GALen egitura ez da inoiz azaleratu. Aginduak Espainiako Gobernuko goi kargudunek ematen zituztela frogatu da, baina bukaeraraino ez da iritsi. X jauna nor den ez da frogatu. GAL estatuak finantzatzen zuela frogatu da, eta Felipe Gonzalezen gobernuko ministroak ere egon dira preso -Segundo Mareyren bahiketagatik Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohia, Rafael Vera Estatuaren Segurtasunerako idazkari ohia eta Julian Sancristobal Estatuko Segurtasunerako zuzendari izana zigortu zituzten-. Baina hori izan da harrapatu duten azkenengo katebegia. Beherago mozten saiatu ziren arren, hortxe ebaki zuten katea. Estatuak eskura zituen trikimailu guztiak erabili ditu gertatutakoa azaleratu ez zedin. Auzitegiak guztia ez argitzea lortu zuten, baina iritzi publikoarentzat argi gelditu zen errudunak zeintzuk ziren. Galenaren ordaina merkea izan da.
Atentatuetan mertzenarioek egindako hankasartze traketsek, babesa hitzeman ostean abandonatuta sentitzeak sortutako mendeku goseak, maitale haserretuek eta kazetariek, hari muturrak askatu zituzten ustez ondo korapilatutako matazatik. Eta, beste epaile batzuek ere ikertu bazuten ere, PSOEren gobernuan esperotako tokia eduki ez zuelako mendekuz edo epaile bokaziozko justizia gosez, auzia serio hartu zuen Baltasar Garzon epaileak, eta hari muturrei tira egin zien. Hala ere, ikertuak ikertu, epaituak epaitu, nondik tira gehiago ere gelditu da.
GALek 27 lagun hil zituen, 40 bat erasotan. Zazpi heriotza besterik ez dira argitu Espainiako auzitegietan, eta horiek, erdizka. Joxi Zabala eta Joxean Lasarena, Santi Brouardena, Jean Pierre Leibarena, Catherine Brion eta Christophe Matxikoterena eta Robert Caplannerena dira Espainiako auzitegietan epaiketara iritsi diren bakarrak. Eta auzi horietako bakar bat ere ez da argitu erabat. Frantzian, mertzenarioak zigortu zituzten Xabier Perez de Arenaza, Tomas Perez Revilla, Beinot Pecastaing, Xabier Galdeano, Jose Mari Etxaniz Maiztegi Potros, Inaxio Asteasuinzarra Beltza, Agustin Irazustabarrena Legra eta Xabin Etxaide Eskumotza hil ziren atentatuetan parte hartzeagatik.
Mertzenarioak izan ziren aurreneko zigortuak, eta gehienetan Espainiako mugetatik kanpoko auzitegiek epaitu zituzten. Haien kontrako sumarioetan egindako adierazpen eta ikerketetatik, mertzenarioak kontratatzen aritu ziren Jose Amedo eta Michel Dominguez polizienganaino iritsi ziren auzitegiak. Ikerketa aurrerago joan ez zedin eginahalak eta bi egin zituzten hainbat agintari politiko eta poliziek, Amedo eta Dominguezi espetxe onurak eta bestelakoak aginduta. Promesa horiek ez betetzeak, ordea, haserretu egin zituen, bi poliziak, eta mendeku gosea sortu. Beraiei aginduak ematen zizkietenak salatzen hasi ziren Amedo eta Dominguez. Hala ere, ez ziren nahi bezain urrutira iritsi. Behin eta berriz jarri zuten Felipe Gonzalez jo puntuan, baina auzitegietan ez dute inoiz epaitu GALen garaian Espainiako gobernuburu zena.
Epaiketa txikiago batzuk izan diren arren, Espainian lau sumario handi besterik ez da egin estatuaren terrorismoa deiturikoa ikertzeko: GALen kontrako epaiketa gisara ezagutzen den Amedo eta Dominguezen kontrakoa da bat -Consolation eta Batxoki-; Lasa eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketak ikertzen dituena bigarrena, Segundo Mareyren bahiketaren ingurukoa hirugarrena, eta Santi Brouarden hilketaren auzia laugarrena.
1989an egin zen Espainiako Auzitegi Nazionalean GALen kontrako aurreneko epaiketa. Sei hilketa saio leporatuta, hamazazpi urteko zigorra jarri zieten Amedori eta Dominguezi haietako bakoitzagatik. Segundo Mareyren bahiketari buruzkoa 1998an egin zen. Espainiako Auzitegi Gorenak hamarna urteko zigorra jarri zien Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiari, Rafael Vera Estatuaren Segurtasunerako idazkari ohiari eta Julian Sancristobal Estatuko Segurtasunerako zuzendari izandakoari. Zazpi urtekoa PSE-EEren Bizkaiko buru Ricardo Garcia Danboreneari, eta bederatzi eta bi urte bitartekoak Francisco Alvarez, Miguel Planchuelo, Jose Amedo, Michel Dominguez, Julio Hierro, Francisco Saiz Oceja, Luis Hens eta Juan Ramon Corujo Espainiako poliziei.
Lasa eta Zabala auziko epaiketan, 73 urteko espetxe zigorra jarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak Angel Vaquero Guardia Zibilaren kapitainari, eta 71 urtekoa Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuarteleko buru izandakoari, Julen Elgorriaga Gipuzkoako Gobernadore zibil izandakoari eta Felipe Bayo zein Enrique Dorado guardia zibilei. Rodriguez Galindori eta Julen Elgorriagari 75 urtera luzatu zien zigorra Auzitegi Gorenak.
Brouarden hilketaren inguruko auzia gorabehera asko izaten ari da. Hainbatetan itxi eta ireki dute, eta aurten itxi dute azkenengo aldiz -helegitea jarrita dauka familiak-. Bi epaiketa egin dira auzi horretan. Aurrenekoan, Rafael Lopez Ocañari 33 urteko zigorra jarri zioten atentatuaren egile zuzena izatea egotzita, eta Jose Luis Diaz El Francés-i zortzikoa, atentatua egiteko armak eman zituelakoan. Agindua nork eman zuen eta gainerakoak ez dira argitu, ordea. 2003an, beste epaiketa bat egin zuten. Luis Morcillo Pinillos, Jose Amedo polizia eta Rafael Masa guardia zibila epaitu zituzten, baina errugabetzat jo zituzten.
