GAL

Elkarrizketak

Jose Manuel Pagoaga Gallastegi, Peixoto

Nahiko laster konturatu ginen beldurraren eromenean itotzea zutela helburua

Berria

Aitor Renteria



Hogeita hamar urte pasatu dira GAL Ipar Euskal Herrian hilketak egiten hasi zenetik. Nolakoa izan zen garai hura zuretzat, gerla zikinaren atal hori?


Lehenbiziko lehergailua 1973an izan zen, Hendaian. Errefuxiatuek lan egiten zuten inprimategi eta liburutegi batean jarri zuten. Garai hartan, ez dakit zergatik, baina oroitzapena dut ez geniola garrantzi handirik eman. Beharbada, ondasun kalteak baizik ez zirelako izan. Gaur begiratuta, uste dut nahiko inozoak izan ginela; orokorki diot. Uste baikenuen Iparraldean babestuak geundela. Baina gero, handik urte batzuetara, hilketak hasi ziren; hastapen hartan, Triple A, ATE, Batallon Vasco-Español, eta gero berehala etorri zen GAL, zeinak denak gaindituko zituen. Gure artean izugarriko egonezina sortu zen.


Egonezina aipatzen duzunean, zer esan nahi duzu?


Egonezina eufemismo gisa onartzen dut, beldurra. Baina beldurra azaltzen da ahalke bat bezala. Egonezina sentitzen zen. Laurehun errefuxiatu baino gehiago ginen. Berehala ikusi genuen gure indarrak eta ahalak batu behar genituela, gainera zetorkigunari aurre egiteko. Nahiko laster konturatu ginen gu beldurraren eromenean itotzea zutela helburua, izua sortzea. Eta horri, kosta ahala kosta, aurre egin behar geniola. Beraz, batzarrak ugaritu ziren herriz herri, eta jabetu ginen ordura arteko ohitura guztiak errotik aldatu behar genituela. Eta halaxe saiatu ginen.


Jakin behar da errefuxiatu bakoitzak, urteen poderioz, inguru bat landu izan dugula. Aldi hartan, une hura, pentsatzen genuen zaindua izango zutela eta aldatu beharrak zirela.


Garai hartako giroa ulertzeko, iheslariek bizi arrunta zuten Iparraldean, lagunak, harremanak...


Iheslarien ingurua Iparraldeko jendea zen batez ere. Laguntzaileak, babesleak... Gure begiek ikusten ez zutena haien begiek ikusten zuten. Baina lagun harremanak ziren, eta hori aldatu behar zen, uste genuelako bizileku horiek ere zainduak zituzketela. Gero, batez ere aldatu behar ziren kalean ibiltzeko ohiturak. Hori izan zen atalik ahulena. Denok sentitzen genuen lagunekin egoteko beharra. Horregatik, hilketa asko ostatuetan egin ziren.


Jendearekin egoteko beharrarengatik?


Holako uneetan lagunekin, jendearekin egoteko beharra areagotzen da. Hori izan da atalondorik ahulena. Asko aldatu zen kaleko ibilera. Gomendioa zen ahal bezain gutxi ibiltzea kalean. Nola errefuxiatu asko lanean ari zen, ia denak, ahal zuten guztiek behintzat lantegian bertan jan eta lo egiten zuten aste guztian. Bistan da, hori nagusiaren baimenarekin egin behar zen. Neurri horiek hartuta ere, genuen beldurra zabalagoa zen. Askok familia genuen. Emazteak eta haurrak ere, egin zituzten ekintza moldeak ikusita, jomuga izaten ahal ziren begirunerik gabe. Lehenbizikotarik bat izan zen Tomas Perez Revilla. Hura doi-doi zauritu zuten, baina emaztea itsuski zauritu zuten. Emaztearekin eta haurrarekin batera zihoan etxera tirokatu zituztelarik. Emaztea eta haurrak ere mehatxatuak sentitzen genituen.


Esan duzu lantegietan egiten zutela lo eta lan. Nola lortu zenuten nagusiek onartzea arrunta ez den eskari hori?


