Konponbideari begira

Berriak

Konponbide prozesua

Bake prozesuarekin baikor agertu da Alberto Spektorowski HNTko kidea

Eusko Legebiltzarreko bakerako lantaldean izan da HNTko kidea, eta, hargatik, PPk planto egitea erabaki du
Alberto Spektorowski, ezkerretik hasita bigarrena, atzo, bake eta elkarbizitzarako lantaldeko ordezkariekin.
Alberto Spektorowski, ezkerretik hasita bigarrena, atzo, bake eta elkarbizitzarako lantaldeko ordezkariekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2012-05-30 / Edurne Begiristain

Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuarekin baikorra da Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea. Spektorowskik Eusko Legebiltzarreko bakerako eta elkarbizitzarako lantaldean agerraldia egin zuen atzo, eta bilera amaitu zenean adierazi zuen «baikorra» zela Euskal Herrian dagoen egoerarekin. Bileratik gustura atera zen HNTko kidea, «oso interesgarria» izan zelako. Halaber, prest azaldu zen lantaldearen bilera gehiagotan parte hartzeko. Nolanahi ere, agerraldian esandakoari buruzko xehetasunik ez zuen eman hedabideen aurrean.

PPko ordezkaririk ez zen egon atzoko bileran. Herenegun hala iragarri zuen Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak, planto egingo zutela. Haren arabera, HNT «Batasunaren zerbitzura» eta «ETAren gaiarekin negozioak» egiteko dago. Spektorowskik adierazi zuen ulertzen dituela PPren «beldurrak eta zalantzak», baina ez duela haren iritziarekin bat egiten.

Ezker abertzaleak bakerako eta elkarbizitzarako lantaldean parte hartzeari uko egin izana, ordea, ez duela ulertzen esan zuen. Areago, haren ustez, ezker abertzaleak emandako arrazoiek ez dute sinesgarritasunik. «PPren jarrera uler dezaket, baina ez hainbeste ezker abertzalearena». Lantaldean parte hartuta, bere iritzia adierazteko aukera izango luke ezker abertzaleak, haren aburuz: «Ez dago berdintasun egoera batean, baina berdin har dezake parte».

Astelehenetik izan dira HNTko kideak Euskal Herrian. Joan den astean iragarri zutenez, «bake prozesua egonkortzeko estrategia bateratu bat bultzatzeko dauden oztopoak eta aukerak» aztertzeko etorri dira. Atzo Spektorowskik berretsi zuen bake eta bizikidetza lor dadin laguntzea dela euren xedea, eta alde guztiekin elkarrizketak izatea nahiko luketela. Spektorowskirekin batera, Silvia Casale, Brian Currin, Pierre Hazan, Ray Kendall eta Nuala O'Loan izan dira Euskal Herrian, agente politikoen iritzia eta balorazioa jasotzeko. Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin ez dira batzartu, Spektorowskik berak atzo jakinarazi zuenez. Gaur emango dute bi egunetako bisitaren gaineko balorazioa, ohar baten bidez.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunari Harremanetarako Nazioarteko Taldearen bisitari buruz galdetu zioten atzo, eta hark berretsi zuen Jaurlaritzak ez diola zilegitasunik aitortzen talde horri. «Ez dugu bitartekaririk behar gatazka konpontzeko». Haren ustez, «Euskadi heldua da ikuspuntu demokratiko batetik», eta alderdiek eskarmentu nahikoa dute arazoak konpontzeko.

Publizitatea