GAL

Elkarrizketak

Txema Montero

"Hilko naiz pentsatuz dena argi dagoela baina errudunak ez dituztela zigortu"

Jon Hernaez / Argazki Press

Gotzon Hermosilla


Gutxik ezagutzen dituzte GALen barrenak Txema Montero abokatuak bezain ondo (Bilbo, 1954). Brouard auzian eta beste zenbait auzitan izandako parte hartzeak "informazioa erakartzen duen iman moduko bat" bilakatu duela dio, eta horrek hainbat datu eta testigantza ezagutzeko aukera eman dio.


Zuk ondo ezagutu zenuen Santiago Brouard.


Egia esateko, berak ezagutu ninduen, nire pediatra izan zelako. Gure bizitzen ibilbideak laburbildu nahiko bagenitu, esan genezake bera izan zela nire lehen medikua, eta, ni, aldiz, bere azken abokatua izan nintzela. Gainera, nik banuen arazo bat bronkioetan, eta berak aholkatu zion nire amari Bilbotik atera eta herri batera bizitzera joateko. Beraz, hari zor diot Mungiara joan izana, eta, egun, hangoak ditut emaztea, lagunak eta nire bizitzaren zati handi bat. Nire bizitza politikoa ere berak bideratu zidan. Gogoan dut, mutikoa nintzela, amak Brouarden kontsultara eramaten ninduela, hamahiru edo hamalau urterekin, abertzaletasunaren inguruko prestakuntza moduko bat jasotzera. Hamazortzi urterekin berak gonbidatu ninduen politikan sartzera, klandestinitatean, berak deitu zidan Amnistiaren Aldeko Batzordeetan preso politikoen defentsan aritzeko, eta gogoan dut hil zuten egunean nire bulegoan nengoela, bezero batekin egona nintzelako, eta nire idazkariak eman zidala haren heriotzaren berri. Sekulako kolpea izan zen niretzat, oso hunkituta gelditu nintzen; gogoratzen nuen egun batzuk lehenago La Gaceta del Norte egunkaria berriro ireki zuteneko ekitaldian egon ginela, Txurdinagan (Bilbo), eta handik bueltan esan zidan bazuela susmoa gure kontra, hots, Herri Batasunaren jendearen kontra, jotzen hasiko ote ziren. Hori ostiral batean izan zela uste dut, eta hurrengo asteazkenean hil zuten.


Nolakoa zen?


Lehen mailako pediatra zen. Hil zenean, Bilboko 30.000 bat umeren fitxak zituen, bere kontsultatik pasatako umeenak. Ume horien gurasoak pentsaera politiko guztietakoak ziren. Bere lanean zorrotza zen, oso profesionala, eta konpromiso politiko handikoa. Alde horretatik, ez zeukan zerikusi handirik gaurko politikariekin. Bere jarduera politikoa hasten zuen mediku lana bukatu ondoren, argi baitzuen bi ardura zituela, mediku gisa eta buruzagi politiko gisa. Bere ideologia gogorra zen, arerio politikoei erraztasunik ematen ez ziena. Batzuetan esan ohi den bezala, burdinazko ukabila zen zetazko eskularruaren barruan. Nabaria zen euskararekiko bere maitasuna; nik uste dut euskaraz arituta erosoago eta sortzaileago sentitzen zela. Zaila izango litzateke gaur egungo politikarien artean parekorik topatzea; izan ere, bere belaunaldiko politikariak, ideologikoki harekin bat ez zetozenak ere, nahiko desberdinak ziren gaurkoekin alderatuta.


Zure ustez, nork eta zergatik erabaki zuen Santi Brouard hiltzea 1984ko azaroan?