Jakin behar da errefuxiatu gehienak beren ofizioan onak zirela eta langile maitatuak. Hori badakit bizi izan dudalako. Orduan, ez denak baina hartzen gintuzten nagusiak, behintzat, euskaltzaleak ziren. Iparraldean izan dugun pasaporterik hoberena, betidanik, euskara izan da. Etxeko ateak eta bihotzekoak euskarak ireki dizkigu. Ez zen erraza izan, baina, modu batera edo bestera, askok lortu zuten astea lantegian pasatzea. Makinen artean jaten zuten, eta zakuetan lo egiten zuten lo. Baina berehala, eta lantegietako nagusiek esan zigutenez, Frantziako Polizia joaten zitzaien, eta izugarrizko presioa egin, ez hartzeko errefuxiatuak lanean. Hartuak bazituzten, erraten zieten hobe zutela bidaltzea lanetik. Jasaten zuten presioa hain handia zen, non Baionan hamalau edo hemezortzi lantegitako buruzagi elkartu ziren. Errefuxiatuen ordezkari bi egon ginen bilkura hartan; beraz, horren lekukoa naiz. Nagusi horiek jasaten zuten zuzengabekeria horrengatik erabaki zuten, hiru orduko batzarrean, Le Monde egunkarian orrialde oso bat erostea. Harritu egin nintzen prezioa jakitean. Orrialde batek milioi bat pezeta balio zuen [sei mila euro inguru]. Lantegietako nagusiek orrialde oso bat erosi zuten beraiei zer gertatzen zitzaien azaltzeko eta, bide batez, salatzeko. Batzar hartan erabaki zituzten idatziaren nondik norakoak, nork idatziko zuen eta, batez ere, eztabaida sortu zen tonuan. Harridura izugarriarekin, hiru orduan hartu zituzten izugarriko erabakiak. Nire oroitzapena da gu haien egiteko moldetik urruti geundela; askoz ere emekiago eta nekezia handiagorekin ibiltzen ginen gure batzarretan. Nola ordurako mina hartuta nengoen, ez dut ikusi orrialde hori. Pozik ikusiko nuke. Baina ezin dut iritzirik eman orrialde horretaz, baina horrela izan zen.


Esan beharra dago ez zutela lortu gu beldurraren eromenean itotzea. Bi arrazoirengatik izan zen: gure arteko harremanak sendo jarri genituelako, barneko indar gotorra genuelako eta, batez ere, Iparraldeko jende askok babes handia eman zigulako. Kinka larri hartan, Iparraldeko jendearentzat izugarrizko arriskua zen gure aldeko urratsik edo laguntzarik ñimiñoena ematea. Hain zuzen, Iparraldeko batzuk ere hil zituzten.


Lehenik, bahiketekin hasi zen GAL, gero tiroketak, geroago Iparraldeko jendea hiltzen. Hutsa ote zen, edo helburua?


Ezin dut esan nik zein ziren haien helburuak. Argi ikusten zen ekintzak ongi antolatzen zituztela, jomugak argiak zituztela. Ukaldi gutxitan egin zuten kale. Iparraldekoetan, uste dut tronpatu zirela. Baina ez dakit GALekoek berek zer zerabilten barnean. Nik gertatu zen hori konta dezaket, nola bizi izan genuen.


