GAL

Elkarrizketak

Jakes Bortairu, Oroit eta Sala taldeko kidea

"GALen ekintzek lagundu dute Frantziak errefuxiatuei begira izandako jarrera aldaketa"

Gaizka Iroiz

Jenofa Berhokoirigoin


Frantziako Gobernuak eta Poliziak GALen zer-nolako inplikazioa ukan duen aztertzen eta argiratzen aritu da Oroit eta Sala taldea. Taldeko kidea da Jakes Bortairu. Galdera anitz daude oraindik erantzunik gabe, baina gauza bat argi du: " Frantziaren konplizitatea zenbaterainokoa izan zen ez badakigu ere, erran dezakegu gutxienez gerla zikin hori egiten utzi zuela, nolazpait interes bat ikusten zuelako errefuxiatuen kontrako bere politika martxan emateko ".


Afixa horrengatik epaitu zintuzten 1996an. Zer dio afixa horrek?


Afixa hori Herriaren Alde mugimendu politikoak atera zuen, 1995 bukaeran. Une horretan atera genuen, 1995etik goiti Espainiako prentsan GALi buruzko informazio anitz ateratzen hasi zirelako eta GALi buruzko auzibide batzuk ireki zirelako Espainiako Estatuan. Informazio guztien artean Frantziako Poliziaren inplikazioari buruzkoak baziren. Informazio horiek hemen zabaltzea eta jakinaraztea inportantea zela iruditu zitzaigun. Horregatik genuen afixa hori atera. Haien laguntza emandako edo konplizitatea maila ezberdinetan ukandako Frantziako polizia batzuen izenak agertzen ziren Espainiako polizia batzuen adierazpenetan; errefuxiatuei buruzko informazioak pasarazten aritutakoak, elementu horiek gero erabiliak zirelarik errefuxiatuen aurkako atentatuak egiteko. Izendatu genituen afixak, eta, ondorioz, horietako batzuek, Cathala, Helie eta Etxeto poliziek, salaketa jarri zuten gure kontra difamazioa egiteagatik.


Izen horiek atera ziren 1995ean, hamar bat urte geroago. GALen garaian ba ote da Frantziako Poliziaren inplikazioa frogatzen duen elementurik?


Ez, elementu konkretuak eta frogak ez dira hain argiki ateratzen GALen garaian bertan, ez hasteko modu publikoan. Garai hartan, GALeko ekintzaile batzuk atxilotuak ziren, eta jadanik orduko, horiek aipatzen zituzten Espainiako Poliziarekin zituzten kontaktuak. Beraz, Frantziako Poliziak, eta gobernuak ere bai, hainbat gauza bazekizkiten. Bazekiten zer zen eta nor zen GALen gibelean. Baina ez zuten ezer egiten. Gauza arraroak gertatzen ziren; adibidez, kontrolik ez egotea GALen atentatu baten ondotik edo ekintzaileak eskapatzea errazki... Baina ez dago frogarik erakusteko bazela Frantziako polizia batzuen aldetik inplikazio eta konplizitatea. Hamar urteren buruan, akusatuak eta kondenatuak ziren Espainiako polizia batzuen adierazpenetan ziren elementu zehatzagoak agertu.


Elementu zehatzagoak agertu ziren. Zer egin du Frantziako Justiziak?


Kasu batean salbu, sekula ez da Frantziako Justiziaren aitzinean dosierrik ireki Frantziako polizia batzuen aurka. Erran daiteke Frantziako Justizian izan direla kontsignak, Baionako prokuradoreak seguru aski izan ditu kontsignak dosier horiek guztiak lurperatzeko, ez dadin izan inongo inkestarik eta auzibiderik Frantziako polizia batzuen inplikazioa aztertzeko. Kasu konkretuak aztertzen saiatu ziren epaile batzuek argiki salatu izan dute prokuradore horren oztopo lana. Espainiako polizia batzuek zioten heldu zirela erregularki Ipar Euskal Herrira eta diru truk lortzen zituztela informazioak, jakiteko errefuxiatuak non bizi ziren, zein auto zuten, eta abar. Horri begira izan da blokeo oso bat, eta ezer ondorioztatuko ez duen kasu bakar batean aparte, ez da ezer serioski eraman justiziaren arloan.


