Luzea da euskararen bidea

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Hizkuntza nazionalen eta erregionalen arteko bereizketa ezin dut ulertu, horrelako adjektiboak baliatzea kategorizazioaren inposaketaren ondorioa baizik ez baita. Zentzuzkoagoa iruditzen zait, partizipio xume bat erabiliz, hizkuntza gutituak erratea. Baina, idealista naizenez gero, sortze-hizkuntza da denen artean nahiago dudan kontzeptua; izan ere, mundu honetara sortzean mundu honek gutienez mintzaira bat ematen du. Guri euskara eman digu.

Atzo, apirilaren 14an, Hendaian, hizkuntza eskubideak bermatzeko herri mailako Protokoloaren hitzarmena sinatu genuen Euskalgintzaren Kontseiluak eta Euskal Herriko hiru herrik, banaketa administratiboaren lurralde bakoitzetik bana: Iruñerriko Uharte, Arrigorriaga eta Hendaia. Hiru esperientzia pilotu abiatu ditugu, tokiko hizkuntza politika definitzeko Protokoloaren laguntzarekin.

Luzea da euskararen bidea, baina erran dezagun luzea bezain emankorra dela usu. Baita Ipar Euskal Herrian ere. Azken urteetan hainbat zedarri gainditu ditugu: 2018an Euskal Elkargoak lurralde-hizkuntza gisa aitortu zuen euskara (gaskoinerarekin batera, haren eremuan). Eta joan den astean bertan Molac legea onartu du Frantziako Asanbleak bigarren irakurraldian, Senatutik pasatu ondoren. Lehen aldia da estatu mailako lege batek estatu barneko hizkuntza gutituen alde egiten duena, hezkuntzan murgiltzearen alde batez ere. Jendarte zibilak aspaldi hasitako borrokaren fruituak.

Egia da, halaber, luzea dela ofizialtasunera eraman behar gaituen bidea. Eta bitartean, zirrikitu guztiak behar ditugu baliatu euskararen garapenean aitzinatzeko, transmisioa segurtatzeko, erabilera sustatzeko eta sentsibilizazioa lantzeko. Ez dezagun sekula ahantz gure mintzairaren adierazpena ez dela norberaren arlo pribatura bakarrik mugatu behar. Adierazpen publiko eta politikoak denon engaiamendua behar du, nahiz eta batzuentzat zaila den ulertzea hori bezain gauza sinplea. Egungo kontsentsuek gainditu dituzte iraganeko harrabots eta sasi eztabaidak. Eta ez gara prest iraganera itzultzeko, zenbaiten gogoek hala nahi izan arren. Arazoa ez baita tokiko erakundeetan euskara erabiltzea (edota erabiltzeak berak dakarrenluzapena), baizik eta euskarari legezko baliorik ematen ez dion ordenamendu juridikoak duena. Zinpeko itzultzaile-interpretari batek frantseseratuko balitu ere, euskarazko adierazpenek ez lukete balio juridikorik? Justiziak jadaneko erabiltzen du tresna hori.

Euskararen eskumena ez da Elkargoarena soilik: herrietan ere badugu zeregina. Itsasuko Herriak dinamika berri bat sustatu du Europako hizkuntza gutituen Eurogutunaren tokiko ezarpena lantzeko (bai, Frantziak 1999an sinatu zuen hura baina gero sekula berretsi nahi izan ez duena). Ondoren, Ipar Euskal Herriko gainerateko herriek bide bera har dezakete.

Hendaiara itzuliz, esperantza eta gogo handiak ditugu euskara herriko etxearen barnean zein herrian sustatzen segitzeko eta legealdi honetarako gure euskara politika definitzeko. Protokoloa aplikatzeko hitzarmena herriko etxeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak sinatu dute, hots, tokiko erakunde baten eta jendarte zibilaren arteko lankidetza dakar. Parada izanen dugu Hendaiako Euskara udal zerbitzua, herriko elkarteak eta hautetsiak elkarlanean aritzeko, Euskal Elkargoaren partaidetzarekin.

Gure xedea handinahia izan behar da: elkarlan hori formalizatzeko batzorde estramunizipala sortu beharko genuke, euskararen erabileraren gainean herri mailako proiektu nagusi bat sortzeko eta horren inguruan federatzeko. Hala da, euskararen erabileraren arloan eman behar ditugu indar guztiak. Beraz, hizkuntza politika ona plantan eman nahi baldin badugu, ezinbestekoa da eragile instituzionalak eta sozialak elkarrekin aritzea, ondoren erabaki politiko egokiak hartzeko.

Luzea da, bai, euskararen bidea, baina beti aitzina eraman behar gaitu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.