. Epaiaren arabera, Doradok eta Bayok eraman zituzten bi
gazteak Donostiatik Busot herriko Foya de Coves izeneko parajera (Alacant, Herrialde Katalanak). "Autoa utzi eta oinez egin zituzten 200 metro inguru,
mendian. Han, Browning pistola batekin, tiro bat jo zioten Jose Antonio Lasari buruan eta bi tiro jo zizkioten Jose Ignacio Zabalari, buruan ere bai.
Berehalako heriotza eragin zien. Gero, aurretik prestatutako zulo batera bota zituzten gorpuak, arroparik gabe eta oraindik ahoa estalita eta lotuta. 180
zentimetro luze, 80 zentimetro zabal eta 90 zentimetro sakon zituen zuloak. Lurra eta 50 kilo baino gehiago kare bizi bota zituzten gorpuak estaltzeko". 67
urteko kartzela zigorra ezarri zioten Doradori.
Epaiketan Galindok Bayori eta Doradori buruz esan zuen "inoiz" eduki zituen "gizonik onenak" zirela terrorismoaren kontrako borrokan eta haien pareko sei
gizonekin "Hego Amerika osoa konkistatu" zitekeela. Ordurako Bayo eta Doradok zigorrak jasota zituzten torturengatik eta armazko lapurretagatik.
1995eko ekainean Enrique Dorado bota egin zuten Guardia Zibiletik. Hala ere, Koronel baten pareko pentsioa eman zioten bizi osorako.
Rodriguez Galindoren taldeko kide izan zen Intxaurrondon. Zigortu egin zuten, torturatzeagatik eta armazko lapurretagatik. CESIDen agiri baten arabera,
erakundeko kide izan zen Felipe Bayo eta Peroteren aginduetara egon zen Intxaurrondon.
1987an bota egin zuten guardia zibiletik, baina pentsio berezi bat eman zioten, "gaitasun psikofisikoak" galdu zituelako. Bere gurasoek Guardia Zibilaren
alargunen eta umezurtzen fundazioaren laguntza bat jaso zuten, bi milioi pezetakoa.
Lasa eta Zabala bahitzea, torturatzea eta hiltzea leporatu zioten berari eta Bayori 1996ko maiatzaren 20an. Behin-behinean espetxean sartu zituzten. Handik
hamabost hilabetera Bayok onartu egin zuen bahiketan parte hartu zuela, eta inplikatu egin zituen Galindo eta Elgorriaga.
"1983ko urriaren 16tik Jose Antonio Lasa Arostegui eta Jose Ignacio Zabala Artano La Cumbren egon ziren atxilotuta eta haien zaintza, Enrique Rodriguez
Galindo komandantearen aginduak jarraituz, Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo Leal guardien esku utzi zuen Angel Vaquero Hernandez kapitainak.
Txandak egiten zituzten eta beste zenbait pertsonak ere parte hartu zuten", dio epaiak hitzez hitz. Hala, epaiak berak onartu zuen jende gehiagok ere parte
hartu zuela Lasa eta Zabalaren bahiketan, nahiz eta haien izenik ez den inoiz argitu.
Lasa eta Zabala galdekatuak eta torturatuak izan ziren La Cumbre jauregian. Epaiaren arabera, Dorado eta Bayo aritu ziren haiek galdekatzen -torturarik ez
zuen frogatutzat jo epaiak, gorpuak aurkitu zirenerako hezurrak bakarrik gelditzen zirela eta horrekin torturatuak izan zirela baieztatzea ezinezkoa zela
argudiatuta-, eta Angel Vaquero kapitainak ere "maiztasunez" bisitatu zituen. "Lehen egunean Enrique Rodriguez Galindo eta Jose Julian Elgorriaga
Goyenechek ere bisitatu zituzten", dio epaiak.