Justuki, beste afixa batean Baionako prokuradore baten izena agerrarazi zenuten... Nor zen hura, eta zer egin zuen?


Hasi aitzin zehaztu nahi dut guk afixetan atera genituen izen horiek komunikabideetan ere agertu zirela. Arrazoi berarentzat, hemen Enbata eta Ekaitza auzipetu zituzten, bai eta ere Le Monde, Antenne2, Sud Ouest, AFP... Egia da, afixa egin eta auzipetuak izan ondotik, Nahon prokuradorearen izenarekin ere egin genuela beste afixa bat. Baina pentsatzen dut orduko ohartuak zirela hobe zutela isilik egotea, gure aurkako auzia baliatzen genuelako gerla zikinaren alde ezkutuak plazaratzeko berriz. Auzi horren bidez lortu genuen iritzi publikoan ondoko ideia sinple eta funtsezkoa pasarazten: bai, Frantziako Estatuak izan du inplikazio maila bat GALeko jardueran, argitu gabea dena oraindik, eta bai, Frantziako Polizia batzuek zuzenki parte hartu dute estatu terrorismo horretan. Beraz, horregatik, nahiz eta difamazioa egiteagatik kondenatuak izan, balio zuen salaketa lana egiteak.


Nola iragan zen auzia?


Jakes Bortairu, Oroit eta Sala taldeko kide.
Jakes Bortairu, Oroit eta Sala taldeko kide. Aitor Renteria / Berria

1996ko otsailean gertatu zen; Enbata eta Ekaitza komunikabideetako zuzendariak eta ni neu ginen epaituak. Herriaren Alde mugimenduaren izenean ni nintzen auzipetua, nik nuelako afixa inprimategira eraman. Sostengu kanpaina bat abiatu genuen, mobilizazioak izan ziren eta egun horretan setio egoera zen auzitegiaren inguruan: ezin zen hurbildu, CRSek auzo guztia hartua zuten... Guk Frantziako prentsa guztia gomitatua genuen, eta denak hurbildu ziren, Paristik ere bai. Batzuek biziki ongi tratatu zuten gaia; ondoko hilabeteetan ere jorratzen segitu zuten, ikertuz gaia, Espainiara joanez Frantziako poliziak akusatzen zituztenekin ere solastatzeko. Beraz, bai, izan zuen arrakasta, eta erran genezake lortu genuela taloa itzulikarazten, eta, nahiz eta gu auzipetuak izan, hainbat elementu plaza publikora eraman genituen.


Isunak izan zenituzten.


Bai. Ekaitza zuritua izan zen prozedura akats batengatik; aldiz, Enbata eta gu zigortuak izan ginen. Dei egin genuen, eta hor txikitu ziren kondenak, nahiz eta aski inportanteak izan. Ondoko urteetan horien ordaintzera behartuak izan ginen.


Poliziaren inplikazioa aipatu duzu. Frantziako Gobernuaren inplikazioaz zer diozu? Zein heinetaraino inplikatua zen gobernua?


Gaur egun nahiko onartua da GALen bitartez Espainiako arduradunen helburu politikoa Frantziako Estatua presiopean ezartzea zela, haren lurraldean bortizkeria egoera sortuz. ETAren kontrako borrokan bi estatuen arteko kooperazio osoa nahi zuten. Frantziako arduradunek beti errepikatu dute taktika kontra-produktiboa zela beren kolaborazioa lortzeko; zioten horretarako prest zirela baina GALeko ekintzek oztopoak baizik ez zituztela sortu. Alta, ez zuen krisi diplomatikorik sortu, Iranekin egin bezala, Parisen atentatu bat egiten laguntzeagatik. Zergatik? Onurak atera zituela pentsa daiteke. GALeko ekintzen ondorioak zein izan ziren, sufrimendua, hilak, zaurituak eta desmasiak aparte? Errefuxiatuen komunitatea klandestinitatera bultzatua izan zen alde batetik, eta Ipar Euskal Herriko jendartean zituzten harremanak moztuak izan ziren. Bonba eta tiroketen ondorioz, beldurra eta izua zabaldu zen, eta Ipar Euskal Herriko klase politikoa eta jendartearen parte bat pentsatzen hasi zen arazoaren iturria iheslariak zirela. Gauza bera Frantziako iritzi publikoan. Horrek errazten zituen Frantziako Gobernuak errefuxiatuen aurka handik laster hartuko zituen neurriak (deportazioak, estradizioak eta gero urgentziazko kanporaketak). Sozialistek, boterera iritsi aitzin 1981ean, errefuxiatuen estatutua defenditzen zuten, eta eskuinaren politikaren kontra agertzen ziren. 1982an, Defferre Barne ministroak erresistenteak zirela zioen. 1984ko urtarrilean, lehen deportazioak gertatu ziren, eta irailean, lehen estradizioak. Bitartean, gerla zikinaren gertaera bortitzena. Beraz, erran daiteke GALen ekintzek lagundu dutela errefuxiatuei begira Frantziako Gobernuak ukan jarrera aldaketa. Ordutik, bi estatuen arteko kolaborazio estua izan da ETAren kontrako borrokan.