Atentatu gutxi argitu dira, beraz, eta, gainera, zigor horiek ez dituzte bete. Lasa eta Zabalaren auziaren ostean, Galindo eta Elgorriaga segituan atera zituzten libre, gaixotasunak zituztela argudiatuta eta gaixo larri daudenek baldintzapean aske egoteko duten aukera baliatuta. Bayok eta Doradok hirugarren gradua lortu zuten 2002an. Eta Barrionuevok eta Verak hiru hilabete besterik ez zuten egin preso, – Marey auzian zigortu zituzten – PPren gobernuak indultua eman baitzien. Eta ez zen PP izan bi politikari horiei babesa eman zien alderdi bakarra. Preso sartu zituzten egunean, PSOEren zuzendaritzak lagundu zien Guadalajarako espetxearen atariraino.
Haien aurretik, baina, sumario handi horietarako datuak ekarriko zituzten hainbat sumario txikiago izan ziren. Frantziak eta Portugalek hainbat mertzenario epaitu eta zigortu zituzten 1985 eta 1987 bitartean. Arduradunik, ordea, ez dute epaitu.
Hasiera-hasieratik agertu zen Espainiako Poliziaren eskua GALen ekintzetan. Arrasto bat baino gehiago utzi baitzituzten. GAL urdina izan zen iritzi publikora iristen aurrena, Frantziako mertzenarioekin osatutako GALekin batera. Izan ere, Francisco Alvarez Espainiako Poliziaren Bilboko buru eta MULC Borroka Antiterroristako Aginte Bakarreko koordinatzaileak Garzon epaileari 1995ean egindako deklarazio batzuetan esan zionez, lau GAL zeuden: GAL berdea, Guardia Zibilarena; GAL urdina, Espainiako Poliziarena; GAL marroia, CESIDena, eta GAL frantsesa.
Jose Mari Larretxearen bahiketa saioan agertu zen Espainiako Poliziaren eskua lehen aldiz. Bi egun lehenagotik bahituak zituen Lasa eta Zabala GAL berdeak, baina, artean bahiketa onartu gabe zegoenez, Larretxearen bahiketa saioa jotzen zen GALen aurrenekotzat. 1983ko urrian, Larretxea autoko maletategian sartzen ari zirela Espainiako lau polizia atxilotu zituen Frantziakoak, Hendaian. Javier Lopez Bayeu, Sebastian Sotos Garcia, Jose Maria Rubo Garcia eta Jesus Alfredo Gutierrez Arguelles ziren. Bete-betean harrapatu zituzten arren, ez zuten ordainik eman: aske utzi zituzten, bermea ordainduta, eta Frantziako auzitegiek epaiketarako deitu zituztenean ez ziren agertu. Espainian lanean ari ziren, bien bitartean, bahiketa saioa egin zutenean bezala, polizia lanetan. Inork ez zien ezer esan. Atentatu saio hartatik bertatik argi eta garbi gelditu zen Espainiako Poliziak zuen erabateko inpunitatea.
Adituen ustez, gaizki atera zitzaielako ez zuen onartu Larretxearena GALek. Onartu zuen aurreneko erasoa ere oker atera zitzaien, ordea, eta han ere arrastoak utzi zituzten. Segundo Marey bahitu zuten abenduaren 4an, Mikel Lujua Gorostola etakidea zelakoan. Bahiketarekin lotuta, Pedro Sanchez mertzenarioa atxilotu zuten Lapurdin. Hark soinean zeraman Francisco Alvarezen telefono zenbakia, baita Espainiako Poliziaren txostenetakoak ziren hainbat errefuxiaturen argazkiak ere. Poliziaren eskua agerian, berriz ere. Nolanahi ere, Sanchez libre utzi zuen, Michel Svahn epaileak.
Espainia eta Frantzia; laguntzaile eta etsai
Gertatzen ari ziren atentatu eta hilketen gainean Espainiako Gobernuaren isiltasuna erabatekoa zen arren, Euskal Herrian eta Frantzian hasiera-hasieratik ikusi zuten haren eskua. Mikel Goikoetxea Txapela-ren kontrako atentatuaren ostean, GALekoak izan zitezkeenen zerrenda bat publiko egin zuen HBk. Estatuko segurtasun indarretako kideek osatzen zuten zerrenda hori. PSOE egin zuten GALen "arduradun bakar". Espainiako Gobernuari ohartarazi zioten, zerrenda horretako jendea ikertuz gero, erraz iritsiko zirela GALen muinera. Testuinguru horretan, Frantziako alderdi sozialistako diputatu Jean Pierre Destradek ere Espainiako Gobernua jarri zuen jo puntuan. Esan zuen GAL "Espainiako Poliziako kide batzuek" zuzendutako ekitzaile frantsesek osatzen zutela, eta ekonomikoki "mugaren beste aldeko arduradunek" sostengatzen zutela.
Nolanahi ere, hasiera hartan atxilotutako polizia eta mertzenarioak babesten lagundu zion Frantziak Espainiari, batez ere Michel Svahn epailearen eskutik. Atentatugileek egindako hanka sartzeen ondorioz Frantziako poliziek egindako atxiloketa parrastadaren ostean, aske gelditu ziren gehienak. Gilbert Costeaux epaileak eginahalak egiten zituen atxilotu horiek espetxeratzeko, baina Michel Svahn epaileak aske uzten zituen gero, legeak uzten zizkion zirrikitu teknikoak baliatuz eta beste auzietan ohikoa ez zuen jarrera hartuz. Gerora, kargutik kendu zuten epaile hori.
Alvarezen aginduz Larretxearen bahiketa saioan parte hartu eta atxilotutako lau poliziekin egin zuen aurrenekoz. Mareyren bahiketan atxilotu zuten Pedro Sanchezekin ere bai, bai eta 1984an GALekin lotuta atxilotu zituzten dozena bat ingururekin ere. Susmagarriek ihes egitea ekarri zuen horrek, nahiz eta haietako asko gerora ere atxilotu zituzten munduko hainbat tokitan, gehienetan beste delitu batzuk egotzita.