Hor badago zerbait, bizi izan dugun garairik latzena, sarreran ahaztu zaidana. Alegia, hilketak hasi zirenean, nondik sortu zen beldurra. Hilketak hasi zirenean, ez genekien atzetik genituen haiek frantses poliziak, Espainiakoak edo GALekoak ziren. Beraz, babesik gabe geunden guztiz. Hortik sortu zen egonezin latz hori, eta beldurra. Horregatik da bizi izan dugun garairik latz eta ilunena. Esan beharra dago garai hartan Iparraldean zutitu zirela 30 inguru hautetsi. Alegia, gure alde azaldu zirela publikoki, bereziki Arbonako gose grebaren ondorioz. Baziren dozena erdi bat apaiz ere, entzute oneko jende gotorrak ere bai. Horiek eragin bat zuten Iparraldean. Hor barnean sartzen ditut Anai Artearen lana eta Enbata-rena ere. Beti, bere editorialean, Enbata-k salaketa zehatza egin izan du. Abertzale izaeratik, gure gogoan genuena ontzat ematen zuen Enbata-k. Historia hotzean lantzen den eremu bat da. Azken 50 urteotan errefuxiatuok izan ditugun gorabehera guztietan, ia beti egon da edo egon dira interes jakin batzuk. Baita ikuspegi geopolitikoak ere. Bihar edo etzi, hotzean beraz, ikertzen dutenean aipatzen arai garen garai hori, aise konturatuko dira hemen aipatu ditudan puntu hauetaz.


Zer aipatu nahi duzu horrekin, bi estatuen interesak?


Interes jakin batzuk aipatzen ditudanean, esan nahi dut ikerlan bat eskatzen duela. Orduan ez ziren agertzen, baina gero azaldu ziren. Guk garai hartan ez genuen informazio iturri handirik, baina gero azaldu dira. Hori ikerlan bat egiten dutenek aise harrapatuko dute. Zer interes zuten eta zein ikuspegi geopolitiko zuten, beti egon baita hori ere. Baina horrek beste modu bateko lanketa bat eskatzen du; ni ez naiz gai, eta ez da hau modua.




Iheslariak hil ondoren, omenaldiak egiten zenituzten, eta usu hartu zenuen hitza haietan.


Aita Larzabal bizi izan zen bitartean, hilketak, agur hilketak, Zokoako elizan egiten ziren. Hark egiten zuen hitzaldia, beti hitzaldi sendoa eta gardena. Ez dut uste ondotik ibiltzea tokatu zaigunok haren orpora ere heltzen ginetik. Ongi gogoratzen baldin badut, azkena Argalari egin zion. Hitzaldia zoragarria izan zen. Aita Larzabal hil ondoren, ez dakit nola, Hernaniko gazte bat hil zen. Ez zuen GALek hil. Oso gaizki zegoen, eta uste dut bere buruaz beste egin zuela. Niri eskatu zidaten hiletan hitz egitea. Lehenbiziko aldia zen; ez nuen sekula horrelakorik egin. Nola errefuxiatuen artean herrietako ordezkaritza bat elkartzen ginen gauzak orokorki lantzeko, elkartu ginen hiru lagun, eta egin. Agur hileta hori egin genuen, baina gorputzik gabe. Gero, politikoki joan ginen konturatuz hileta horiei gorputz bat eman behar zitzaiela. Nola zoritxarrez hilketa gehiago egon ziren gero, hiru lagun elkartzen ginen horretarako, eta joan ginen gorputza emanez. Hasiera eta bukaera bat emanez, bihotz goratze batekin, beroa. Nik uste lehen aldiz lortu genuela eta, ongi lortu ere, baldintzak bazirelako, Txapelaren hiletan. Gaitak sekula ez ditut entzun hain gogotik. Ez naiz gaitazalea, belarrietarako oso mingarria egiten zaidalako horren doinua. Baina orduan apoteosikoa izan zen. Ekitaldi jantzia izan zen. Eztabaida asko izan genituen horri buruz. Nik maite dut, nire ikuspegi pertsonaletik, ahal bezain neurritsua izatea ekitaldia. Oroitzen naiz guk bakarrik jarri genuela eguzki-lorea oihal baten aitzinean. Orduan oso ezaguna zen Abuela Metralletas atera zen jendearen artetik, eta aizkora eta sugea jarri zuen. Ezin genuen ezeztatu. Nik neuk ez nuen ekitaldia zamatzerik nahi, gauza sinbolikoak bakarrik. Hori izan da poliki-poliki geroan Hegoaldera zabaldu zena ere, tokatu zaigun lan bat. Marcel Etxandi euskal hiletei buruzko lan bat egiten ari da, eta etorri zitzaidan jakin nahian nola asmatu genuen ekitaldi mota hori. Eta kontatu dudan bezala kontatu nion. Halabeharrez. Laguntza ere izan genuen. Jende argia ezagutzen genuen Iparraldean, eta hitz egiten genuen iritziak biltzeko. Poliki egin den lan bat izan da.


