Konponbideari begira

Berriak

ETArekin hitz egiten hasteko eskatu die HNTk Espainiari eta Frantziari

Uste du aurrerapausoa dela ETAk armak uztea, Jaurlaritzak memoriaren biltzarra antolatzea eta bakerako lantaldea sortzea Harremanetarako Nazioarteko Taldeak «kezkatuta» ikusten du Sorturen auzia

2012-05-31 / Edurne Begiristain

Euskal Herriko bake prozesuaren egoerari gertutik behatze aldera, Euskal Herriko eragile politiko eta sozialekin egindako bilera sorta amaitu zuen herenegun Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT). Aieteko Adierazpeneko ibilbide orrian izandako «aurrerapausoak» aztertu ostean, hainbat ondorio atera ditu Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall, Nuala O'Loan eta Alberto Spektorowskik osatutako harreman taldeak. Komunikabideei igorritako agiri batean, HNTk dei egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei ETArekin hitz egiten has daitezen «gatazkaren ondorioen» inguruan. Oharrean, HNTk gogorarazi du zazpi hilabete igaro direla Aieteko Adierazpena onartu zenetik —2011ko urriaren 17an izan zen Nazioarteko Konferentzia, Donostian—, eta esaten du bigarren puntua betetzeko dagoela oraindik. Taldeak uste du gaur egun «armak Euskal Herriko bizikidetzatik kanpo uzteko aukera garrantzitsua» dagoela, eta aukera horri heltzera dei egin die bi estatuei, «interes publikoko kontua delako».

Horrekin batera, HNTk txalotu egin du ETAk Aieteko Adierazpenaren lehen puntuan eskatutakoari ondo erantzun izana eta jarduera armatua behin betiko utzi izana. Nazioarteko taldeak uste du ETAren erantzuna «azkar» iritsi zela, Aieteko konferentzia egin eta hiru egunera eman baitzuen bere erabakiaren berri. Gainera, nabarmendu du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak egiaztatu duela ETAk konpromisoa duela oraindik indarkeria bukatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak ere adierazi duela ETAk utzia duela indarkeria ekintza oro.

Nazioarteko taldeak ongi hartu du Eusko Jaurlaritzak memoriari buruzko biltzarra antolatu izana berriki, uste duelako Aieteko Adierazpenak adiskidetzearen aldeko pausoak emateko egindako eskariari jarraitzen diola. «Pauso garrantzitsu horrek jarraipena izan behar du, izaera bateratzaile bat sustatuta, bake iraunkorra lortzeko baldintzak sortzeko», gaineratu du.

Elkarrizketa, denen artean

HNTk gogora ekarri duenez, ordezkari politikoen arteko elkarrizketen beharra azpimarratzen du Aieteko Adierazpenaren laugarren puntuak, eta hor ere ikusi du aurrerapausorik azkenaldian. Hala ere, ohartarazi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hauteskunde kanpainaren atarian egotea oztopo izan daitekeela elkarrizketek aurrera egiteko. «Hauteskundeen atariko liskar politikoek ez lituzkete aurrerapausoak moteldu behar», esan du. HNTren iritziz, bozak igarota «garai egokia» izan liteke urratsak egiteko elkarrizketen bidean.

Horrekin batera, Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldearen sorrera begi onez hartu du HNTk, «eztabaidari aukera» irekitzen diolakoan. Hala ere, «ahalegin berezia» egin dezala eskatu dio legebiltzarreko batzorde txostengileari, eragile sozial eta politiko guztien parte hartzea bermatu ahal izateko.

Ildo horretan, HNTk ezinbestekotzat jo du Euskal Herriko eragile politiko guztiek prozesuan urratsak egitea, eta, horregatik, «kezkatuta» ikusi du Espainiako auzitegiek Sorturen legeztatzeari buruzko erabakia atzeratu izana. HNTk konpromiso osoa agertu du Aieteko Adierazpenak marraztutako ibilbide orrian urratsak egiten jarraitzen laguntzeko.

Euskal presoen gaia ere aztergai izan du nazioarteko taldeak, oharrean jakinarazi duenez. Bere aburuz, Espainiako Gobernuak presoak gizarteratzeko aurkeztu duen programa «aurrerapauso bat» da, eta gogorarazi du Europako espetxe politiketan ere «oinarrizko printzipioa» dela presoak gizarteratzea. Taldearen irudiko, presoak euren etxetik hurbilen dauden kartzeletan egotea da gizarteratzerako «oinarria», eta gogorarazi du ideia hori Europako Batasuneko araudiak ere babesten duela.

Informazio osagarria

Publizitatea