Jean Philippe Labade izan zen Frantziako epaile horren laguntza, eta ondoren Espainiako Poliziaren babesa izan zuen mertzenarioetako bat. Tomas Perez Revillaren hilketaren ostean atxilotu zuten Frantzian, Patrick de Carvalho, Roland Samprieto eta Jean Pierre Bouninekin batera. Guztiak libre utzi zituen, ordea, Michel Svahn epaileak. 1986ko irailean atxilotu zuten Labade, bigarrenez, Portugalen. Amedok La Conspiración, el último atentado de los GAL liburuan kontatzen duenez, Svahn epaileak libre utzi zuenean, berak lagundu zion Labaderi Portugalera joaten. Liburu osoan jasota dauden gertaera guztietan bezala, bere agintariei leporatzen die Amedok ihes egiteko laguntza horren erantzukizuna ere. Esaten du nagusiek agindu ziotelako lagundu ziola.
Labadek GALentzako mertzenario gehiago errekrutatu zituen Portugalen, gerora auzitegietan deklaratu zuenaren arabera, Amedoren aginduz. 1987an epaitu zuten Labade, Portugalen, aurreneko aldiz. "Bahitu, torturatu eta hiltzeko asmoa zuten talde terroristako kide" izatea egotzita zigortu zuten, beste zenbait mertzenariorekin batera. Amedo ere deitu zuten epaiketa hartara, Portugalera, baina ez zen joan. Urte horretan bertan, Frantziara estraditatu zuten Labade aldi baterako, 1984an Perez Revillaren eta Xabier Perez Arenazaren kontrako atentatuak antolatzea egotzita epaitzeko. Bizi osorako zigorra jarri zioten Frantzian, eta Portugalera eraman zuten berriz, beste auzi batzuetan epaitzeko.
1989an berriz epaitu zuten Labade Portugalen, Mario Correira da Cunharekin batera. Epaian, frogatutzat eman zuten bi gizon horiek Amedo eta Dominguezen aginduetara egin zituztela delituak.
Atxilotu eta epaituen salaketak
1984ko martxoan egin zituzten Espainian GALekin lotutako aurreneko atxiloketak. Daniel Fernandez Aceña eta Mariano Moraleda eskuin muturrekoak atxilotu zituzten, akats baten ondorioz Jean Pierre Leiba hil ostean. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak GALekin lotura zutela deklaratu zuten biek. Ez zien inork entzun. Ikerketa beste inora eraman gabe epaitu zituzten 1985eko abenduan, eta 29na urteko zigorra jarri zieten. Victor Manuel Navascues ere epaitu zuten, baina azkenean absolbitu egin zuten.
Epaiketak egiten hasi zen Frantzia ere. 1985eko apirilean, Baionan egin zuten epaiketa batean bosna urteko zigorra jarri zieten bi mertzenariori, elkartze kriminala eta legez kanpoko armen jabetza egotzita.
Eta atxiloketa gehiago ere egin zituzten urte hartan. Xabier Galdeano Egin-eko ordezkariaren heriotzaren erantzule jotzen zen taldea Parisen atxilotu zuten, hura hil eta astebetera, 1985eko apirilaren 13an. Alain Parmentier, Jacky Pinard, Bernard Foucher eta Guy Cantavenera ziren. 1987an egin zen aurreneko epaiketan hogeina urteko zigorra jarri zien Cantavenerari ez beste guztiei Paueko Auzitegiak, baina forma akatsengatik anulatu egin zuten epai hori. Parisko auzitegiak 1989an eman zuen azken epaia.
Pierre Baldes mertzenarioa, berriz, herritarrek harrapatu zutelako atxilotu zuen Poliziak, martxoaren 29an Pyrenees taberna metrailatu, Beinot Pecastaing hil eta Jean Marc Mutio, Jean Jacques Hum eta Kepa Pikabea zauritu ostean -1986an bizi osorako espetxe zigorra jarri zion Paueko Auzitegiak-.
Herritarrek geldiarazi zituzten Pierre Frugoli eta Lucien Mattei ere, irailaren 25ean Monbar hoteleko atentatua egin ostean ihesi zihoazela. Atentatu hartan, Jose Mari Etxaniz Potros, Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena Legra eta Sabin Etxaide Eskumotza hil zituzten, eta Jean Iriarte zauritu. Atxilotu horiek ere Espainiako Polizia salatu zuten. Espainiako Poliziaren ofizial baten bitartez sartu zela taldera adierazi zuen Frugolik, baina adierazpen hori ere ez zen inora joan. 1989an bizi osorako espetxe zigorra jarri zion Matteiri Parisko Auzitegiak, eta hogei urtekoa Frugoliri.
Bi errefuxiatu hiltzen saiatzea egotzita, beste lau mertzenario atxilotu zituzten 1985eko azaroan, Marsellan. Eta haiek beste bide bat ireki zuten Espainiako Gobernura iristeko: Espainiako zerbitzu sekretuek ordaindu zietela adierazi zuten, eta Georges Mendaille mertzenarioak errekrutatu zituela GALerako. Mendaille estraditatzeko eskatu zion orduan Frantziak Espainiari. Ez zuen aurrerapenik jaso, ordea, harik eta Baltasar Garzon epaileak auzia hartu zuen arte. Gironan (Herrialde Katalanak) bizi zen, lasai ederrean. Azkenean, 1989an atxilotu zuten Frantziara estraditatzeko. Azken unean Espainiako Gobernuak atzera bota zuen Garzonen erabakia, eta estraditatu gabe, aske utzi zuten. 1994an atxilotu eta estraditatu zuten, eta 1197an 20 urteko zigorra jarri zion Paueko auzitegiak.
Robert Caplanneren hilketagatik -ETAko kidea zelakoan hil zuten, oker-, epaiketa egin zuten Espainian. Bost lagun atxilotu zituzten Bartzelonan, Caplanne hil eta astebetera. 1987an eman zuten epai horretako zigorra. 26 eta 34 urte bitarteko zigorrak ezarri zizkieten Javier Rovira eta haren taldekideei. Rovirari Caplannen hiltzaile zuzena izatea egotzi zioten, baina epaituek berek baietz esan zuten arren, ez zirela GALeko kide ebatzi zuen epaimahaiak. Hala, ez zirela "talde terroristako kide" esan zuen. Epaiketa hartan frogatu zen GALeko kideak Bartzelonan atxilotu zituztenean Ismael Miquel taldeko kideak Espainiako polizien laguntzarekin ihes egin zuela. Thailandian atxilotu zuten, 1986an, droga trafikoa egotzita. Bizi osorako espetxe zigorra jarri zioten han, baina indultatu eta 1997an estraditatu egin zuten Espainiara 1999an 45 urteko zigorra jarri zioten -oraindik kartzelan dago-.