La gaceta del Norte- ren ekitaldiaren osteko ibilaldi hartan, adierazi zuen nahiko inpresio txarra atera zuela Frantziak Madrilen zuen enbaxadan izandako bilera batetik. Enbaxadorea [Pierre] Guidoni zen, PSkoa eta Espainiako Alderdi Sozialistaren gertukoa, hau da, Miterranden gizona zen, eta Felipe Gonzalezengandik oso hurbil zegoen. Uste dut bilera hartan Jokin Gorostidi eta bera [Brouard] egon zirela. Guidonik esan omen zien ETA konbentzitu behar zutela behetik negoziatzeko, edo, bestela, egoera asko gogortuko zen. Brouardek mehatxu sotil bat ikusi uste zuen adierazpen horietan. Nik uste dut, bizitzan askotan gertatzen den bezala, arrazoi asko nahastu zirela. Hasteko, Espainiako Alderdi Sozialistaren sektore batzuen mendekua, Enrique Casasen hilketa zela-eta, aurreko martxoan. Inputatu batzuek hala adierazi zuten, bai eta azaroaren 20a baino lehen atentatua egiteko saiakera batzuk egon zirela ere, eta zenbait arrazoi zirela medio atentatua egiteko aukera baztertu zutela. Bigarrenik, uste dut bazegoela lasterketa moduko bat GAL berde eta GAL urdin deiturikoen artean, hots, Guardia Zibilarekin eta Poliziarekin lotutako adarren artean, arduradunen aurrean merituak egiteko.


Hau guztia Estatuaren Segurtasunaren Zuzendaritzak koordinatuta zegoen. Ez zen kasualitatea hango arduraduna Julian Sancristobal izatea, eta han bere menpean edukitzea alde batetik Bilboko Poliziaren nagusi izandakoa, [Francisco] Alvarez, polizian Galvarez ezizenaz ezaguna, eta, beste aldetik, La Salveko komandantzian Guardia Zibilaren informazio zerbitzuen arduradun izandakoa, [Rafael] Masa kapitaina. Sancristobal segurtasun zuzendari izendatu zutenean, bi-biak hartu zituen eta Madrilera eraman zituen bere taldean. Argi dago Estatuaren Segurtasunaren Zuzendaria Guardia Zibilarekin koordinatzen zela Guardia Zibilaren zuzendariaren bidez, eta Poliziarekin hango zuzendariaren bidez, baina horiek ez ziren Alvarez eta Masa; beraz, pentsatzekoa da ohiko aginte katetik kanpo Alvarez eta Masa beste gauza batzuk, beharbada ez hain aitorgarriak, koordinatzeko zeudela.


Badago kontu bat, batzuetan oharkabean pasatzen dena: GALen lehenengo ekintza [Jose Maria] Larretxea poli-milia bahitzeko saioa izan zen, Hendaian. Bahiketa egiten saiatu zirenen artean Poliziaren GEO talde berezien hiru kide zeuden, bulartsuak eta aurrez aurreko borroketan trebatuak, Larretxea 120 kiloko gizonkotea baitzen, eta haiekin laugarren polizia bat joan zen, informazio zerbitzuekin edo borroka antiterroristarekin inolako harremanik ez zuena. Polizia hori Bartzelonakoa zen, lapurreten kontrako hango taldekoa, eta hainbat lapurretatan dozena bat lagun hil izanaren ospea zuen. Bartzelonako lapurreten kontrako taldearen arduraduna nor eta Francisco Alvarez izan zen, Bilbora iritsi baino lehen. Beraz, hiltzaile hori Alvarezen konfiantzazko gizona zen. Merituak egin nahi horrek garrantzi handia izan zuen, eta Brouard auziaren sumarioan agertzen da nola Morcillok eta bere mertzenario taldeak presioak jasan zituzten lehenbailehen jarduteko, oso garrantzitsua baitzen, azaroaren 20ko data hartan.


Brouarden hilketaren inguruko lehenengo epaiketa 1993an izan zen. Zigortutako bakarrak Rafael Lopez Ocaña eta Juan Jose Rodriguez Diaz El Frances (armak legez kanpo edukitzeagatik) izan ziren, baina hilketaren antolatzaileak zigortu gabe gelditu ziren. Nolako sentsazioa utzi zizun epai hark?


