Kultura zaintzeko plaza

Galdakaoko Sormene jaialdiak amatasuna, sorkuntza, euskara eta zaintza izango ditu ardatz, apirilaren 27tik 30era. Hainbat kultur emanaldi egingo dituzte

Ane Legarreta, Sormene jaialdiko aholkularitza taldeko kidea, atzo goizean, jaialdia aurkezteko ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Galdakao
2023ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Fagot eta tronpa doinuekin eman diote ongi etorria Galdakaoko (Bizkaia) Sormene jaialdiari Tania eta Erika Martinez Heras ahizpek. Berez, euskal kulturari beste plaza bat zabaltzeko asmoz sortu zuen festibala Galdakaoko Udalak, 2020. urtean, eta, pandemia bat tarteko, laugarren aldia beteko du aurten. Apirilaren 27tik 30era bitarte, dantza, musika, antzerkia eta beste hainbat alor uztartuko ditu ekitaldiak. Aurrez, baina, aurkezpena egingo dute bihar, Torrezabal kultur etxean, 19:00etan.

Amatasuna, sorkuntza eta euskara ardatz dituen jaialdiari, beste aldagai bat gehitu diote aurten: zaintza. Eta, berrikuntza horren harira, Muguru plazan izan zen aurkezpena atzo goizean, nahita: Karmele Gorroñoren Zaindu maite duzun hori murala dagoen paretaren aurrean, hain zuzen. Gotzon Barandiaran zuzendari artistikoak azaldu du arrazoia: «Transmisioari, sorkuntzari eta amatasunari erabat lotuta dago zaintza. Zaindu euskara bizi dadin. Zaindu gure sortzaileak, euskarazko kulturgintzak iraun dezan. Gure jardunean euskaraz sortzeko grina transmititzea zaintza da». Aurten ere, bi agerraldi egingo dituzte: udaberrian bata, eta udazkenean bestea.

Udaberriko Sormene aurkeztearekin batera, Iratxoa behar genuen dokumentala estreinatuko dute bihar Xabi Ealo eta Aitzol Zamalloa galdakoztarrek. Galdakaoko Zizpa gazte konpartsari buruzko ikus-entzunezkoa da, eta haren bilakaera izango du ardatz. «Orain dela 25 urte, herrian ez zegoen gazteak batzeko erreferenterik, eta, orain, eredu bilakatu da», azaldu du Ealok.

Hala ere, apirilaren 27an hasiko da, berez, jaialdia: Josi Sierraren eskutik, Bideo Sormene tailerraegingo dute goizean ikasleek. «Bideo rally moduko bat izango da: Sormene jaialdiaren lau egunen laburpen bideo bat egin beharko dute», aurreratu du Sierrak: «Hori ere badelako zaintza: zaindu ditzagun gure gazteria eta etorkizuneko sortzaileak». Bigarren hezkuntzako ikasleez gainera, edonork izango du lehiaketa horretan parte hartzeko aukera, eta, azken egunean, sari banaketa egingo dute. Gorroño ilustratzaileak Horma irudi ibiltaria tailerra eskainiko du ostiral goizean.

Ikus-entzule guztientzat zabaldutako saioak arratsaldez izango dira. Bapateko sormene izango da horietako bat, apirilaren 27an. Sormenek jaialdirako «beren-beregi» sortutako ekimen bat da hori, eta udalerriko askotariko kultur sortzaileak elkartuko ditu. Tartean, Alfonso Medina, Aratxo Angulo, Beñat Armentia, Gaizka Chamizo, Garazi Arrese, Ione Ibarretxe, Karlos Aretxabaleta Txapel, Marijose Bayon, Naroa Larriba, Nerea Larrazabal eta Shakti Olaizola. «Izenburuak aurreratzen duen moduan, bat-batean sortutako ikuskizun bat izango da», zehaztu du Larribak.

Apirilaren 29an, berriz, Dantzaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, diziplina hori hartuko dute ardatz. «Dantza estilo askotarikoak aterako ditugu kalera», aurreratu du Ane Legarreta Sormeneko aholkularitza taldeko kideak. Arratsalde osorako askotariko ekitaldiak antolatu dituzte herriko zenbait txokotan, eta, eguna borobiltzeko, Taupada dantza eskolako kideek Bertikala eta zorua elkarlanean ikuskizuna estreinatuko dute, Torrezabal kultur etxeko paretan.

Ikusleak ere partaide

Programazioari dagokionez, «inoiz baino galdakoztar gehiagok» parte hartuko dutela nabarmendu du Legarretak. Hala ere, ikus-entzuleen garrantzia ere azpimarratu du: «Sorkuntza maite dugu gure herrian, baina sortzaileak ez dira ezer eszenatokiaren beste aldean inor ez baldin badago». Torrezabal kultur etxean egingo diren ekintza guztietarako sarrera aurrez eskuratzea beharrezkoa izango dela jakinarazi du Legarretak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.