Oraingoz jakin ez dena da zenbat egunez galdekatu eta torturatu zituzten bi gazteak, ez eta zenbat egunez eduki zituzten La Cumbre jauregian edo noiz eta
zein baldintzatan eraman zituzten Alacantera, edota tartean beste norabaitera eraman zituzten. Epaiaren arabera, Doradok eta Bayok eraman zituzten bi
gazteak Donostiatik Busot herriko Foya de Coves izeneko parajera (Alacant, Herrialde Katalanak). "Autoa utzi eta oinez egin zituzten 200 metro inguru,
mendian. Han, Browning pistola batekin, tiro bat jo zioten Jose Antonio Lasari buruan eta bi tiro jo zizkioten Jose Ignacio Zabalari, buruan ere bai.
Berehalako heriotza eragin zien. Gero, aurretik prestatutako zulo batera bota zituzten gorpuak, arroparik gabe eta oraindik ahoa estalita eta lotuta. 180
zentimetro luze, 80 zentimetro zabal eta 90 zentimetro sakon zituen zuloak. Lurra eta 50 kilo baino gehiago kare bizi bota zituzten gorpuak estaltzeko". 67
urteko kartzela zigorra ezarri zioten Doradori.
Epaiketan Galindok "Bayori eta Doradori buruz esan zuen "inoiz" eduki zituen "gizonik onenak" zirela terrorismoaren kontrako borrokan eta haien pareko sei
gizonekin ""Hego Amerika osoa konkistatu" zitekeela. Ordurako Bayo eta Doradok zigorrak jaso zituzten torturengatik eta armazko lapurretagatik.
Lasa eta Zabalaren hilketengatik Auzitegi Nazionalean egindako epaiketaren lehen egunean, soinean kamiseta eta kantzontziloak soilik zituela agertu zen,
lasaigarriak hartuta, zutik egon ezinik. Epaiketaren aurretik ukatu egin zituen aurretik egindako deklarazioak. "Presio egin" ziotela salatu zuen,
deklrazioak ukatzeko. Beste lekuko batzuek ere salatu zituzten presioak eta mehatxuak.
Jose Amedoren abokatua. 1988an Argote utzi eta Amedok Gonzalo Casaso kontratatu zuen bere defentsarako.1996ko maiatzean Gomez de Liaño epaileak Lasa eta Zabala kasuko susmagarri izendatu zuen, Rafael Verarekin batera, Luis Roldani deklarazioa hartu eta gero. Deklaratzera deitu zituen. Baita Jose Luis Corcuera ministro ohia ere. Gero errugabetu egin zituen.
Jenerala, militarki AEBetan trebatutakoa eta ZEN Zona Especial Norte planaren egiletzat jotzen dena. Frankismo garaian egin zuen karrera militarra. Adolfo
Suarezen konfiantzako gizona izan zen eta berak negoziatu zuen Josep Tarradellasen itzulera. UMOC Terrorismoaren Kontrako Aginte Bateratuko zuzendariordea
izan zen 1981ean eta 1982an jeneral kargua lortu zuen. 1984an, berriz, Guardia Zibilaren Estatu Nagusiko burua. 1986an kargutik kendu zuten.
1984an kazetari bati esan zion ez zela GALeko burua, "baina egia izango balitz eta zuk aurkitu bazenu, zure bizitzak bi pezeta bakarrik balioko lituzke".
Hamarkada bat geroago, GALen ekintzak zuritu zituen, GALena "arrakastaz zuzendutako kanpaina irudimentsu" bat izan zela esanez.
Garzonek Oñederra kasuko susmagarritzat jo zituen Enrique Rodriguez Galindo, Andres Cassinello Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buru ohia eta Jose
Antonio Saenz de Santamaria, Guardia Zibileko zuzendari nagusia eta Poliziako inspector general ohia. Cassinellori Intxaurrondon talde bat prestatzea
leporatu zion, "ETAren kontra indarkeria erabiliz jarduteko". 2002an epaileak inputazioa kendu zien Cassinello, Galindo eta Manglanori -lehenago kendu zion
Saenz de Santamariari-; GALen sorreran parte hartu zutela erakusteko zantzuak bazeudela uste zuen arren, delitu konkreturik ezin zielako leporatu, eta
erakunde armatuko kide izatearen delitua ordurako preskribituta zegoelako. Auzia 2003an artxibatu zuten.