Atentatuak egiten zituztenak atxilotzen zituzten, epaitu ere bai batzuetan, eta zigortu. Baina ez zuten sakon ikertzen. Ez zuten argitzen nork agindu zituen atentatuok, nondik jasotzen zuten dirua, nondik armak... Nor zegoen atzean.
Espainiako Poliziari gero eta zailagoa zitzaion GALetik bereiztea. Izan ere, etengabe ari ziren atxilotzen Amedok eta Dominguezek kontratatutako mertzenarioak, eta nork kontratatu zituen kontatzen hasi ziren batzuk.
1986ko otsailean, Baionako Batxoki tabernaren eta Donibane Lohizuneko Consolationen kontrako atentatuak egin ostean, Paulo Figueiredo Fontes atxilotu zuten, artean arma gainean zuela, trena hartzera zihoala -1991n Pauen epaitu zuten, eta hamabost urteko zigorra jarri-. Esan zuen Labaderen bidez zegoela GALen, Portugalen egin zutela kontaktua -ordurako, Frantzian atxilotu eta aske utzi ostean Portugalera ihes eginda zegoen Labade-. Labade Frantzian ez ezik Portugalen ere epaitu zuten geroago. Hain justu, haren arrastoan iritsi ziren Jose Amedo eta Michel Dominguez Espainiako poliziengana.
Sumarioetako deklarazio eta ikerketa horiez gain, prentsa ere lan oparoa egiten ari zen Espainian, eta bi polizia horiek lokatzetan zeudela ukaezina zen. Epaitegiek ere esku hartu zuten orduan. Labadek Portugalgo epaiketa batean egindako adierazpenen harira, Baionan deklaratzera deitu zuen Amedo Christophe Seys epaileak. Santiago Brouarden hilketa argitzeko auzian ere deitu zuten deklaratzera, Espainian.
Espainiaren laguntza, Frantziaren presioa
Espainiako Gobernuak ez zuen inolako zorroztasunik erakutsi bere polizietako bat auzitegietara bidean ikusi zuenean. Alderantziz, Amedok bere lanpostuan jarraitu zuen, eta bere lana goraipatzeko adierazpenak ere izan ziren. Eta Frantziari ez zion lagundu epaitu nahi zituen herritarrak topatzen. Xabier Galdeanoren hiltzaileak GALerako errekrutatzea egotzita, Eduardo Mari Chica eta Carlos Gaston estraditatzeko eskatu zuen Frantziak, baina Espainiak ez zuen egin. Eta ez zen aurreneko aldia.
Baina, azkenean, Frantziaren presioak eraman zuen Amedo auzitegietara. Armand Riberolles eta Christophe Seys Baionako bi epaileek argitu egin nahi zuten auzia, eta, Portugalen zein Frantzian GALen kontra irekita zeuden sumarioetan Amedo eta Dominguezen izena behin eta berriz azaldu zenez, erregu gutun baten bitartez Madrilera joan ziren, Carlos Bueren epailearen aurrean Poliziari deklarazioa hartzera. Amedok ez zuen hitz bakar bat ere egin deklarazio hartan. Baina, Baionako epaileek helarazitako informazioen ostean, Amedoren kontrako auzibidea irekitzeko eskatu zion Buerenek Espainiako Auzitegi Nazionalari.
Castro Meije epaileak hartu zuen auzia, eta 1988ko otsailean esan zuen bazegoela nahiko froga Amedo GALen inplikatuta zegoela esateko. Hori esan eta bi hilabetera, bere kargua utzi zuen Meijek, eta Baltasar Garzonek hartu zuen haren tokia.
Garzonek traba topatu zuen trabaren atzetik. Santi Brouarden auzia ikertzen ari zela, Amedoren diru iturriei buruz galdetu zuen Banku Kontseilu Gorenean, eta ezezko erantzuna jaso zuen, adibidez. Baina diru kontuena izan zen GAL Espainiako Gobernuarekin lotzeko harimuturra. Adibidez, Frantzian epaitutako mertzenario batzuek esan zuten Amedok Portugalen errekrutatu zituela. Eta Jose Maria Rodriguez Colorado Espainiako Poliziaren zuzendari nagusiak Garzoni aitortu zion Espainiako Barne Ministerioaren diru bereziekin ordaindu zirela Amedok Portugalera egindako bidaiak.
Adierazpenak frogatzeko, 1983 eta 1987 artean Barne Ministerioaren diru bereziak zertan erabili ziren argitzeko eskatu zuen Garzonek. Ekainean, deklaratzera deitu zituen Poliziako bost funtzionario, haien artean Rodriguez Colorado. Horrek epaileari esan zion GALen jarduera urteetan diru berezietan 3.881 milioi pezeta (23,3 milioi euro) gastatu zirela. Xehetasun gehiago nahi zituen epaileak, baina ez Rodriguez Coloradok eta ez Espainiako Barne ministro Jose Barrionuevok ez zioten azalpenik eman. Diru bereziak sekretua dira berez, baina delitu zantzuak daudenean haiek publiko izan behar duten edo ez eztabaida luze eta mamitsua piztu zen orduan. Diru bereziak bihurtu ziren Garzonen buruhaustea. Ikerketarekin jarraitzeko bidea ikusten zuen han, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak Amedo eta Dominguezen kontrako epaiaren aurretik ere itxi zion atea Garzoni, 1989an; instrukzioa egiten ari zenean, esan zioten epaileak ikertzeko eskubidea duela baina estatuak ere baduela eskubidea, "bere segurtasun propiorako", diru berezien nondik norakoak ez jakinarazteko. Horregatik, bere eskaera ezin zuela babestu esan zion auzitegiak.
Garzonek beste saio bat egin zuen Banku Kontseilu Gorenarekin, eta urtean bi milioi pezetako (12.000 euro) soldata gordina zuen arren, Amedok azken bi urteetan 27 milioi pezeta (162.000 euro) gastatu zituela argitu zuen.
