GAL

Ikerketa Kazetaritza

Joxe Felix Azurmendi (kazetaria)

"Arazoa ez zen ministro bat GALen sartuta egotea, dirua lapurtu zutela zen arazoa"

Raul Bogajo / Argazki Press

1980tik 1987ra izan zen Jose Felix Azurmendi Egin egunkariko zuzendaria. GALek asko maite zuen pertsona bat eta lankide bat eraman zuen, Xabier Galdeano, eta kolpe latza jaso zuten hura hil zutenean. Orduko oroitzapenak berritu ditu BERRIA-rentzat.

Eider Goenaga


Jose Felix Azurmendi (Durango, 1941) Egin egunkariko zuzendaria izan zen GALek iraun zuen bitartean. Oso gogoan du garai hura, batik bat GALek asko maite zuen lankide bat hil zuelako: Xabier Galdeano. Baina GALen hasierako ekintzak gertatu zirenean -Lasa-Zabala, Larretxea Goñi eta Marey- , hurrengo urteetan etorriko zena aurreikusi ezina zela dio. Pixkanaka joan zen dena forma hartzen; GALen siglak, lehen aldiz, Mareyren bahiketarekin agertu ziren, eta, 1983a bukatzerako, Ramon Oñederra Kattu eta Mikel Goikoetxea Txapela hil zituzten. Indartzen zihoan estatu terrorismoaren hipotesia. "Susmoak baziren, pentsatzen genuen nor egon zitekeen atzean, baina, nola esan hori? Nola argitaratu?".


Egunkariko zuzendaria gisa, ordea, idatzi zuen esaldi bat Azumendik, eta buruan dauka oraindik ere. "Hau dena guk uste dugun bezala baldin bada, inoiz ez gara enteratuko", idatzi zuen. Azurmendiren ustez, baina, GALek eta inguruan mugitu zirenek egindako "lardaskeriei" esker, eta dirua xahutzen eta diru publikoa lapurtzen ibili zirelako, lortu zen egitura horri guztiari buruzko zati handi bat ezagutzea, bai komunikabideetatik eta bai epaitegietatik. "Mertzenarioak erabiltzen zituzten atentatuak egiteko, baina horiek lardats hutsak ziren, eta Batxoki eta Consolation tabernetako atentatuak, adibidez, kontratatutako mertzenarioei esker argitu ziren. Portugaldarrak ziren. Kontua da Amedok eta bere mutilek diru bat jasotzen zutela atentatuak egiteko, baina diruaren parte handi batekin eurak gelditzen zirela, eta besteei ez zieten ematen. Mertzenarioak gero eta merkeago hartzen zituzten, eta justu Consolationekoan atxilotu zutena trenera bidean zihoan, treneko txartela bakarrik eman ziotelako ihes egiteko. Oinez egin zuen ihes". Jose Paulo Figueiredo Fontes zen atxilotutako mertzenarioa, eta haren atzetik, Portugalen, beste batzuk erori ziren. Amedorengana eraman zuten deklarazioak egin zituzten guztiek.


Egin -en, arazoa izaten zen euren eskuetara iristen zen informazio guztia nola argitaratu erabakitzea. "Jende asko etortzen zitzaigun; informazioren bat baldin bazuten, guri deitzen ziguten. Herritarrek bazekiten nora deitu behar zuten informazio hori zabaltzeko. Herritarrek osatutako kolaboratzaile sare zabala genuen, eta kolaboratzaile horiek tratatzeko sentsibilitatea ere bai". Baina ez zitzaien beti erraza egiten informazio hori iragazkitik pasatzea. Zer argitaratu zitekeen eta zer ez erabakitzea, alegia.


Azurmendik oso gogoan ditu gerra zikinarekin lotutako hainbat anekdota. GALek Bixente Perurena eta Angel Gurmindo hil zituen gauekoa da horietako bat. "Gau batean erredakzioan geunden Xabier Salutregi, Xabier Oleaga eta ni neu. Dei bat jaso genuen Ibardinetik, eta gizon batek esan zigun mugimendu arraroak ikusi zituztela mugan, beste aldetik zetozen batzuk euren autoa utzi eta Guardia Zibilaren auto batera pasatu zirela. Eurak ziren! Baina, nola esan... Ibardineko bentara joan ziren gure bi Xabier haiek, baina, behin hara iristean, deitu zuen pertsonak atzera egin zuen, beldurtu egin zen. 'Kartzelara goaz', pentsatu genuen, baina berdin-berdin atera genuen informazioa, azalean gainera". Beste askotan gertatzen zen bezala, Azurmendiri kereila bat jarri zioten informazio hori argitaratzeagatik. "Berehala etorri zen kereila, Enrique Rodriguez Galindorena. Zain nago oraindik. Abisatu bai, baina gero ez nuen deklaratzera joan behar izan. Beraiek bazekiten egia zela, baina ez zekiten gu hori demostratzeko gai ez ginenik".