GAL denboran zein diskurtso zuten Espainiako eta Frantziako gobernuek?


GAL denboran Espainiako Estatuak ukatzen zuen bere inplikazioa gerla zikin horretan, eta Frantziako Gobernuak berdin, ukatzen zuen Espainiak zerbitzuetarik etortzen zela erasoa. Alta, lehen ekintzen ondotik hemengo arduradun sozialista batzuek -Destrade orduko Alderdi Sozialistako bozeramaileak adibidez- argi eta garbi zioten horrelako ekintzak eteten ez baziren Frantziak Espainiarekin bere negoziazioak moztu beharko zituela Europako Batasunean sartzeko. Beraz, argi eta garbi erakusten zuen bazekitela ekintza horiek etortzen zirela Espainiako Gobernuak nolazpait bultzaturik. Baina gero, laster, diskurtso hori abandonatu zuten, eta beste bat hartu: "Eskuinak utzi ditu errefuxiatuak hemen, Ipar Euskal Herrian instalatzen, eta horren ondorioz pairatzen ditugu horrelako basakeriak orain. Prestatzen zuten ondotik etorriko ziren errefuxiatuen aurkako neurriak.


1986. urtean, Charles Pasquak hartu zuelarik Barne ministroaren kargua, bi gobernuen arteko elkarlana sendotu zen, eta GAL bukatu. Bi gobernuen esku sartzearen isla izan daiteke hori.


Bai, bukaeran, urteetan gobernutik entzun zena gezurra zela frogatu zen. GAL denboran sozialistek erraten zuten ezin zutela ezer egin, ekintzaileak atxilotzen saiatzea aparte. Diplomatikoki ezin zutela geldiarazi, ez zekitelako nor zen GALen gibelean. Baina gero, 1986an, eskuina berriz boterera etortzean, Pasqua Barne ministroak dena geldiarazi zuen. Berrikitan atera film batean hori argi eta garbi kontatzen du. 1986an, Frantziak Espainiari hori gelditzea galdegin zion, horren truk nahi bezainbat errefuxiatu atxilotu eta kanporatuz. Frantzia urgentziazko kanporaketekin hasi zen orduan, eta bi-hiru urte barne berrehun errefuxiatu atxilotu eta, inongo prozedura juridikorik gabe, Espainiako polizien eskuetan utzi zituen. Eta GALen atentatuak gelditu ziren. Horretarako Frantziaren konplizitatea zenbaterainokoa izan zen ez badakigu ere, erran dezakegu gutxienez gerla zikin hori egiten utzi zuela, nolazpait interes bat ikusten zuelako errefuxiatuen kontrako bere politika martxan emateko.


Beste isla bat izan daiteke ere estradizio horiek aitzin Frantziako Gobernuak ETAko buruei igorri gutuna...


