Konponbideari begira

Berriak

Frantziako Barne ministroak «babes osoa» eman dio Espainiakoari

Valls: «ETAren gainean, Espainiako Gobernuari dagokio, berari bakarrik, egokien deritzon erantzuna ematea»

2012-05-19 / Koldo Aldabe

Gobernu berriak dira Espainian eta Frantzian. Euskal Herriko gatazkaren konponbideari dagokionez, ordea, ez da berrikuntzarik. Espainiakoak bost hilabete darama agintean, eta, Mariano Raxoi Gobernura iritsi zenerako ETAk jardun armatua behin betiko utzia zuen arren, urratsik egin gabe jarraitzen du; ez du ETArekin gatazka armatuaren ondorioei buruz hitz egiteko asmorik. Frantzian herenegun osatu zen gobernu berria. Atzo egokitu zitzaion lehen aldiz Manuel Valls Barne ministro gisa gaiaz mintzatzea; Parisen ere berdin jarraitzen dute, afera Espainiari dagokiola eta Espainiako Gobernuak erabakitakoari jarraituko diotela adierazi du.

Munichen izan zen, Alemanian. Europako sei Barne ministrok bilera zuten. Batzarraren aurretik Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazekin bildu zen Manuel Valls. Bileraren ostean, bi ministroen arteko sintonia erabatekoa irudikatu zuten. «Espainiako Gobernuak ETAri exijitzen dio Diputatuen Kongresuak ere exijitu diona: baldintzarik gabe desegin dadila», adierazi zuen Fernandez Diazek. Vallsek ere ildo beretik jo zuen: «Erakunde terrorista horren desegitea ezinbesteko baldintza da», esan zuen, eta gaineratu bi gobernuen asmoa «ETAren aurkako borrokari dagokion guztian harremanak estutzea» dela.

Urteotan Frantzian izan diren gobernuen politika bera egingo duela azaldu zuen Vallsek: «Espainiako Gobernuari dagokio, berari bakarrik, egokien deritzon erantzuna ematea. Espainiako Gobernuaren jarrera bera da Frantziako Gobernuarena».

Baieztapen hori, aurretik Fernandez Diazek esandakoa berresteko egin zuen Vallsek, Fernandez Diazek esan baitzuen ETAri baldintza gabe desegiteko exijitzeaz gainera, Espainiako Gobernuak ez duela talde armatuarekin hitz egingo, euskal presoen «gizarteratzea» indibiduala izango dela eta «legearen esparruaren pean».

Euskal Herriaz badaki

Guraso katalanen semea, Bartzelonan jaioa da Valls (1962), eta betidanik Frantzian bizi izan den arren, ez zuen frantziar nazionalitatea eskuratu 80eko hamarkada arte. Ezagutza sakona du Kataluniaz (katalanez ere mintzatzen da) eta, hedaduraz, Euskal Herriaz ere. Iaz egin zioten elkarrizketa batean luze jardun zuen bai Kataluniari buruz, eta baita Euskal Herriari buruz ere.

Orain Barne ministro denez, zuzenean dagozkion bi gai aipatzearren, orduan Iparralderako departamenduari eta euskal gatazkari buruz Manuel Vallsek esandakoak azpimarratzekoak dira orain ere.

Frantzian lurralde antolakuntza aldatzeari buruz, zenbait eskualdetan egitearen alde agertzen bada ere, Ipar Euskal Herriaren kasua salbuespenen artean sartzen du: «Euskal Herriari dagokionez, gauzak pixka bat ezberdinak dira. 80.eko hamarkadan euskal departamenduaren aldeko proposamena pausatu zuten. Gai oso sentikorra da, eta ETAren arazoa konpontzen ez den bitartean, osoki bakera itzuli arte, terrorismoarekin bukatu arte, ez dut uste eskurik sartu behar denik hor».

Espainiako «barne afera»

Mugaz gaindiko Europako eskualde desberdinen arteko egiturei buruz ere ez du jarrera baikorra, aitzitik erakunde mota horiek sortzeak ekar litzakeen «arriskuez» kezkatzen da: «Elkarlana funtsezkoa da, baina ez dut uste eskualdeak sor daitezkeenik mugaz gaindiko egituren artean, Estatuen mugak gaindituko lituzketelako. Bestela gatazkara goaz zuzenean, ez soilik Frantziaren eta Espainiaren artean, baizik eta Europa osoan nolabait. Arazo hori beste sektore batzuetan sor daiteke ere. Beraz, nik ez dut horretan sinesten».

Euskal Herriko gatazka armatuaz ere, aurreko gobernuetako Barne ministroen jarrera bera ageri zuen elkarrizketa hartan ere, atzo berretsitakoa, alegia, Espainiari dagokion «barne arazo» dela. Bide batez, eszeptiko ageri da ETAren azken erabakien inguruan, eta haren ustez ETAri dagozkion gaiak Espainiako Gobernuak eraman eta erabaki behar ditu: «ETAk armak erabat utzi behar ditu, ez menia soil bat. Borroka armatua erabat utzi behar du bazterrera. Bortizkeria mota orori uko egitea. Ez dago beste egoerarik edo beste konponbiderik. ETA oso ahul dago, eta gauzak horrela, une honetan, uste dut Frantziako Gobernua ezin dela tartean sartu gure iritziz Espainiako arazoa den horretan».

Publizitatea