GAL

Ikerketa Kazetaritza

Ricardo Arques (kazetaria)

"Existitzen da 'X'-a, baina 'X jauna' mito bat da"

Berria

Jon Ordoñez


Bederatzi urtez ikertu zuen Ricardo Arquesek (Santoña, Espainia, 1959) GAL. 'Deia' egunkarian hasi zen lan horretan, eta 1987an Bilbo utzi eta Madrilera joan zen 'Diario 16' egunkarira lehenik, eta 'El Mundo'-ra, ondoren. Duela hamahiru urtetik Ameriketan da, Prisa taldearentzako lanean, baina tarteka erantzun behar izaten ditu oraindik GALi buruzko galderak. Melchor Mirallesekin batera Amedo: El Estado contra ETA liburua argitatu zuen, ikerketa kazetaritzaren ikurretako bat Espainian. Bere erantzunetan datuei eta berak egiaztatutako gertaerei egiten die erreferentzia, iritziak, usteak eta frogatu ezin izan duena beretzat gordez. "Ez dut gustuko kazetari iritzi-emaile asmatzailearen nahasketa".


Nola hasi zinen ikertzen GAL? Zeintzuk izan ziren lehenengo arrastoak?


GAL Espainiako Poliziarekin lotzen zuen lehen arrastoa Portugalen sortu zen, Lisboako Expresso astekarian. Celestino Amaral eta Joaquin Vieira kazetariek Donibane Lohitzuneko Consolation eta Baionako Batxoki tabernen aurkako erasoengatik atxilotutako bi mertzenarioak errekrutatu zituen polizia espainiarrarekin lotu zituzten. Poliziak Ricardo izena erabiltzen zuen, baina ondorengo ikerketetan zehaztu ahal izan zen Jose Amedo Fouce zela, Espainiako Poliziaren Bilboko komisariordea. Hori izan zen guztiaren hasiera, eta hortik tira hasi nintzen ni lanean. Lisboara joan nintzen hori jakin bezain laster. Celestino Amaralek asko lagundu ninduen, gidatu ninduen. Eta horri esker auziaz osatzen ari zen sumarioaren datu esanguratsuak ezagutu ahal izan nituen. Mertzenarioak errekrutatu zituzten polizien irudi-robotak lortu nituen eta arrastoa jarraitzeko informazioak. Handik gutxira identifikatu ahal izan nuen Michel Dominguez, hori ere Bilbon igorria, Amedoren ondoko modura. Eta horrela, pausoz pauso, sarea osatzen joan zen: nor aritzen zen, nork gauzatzen zuen eta nork finantzatzen zuen.


'Deia'-n ari zinen orduan. Zer informazio iturri erabiltzen zenituen?


Bai, Deia-n nengoen lanean. Politika saileko kazetari nintzen, baina afizioz beste hainbat gai ere ukitzen nituen, orduan 'ordena publikoa' esaten genuen horrekin lotzen zirenak. ETArekin zerikusia zuen guztia zen, fenomeno terroristarekin gizartean zegoen inarrosaldia, Polizia, Guardia Zibila, horien sindikatu klandestinoak edo sasi-klandestinoak. Mundu nahasia zen, eta bilatzen nuen informazioa kezkatzen ninduelako. Eta jakin asmoz ate guztiak jotzen nituen. Oinarri guzti hori oso garrantzitsua izan zen gero GALen ikerketan. GALeko zuzendaritzako kide bat informazio iturri gisara hartu nuenerako, Eztarri urratua, banuen jada azpiegitura hori informazioa egiaztatzeko, galdetzeko, bilatzeko eta aurrera egiteko. Eztarri urratua ona zen, oso ona informazio iturri bezala. Bera gabe gauza gutxi izango ziren posible, baina, hori horrela izanik ere, beste isilmandatariei ere asko zor diet.


Ertzaintza Amedoren atzetik eta Michel Dominguezekin Donostiako Kasinoan xahutzen zuen diruaren arrastoan zebilen. Amedori harrapatu zioten maleta bat informazioarekin. Uste duzu Ertzaintzak gehiago egin ahal izan zuela GALen ikerketan?