Bai, hori askoz berantago jakin genuen; ETAk berak elementu horiek ezagutarazi zituen ondoko urteetan. Justu 1984ko udan, estradizioak eman aitzin, ETAk jaso zuen Frantziako Gobernamenduak igorri gutun bat, non xantaia egiten zioten. Erakundeko ordezkari bat negoziazio batean sartzeko ez bazen hitzordu zehatz batera etortzen, orduan estradizio horiek emanen zituztela. Noski, horrelako baldintzetan, ETAk ukatu zuen. Estradizioen hastapena izan zen. Hor ageri da Frantziako Gobernuaren aldetik badela jokaera politiko bat; estradizio horiek erabiltzen ditu ETA presiopean ezartzeko. Nolazpait errefuxiatuen komunitatea bahitzen du eta erabiltzen du xantaia egiteko, askotan presoekin egina izan den bezala, bai Frantziako bai Espainiako Estatuan.


Bi estatuen arteko topaketa diplomatikoak egitean gai hori presente zen?


Hori ez dakigu. Geroztik, hainbat erreportajetan orduko arduradun politikoek diote baietz. Baina, garai hartan, publikoki ez zen ezer ateratzen; ETAren aurkako borroka antiterrorista azkartzeko mezua zen soilik ateratzen.


Ipar Euskal Herriko abertzaleek, hots, zuek, nola bizi izan zenuten garai hura? Zer lan eraman zenuten?


Erran behar da aurreko urteetan izan zirela jada gerla zikinaren gertakari batzuk, 70eko hamarkadan izan ziren atentatuak, erailketak... baina sekula ez zen izan GAL gisako ofentsiba jarraikia eta antolatua. Hasieran, ez genekien zer zetorren, baina naturalki lehengo ekintzak gertatu bezain laster, militante abertzaleok saiatu ginen erreakzionatzen, protesta manifestaldiak antolatuz eta nolazpait azalpen politikoak emanez. Zeren parean, lehen erran dudan bezala, bazen gobernuaren baita ere hemengo hautetsi gehienen diskurtsoa. Errefuxiatuen aurkako adierazpenak entzuten ziren, errefuxiatuak biktimak ziren, baina kasik hobendunak ere ziren haien hitzetan. Beraz, bazen lan politiko bat egiteko jendeari esplikatzeko, atentatu anitz izanki jendea beldurtua zelako. Behar zen esplikatu zer gertatzen ari zen, zergatik, nor ziren erantzuleak eta zein helbururekin ari ziren. Genituen elementu politikoekin saiatzen ginen erantzuten eta aurre egiten etortzen zen egoera bortitz horri. Ez zen batere erraza, egoera zinez tentsionatua zelako. Garai horretan telefonoak jotzen zuenean, beti beldur ginen, berri txarrak bakarrik genituelako...


Ikusiz garai hartan errefuxiatuen aurkako errepresioa ere gogortu zela, sostengua ere antolatuko zenuten.


Bai. Lehengoko hilabeteetan, erantzun zuten egitura abertzale ezberdinek eta errepresioaren aurkako taldeek. Baina, ondotik, lehen deportazio eta estradizio mehatxuak agertzean 1984an, sortu ziren Errefuxiatuen Aldeko Sostengu Batzordeak. Herri gehienetan jendea antolatu eta koordinatu zen kanpainak egiteko. 1984ko uda guztian eraman zen kanpaina luze eta azkar bat, kasik egunero bairen ekintzak estradizio horiei buru egiteko. Zazpi estradizio eskaera izan ziren, eta azken finean Frantziak hiru burutu zituen, eta beste lau pertsonak deportatuak izan ziren. Zerrenda luze baten hasiera baizik ez zen...


Errefuxiatuei begira diskurtsoa aldatu zuen Frantziako Gobernuak. Errefuxiatuei babesa ekarriko zutenei begira ere joera eta diskurtsoa aldatu zuen, kriminalizatu zuten elkartasun hori...


Bai, hori pixka bat berantago gertatu zen. Erran behar da garai hartan denbora berean Hego Euskal Herrian ETAk gogor eramaten zuela bere borroka armatua eta Ipar Euskal Herrian ere IK-k egiten zituela ekintza franko. Beraz, bazen bortizkeria egoera gogor bat. Beraz, bai, momentu horretan abertzale mugimenduaren kriminalizatze saio handia egin zuten. Baina errefuxiatuen aldeko mugimendua ondoko urteetan hasi ziren kriminalizatzen eta jendea presondegiratzen, gaiztagin elkarteko partaidea izaiteagatik.


Gora