Amedo eta Dominguez, giltzapera
1988ko uztailaren 13an deitu zituen deklaratzera Amedo eta Dominguez. Berrehun galdera zituzten erantzuteko, eta ez zuten bat bera ere erantzun. Atxilotuta gelditu ziren, "GALen antolatzaile nagusi" izatea egotzita. Zehazki, Batxoki eta Consolationen kontrako atentatuak prestatzea leporatu zien Garzonek.
Hilaren 21ean bi poliziak epaitu egin behar zirela esan zion Garzonek Zigor Arloko hirugarren aretoari, auto bat kaleratuta. Bi atentatu horiek antolatuta sei hilketa saio eta "beste delitu terrorista batzuk" egitea egozten zien. Justiziari bidea oztopatzea leporatu zion, gainera, Barrionuevori.
Hainbat gorabeheraren ostean, urriaren 18an bi poliziak epaitzea erabaki zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. "Talde terroristako kide" izatea egotzi zien, eta sei hilketa saio egitea.
Garai inguru hartan Amedoren beste bi kolaboratzaile atxilotu zituzten Frantzian, eta Christian Hittier estraditatu berri zuten Belgikatik Frantziara. Dama Beltza edo Blonda Dominique Thomas zela esan zuen. Haiek eta Patrick Pironneauk ere Amedoren kontrako salaketak egin zituzten. Berak eta Dominguezek esan zietela taldera batzeko -Hittier, Pironneau eta Thomasi hiruna urteko espetxe zigorra jarri zieten 1991n, Baionan, "gaizkile talde bateko kide" izatea egotzita-.
1989ko ekainean, Amedok eta Dominguezek urtebete inguru preso zeramatela, beste auto bat atera zuen Garzonek, eta Juan Carlos Garcia Goena hiltzea egotzi zien bi poliziei. Inmaculada Gomez eta Blanca Balsategi bi polizien bikotekide ohien testigantzan oinarritu zen epailea akusazio horiek egiteko. Gomezek eta Balsategik Miguel Planchuelo Bilboko poliziaburua eta Jesus Martinez Torres Poliziaren informazio burua ere inplikatu zituzten hilketa horretan, baina epaileak haiek ez auzipetzea erabaki zuen, akusazio partikularrak hala egiteko eskatu bazion ere.
Irailaren 27an amaitu zuen sumarioa epaileak. Ia bi urte geroago hasi zen epaiketa, 1991ko ekainaren 11n. Irailaren 20an atera zen epaia, eta bakoitzari 108 urte eta zortzi hilabeteko zigorra jarri zien auzitegiak, sei hilketa saio egitea, legez kanpo elkartzea, agiriak faltsutzea eta izen faltsuak erabiltzea egotzita. Baina ez zien egotzi talde armatu edo terroristako kide izatea. Sei urte inguru egin zituzten preso, behin-behinean pasatutako denbora kontatuta, eta denbora horretan gainerako presoen aldean ezohiko pribilegioak eduki zituzten.
Diru berezien datuei zegokienez, estatuaren aldeko ebazpena eman zuen auzitegiak, eta sekretua gordetzeko eskubidea errespetatu behar zela esan zuen. Horrek zail jartzen zuen GALen ikerketan aurrera egitea.
Amedo eta Dominguez giltzapean zirela, GALen ikerketak amaitu zirela zirudien. Baina bi poliziak ez ziren jasotzen ari Espainiako Gobernuak hitzeman zien laguntza, eta hitz egiteari ekin zioten. Bigarren kolpea eman zuen horrekin Garzon epaileak, 1994ko abenduan hasita. Julian Sancristobal eta Vera atxilotu zituen, besteak beste, eta, hamaika hilabetera, Espainiako Auzitegi Gorenak Barrionuevo auzipetu zuen, diputatua zenez Gorenak bakarrik auzipetu baitzezakeen.
Amedo eta Dominguez, berriz, libre zeuden –uztailean eman zieten hirugarren gradua–. Haien askatasunaren truke zeuden gainerakoak preso.
1994ko abenduaren 16an joan ziren auzitegira Amedo eta Dominguez. Segundo Mareyren bahiketan parte hartu zutela onartu zuten orduan, eta, bide batez, nork aginduta egin zuten ere kontatu zuten. Julio Hierro eta Francisco Saiz Oceja Bilboko polizia komisarioak salatu zituzten, Miguel Planchuelo Bilboko Poliziaren burua izandakoa, Francisco Alvarez terrorismoaren kontrako inteligentzia burua, Julian Sancristobal garai hartako Bizkaiko gobernadore zibilak eta Ricardo Garcia Danborenea PSE–EEren buru izandakoa. Sancristobal, Vera eta Barrionuevo salatu zituzten, GALekin lotura zutela esanda, eta Felipe Gonzalezenganaino iristen ziren zurrumurruak zeudela gaineratu zuten.
Gainera, Mareyren bahiketaren auzian ez ezik, Ramon Oñaederra Kattu, Mikel Goikoetxea Txapela eta Rafael Goikoetxearen hilketei buruzko datu eta frogak ere eman zituzten Amedo eta Dominguezek. Mareyren bahiketa Sancristobalek Barrionuevorekin hitz eginda adostu zutela eta Verak Joxemari Larretxea bahitzen saiatu ziren poliziei ordainketa bereziak egin zizkiela esaten zuten akusazioak ere baziren. Horrek Espainiako Gobernua jartzen zuen jo puntuan.
Berehala ekarri zituzten ondorioak Amedo eta Dominguezen salaketek: Sancristobal urtarrilean espetxeratu zuen; Vera eta Danborenea, otsailean eta Planchuelo martxoan. Barrionuevo ezin zuen inputatu, diputatua zenez Espainiako Auzitegi Gorenak bakarrik auzipetu baitzezakeen.
Batxoki eta Consolation tabernen kontrako atentatuen auzia berriz ireki zuen Garzonek, nahiz eta ordurako Amedo eta Dominguez auzi horretan zigortuta zeuden. Diru berezien bidetik, atentatu horiek Espainiako Barne Ministerioak finantzatu zituen edo ez ikertu nahi zuen.
Marey auzia eta bi tabernen atentatuena auzi bakarrean batu zituen apirilean, eta Barne Ministerioko zein Poliziako hamalau kargudun auzipetu zituen. GAL finantzatzea leporatu zion Verari, eta GAL antolatzea eta Mareyren bahiketan parte hartzea Danboreneari, Sancristobali, Alvarezi eta Planchuelori. Amedo eta Dominguez ere auzipetu zituen epaileak, baina haiek "damututa" zeudela eta "justiziarekin kolaboratu" zutela gaineratu zuen.