Bixente Perurena eta Angel Gurmindo

Askotan informazio oso ona izaten zutela dio Azurmenik, eta susmo eta zantzu soilak baino gehiago izaten zutela euren eskura. Baina, egunkarian hori argitaratu eta gero "bizkarra babestea" izaten zen haien kezka. "Askotan izaten genuen arazo bera. Eta torturekin ere bai. Beste norbaitek esatea eskatzen genuen, guk zuzenean esatea saihestuz, eta guk jaso egiten genuen hark esandakoa. Guk geure hitzetan esaten bagenuen...".


Inoiz informazioa baztertu eta betirako ahaztu behar izatea ere gertatu zitzaien. Azurmendik Egin-eko zuzendari izatera heldu aurreko gertakari bat du gogoan. "Leioakoa zela esan zuen gizon bat etorri zitzaigun erredakziora, eta esan zigun: 'Atxilotua izan naiz lapurreta batengatik, eta poliziek jakin dutenean Frantzian eta Aljerian ibilitakoa nintzela, Iparraldean taberna bat jartzea eskaini didate, Donibanen seguru asko, eta handik errefuxiatuei buruzko informazioa pasatzea. Nire bizitza ez da oso legala izan, egindako hainbat gauzak lotsatu egiten naute, baina ez nago hori egiteko prest. Gero, agian, alde egin beharko dut hemendik, baina hori ez dut egingo. Nik egun batzuk barru daukat hitzordua, nahi baduzue zuek kontrolatu'. Argazkilaria bidali genuen, eta nik ez dakit nor ziren, baina berak esaten zigun Hendaiatik etorritako polizia frantses bat zela haietako bat, eta bestea Espainiako polizia bat zela". Argazkiak atera zituzten, eta irudietan ustez poliziak ziren bi pertsona horien eta Leioako gizonaren arteko topaketa hori argi ikusten zen. Gainera, Leioako gizonak poliziek berari emandako bi telefono zenbaki eman zizkien Egin-eko kazetariei, eta telefono horiek Gobernu Zibileko telefonoak ziren. "Baina gizon hori gero desagertu egin zen, eta argazkiak ez genituen argitaratu. Halere, konturatu ginen zerbait mugitzen ari zela, pauso gehiago ematekotan zirela".


 


Kazetariak, elkarlanean


Dena den, GALen inguruko albiste asko argitaratzen aitzindari izan zirela oroitzen du Azurmendik; eta Genaro Gallego Galindo (GAL-lego eta GAL-indo) izenaren atzean ezkutatzen zena Jose Amedo Fouce zela argitaratzen lehena Egin izan zela. Amedok hainbat hoteletako erreserbak izen horrekin egin zituen, eta baita hainbat ordainketa ere; egonaldi horietako batzuk harreman zuzena zuten GALen ekintzekin. "Lisboako kazetari bati esker lortu genuen informazio hori, eta ondo egiaztatuta eta lotuta ematea lortu genuen, eta horrekin egunkaria zabaltzea. Handik 24 ordura deitu ninduten deklaratzera auzitegira. [Jorge] Argote abokatua izan nuen aurrean, eta irainak eta kalumniak egotzi zizkidan. Beti beldur ginen".


Azurmendi behin bakarrik zigortu zuten Egin-en argitaratutako informazioengatik. Espainiako Auzitegi Gorenak jarri zion zigorra, baina Iñigo Iruin abokatuak helegitea jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean, eta zigorra atzera bota zuten. Beraz, nahiz eta "egun bat bai eta bestea ere bai" auzitegietara joan behar izan, zigorrik inoiz ez zuen bete.


Expreso aldizkariarekin batera atera zuten Egin-en Gallego Galindo izen faltsuaren atzean Bilboko polizia-etxeko komisariordea ezkutatzen zela. "Beste garai batzuk ziren, kazetariak oso solidarioak ziren garai hartan". Izan ere, Expreso-ko kazetaria izan zen Egin-ekoengana hurbildu zena. "Hernanira etorri zen bere bikotekidearekin, Isabel Duarte abokatuarekin, eta esan zigun Estorileko kasinoan espainiar polizia batzuek diru pila bat galdu zutela, eta haiekin zeudenak jende arraroa zirela... Etorri zen esanez, 'Genaro Gallego Galindo hau Bilboko polizia bat izan daiteke? Posible da Deustuko Madariaga kalean bizitzea?'. Informazio hori egiaztatu ahal izan genuen eta argitaratu egin genuen".