GALek abiadura hartu zuen, gero eta hildako gehiago. Gorazarrea zena, azken batean, etengabeko jardun bihurtu zen. Azken agur hori dinamika bihurtu zen, jakinda ondotik hildako gehiago izango zirela.


Nekez egiten zait zuzen erantzutea. GAL brauki hasi zen, eta berdin bukatu. Hamabost egun ez ziren pasatzen zafraldi bat egon gabe. Baina horrekin bizi ginen. Ez zen errutina bat. Duintasun bat eman behar zitzaion, gure ahalen arabera. Hori zen helburua. Berehala ikusi genuen agurraren forma landu beharraz. Kalea ez dut sekula maite izan horretarako; hotza da. Behar du leku bat biltzeko jendea. Katturi ere kalean egin genion, baina kalea hotza da. Frontoia, eliza, nahi dena, baina jendea biltzeko tokia. Nik eskatzen nuen hilkutxa edo errautsak ondoan izatea, barneko berotasuna behar nuelako nik ere hitz egiterakoan. Hildakoari buruz, hari buruz eta egoerari buruz ere hitz bat esan behar zen. Baina beti zuhurtzia handiz.


Iheslari gehienak oso egoera eskasean bizi ziren garai haietan, agiririk gabe...


Errefuxiatu izaera ukatu zuen Giscard d'Estaing-ek. Espainia demokrazia zela zioen, eta ez zegoela arrazoirik hemen errefuxiatu politikorik egoteko. Hori gertatu zen nik min hartu eta hurrengo gauean; telebistan mintzatu zen Giscard d'Estaing. Gau berean, beste aldera eraman zituzten bederatzi iheslari, eta dozena bat Porquerollesera eraman. 1979ko urtarrilean izan zen, azken egunetan. Nik urtarrilaren 13an hartu nuen min. Geroan jakin nuen hori; beltzune handia dut horretan. Baina errefuxiatuen egoera oso prekarioa zen; batzuetan hamabost egunerako agiriak zituzten, eta askok hori ere ez. Gabe bizi ziren. Eta horri eransten zitzaion GALen jarduna. Babes gabezia orokorra zen. Lantegien kasua aipatu dut lehen. Guk ikusten genuen Iparraldean esku beltz bat baino gehiago zebilela hemengo giroa nahasi eta gure aurka jarri nahian. Baina hori dena bihar edo etziko ikerlariek aise aurkituko duten zerbait da. Nik genituen sentipenak aipatu ditut. Indefentsio osoa genuen.


Aipatzen ari garen egoeraren laburbildumarik ederrena Monzonek egin zuen, abesti batean: "Etsaiak hil nahi bainaute beldurtuko nautelakoan, zutitu ta euskaraz mintzatuko naiz nire hiltzailearen aurrean...". Monzonek premonizio bat izan zuen. Gasteizen atxilotu zuten Monzon, eta kartzelara eraman. Erizainekin, eta hori dakit gero Monzonek eta haren emazte Joxepak kontatu zidatelako, eta Xantik [Brouard]. Xanti ibili zen Monzonekin hil arte, lagun eta sendagile gisa ere bai. Espetxean erietxera eraman zuten Monzon. Euskaraz ari zen erizain eta sendagileekin. Ondoan zeukan Guardia Zibilak esan zion " hable en cristiano". Monzonek erantzun zion greba egiten zuela, uko egiten ziola gazteleraz hitz egiteari. Geroztik itzultzaile bat behar zuen ondoan. Abestian esan zuena... "beldurtuko nautelakoan"... premonizio bat izan zen. Eta premonizio hori bete egiten da, haren kasuan.