"Nagusiena ezaguna da eta ez dakit ona den ezagutzen ez dena jakitea", esan zuen 2008an 'El Pais'-i eskainitako elkarrizketa batean.
Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Nafarroan, 1982ko abenduaren 29tik 1986ko urriaren 31 arte. Aurretik Zaragozako (Espainia) Ekonomia zinegotzia
eta alkateordea izan zen. Jose Barrionuevo Barne ministroak Guardia Zibileko zuzendari nagusi izendatu zuen 1986ko urriaren 31n. Lehen zuzendari nagusi
zibila izan zen erakunde militarrean. 1988an Jose Luis Corcuerak Barrionuevo ordezkatu zuenean ere karguan jarraitu zuen Roldanek. Roldan zen Barrionuevo
ordezkatzeko hautagaietako bat.
Roldanek lotura zuzena izan zuen GALekin. Segundo Mareyren bahiketan, esaterako -hala jasota dago epaian-, Mohand Talbi eta Jean Pierre Echalier
mertzenarioak, Marey bahituta zeramatela, muga Dantxarineatik pasatzen saiatu ziren. Talbi Dantxarineako muga-postura joan zen bahiketaren eta
atxiloketaren berri ematera, baina hango poliziek ez zekiten ezer operazioari buruz. Talbik paper bat erakutsi zien poliziei, 'Pepe' izena eta Bilboko
Poliziaren Buruzagitzako telefonoa idatzita. "Postuan zegoen poliziak, hori ikusita, Iruñeko komisario buruari deitu zion berehala telefonoz, eta hura
Luis Roldan Ibañez gobernu ordezkariarekin jarri zen kontaktuan. Rafael Verari deitu zion hark, eta erantzun gisa jaso zuen ez ezer egiteko, Bilbokoen
operazio bat zela".
Roldanek 1993ko abenduaren 3an eman zuen dimisioa, legez kanpo aberastu zela erakusten zuten zantzuak agerikoak zirelako. 1994ko apirilean PSOEri mehatxu
egin zion 'El Mundo' egunkarian, esanez alderdiaren trapu zikin guztiak aterako zituela, eta bera ez zutela engainatuko, Jose Amedo engainatu zuten moduan.
Geroago, 1994ko apirilaren 25ean, Espainiatik ihes egin zuen. Antoni Asuncion Barne ministroak dimisioa eman zuen, kargu hartu eta bost hilabetera,
Roldanen ihesagatik.
1995eko otsailaren 27an atxilotu zuten, Bangkokeko aireportuan. Atxiloketaren baldintzak hitzartu egin zituen Espainiako Gobernuarekin. 28 urteko kartzela
zigorra ezarri zioten funtsak bidegabeki erabiltzeagatik, eroskeriagatik, zerga iruzurragatik eta iruzur egiteagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte
gehiagoko zigorra ezarri zion. Epaiak frogatutzat jo zuen Roldanek diru bereizietatik 2,61 milioi euro inguru hartu zituela eta ia 11 milioi euro gehiago
lortu zituela eraikuntza enpresei Guardia Zibilarentzat obrak egiteagatik legez kanpoko komisioak kobratuta. Rafael Verak diru bereizietatik gainsariak ere
ordaintzen zizkion: 1990etik aurrera 30.000 euro hilean eta 1991tik 1993ra 60.000.
Kartzela zigorraz gain, 9,6 milioi euroko isuna eta 3,5 milioi euroko kalte-ordaina ezarri zioten; epaileek, baina, 1,6 milioi euro bakarrik berreskuratu
dituzte.
Zigorra jaso eta gero, are deigarriagoak dira Roldanek 1998ko ekainean diru bereiziei buruz egin zituen adierazpenak: alde batetik, esan zuen haien
erabilera isilpean gorde behar zela, poliziaren operazioentzat funtsezkoa zelako; bestetik, herritarrei eskatu zien politikariengan sinisteko, "guztiaren
gainetik jakin behar baitute arduradun publikook legea errespetatzen dugula".