Ikerketak oso emaitza urria izan zuen, baina esan behar da horretan poliziaren ekarpena hutsaren hurrengoa izan zela. Ez zuten ezertxo ere egin. Are gehiago kontuan hartuta Poliziaren aldetik auzia argituta zegoela Brouard hil eta hamabost egunera. Poliziaren salatari batek esan zion [Antonio] Rosino komisarioari nortzuk ziren hiltzaileak, Rosino informazio hori auziaz arduratzen zen fiskalaren esku jartzeko bezain arduragabea izan zen, eta akusatuak atxilotzera zihoanean goitik gelditzeko esan zioten, bestela han guardia zibilak, CESIDeko jendea eta enparauak agertuko zirelako. Atzera egin zuen, eta fiskalak prentsara jo zuen, ikerketa hartan gertatutakoaren berri emateko. Beraz, hamabost egunean auzia argituta egon zitekeen, eta, hala ere, itxaron behar izan genuen, funtzionario batek epaitegira telefonoz deitu arte esateko guk bilatzen genuen Rafael Lopez Ocaña izeneko hori atxilotuta zeukatela bezperan emaztea jipoitu zuelako. Horrela hasi ginen hari hartatik tiraka. Morcillo atxilotzear geundela, berriz, norbaitek abisua eman zion eta ihes egin zuen Kolonbiara, narkotrafikatzaile sare batek babestua, eta Masa ere Boliviara joan zen, oker ez banago Bartzelona 92rako segurtasun aholkulari edo horrelako aitzakia surrealista bat emanda.


Txema Monterop Abokatua.
Txema montero Abokatua. / Jon Hernaez

Mataza askatzen lagun zezakeen pertsonetako bat izan zen Alberto Granados, Brouard hiltzeko erabilitako armak gorde zituena. 1985ean hil zuen Miguel Angel Lopez Ocañak, Rafalelen anaiak. Hilketa horren atzean zerbait arrarorik egon zela uste al duzu?


Granados zen Rosino komisarioaren salataria. Rosino, Bilbora etorri baino lehen, Madrilen egon zen, lapurreten kontrako borrokan eta horrelako kontuetan. Guk bagenekien salatari bat zegoela, Rosinori hiltzaileak nortzuk ziren esan ziona, baina ez genekien salatari hori nor zen, eta, aldi berean, bagenekien CESIDeko agente infiltratu bat zegoela, Rosinoren ikerketa geldiarazi zuena. Brouarden hilketatik zortzi hilabetera, lapur eta droga trafikatzaile txiki bat atxilotu zuten Madrilen koinatua hiltzeagatik. Atxilotu hori Miguel Angel Lopez Ocaña zen, eta horrek esan zion epaileari, gerora hain ezagun bilakatu zen Carlos Buereni, emaztea alde batera uzten bazuen hilketaren salaketa horretan, berak informazioa emango ziola "Bilbon eraildako ETAko mediku bati buruz." Buerenek deitu zidan eta, bide batez, galdetu zidan ea ni eta nire emaztearentzat babesik nahi ote genuen, Lopez Ocañak esan ziolako nire emaztea hiltzeko plan bat zegoela ni kikiltzeko helburuz. Emazteak esan zidan ez ziola mehatxuari hain serioa irizten eta ezetz esan genuen. Geroago, Miguel Angelek bertsioa aldatu zuen eta esan zuen berak hil zuela Brouard. Horren arrazoia zen Rafael anaia babestea, Miguel Angel hilzorian zegoelako hiesak jota, baina pista faltsu hori azkar erori zen, gertaeren berregitea egin genuenean ez zelako gauza izan Brouarden bulegoa non zegoen esateko.


Zer dela-eta zabaldu zen berriro auzia urte batzuk geroago, 2003ko bigarren epaiketara iritsi arte?


