ETAk emandako su-etenak
1989. Urtarrilak 8. Bi asteko su-etena eman zuen ETAk, alde bakarrekoa. Espainiako Gobernuak Aljerren negoziazioei ekinez gero luzatzeko eskaintzarekin. Bi aste horietan Espainiako Gobernuko ordezkaritza bat ETAko kideekin batu zen Aljerren. 1989. Urtarrilak 23. Bi aldeek elkarrizketei ekitea eta su-etena mantentzea hitzartu zutela jakinarazi zuen ETAk agirian. Bi hilabetez ETAk ez zuen atentaturik egin, eta Espainiako segurtasun indarrek ez zuten inor atxilotu. 1989. Martxoak 27. Espainiako Gobernuarekin hitzartutako bi hilabetetako su-etena beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zutela jakinarazi zuen ETAk. Nolanahi ere, Aljerren hitzartutakoa ez betetzea egotzi zion ETAk Espainiako Gobernuari, eta apirilaren 4an hautsi zuen su-etena.
1996. Ekainak 23. Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu izendatu zutenean, astebeteko su-etena eman zuen ETAk. Gatazkari irtenbide negoziatua emateko eskatu zion. Hamar hilabete lehenago gizarteratu zuen ETAk Alternatiba Demokratikoa. Garai hartan, Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahituta zeukan.
1997. Azaroak 20. Guardia Zibilak Jose Antonio Ortega Lara funtzionarioa askatu eta lau hilabetera, Espetxe Frontean su-etena aldarrikatu zuen ETAk.
1998. Urtarrilak 1. Ertzaintzaren kontrako ekintzen etena aldarrikatu zuen erakunde armatuak, nahiz eta ez zuen jakinarazi. Ekainaren 23an jakinarazi zuen menia hori amaitutzat eman zuela, Ertzaintzak Ina Zeberio ETAko kidea hil zuelako.
1998. Irailak 18. Lizarra-Garaziko prozesua bultzatzeko, mugarik gabeko su-eten orokorra aldarrikatu zuen ETAk. 23 eragilek bost egun lehenago sinatu zuten Lizarra-Garaziko ituna. ETAk agirian ohartarazi zuenez, "gertakizun eta urratsek" agindu behar zuten "etenaldi horren behin betikotasuna". 1999ko abenduaren 3an amaitu zen etena. 1999ko azaroaren bukaerako agirian jakinarazi zuen EAJk, EAk eta ETAk akordioa sinatu zutela abuztuan, baina akordioa ez betetzea egotzi zien bi alderdiei, eta hori eman zuen hausturaren arrazoi nagusitzat. EAJk eta EAk ukatu egin zuten akordiorik bazela.
2004. Otsailak 18. Urte horretako urtarrilaren lehenetik Katalunian atentaturik ez egitea erabaki zuela jakinarazi zuen ETAk.
2005. Ekainak 18. PP eta PSOEko hautetsien kontrako atentatuak etengo zituela jakinarazi zuen ETAk. Espainiako Kongresuak hilabete lehenago onartu zuen ETArekiko elkarrizketen aldeko ebazpena.
2006. Martxoak 24. Su-eten iraunkorra aldarrikatu zuen ETAk, "prozesu demokratikoa bultzatzeko". Bi mahaien eredua jarri zen abian: ETA eta Espainiako Gobernua, batetik, eta alderdien mahaia, bestetik. Ordurako, ETAk eta Espainiako Gobernuak akordioa sinatua zuten, Oslon. Loiolan eta Genevan hainbat saio egin ostean, elkarrizketek ez zuten emaitza onik izan, eta ETAk 2007ko ekainaren 6an amaitutzat eman zuen su-etena. Hala ere, amaitutzat eman aurretik atentatua egin zuen, 2006ko abenduaren 30ean, Madrilgo Barajasko aireportuan; Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate hil ziren.
2011. Urtarrilak 10. Su-eten egiaztagarria, iraunkorra eta orokorra eman zuen ETAk.