Roldan 1995eko otsailean sartu zen espetxean eta 2010eko martxoan atera zen. Hamabost urte egin ditu kartzelan. 2005etik aurrera espetxetik ateratzen utzi
zioten, lan egiteko. Espetxean zegoela, 2001ean, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak 'Urralburu auzian' ezarri zion zigorra,
hiru urtekoa, eroskeriagatik.
Ihes eginda zegoela trapu zikinak ateratzeko mehatxua egin zuen, eta espetxean hasi zen trapu zikinak ateratzen. 1996an, Baltasar Garzonek deklarazioa
hartu zion Oñederra auzian. Roldanek Garzoni esan zion Rafael Verak eta Jorge Argotek -Barne Ministerioko abokatua zen- Enrique Dorado Villalobos eta
Felipe Bayo hiltzeko esan ziotela, GALi buruz asko zekitelako. Roldanek GAL ikertzen ari ziren beste bi epaileren aurrean deklaratzea eskatu zuen, Javier
Gomez de Liaño -Lasa eta Zabala- eta Eduardo Moner -Marey-. Roldanek bere burua, Vera, Argote, Dorado eta Bayo salatu zituen Gomez de Liañoren
aurrean.
1998ko martxoan Roldanek Brouarden hilketaren sumarioan deklaratu zuen, baina aurretik esandakoak ukatu zituen.
Frantziako presidentea izan zen 1981eko maiatzaren 10etik 1995eko maiatzaren 17ra.
Felipe Gonzalezek 2003ko otsailaren 25ean, Segundo Mareyren bahiketagatik egindako epaiketan, onartu zuen 1983ko azaroan -Marey bahitu aurretik- telefonoz
akordioa lortu zuela Mitterrandekin, terrorismoaren kontrako borrokan elkarlana indartzeko eta Frantziak errefuxiatuak Espainiaren esku uzteko, baina
"publizitaterik" gabe. Akordioak beste atal bat ere bazeukan: Frantziak aske utziko zituela Joxemari Larretxea bahitzen saiatu ziren polizia espainiarrak.
Gonzalezen esanetan, GALek eta haren ekintzek akordioa zapuztu zuten.
Praktikak, baina, erakutsi zuen Frantziak errefuxiatuekiko jarrera aldatu zuela. Joxemi Arrugaetak honela azaldu zion 2009an Berria-ri: "1984an jarrera
aldaketa gertatu zen. Ordura arte, Gaston Defferre Barne ministro zela, Frantziak beti ukatu zituen estradizio eskaerak, eta François Mitterrandek
jarrera horri eutsi zion. Baina, 1984an, GALen ekintzak tarteko zirela eta Felipe Gonzalezen gobernuak egindako presioa zela-eta, Mitterrandek iritzia
aldatu zuen. Garai nahasiak ziren, latzak benetan; gu atxilotu baino egun batzuk lehenago, Mikel Goikoetxea 'Txapela' hil zuen GALek". Arrugaetaren
iritziz, deportazioak "erbidideko konponbidea" izan ziren, Espainiak nahi zituen estradizioen eta Frantziak errefuxiatuak Madrilen esku uzteko oraindik
zeukan uzkurtasunaren artekoa. 1984. urtean 26 lagun deportatu zituen Frantziak, eta 1989ra bitartean 50 bat izan ziren.
1984ko urtarrila eta apirila artean hamazazpi errefuxiatu deportatu zituzten eta 28 Frantziako zenbait departamentura bidali, Ipar Euskal Herritik urrun.
Irailean Frantziako Kasazio Auzitegiak hiru iheslariren extradizioa eta lau deportazio ontzat jo zituen, ordura arte Ipar Euskal Herrira iristen ziren
ETAko kideek jasotzen zuten iheslari estatutua bertan behera utzita. Polemika bizia sortu zen Frantzian, eta estradizioak bertan behera utzi zituzten
1987ra arte.