Amedok istripu oso larria izan zuen Bilbo-Behobia autobidean, Eibar parean. Beste polizia batekin zihoan, Donostiatik bueltan. Istripuarena Ertzaintzak hartu zuen. Amedok GALi buruzko informazioa zuen maleta bat zeraman, bai. Hori egiatzat jotzen dut, denborarekin istripuaren ingurukoak jakin ahal izan nituelako: zer auto zen, nork gidatzen zuen eta nor zuen lagun Amedok, maleta txikia izan bazela eta Donostiara joatearen arrazoia. Ertzaintzak Amedo zaindu zuen denbora luzean, batez ere komisariordea joaten zen kasinoetako fisionomistei esker; askotan GALeko mertzenarioekin batera joaten zen. Hori horrela dela ere badakit, eta GALeko sumarioetan ere horrela dago jasota. Pilatutako informazio horrekin zer gertatu zen, zer erabilera eman zitzaion eta nora iritsi zen ezin izan dut egiaztatu. Datuak ematen dizkizut, baina ezin dut zure galdera erantzun aipatutako arrazoiarengatik. Egia bada Ertzaintzak egin ahal izan zuen ikerketa ez zela esanguratsua izan erakunde terroristaren kontrako prozesu judizialetan.


Jaso al zenuen inoiz presiorik Eusko Jaurlaritzaren aldetik edo Herrizaingo Sailetik? Jaso al zuen Eusko Jaurlaritzak berak presiorik GALekin eta Ertzaintzaren ikerketarekin lotuta?


Inoiz ez nuen izan Eusko Jaurlaritzaren aldetik presio zuzenik GAL ikertzeagatik, ezta nire egunkarian ere. Deia-n guztiz kontrakoa gertatzen zen, orduan nire arduradun zirenek etengabe bultzatzen ninduten ikertzera, Juan Carlos Urrutxurtuk eta Andoni Ortuzarrek. Eusko Jaurlaritzak presiorik jaso ote zuen ez dakit; esan dudan moduan ez dakit zer erabilera eman zitzaion eta nora iritsi zen pilatutako informazioa. Politikan informazioak urrea balio du.


GAL hasi eta 30 urtera badirudi justiziaren bidea itxita dagoela. Zure ustez itxiera hori behin betikoa da? Uste duzu itxi gabeko kontua dela?


Ziurrenik egongo dira xehetasunak argitzeko, baina pertsonalki aurreratutakoarekin geratzea nahiago dut. Hemen delitu bat egiteagatik edo ardura izateagatik espetxeratu dituzte hainbat polizia buru, gobernadore zibil ohiak, Estatu idazkariak eta Barne ministro bat. Gobernuko presidentea bera egon zen forudun modura deklaratzera behartuta. Niretzat horrek badu balio bat Zuzenbide Estatu batean: legearen aurrean denak berdin, eta egiten duenak ordaintzen du. Batez ere Frantziaren jokabidearekin alderatuz gero. Ustez han GALekin nahastuta zegoen jendearen izenak eta horren frogak atera ziren ikerketan baina ez zen ezertara iritsi.


Ricardo Arques
Ricardo Arques

Zergatik alderatzen duzu Espainia Frantziarekin? Nolakoa izan zen ba Frantziaren jarrera?


GAL auzia Espainiara bideratu besterik ez zuen egin Frantziak. Ikerketan atera ziren ustez GALekin nahastutako polizia frantziarren izenak eta Espainiako Barne Ministerioaren diru berezietatik kobratzen zutenak. Hori izan zen Jacques Castetsen kasua, Pirinio Atlantikoetako komisario nagusia. Baita Louis delako bat, Frantzian GALeko atentatuak burutzeko armak ematearen ardura zuen polizia. Portugalen gauza bera gertatu zen. Amedok han errekrutatu zituen mertzenarioak Mario Correira da Cunhak kontaktatu zituen; DINFO Portugalgo zerbitzu sekretuetako agente ohia zen hori. Ez Frantzian ezta Portugalen ere ez zen ikerketarik egin hango funtzionarioek GALen izan zuten ardura argitzeko.


GALen inguruan froga gehiago agertu daitezkeela uste duzu?


Benetan, ez dut uste gaur egun auzia aktibatzeko ezer askorik eta gogo askorik dagoenik. Egoera politikoa oso desberdina da gainera, eta politikan momentuko egoera oso garrantzitsua da.


Uste duzu GALeko arduradun nagusiak epaituak izan direla?


Uste dut gehien-gehienak baietz. Litekeena da nahastuta egon ziren pertsonak azkenean erantzukizunik hartu gabe geratzea, baina ez nuke esango hori horrela denik auziaren ikerketan gogoa falta izan delako.


Asko hitz egin da X jauna-z, eta zenbaitzuk diote Felipe Gonzalez Espainiako presidentea zela. Nor zen zure iritziz?