Jose Ramon Goñi Tirapu, gerora Gipuzkoako gobernadore zibila izango zena, izan zen Egin-era informazioa ematera joandako beste bat. "Hernanira etorri zitzaigun, Poliziak bere anaiarekin zer egin zuen kontatzera. 'Nik badakit Diario Vasco-n ez dutela hau argitaratuko, eta zuek argitaratuko duzuela'. Orduan kontatu zigun anaia arropak odolez blaituta iritsi zela etxera, torturatu egin zutela... Eta hori ere argitaratu genuen".


Kasu asko iristen zitzaizkien Egin-era, informazio ugari. Informazioa gehiago zabaltzearren, behin baino gehiagotan, beste hedabideren bati helarazten ziotela ere kontatu du Azurmendik. "Aitortu behar dut informazio txiki batzuk pasatu genituela, ez baitzen berdina Egin-en ateratzea edo Madrilgo egunkari batean agertzea". Zabalpen handiagoa bermatzen zuten Madrilgo medioei bidalita.


Azurmendik, izan ere, argi du GAL auzia argitzeko orduan garrantzitsua izan zela Madrilgo hedabideen, eta zehazki El Mundo egunkariaren, inplikazioa. "Melchor Mirallesena eta Ricardo Arquesena mesedegarria izan zen. Ez dakit zertarako egin zuten, eta berdin zait. Gu iristeko gai ez ginen tokietara iritsi ziren". El Mundo-ko zuzendari Pedro J. Ramirezena, ordea, deigarria iruditzen zaio. "Bitxia da Pedro J. Ramirezek, hasieran, GAL edo antzeko zerbait eskatzea, eta gero bere egunkaria izatea GAL salatzeko rol aktiboena jokatu zuena. Felipismoaren kontrako kanpaina egiteko aprobetxatu nahi izan zuten GALen afera, baina guretzat, azkenean, mesedegarria izan zen haiek egindako lana".


Ikerketa kazetaritzari bere garrantzia aitortuta, ordea, iritzi publikoak GALen atentatuen inguruan egiten zuen irakurketak harritzen du Azurmendi. "Gobernua bera inplikatuta egon arren, arazoa ez zen ministro bat GALen sartuta egotea edo Guardia Zibilaren burua GALen inplikatuta egotea, ez. Arazoa izan zen hauek guztiek dirua lapurtu zutela! Jendeak ez zien leporatzen jendea hiltzea, leporatzen zietena dirua lapurtzea zen".


Gonzalezen erantzukizuna


Azurmendiren arabera, GALen aferetan Barne ministroaren parte hartzea frogatzen denetik, ezinezkoa da Felipe Gonzalez garaiko gobernu presidenteak ardura saihestea. "Felipe Gonzalez da honen guztiaren arduraduna, nahiz eta hori ez den frogatu. Baina, ministroaren gainetik ez da inor gehiago behar. Ez al da nahikoa ministro batena frogatuta egotea? Gonzalezen onespenarekin mugitzen ziren". Argi dauka Azurmendik. Gainera, haren arabera, oposizioaren babes oso-osoa zuten eginkizun horretan. "Gerra zikina martxan jarri aurretik, Felipe Gonzalezek Fragarekin hitz egin zuen, eta Fragak esan zion 'lasai, guk ez zaituztegu gai honekin lotsagorrituko'. Hori nik neronek jakin ahal izan nuen geroago".


Gerra zikina aurretik ere izan zela dio Azurmendik, baina, haren ustez, GALekin "jauzi kualitatibo" bat eman zen. "Gobernua, administrazioa, buru-belarri sartu zen honetan, dirua eta baliabide guztiak jarrita". ZEN plana jotzen du Azurmendik GALen aurrekari. "Eta ZEN planaren ideologoa [Andres] Casinello izan zen, hura zen benetan aditua. Gerra zikinarena ere bai, ez GALena bakarrik, baina aurrekoena ere. Teorikoa".


Gobernuaren asmoei dagokienean, beti errefuxiatuak itotzeko asmoa aipatzen den arren, Azurmendik beste asmo bat nabarmentzen du lehenago. "Sozialistek ez zuten konplexurik. Felipe Gonzalezek esaten zuen: 'Niri militarrek ez didate beste kolpe bat emango'. ETAren ekintzek Estatua kolokan jarri zuten, eta Felipe Gonzalez edozer egiteko prest zegoen militarrak baretzeko". GAL izan zen, Azurmendiren arabera, horretarako bidea. Azurmendiren arabera, Espainiako Gobernuak, garai hartan, GAL sortzea ez zuen arrisku gisa ikusten. Toki askotan gauza bera egiten zela dio, eta inoiz ez zuela inork ordaintzen. "Zer egin zuen IRAko jendearekin Margaret Thatcherrek?".