Hori ere zorte kontu bat izan zen. Egun batean, prentsa irakurtzen ari nintzela, hara non ikusi nuen Morcillo Pinillo izeneko bat atxilotu zutela Madrilen droga trafikoa zela-eta. Deklaratzera deitu zioten, dena kontatu zuen, baina gero atzera egin zuen. Hortik iritsi zen bigarren epaiketa, inor zigortu gabe amaitu zena.


Bigarren epaiketa hartan pentsatu zenuen hilketa argitzera iritsiko zinetela?


Ni ziur nengoen egiara hurbiltzen ari ginela, baina, era berean, ziur nengoen handik ez genuela ezer garbirik aterako, den-dena oinarrituta zegoelako babestutako lekuko baten adierazpenetan. Guk ez genekien nor zen lekuko hori, eta argi esan nion epaileari, babestutako lekuko hori El Frances baldin bazen, txarto gindoazela, hori profesional bat zelako. Aldiz, lekukoa Lopez Ocaña bazen, ordurako zigorra betetzen ari zena, jakin bazekiena engainatu zutela eta botata utzi zutela, hilketagatik agindutako dirua ere jaso ez zuena, orduan bai, ondo gindoazen. Baina lekukoa El Frances zen, eta azkenean gertatu zena gertatu zen, hots, hau eta bestea salatzen ibili ondoren azkenean aztera egin zuela.


Epaiketa horretan Rafael Masa, Jose Amedo eta Luis Morcillo epaitu zituzten, eta errugabe atera ziren, baina zein izan zen Julian Sancristobalen egoera?


Epaiketara iritsi aurretik haren kontrako aldaketa artxibatu zuten. Horregatik, orain hirugarren aldiz auzia zabaldu denean, pentsatzen genuen aukera bazegoela hura epaiketara eramateko, bere garaian epaitu ez zutelako. Aukera hori zegoela irizten nion ez orain Morcillok esaten duena sinesten dudalako, baizik eta ulertezina iruditzen zitzaidalako errugabetzat jotako pertsona batek, urte batzuk geroago delitua baliogabe gelditu denean, bere burua erruduntzat jotzea eta beste batzuk salatzea eta hori ez ikertzea, gutxienez lekukoak aurrez aurre jarrita jakiteko nork dioen egia eta nork ez. Epaileak hori artxibatzea erabaki du, eta guk errekurritu egin dugu. Horixe da oraingo egoera, eta uste dut datozen egunetan argituko dela.


Hain zuzen ere, zertan aldatzen du egoera Morcillok egindako aitorpenak, aurtengo apirilean, Brouarden bigarren hiltzailea bera izan zela aitortuz?


Beretzat ez du ezertan aldatzen. Rafael Lopez Ocaña ere ibili zen epaiketan esaten errugabea zela eta dena nik prestatutako amarrua zela, eta duela hiru urte Tele5 telebistan agertu zen lasai asko, hiltzailea bera dela esanez. Aldaketa bakarra da Morcillo ari dela epaitua izan ez den bat salatzen, eta nik uste dut hilketa delitu batean, ikerketa ahal den neurriraino eraman behar dela. Badakigu horrek ibilbide laburra izan dezakeela, baina epaileak ezin du auzia besterik gabe artxibatu, egin duen moduan. Esaterako, Sancristobal oraindik Bizkaiko gobernadore zibila eta Masa Guardia Zibilaren Bizkaiko informazio zerbitzuen buru zirela, Carabanchelgo espetxera joan ziren eta bisita egin zioten Morcillori, iruzur txiki batengatik han zegoelako. Barrura sartu ziren espetxe funtzionario baten aurrean, eta aurrez aurreko bisita eduki zuten, Guk badakigu zein den funtzionario hori, eta deklaratzera deitu nahi genion, bere bizitza profesionalean ez baita oso ohikoa izango horrelako bi agintarik munta txikiko gaizkile bati espetxean bisita egitea, baina epaileak esan du ikerketarako ez dela beharrezkoa.


Horren harira, zuk deklaratu zenuen auzia "irteerarik gabeko bidean" sartzen ari zela. Zergatik? Horrek esan nahi du justizia egiteko aukera guztiak desagertu direla?