Vera, Sancristobal eta Planchuelo preso mantendu zituen, eta gainerakoak aske utzi zituen, bermea ordainduta. Uztailean utzi zuen libre Vera. 200 milioi pezetako (1,2 milioi euro) bermea jarri zion, eta hura PSOEk ordaindu zuen. Sancristobal eta Planchuelo bakarrik geratzen ziren preso, eta azken hori zekiena kontatzen hasi zen Garzon epaileari. Haren atzetik etorri ziren Sancristobal eta Alvarez ere.
Diru bereziekin aberastu zela eta Mareyren bahiketan parte hartu zuela aitortu zuen Sancristobalek. Bahiketak Vera eta Barrionuevoren babesa zuela eta Felipe Gonzalez GALen jakinaren gainean zegoela. Alvarezek, berriz, GAL desberdinen gaineko informazioa eman zion epaileari. Vera, Roldan eta Barrionuevo salatu zituen, eta Rodriguez Galindo ere bai, GAL berdeko gakoetako bat izatea egotzita.
Danborenea joan zen bi egun geroago epailearengana, eta handik ateratakoan prentsaurrekoa eman zuen, Espainiako Gobernua GALen erantzule egiteko: "Gonzalezek bazekien hau guztia; nik neuk hitz egin nuen harekin, eta ez behin bakarrik".
Uztailaren 27an jakin arazi zuen Garzonek Auzitegi Gorenaren esku utzi zuela Mareyren bahiketaren auzia, forudunak zeudelako inplikatuta. Barrionuevo auzipetuta zegoela zioen, eta Gonzalez bera GALen sortzaile izan zela pentsatzeko "zantzuak" bazirela.
Gorena ere bai
1995ean, Eduardo Moner epailearen eskuetan gelditu zen Mareyren bahiketaren auzia, Espainiako Auzitegi Gorenean. Garzonek egindako ikerketa guztiak berrikusi ostean, Barrionuevo deklaratzera deitzea erabaki zuen Monerrek, urrian. Abenduan deklaratu zuen, Diputatuen Kongresuak hala egitea onartu ostean, eta bere kontrako akusazio guztiak ukatu zituen. Ikerketan, aurrez aurre jarri zuen epaileak Danborenearekin, Sancristobalekin eta Alvarezekin. 1996ko urtarrilean, 15 milioi pezetako (90.000 euro) bermea ordaindu behar izan zuen, preso ez sartzeko. Talde armatua eratzea eta zuzentzea egotzi zien hari eta Verari.
1997an eman zuen amaitutzat ikerketa Moner epaileak. Talde armatua zuzentzea, bahitzea eta diru publikoak gaizki erabiltzea egotzita, Vera eta Barrionuevo auzipetu zituen. Fiskalak 23 urteko zigorra eskatu zuen bientzat, eta 22koa Sancristobalentzat.
1998ko maiatzean hasi zen, Espainiako Auzitegi Gorenean, Barrionuevo, Vera, Sancristobal eta beste hamar auzipeturen kontrako epaiketa. Uztailean amaitu zen, eta hil beraren amaieran eduki zuen epaia: hamar urtetik bi urtera bitarteko zigorra izan zuten epaitutako hamabi lagunek.
Espainiako Auzitegi Gorenak Segundo Mareyren bahiketagatik Barrionuevo, Vera, Sancristobal eta beste hamar auzipetu zigortu zituenerako, aurreneko epaiketa egin eta bigarrenaren bidean zen Brouarden auzia, Bilboko Auzitegian. 1997ko uztailean Luis Morcillo Pinillos atxilotu zuen Espainiako Poliziak, droga trafikoan harrapatuta. Brouarden sumarioan hasieratik agertzen zen Morcillo Pinillos, baina une horretan ez zegoen haren kontrako akusaziorik. Auzia berriz ireki zuen Bilboko Auzitegiak, Morcillo Pinillosi deklarazioa hartzeko.
Rafael Lopez Ocaña eta Juan Jose Rodriguez El Frances epaitu eta zigortuta zeuden ordurako, Brouard hiltzea egotzita. 1993ko maiatzean hasi zen Brouarden hilketa argitzeko aurreneko epaiketa. 33 urteko zigorra jarri zion Bilboko Auzitegiak Lopez Ocañari, Brouard hiltzea egotzita. Rodriguezi zortzi urtekoa, legez kanpo armak edukitzeagatik. 1995ean berretsi zuen epaia Auzitegi Gorenak.
Baina epaiketaren ostean ere ikerketarekin jarraitu zuen Isabel Durantez Bilboko epaileak. Mohand Talbiri galdeketa egitera joan zen 1994an Perigueuxera (Frantzia). Talbi preso zegoen ordurako, Segundo Marey bahitzea egotzita, eta behin eta berriz egin zituen Amedoren kontrako salaketak. Hark GALen hainbat atentatutan esku hartu zuela zioen, baita Brouarden hilketan ere. 1983ko abenduaren 3an Bilboko Ercilla hotelean bilera bat egin zutela zioen, eta hamalau atentatu prestatzeko zerrenda zeukala Amedok.
Morcillo Pinillos atxilotu zutenerako, beraz, Amedorengana zeraman bidea ere irekita zeukan auzitegiak. Ordurako Luis Roldan ere hasita zegoen GALekin lotutako salaketak egiten. Kontraesanezko deklarazioak bata bestearen atzetik etorri ziren orduan.
1998ko martxoan deklaratu zuen Roldanek Brouarden hilketaren sumarioan, baina aurretik esandakoak ukatu zituen. Apirilean Planchuelok eta Alvarezek deklaratu zuten, eta Talbik esandako egunean eta tokian GALi buruz hitz egiteko bilera bat egin zela eta biak han egon zirela aitortu zioten epaileari, baina Talbi ez zela han. Amedok eta Dominguezek ere deklaratu zuten, eta esan zuten Brouard ez zuela GALek hil.
Amedo inputatu egin zuten hil horretan bertan, epaileari aitortu egin baitzion 1983ko abenduaren 3an Bilboko Ercilla hotelean bilera bat egin zutela Planchuelok, Alvarezek, Talbik eta Echalierrek.