Halere, errefuxiatuak itotzea ere bazen GALen helburua, eta hori lortu zutela uste du Azurmendik; besteak beste, Iparraldeko merkatariek eta herritarrek egindako presioaren ondorioz. "Espainiak lortu zuten Frantziako Gobernuaren aldetik halako ulerberatasun bat. Niretzat inportantea izan zen Iparraldeko merkatariak-eta kezkatzen hasi zirela. Garai hartan mugatik hegoalderako jende asko joaten zen hara erosketak egitera, ohitura handia zegoen, eta kezkatuta zeuden eta presionatzen hasi ziren, esanez horrek amaitu egin behar zuela".


Ertzaintzaren rola


GALen auzian Ertzaintzak ere egin zituen ikerketak, eta horiei buruz ere badu iritzia Jose Felix Azurmendik. "Ertzaintza lehen pausoak ematen ari zen garai hartan, Luis Mari Retolaza zen sailburua, baina Retolaza ez zegoen gustura egindako lanarekin. Uste dut, sakon-sakonean, beteranoek normaltzan jotzen zutela Estatuak Ipar Euskal Herrian zerbait egitea. Pentsatzen dut Ertzaintzak edukiko zituela informazio batzuk, baina ez zuten aurrera jarraitu. Gai horri buruz zuen lankide Imanol Muruari hitz egin zion Retolazak berak".


retolaza

'Egin', egunkari normala


Egin -en alde gogotsu hitz egiten du oraindik Azurmendik. "Guk ez genuen soilik atentatuez, GALez eta atxiloketa eta torturez idazten. Beste gauza batzuk ere egiten genituen. Rock Radical Vasco kontzeptua asmatu genuen, kolaboratzaile fin asko genituen. Errepresioaren kontra egiteko modu egokiena egunkari atsegin bat egitea zen. Garai hartan gureak ziren operako kritika onenak. Ondarroako Dino Denticcik egiten zituen, aita italiarra zuen eta ama ondarroarra, eta oso jantzia zen opera kontuetan. Bestetik, Madrilgo intelektualek ere idazten zuten gurean, dena ez zen GAL eta torturak".


Berlinetik bisitan joan zitzaizkienekoa oroitzen du Azurmendik. Egunkari batetik joan ziren Egin ezagutzera, "asanblearioak" ziren, ezker muturrekoak. "Galdetu ziguten, 'zer da egunkariaren gauza inportanteena?', eta nik, 'orduan ateratzea'; beraiek, berriro, 'eta nola hartzen dituzue erabakiak?'. 'Hemen, 22:00etatik aurrera erabakiak hartzen dituen bakarra ni naiz, ni naiz ontziko kapitaina, erabakiak nireak dira eta, gero, kontuak eskatu behar badizkidate, etor daitezela hurrengo egunean'. Harrituta gelditu ziren, baina gu, formetan, egunkari normala ginen".


Hain normala izan ez zena, egunkariko zuzendariak eta zuzendariordeak errotatiban lo egiten urtebetetik gora pasatzea izan zen. Mehatxu zuzenik ez zuten izan, baina Azurmendi bera eta Xabier Sanchez Erauskin Eziago poligonoko errotatiban gelditu ziren gaua pasatzen urtebete baino gehiagoan. "Errotatiba gainean egiten genuen lo. Gero, gela bat prestatu genuen. Hernanin bizi ginen gu garai hartan, eta han, Karabelen, hilketa batzuk izan ziren, justu gu bizi ginen tokian. Abisua eman ziguten, bazpare ordu horietan ez zaitezte atera, gu oso berandu irteten baikinen lanetik". Egunez, beraz, bizimodu normala egiten zuten, eta gauez, errotatiban gelditzen ziren lotan. "Garai gogorrak ziren. GAL indar betean ari zen, eta inor ez zen salbu sentitzen".


Hain zuzen ere, Egin-ek galera handia sufritu zuen 1985eko martxoaren 30ean, GALek Xabier Galdeano hil zuenean. Harenganako hitz goxoak eta politak besterik ez ditu Azurmendik, eta haren kontrako atentatua, egunkariarentzat ez ezik, berarentzat "pertsonalki ere" sekulako kolpea izan zela aitortzen du. "Zoritxarrez, garai hartan hilketak oso maiz gertatzen ziren. Baina hau, ezberdina zen, etxekoa zen".