Konponbideari begira

Berriak

Bakegintzarako lantalde bat sortu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

PPk ez beste talde guztiek babesa eman diote egitasmoari; Rafaela Romero sozialista izango da talde txostengileko presidentea Aho batez erabakiko dituzte lantaldeko parte hartzaileak eta bileren edukiak

2012-06-12 / Jokin Sagarzazu

PPren ez beste talde guztien babesarekin, bakegintzarako lantalde bat osatzea adostu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Eusko Legebiltzarreko lantaldean ez bezala, parte hartuko du ezker abertzaleak, Bildu koalizioaren bitartez. Lantaldeko presidentea izango da Batzar Nagusietako Berdintasun Politiken, Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Batzordeko mahaiburu Rafaela Romero sozialista. Harekin batera izango dira Martin Garitano diputatu nagusia, batzarkide talde bakoitzeko bina kide eta diputazioko ordezkari bat.

Lantaldeko kideek hilabete izango dute lantaldea abiarazteko, eta legegintzaldi amaierara arte irautea aurreikusi dute. Romerok adierazi duenez, konfidentzialtasuna eta aho batez onartutako erabakiak izango dira talde txostengilearen lanaren oinarriak. Hala, bileren edukiak zein ponentziara gonbidatuko dituztenak talde guztien oniritzia jaso beharko dute. Bileretako lanak eta deliberazioak «era alderdikoi edo elektoral batean» ez erabiltzeko konpromisoa hartu dute.

Akordioan zehazten denez, lantaldeak izan nahi du «gailu erabilgarri bat» bakea, elkarbizitza eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko eta bermatzeko. Sustatzaileek nabarmendu dutenez, beste instituzio eta eragile batzuk egiten ari diren lanaren «osagarri» izango da euren lana. Taldeak bere jarduna jorratuko du «ikuspegi zabal batetik» eta «biktima guztienganako errespetuz», eta xede izango du elkarbizitza eta bakearen hezkuntzan ekarpenak egitea, oinarri hartuta euskal gizartearen egungo egoera eta nazioarteko esperientzien azterketak.

Atzo sortutako lantaldearen atzean zortzi hilabeteko sukalde lana dago. Bildu Diputaziora iritsi zen lehen egunetik aritu dira ponentzia sortzeko negoziazioetan. Aieteko nazioarteko konferentzia eta ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri baino hamar egun lehenago, urriaren 10ean, talde guztien babesarekin, Batzar Nagusiek oniritzia eman zioten lantalde bat abiatzeari. Hala ere, urtea amaitu arte itxarotea erabaki zuten, une horretan ez zegoelako «baldintza egokirik».

Hala, aurtengo martxoaren 31n, gaiari berriz heltzeko eskatu zuen EAJk. Egun horretan, bakegintzari buruzko lantalde bat osatzeko erabakia hartu zuten Eusko Legebiltzarrean, baina EAk, Aralarrek eta ezker abertzaleak salatu zuten baztertzailea zela. Egun horretan bertan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek bazterketarik gabeko elkarrizketen alde egin zuten, eta Aieteko adierazpenaren garrantzia nabarmendu, PPren ez beste taldeen babesarekin

Apirilean BERRIAri eginiko adierazpenetan itxaropentsu azaldu zen Romero, baina azpimarratu zuen funtsezkoa zela asmo alderdikoiak baztertzea. Atzo eginiko adierazpenetan, berriz, lantaldeko presidenteak eskerrak eman dizkie batzarkide talde guztiei, PPri barne, egitasmoa aurrera ateratzeko egin duten ahaleginagatik.

Antzera mintzatu da Bilduko bozeramaile Idoia Ormazabal. Hark nabarmendu du lan handia egin dutela talde guztiek, eta adierazi du garaia dela «irabazle eta galtzaileen diskurtsoak gainditzeko».

Markel Olano jeltzaleak, berriz, nabarmendu du «guztiek» dutela «protagonismoa» bake eta normalizazio prozesuan, eta gisa honetako egitasmoak instituzio guztietan aurrera eraman behar direla. Gipuzkoan akordio lortu izanak, «meritu bikoitza» duela azpimarratu du Olanok.

PSE-EEko Lore Suarezek adierazi du «hildakoen oroimenean oinarrituta» lan egin behar dela, eta bide horretan batzuen eta besteen arteko «enpatia» funtsezkoa izango dela.

Aralarreko Rebeka Uberak, berriz, adierazi du Gipuzkoako lantaldeak «talde eta sentsibilitate guztien» parte hartzea bermatzen duela.

PPko batzarkide Asuncion Guerrak, aldiz, bi «arrazoi» eman ditu alderdi popularren ezezkoa argudiatzeko. Batetik, esan du «oso garrantzitsua» zela lantaldeko kide guztiek «ETAren disoluzioa exijitzea», baina hori ez dutela egin. «Guk ez dugu parte hartuko biktimak eta hiltzaileak parekatuko dituen kontakizun bat sortzeko prozesuan», esan du Guerrak. Bestetik, gogora ekarri du Eusko Legebiltzarrean badela beste lantalde bat, eta adierazi du gisa horretako taldeen ugaritzea «arriskutsua» izan daitekeela, «ondorio eta tratamendu ezberdinak sor daitezkeelako».

Informazio osagarria

Publizitatea