Gerra zikinak ibilbide luzea izan du Euskal Herrian. Zerk egin du GAL ezberdina izatea?


Urte asko pasatu dira, eta, gaur egun, orduan Euskal Herri guztiak uste zuena egiaztatu da: benetan estatuaren antolakuntza bat zela GAL, ongi antolatua eta ongi zuzendua, efikaza eta ongi antolatua. Ibiltzen zituzten batzuetan hiltzaile erosiak, hala komeni zitzaielako. Denborak eman ditu datuak. Baina jakina da: Estatu espainolak antolatu zuen GAL. Guk ikusten genuen efikazia handia zutela, ongi antolatua zela. Denborak eman ditu datuak. Baina guk informazio iturri kamutsak genituen. Gure artean bai, aipatzen genuen, baina zehaztasunak gero azaldu dira.


Atzera joaten ahal da; ni ere Francoren garaiko errefuxiatua naiz, eta ez bakarra. Lehenagotik dator dugun gatazkaren arazoa; mendeetako arazoa da. Euskal Herriaren burujabetasunaren alde zerbait egin duten askok jasan duten zigorrik latzena tortura da, eta Francoren garaitik etenik gabe eta ia sistematikoki orain arte segitzen du. Gerrarik zikinena. Badirudi hainbeste urteren ondorioz tortura hori metabolizatu egin dugula. Hori da benetako latza. Ez diogu esaten tortura dozena erdi muturrekori. Torturatuak entzun ditudanean, ia denek aitortu didate heriotzari oihuka aritu zaizkiola. Tortura Francoren garaitik dator, eta gaur arte etenik gabe. Ia sistematikoki, nazioarteko erakundeek salatu dute hori.


Esanak

Ikusi genuen gure indarrak eta gure ahalak batu egin behar genituela, gainera zetorkigunari aurre egiteko


Hilketak hasi zirenean, ez genekien atzetik genituen haiek frantses poliziak, Espainiakoak edo GALekoak ziren


Denok sentitzen baikenuen lagunekin egoteko beharra. Horregatik, hilketa asko ostatuetan egin ziren


Kinka larri hartan, Iparraldeko jendearentzat izugarrizko arriskua zen gure aldeko urratsik edo laguntzarik ñimiñoena ematea


Lantegietako nagusiek orrialde oso bat erosi zuten beraiei zer gertatzen zitzaien azaltzeko eta, bide batez, salatzeko


Iparraldean izan dugun pasaporterik hoberena, betidanik, euskara izan da. Etxeko ateak eta bihotzekoak euskarak ireki dizkigu


Frantziaren esku-hartzea euskal gatazkan (2012-12-10) www.anai-artea.com



Liburua argitaratzeko, hurbiletik ezagutu eta bizi izan duelako, bigarren iheslari belaunaldiko iheslari bakarrenetako bat izanez, Anai-Arteak liburuaren azken hitza idaztea eskatu zion Peixotori. Idatzi hau berriz argitaratzea hobetsi dugu.


Xinaurri lan honen aurrean, nola ez zoriondu Anai Artea? Izan ere, azpimarratzekoa baita bost aitonek horrelako ekimena burutzea. Jaun horien emazte eta seme-alaben sostengu eta laguntzarik gabe, eta eskualde bakoitzean zerrenda osatzen jardunean ibili direnen ekarpena gabe, biziki nekagarriago izango zitzaien. Hemen goresmenak, bakoitzari berea aitortu beharra dago, horrela zuzenagoa izateaz gainera, ederragoa ere bada.


Hasierako idatzian esan beharrekoa hain errotik emana egonik, sakoneko sentipen zenbait idaztera mugatuko naiz.


Frantzia eta Espainia estatuen historia arras ezberdina izateak diferentziak eragin ditu Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunen jarrera eta egite moduetan.