GALen azken arduraduna Felipe Gonzalez zen edo ez norberak aztertu beharko du, Justiziak ez baitzuen horrelakorik frogatu. Datuak hor daude, eta niretzat nahikoa dira gertatutakoaren inguruan eta logikaz gertatu zitezkeen gertaeren inguruan ondorioak ateratzeko. Baina X jauna manipulatutako asmakeria bat da. Ez zen izan ikerketarik X jauna nor zen argitzeko helburua zuenik. X, bere horretan, Garzon epaileak 1/88 sumarioan idatzi zituen ondorioetan agertzen da, GALen organigrama ezartzean. X horrekin egitura nabarmendu nahi izan zuen, orduan ezezaguna zena eta Amedoren gainetik derrigor existitu behar zuena izaera horretako erakunde bat antolatzeko eta finantzatzeko. Abstraktuaren multzoari dagokio X-a, ez zehaztasunaren banakotasunari. X-a existitzen da, baina X jauna mito bat da.


Ikerketa izan eta 25 urtera zer duzu gogoan ikerketaz?


Gogoan dut oso gaztea nintzela. 26 urte nituen. Esperientziarik gabekoa eta ausarta nintzen, ziurrenik gazte izatearen ondorio. Horrek esan nahi du praktikan egin nuena orain egin beharko banu, gauza bera egingo nuela baina beste modu batera. Agian arriskuak gehiago neurtuko nituen. Denbora gutxian bekadun izatetik garrantzi handiko ikerketa bateko aktore izatera pasa nintzen. Tentsio handia sortu zidan David eta Goliaten arteko orekarik gabeko borroka horrek: kazetari hasiberria, estatuaren aparatuaren kontra. Horregatik nire oroitzapen esanguratsuenen artean lagundu eta babestu ninduten horien esker ona gordetzen dut. Urte gogorrak izan ziren baina merezi izan zuen. Egindako lana aitortzeak gogobetetzen nau. Eta eskertu nahi dizuet elkarrizketa hau aitortza horren froga delako.


Hilko zintuztetela pentsatu zenuen inoiz?


Garai horretan banekien arriskuak zeintzuk ziren, baina ez nuen pentsatu horrelakorik. Pentsatu ezean, ez nuen jarraituko ikerketarekin. Ez nuen heroi bat izan nahi. Orain gauzak beste modu batera ikusten ditut: arrisku handiko gauzak egin nituen. Baina egia da orduan zurrunbiloaren erdian nengoela, informazioa nuela eta informazioarekin babesten nuela nire burua. Pentsatzen nuen eszenatokiaren erdian mantentzen banintzen, jende guztiak ikusten ninduen tokian, zaila zela norbaitek agerian utziko zuen zerbait egitea. Baina edozein kasutan, nola geratu? Informazioak menpekotasuna sortzen du, eta ezin da utzi egun batetik bestera.


Mertzenarioekin eta isilmandatariekin ari zarenean, nola bereizi zer den egia eta zer izan litekeen informazio interesatua?


Kazetaria bazara, informazioarekin egiten duzu lan. Eta informazioa infernuan ere bilatu behar da. Ez dago bereizketarik iturrien artean. Profesionaltasuna ez dago iturriak diskriminatzean, baizik eta iturri horiek esaten dutena egia den frogatzean. Zer den egia eta zer den gezurra, hori da kazetaritza lan batean garrantzitsua den gauza bakarra.


Gauza asko geratu al zitzaizkizun esan gabe?


Frogatu ezin zena geratu zen esan gabe. Kazetariok horrelako asko izaten ditugu. Ona da hori, bestela gizarteari zerbitzu txarra ematen ariko ginateke, frogatu daitekeena eta ezin daitekeena dena zaku berean sartuko bagenu.


Tiratu ez zenuen hari zehatz batetik tiratuz gero edo jarraitu ez zenuen arrasto zehatz bat jarrituz gero, zerbait gehiago argitzeko aukera izango zenuela uste duzu?


Kazetaria naiz, eta kazetari moduan ahal izan nuena egin nuen: nire iturriekin eta egiaztapenekin neurririk gabeko auzi bat piztea. Beste gauza bat da epaile eta polizien lana, horiek bai zituztela baliabideak eta legearen babesa. Faltan botatzen dudana da diru berezien inguruko ikerketa zorrotzago bat. GAL finantzatzeko erabili ziren, baina zenbait poltsiko aberasten galdu zen gehiena. Horrek eraman zuen GAL lardaskeria bat izatera, Ali Babaren koba bihurtzera.