Azaroan espetxetik atera zen Morcillo Pinillos, bi milioi pezetako bermea ordainduta. Eta nahasmena erabatekoa zela, sumarioa sekretupean jartzea erabaki zuen epaileak.
1999ko martxoaren 8an izan ziren hurrengo berriak: Sancristobal, Planchuelo eta Amedo deklaratzera deitu zituen, inputatuta. Rafael Masa Guardia Zibileko koronela eta Morcillo Pinillos ere deitu zituen. GAL urdinaren eta berdearen arteko lotura agerian geratu zen.
Sancristobalek Brouarden hiltzaileei diru bereziekin ordaindu ziela ondorioztatu zuen epaileak. Eta Morcillo Pinillos preso sartu zuen, berriz, Brouard hiltzea egotzita. Rafael Masari, berriz, Morcillo Pinillosi Espainiatik alde egiten laguntzea leporatu zion.
Hilaren 13an preso sartu zituen Sancristobal, Masa eta Amedo. Atentatua egiteko ezinbesteko kolaboratzaileak izatea egotzi zien aurreneko biei, eta atentatua estaltzea Amedori. Planchuelori deklarazioa hartu ostean, Alvarez eta Antonio Rosino ere -Brouard auzia ikertzeko ardura izan zuen komisarioa- deklaratzera deitu zituen. Aske utzi zituen baldintzapean.
Amedo bere borondatez joan zen deklaratzera epailearengana, eta Brouarden hilketaren atzean Guardia Zibila zegoela esan zuen. Zehaztasunik ez zuen eman, ordea. Uztailean, berriz deklaratu zuen, eta orduan Danborenea eta Sancristobal salatu zituen. Hura libre atera zen, justiziarekin kolaboratzeagatik.
Orduan, Danborenea inputatu zuen epaileak. Eta Planchuelo eta Amedo aurrez aurre ere jarri zituen. Deklarazioa hainbat alditan hartu ostean, urrian amaitu zuen istrukzioa epaileak. Sancristobal jo zuen atentatuaren buru. Atentatugileei ordaintzeko diru berezietako 50 milioi erabiltzea egotzi zion. Tiroak bota zituztenak Luis Morcillo Pinillos eta Angel Lopez Ocaña zirela berretsi zuen. Amedo, Masa, Planchuelo, Alvarez, Martinez Torres, Rosino eta Dominguez ere auzipetu zituen. Baina Auzitegiak atzera bota zituen, ordea, Masa, Morcillo eta Amedorenak ez beste auzipetze guztiak, nahiko froga ez zegoela iritzita.
2003ko ekainaren 1ean hasi zen Brouard auziko bigarren epaiketa, hiru auzipeturekin, eta auzitegiak hirurak absolbitu zituen, nahiko froga ez zegoela argudiatuta. Azkenean, auzitegiak libre utzi zituen Amedo, Masa eta Morcillo Pinillos. Auzitegiak esan zuen akusazioaren hipotesiak ezin zitezkeela jo hipotesi bat baino gehiagotzat. Absoluzio epaia berretsi egin zuen Gorenak uztailaren 9an.
2013ko irailean auzia berriz ireki zuten, ordea. Amedok berriz jo zuen auzitegira. Morcillo Pinillosekin izandako elkarrizketa baten zintak zituela esan zion, eta transkripzioak utzi zituen. Zinta horietan, Morcillo Pinillosek aitortzen zuen berak hil zuela Brouad, eta Sancristobalek eman ziola horretarako agindua. Morcillok berak eta Masak deklaratu zuten epailearen aurrean. Biek adierazpen kontrajarriak egin zituztela eta aurrera egiteko modurik ez zegoela argudiatuta, auzia berriz artxibatzea erabaki zuen auzitegiak. Familiak helegitea jarri zuen.
Morcillok bera izan zela aitortu zuen geroago, baina jada ezin dute zigortu, aurretik ere delitu bera egiteagatik epaitu zutelako, eta errugabetu.
Lasa eta Zabalaren auziarekin atera zen argitara GAL berdea edo Guardia Zibilaren esku beltza. Ordura arte apenas zegoen akusaziorik Guardia Zibiaren kontra, eta nahiko ongi ari ziren eusten, Espainiako Polizia eta Gobernua ez bezala. 1995ean, ordea, gauzak aldatzen hasi ziren.
1985ean Busoten agertu ziren bi gorpuzkien hezurrak Lasa eta Zabalarenak zirela argitzea lortu zuen Jesus Garcia Garcia Alacanteko Polizia Judizialeko inspektoreak, 1995eko martxoan. Carlos Bueren epailearen esku gelditu zen Lasa eta Zabala auzia, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Intxaurrondon aritzen zen eta bere buruaz beste egin zuen polizia baten emazteak adierazpen argigarria egin zuen. Senarrak, 1988an bere buruaz beste egin aurre hartan, Lasa eta Zabalaren torturetan parte hartu zuela esan zion. Carlos Jose Marrero Sanabria guardiaren esanetan, ofizial baten aurrean hil zituzten bi etakideak. Eta Angel Lopez Carrillo poliziaren adierazpen argigarri bat ere bazegoen: bi iheslariak Enrique Rodriguez Galindo Intxaurrondoko buruak eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako Gobernadore zibilaren aginduz bahitu zituztela adierazi zion Bueren epaileari, eta bi iheslariak ikusten ere izan zirela La Cumbre jauregian.
1996an, kargua utzi zuen Buerenek. Haren ordezkoa izendatu bitartean, Garzonen eskuetan gelditu ziren haren auzi guztiak. Azkenean, Javier Gomez de Liañoren eskuetan gelditu zen Buerenek utzitako instrukzio 1. Auzitegia.
Nolanahi ere, Garzon ere ari zen Galindok GALen izan zuen inplikazioa ikertzen. Juan Carlos Garcia Goenaren hilketa, Ramon Oñederrarena, Mikel Goikoetxearena, Christian Olaskoagarena eta Rafael Goikoetxearena ikertzen ari baitzen.