Hau guztia nahiko esperientzia makurra izan da niretzat. Egia da jende honek gezurrak bolo-bolo botatzen dituela, baina, batzuetan gezurren artean egia batzuk esaten dituzte. Ez oharkabean; seguru asko, onuraren bat atera nahian edo hirugarren bati kalte egin nahian egiten dute, baina nire bizitza profesionalean jende gutxi ezagutu dut epaitegi batera norbaiten kontra deklaratzera joan dena arrazoiren bat tartean egon gabe. Arrazoi sasikoak kasu askotan, baina, hala ere, egia esan dute. Kasu honetan, nik uste dut hilko naizela pentsatuz niretzat dena erabat argi dagoela baina errudunek ez dutela behar bezalako zigorrik izan.


Zergatik zenbait kasutan onartu da GAL talde armatu bat izan zela, esaterako Jean Pierre Leiba eta Robert Caplanneren hilketen inguruko epaiketetan, eta beste zenbait auzitan berriz epaileek ez dute GAL talde armatutzat jo nahi izan?


Epai-mahai bat saiatzen denean airean ile bat mozten, lortu egiten du. Caplanneren kasuan, faxista katalanen talde batek hil zuen, Bartzelonako polizia batek zuzenduta. Nik eraman nuen horren akusazioa. Horretan uste dut zerikusia izan zuela agintari frantsesen presioak, azken finean Caplanne haien herritar bat zelako, baina egia da auzi horretan epaileak GAL talde antolatu eta armatutzat jo zuela eta akusatuak hilketaz ez ezik, talde terroristako kide izateagatik ere zigortu zituztela. Oker ez banago auzi horretan espetxeratutako Ismael Miquel Gutierrez da oraindik zigorra betetzen ari den GALeko terrorista bakarra. Asko kostatu zitzaidan zigor zezaten lortzea. Lehenbizi hilketaren egileak zigortu zituzten; Gutierrezek jakin zuen atxilotu behar zituztela, haietako bat jakinaren gainean jarri zuen eta gero Thailandiara ihes egin zuen. Han harrapatu zuten droga ekartzen saiatzen ari zelarik, jende mota honetan ohikoa izaten dena. Bizitza osorako zigortu zuten, gero espetxealdia 30 urtera jaitsi zioten eta, azkenik, Gobernuak hura Espainiaratzea lortu zuen. Epaitu egin zuten, ni akusazioan nengoela, eta zigortu zuten. Parot doktrina izenekoa ez ezartzeko eskatu zuen, eta ni kontra azaldu nintzen; nire kontraesana aitortzera behartuta nago, doktrina horren aldekoa ez naizelako, baina pentsatzen nuen batzuei ezartzen bazaie, denei ezarri behar zitzaiela, eta uste dut oraindik kartzelan dagoela.


Francisco Alvarezek lau GAL deskribatu zituen: berdea (Guardia Zibila), urdina (Polizia), marroia (CESID) eta frantsesa. Azken bi horiek ez dituzte inoiz epaitu, ezta haien parte hartzea frogatu ere. Eskema hori zuzena dela uste al duzu?