1986an Frantziak premiazko kanporatzeak egiteari ekin zion (1979tik ez zuen premiazko kanporatzerik egin). Uztaila eta abendua bitartean 26 lagun utzi
zituen Espainiaren esku. Prozedura hori estradizioa baino azkarragoa eta babes eskasagokoa zen. Errefuxiatuak espainiaratu eta horietako asko aske geratzen
ziren.
Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa ez zen gertatu GALen ekintzengatik, Espainiaren presioagatik edota iritzi publikoa aldatzen ari zelako. Baita
arrazoi ekonomikoengatik ere. Espainia Europako Ekonomia Erdidegoan (EEE) sartzear zegoen -1986an sartu zen- eta arlo askotan bi gobernuen interesek talka
egiten zuten. Horregatik, euskal iheslariak truke txanpon bihurtu ziren bi gobernuen arteko negoziazioetan. Ez zen harritzekoa, beraz, terrorismoaren
kontrako elkarlanarekin batera, beste gai batzuk ere jorratzea. Espainiak Frantziari tankeak erostea, esaterako.
Frantziako Barne ministroa izan zen 1981eko maiatzaren 22tik 1984ko uztailaren 17an, François Mitterranden Gobernuan. Kargua hartu eta hilabetera
ETAko "euskal abertzaleak" Erresistentziako heroiekin parekatu zituen.
Jose Barrionuevoren esanetan, Deferrerekin bildu zen lehen aldian, 1983kko apirilean, ustezko etakideen zerrenda bat aurkeztu zion, eta Deferrek erantzun
zion hori "propaganda zaharra" zela eta aurkitu beharrekoak "Espainian bilatzeko".
Denbora gutxian iritzia aldatu zuen. 1984ko ekainaren 14an komunikatu bat kaleratu zuen, Barrionuevorekin batera, "terrorista bat ez da errefuxiatu
politikoa" esanez. France Press agentziaren arabera, trukean Deferrek Barrionuevori eskatu zion kate motzean lotzeko GAL. Hurrengo egunean GALek Tomas
Perez Revilla eta Ramon Orberen kontrako atentatua egin zuen Miarritzen. Frantziako Poliziak atentatuaren egileak atxilotu zituen.
Frantziako Barne ministroa izan zen 1984ko uztailaren 19tik 1986ko martxoaren 20ra arte, François Mitterranden gobernuan. Haren ardurapean gogortu egin zen euskal errefuxiatuekiko jarrera. 1984ko abuztuan bildu zen lehen aldiz Jose Barrionuevorekin. Errefuxiatuen estradizioak abian jartzea hitzartu zuten. Irailean hiru errefuxiatu estraditatu zituzten, lehen aldiz. Gero estradizioak eten egin zituen, 1987 arte. 28 errefuxiatu deportatu zituzten.
Frantziako Barne ministroa izan zen 1986ko martxoaren 20tik 1988ko maiatzaren 10 arte, François Mitterranden gobernuan. "Terroristak aterrorizatzea" agindu zuen. Bere bigarrenak, Robert Pandraudek, Rafael Verari agindu zion "zuk arazo hori amaitzen baduzu [GALena], ziurtatzen dizut bihartik aurrera ETAko terroristak jasotzen hasiko zaretela mugan".
Pasquak berak GALen ekintzak zuritu zituen nolabait 1996ko abuztuaren 3an: "Demokrazia estatuaren interesak hasten diren lekuan amaitzen da", esan zuen.
Epaile frantziarra, ezaguna GALeko hainbat kide aske utzi zituelako. Aske utzi zituen, esaterako, Pedro Sanchez -Segundo Mareyren bahitzaileetako bat-, Joxemari Larretxea bahitzen saiatu ziren lau poliziak, Jean-Philippe Labade mertzenarioen burua -"ikerketaren irregulartasunengatik"-, GALekin zerikusia zeukaten mafiako hamabi kide ... Joxemari Larretxearen bahitzaileek "polizia espainiarren ohorearen gainean" zin egin zuten epaiketara joango zirela, baina ez ziren bueltatu eta Espainian lanean jarraitu zuten. Labadek ere ihes egin zuen eta GALen atentatuak egiten jarraitu zuen.