Guardia Zibila ikertzen hasita, Verarenganaino iritsi zen Garzon: Oñederra auzian deklarazioa hartu zion Guardia Zibilaren buru izandako Luis Roldani, eta hark esan zion Verak eta Jorge Argotek -Barne Ministerioko abokatua- Enrique Dorado Villalobos eta Felipe Bayo hiltzeko esan zietela bi horiek GALi buruz askotxo zekitelako, tartean Lasa eta Zabalaren auziei buruz. Lasa eta Zabalaren auzia ikertzen ari zen Liaño, eta, beraz, Roldani deklarazioa hartu zion hark ere. Auzian nahastuta zegoela esan zion epaileari Roldanek, eta Vera, Argote, Dorado eta Bayo ere salatu egin zituen. GAL urdinaren eta GAL berdearen arteko loturak gero eta ageriago zeuden.
Ikerketek aurrera egin zuten, eta 1996ko maiatzean, Dorado eta Bayo auzipetu zituen Gomez de Liaño epaileak Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta hiltzea egotzita. Preso sartu zituen. Hiru egun geroago, Enrique Rodriguez Galindo sartu zuen preso, Alcala de Henaresko espetxe militarrean. Bi gazteak Alacantera eraman eta desagerraraztea erabaki zuen gizona izatea egotzi zion Galindori.
1997ko irailean are gehiago argitu zen auzia. Felipe Bayok, abokatua aldatu, eta ordura arte zeraman defentsa ildoa aldatu zuen. Ordura arte dena ukatuz egindako deklarazioak Galindori "gaizki ulertutako" leialtasunez egin zituela esan zuen. Eta Doradorekin batera La Cumbren egon zela aitortu zuen. Galindo, Elgorriaga eta Angel Vaquero Hernandez Intxaurrondoko komandantea jauregian zirela eta haien aginduz aritu zela bi errefuxiatuen zaintzan.
Gomez de Liañok 1998ko martxoan idatzi zuen auzipetze autoa. Galindo, Vaquero, Elgorriaga, Dorado eta Bayo auzipetu zituen. Autoan zioen Elgorriagak eta Galindok ikusi egin zutela nola torturatzen zituzten Lasa eta Zabala, eta Elgorriaga ere konplizea zela bi errefuxiatuen hilketan.
2002ko maiatzean eman zuen epaia Espainiako Auzitegi Nazionalak: Galindori, Elgorriagari, Vaquerori, Doradori eta Bayori 67 eta 71 urte bitarteko espetxe zigorrak jarri zizkien. Kondenatu guztiei lau urte gehiagoz luzatu zien zigorra Auzitegi Gorenak.
Beste auzi batzuetan ere azaldu da GAL berdea. Ramon Oñederra Kattu-ren hilketa, Bixente Perurenarena, Angel Gurmindorena eta Christian Olaskoagarena argitzeko auzi bat irekita egon zen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Luis Roldan, Jose Antonio Saez de Santamaria, Andres Cassinello, Enrique Rodriguez Galindo, Juan Alberto Perote, Felipe Bayo eta Enrique Dorado Villalobos auzipetuta egon ziren, baina ez zen argitu. Auzia artxibatu egin zuten 2003an.
GALen kontra egin den azken epaiketa GAL urdinaren kontrakoa izan da. Miguel Planchuelo Espainiako polizia epaitu zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Consolation eta Batxoki tabernen kontrako atentatuen kasuetan. Amedo hitz egiteko gogoz azaldu zen, eta nahi izanez gero beste kasu batzuetako informazioa ere bazeukala esan zuen: "GALekin lotutako aginduak gobernutik etortzen ziren zuzenean. Felipe Gonzalezek, [Espainiako Barne ministro] Jose Barrionuevok eta [Bizkaiko Gobernadore zibil] Julian Sancristobalek ematen zituzten aginduak, eta Ricardo Garcia Danborenea, Txiki Benegas eta Ramon Jauregi jakinaren gainean zeuden". Izen zerrenda horretatik, batere akusaziorik gabe daude Gonzalez, Benegas eta Jauregi, esate baterako. Ikerketarik ez dago irekita.
"GAL estatua bera da"
GALen beraren agiriek jartzen dute jo puntuan Espainiako Gobernua. El Mundo egunkariak CESIDen hainbat agiriren berri eman zuen, eta haien artean dago 1983ko uztailaren 6ko sorrera agiria. "Terrorismoaren kontrako borroka osoa zuzentzen ari denak bakarrik erabaki ahal izango du halako ekintzak abiatu edo ez". Egin baziren, eta egin ziren, argi dago nork hartu zituen erabakiak.
Ricardo Garcia Danborenearen hitzak kaleratu zituen El Mundo-k, 1985eko urriaren 22an: "Frantziaren lurraldean terrorismoaren kontra ekiteko erabaki politikoa. Ekintza horiek estali eta arreta desbideratzeko, sigla batzuk asmatu ziren: GAL. Baina ez zen borrokarako talde berezirik sortu. Ez. Estatuaren Administrazioak berak ekiten du, bere bitarteko eta bere gizonekin, eta operazioak sekretuak dira. Beraz, benetako egileak ezkutatzeko oihala besterik ez da GAL. Poliziak, guardia zibilak, armak, ibilgailuak, dirua eta abar mugitzen dituen tamaina horretako muntatzeak, zeinak Barne Ministerioaren eta Defentsakoaren kide eta informazioak koordinatzea eskatzen duen, goitik baimendua egon behar du, Gobernuko Presidentetzak baimendua". […] "Gal ez da talde bat, eta gutxiago talde armatu bat. 'Estatuaren gizonak' beraiek dira. Barne Ministerioa ETAren kontra, edo are abstraktuago, erabaki politiko bat".
Gonzalezek berak ere argi utzi zuen GALen eta gerra zikinaren berri bazuela, 2010eko azaroan El País egunkariari eman zion elkarrizketa batean. Segundo Mareyren bahiketari buruzko xehetasunak eman zituen, eta aitorpen hau ere egin zuen: "Oraindik ez dakit ondo ala gaizki egin nuen. Ez naiz arazo moral bat planteatzen ari, oraindik ez baitut segurtasunik. Aukera bakar bat izan nuen nire bizitzan ETAko buruzagitza akabatzeko. [...] 'Denak batera lehertzeko, denak akabatzeko, burua mozteko aukera dago'. Erabakia bai ala ez da. Laburbilduz, honako hau esango dut: 'Ez', esan nuen. Eta hau gaineratuko dut: ez dakit ondo jokatu nuen».