Nik ez dut inoiz ezer entzun GAL frantsesaren inguruan. Espainiarrentzat lan egiten zuten mertzenario frantsesak, bai, portugesak egon ziren moduan. Portugesena bitxia izan zen. Horrelako gaiak ikertzen zabiltzanean, informazioa erakartzen duen iman moduko bat bilakatzen zara. Behin, kazetari portuges baten deia jaso nuen, nirekin hitz egin nahi zuelako. Izena gogoratzen ez dudan aldizkari batean egiten zuen lan, gizon serioa begitandu zitzaidan eta hartu egin nuen. Amedo izeneko polizia bat ezagutzen ote nuen galdetu zidan. Antza denez, kazetaria egon zen Bordeleko espetxean, GALeko tiratzaile batzuekin berbetan, eta kontratatu zituzten Bilboko polizien datuak eman zizkioten kazetariari. Datu horiek bat egiten zuten Amedo eta Dominguezenekin. Nik esan nion baietz, ezagutzen nuela eta Brouarden hilketa zela-eta deklaratzera deitu behar niola hurrengo asteazkenean. Kazetariak zekien guztia kontatu zidan, eta nik eskatu nion mesedez ezer ez argitaratzeko Amedok deklaratu arte. Baina badirudi kazetaria ez zela nitaz fidatu, informazioa beste kazetariren bati pasatuko niola iritzita, eta aurreko ostiralean argitaratu zuen. Jakina, deklarazioaren egunean Amedo ez zen etorri, oso ondo etorri zitzaizkion oporrak eman zizkiotelako, eta hilabete geroago, etorri zenean, lezioa ongi ikasita iritsi zen. GAL marroiaren inguruan bai, inoiz zerbait entzun dut, baina ez zeukaten mertzenario edo hiltzailerik, badirudi haien parte hartzea gehiago izan zela informazioa lortzea.


GALen egiari dagokionez, parte bat ezagutu dugu. Zure ustez, parte hori zenbatekoa da? Zenbat gelditzen zaigu egia osoa jakiteko?


Badakigu noiz jarri zuten abian. Ez da egia, inoiz esan den bezala, abian jarri zutela Martin Barrios kapitainaren bahiketa eta hilketaren ostean, hori 1983ko urrian izan zelako, eta aurreko udan egon ziren mugimenduak errefuxiatuak kontrolatzeko. Lopez Ocañak deklaratu zuen uda hartan Donibane Lohitzuneko kanpin batean egon zela errefuxiatuen inguruko informazio batzuk egiaztatzeko. Arrazoien inguruan, esaten da Gaston Defferre ministro sozialista frantsesak bere kide espainiarrei aholkatzen ziela frantsesek OASekin egin zuten bezala egiteko, atentatua atentatuaren truke. Gero, nik uste dut estatu itun bat egon zela GALen inguruan, Fragak eta Felipe Gonzalezek horretaz hitz egin zutela eta akordio batera iritsi zirela, batak egiten zuenaren aurrean bestea isilik egoteko eta horren inguruan ez eztabaidatzeko. Eta egituratzeko orduan, uste dut bitariko egitura erabili zutela: alde batetik politikari sozialistak, eta beste aldetik horien konfiantzazkoak zirenak estatuaren segurtasun aparatu guztietan.


Eta zer dela eta amaitu zen?


GAL amaitu zen, oso argi, frantsesak hasi zirenean errefuxiatuak poliziatik poliziara entregatzen, 1947ko dekretu bat hautsetatik berreskuratuta. Hori da amaiera. Ordurako, nahi zutena lortua zuten, hau da, orduan "santutegi frantsesa" deitzen zutena amaitzea. Ikuspegi horretatik, GALek fruitu politiko garrantzitsuak eman zituen. GALeko mertzenario batek kontatu zidan behin aukera izan zutela motorrean joan ohi zen errefuxiatu bat hiltzeko errepidean metalezko hari bat jarrita, baina baztertu zutela, ekintzak bonbekin eta tiroekin egin behar zirelako, ikusgarriak eta deigarriak izan zitezen. Horrek erakusten du helburua zela ondorio politikoak ekarriko zituen terrorismoa egitea, eta ez soilki kontuak garbitzea.


Zuk jarriko zenioke izenik X jaunari?


Jakina. Santiagoren zaldi zuria zein kolorekoa da? Argi dago. Poetiko jarrita, esan genezake baduela zerikusia Guadalquivir ibaiaren altzoan jaiotako norbaitekin, Herrialde honetan batzuek esan dezakete ETAren buruzagitza osoa hiltzeko aukera izan zutela eta ez zutela egin horrek erreparo handia ematen zielako, baina kontua da horiek ez dutela egia esaten ezta horrelakoak esaten dituztenean ere. Nahi izan zuten guztia egin zuten, inolako erreparorik izan gabe.


Gora