Iparraldera errefuxiatzera etorri eta, urte batzuk behar izan ditugu honetaz jabetzeko: bertakoen eta gure artean nabarmenki azaltzen zaizkigun ezberdintasunak, guztiz aintzakotzat hartzekoak izan arren, doi bat azalekoak direla. Ikuspegi honetaz jabetzearekin, harremanek beste zentzu bat hartzen dute., bakoitza bere izate modutik eta berea ukatu gabe, nekez bada ere, konturatu gara lortu nahi duguna denona dela.


Aurreiritzi, norkeri eta zokokeri andana bat alboratu ondoren, uste dut nahiko ondo hasi dugula denona lortzera eramango gaituen bidea, oraindik ez behar dugun bezain zabala.


Iparraldean izan dugun pasaporterik hoberena, zer diot? izan dugun harreman eraikitzaile oparoena, euskara da. Hara zer dion euskaldunez Victor Hugo frantses idazle ospetsuak bere Les Pyrenees liburuan. "Dites un mot en basque a un montagnard dans les montagnes; avant vous etiez a peine un homme pour lui, vous voila son frere" (Erran hitz bat euskaraz mendian menditar bati; aitzinetik gizon bat besterik ez zinen beretzat; hara hor, bere anaia zara): Ezagutu ditudan herrialde ukatuetan, babes jarrera ia berdinak aurkitu ditut.


A:T. Guerrilleros Cristo Rey, Batallon Vasco-Español eta GALen garaia zinez gogorra izan genuen. Aldi hartan, 545 errefuxiatu ginen zuzenki mehatxatuak. Etsaiaren helburuetarik bat eta ez txikiena, guztiak beldurrean itotzea zen. Ez zuen lortu, Iparraldeko sendi askok babes osoa eman eta gogoan genuena tinko atxikitzeko indarra eduki genuelako. Garai hartan hemengo edonorentzat gure alde urrats ñimiñoena egiteak arrisku itzela zuen. Denontzat izan zen larriki gogorra.


Anai-Artea da Iparraldean izan dugun laguntza iraunkorrena, ate irekitzaile bikaina, bertako hautetsiekin harreman ahal bezain zabal eta jarraikiak landuz, frantses administrazioarekin izan dugun bitartekari hoberena. Hauxe bere betiko xedea: euskal errefuxiatuak Iparraldean legalki bizitzeko baldintzak lortzea eta ahal den neurrian hobetzea.


Azkenaldi honetan Anai-Artearen lehen erronka eta helburua, frantses gobernuari bere legea betetzea eskatzea dio, gure lagun presonierrak hurbiltzea gauza dadin.


1969an Anai-Artea sortu zutenetik etenik gabe bertan darraien bakarra Jean Fagoaga da; agian luzaz. Gure sendagilea eta h amarkadetan Anai-Arteako lehendakari izana.


Istripu edo osasun arazoak artatzerakoan, sarri gertatu zaigu ate guztiak itxita aurkitzea. Horrelako larrialdietan Fagoagak beti aurkitu digu artatze modu beharrezkoena.


Aukera une egokia sentitu nuen batez, galdetu nion Fagoagari: nola arraio moldatu zara hainbeste erditze eta ebakuntza egiteko ezelako paperik ez duen euskal errefuxiatuei? Bere irriño dio bat pikantea ezpainetan zuela erantzun zidan: "zuk badakizu Sara gaueko lanaren mundua dela, ba hangoa naiz ni". Halaxe konturatu nintzen elkartasuna, adiskidetza eta maitasuna ere gaueko zamaketarien gaiak izaten ahal zirela.


Ondo merezitako hitz eder eta goresmenak gero esateko dugun ohiturari urrako ttiki bat egitea hobetsi dut Jean Fagoaga aipatuz.


Ekitaldi eder batean merezi duen bezala eskertu behar genuke Anai-Artea eta, bide batez, Iparraldean lagundu gaituzten guztiak ere bai. Ez ote dugu garaia horrelako zerbait antolatzeko?


(Peixotok Anai-Artearen 'Frantziaren esku hartzea euskal gatazkan' liburuan idatzitako hitz-atzea.)

Gora